☉ Arrigorriaga
Auto eta kamioi batek talka egin dute Arrigorriagako AP-68an; ez da zauriturik egon
Bestalde, ibilgailu batek matxura izan du errepide bereko laugarren kilometroan, Bilborako noranzkoan
Ezbeharra 14:00ak inguruan gertatu da Arrigorriagako AP-68an. Auto batek eta kamioi batek talka egin dute Gasteizerako noranzkoan, bidearen bosgarren kilometroan, baina istripuak ez du zauriturik eragin. Ibilgailuek erreia oztopatzen dute oraindik, eta garabiak kendu egin behar behar ditu; dena den, errepidea irekita eta erabilgarri dago gidarientzako.
Bestalde, ibilgailu batek matxura izan du errepide bereko laugarren kilometroan, Bilborako noranzkoan. Ezbehar horrek ere ez du trafikoa mozten.
☉ Arrigorriaga
Zineforuma, antzerkia eta erromeria antolatu dituzte Arrigorriagan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan
Jardueraz beteriko egitarau zabala antolatu du Arrigorriagako Udalak Lamiaena Emakumeen Etxearekin eta Berdintasun Kontseiluarekin elkarlanean, martxo osoan zehar

Arrigorriagako Udalak, Lamiaenarekin eta Berdintasun Kontseiluarekin elkarlanean, egitarau zabal eta feminista iragarri berri du Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Egitaraua otsailaren azken egunetan hasi eta martxo osora zabalduko da, hainbat diziplina uztartuz, “hausnarketa kritikoa eta ospakizun kolektiboa sustatzea xede”, hiru ardatz nagusirekin: Hausnarketari dagokionez, otsailaren 26an ‘Begirada feminista bat zahartzeari’ izeneko hitzaldiarekin emango zaio hasiera programari. Kulturaren esparruan, martxoaren 3an Zineforum Feminista antolatu dute Lonbo aretoan eta hilaren 7an eta 21ean antzezlanak egingo dituzte bertan. Sormenari eta haurrei dagokienez, ‘Plastiko magikoak’ izeneko eskulan tailerra antolatu dute eta Virginia Imaz ipuin kontalariak saio berezi bat eskainiko du.

Martxoaren 8an ekitaldi bi antolatu dituzte: alde batetik elkarretaratzea egingo dute udaletxeko plazan eta herriko emakumeak izango dira protagonistak. Jarraian, Aritz Berri Dantza Taldeak ‘Emakumeon eskubideen alde dantzan’ izeneko erromeria eskainiko du.
“Egitarau hau herrian azken hilabeteetan egiten ari den lanaren jarraipena da”, azaldu dute egitaraua antolatu duten lantaldetik. “Aipatzekoa da, adibidez, gizonen inplikazioa sustatzeko urtarrilean egindako tailerrak izan duen harrera ona, non 22 gizonek parte hartu duten eta “Lamiaenako aliatuen” taldea sortzeko ernamuina izan nahi duen. Beste hainbat ekimen feminista ere egiten dira aldi berean. Hauen guztien bidez, Arrigorriagak herri berdinzaleago eta justuago baten aldeko apustu irmoa berresten du”.
Egitaraua | Emakumeen Nazioarteko Eguna Arrigorriagan
Otsailak 26, osteguna
18:00 Hitzaldia: ‘Begirada feminista bat zahartzeari’, Lamiaena
Berdintasun Saila
Martxoak 3, asteartea
18:30 Zineforum feminista: ‘Jone batzuetan’, Lonbo aretoa
Berdintasun Saila
Martxoak 5, osteguna
18:00 Tailerra: ‘Plastiko magikoak: pin-ak, giltzatakoak eta iman aldarrikatzaileak’, Lamiaena
Berdintasun Saila
Martxoak 7, larunbata
19:30 Antzerkia: ‘Ni errekadista nintzen’, Lonbo aretoa
Kultura Saila
Martxoak 8, igandea
12:00 ‘Emakumeok plazara!’ Kontzentrazioa eta Berdintasun Kontseiluaren adierazpenaren irakurketa, udaletxeko plaza
12:30 Erromeria: ‘Emakumeon eskubideen alde dantzan’, udaletxeko plaza. Aritz Berri dantza taldea
Martxoak 11, asteazkena
17:00 Umeentzako ipuin kontalaria (Virginia Imaz): ‘Bigarren printzesa’, Lamiaena
Euskara eta Berdintasun Saila
Martxoak 21, larunbata
19:30 Antzerkia: ‘R&J’ La dramática errante, Lonbo aretoa
Kultura Saila
☉ Arrigorriaga
Ikurrina Arrigorriagan jarri zeneko 50. urteurrena oroituko dute Armando Astarloaren dokumentalarekin
Dokumentala ikusi ostean bertan agertzen diren elementuak aztertuko dituzte Malmasingo Lagunak elkarteko Asier Ibarretxe kidearen eskutik

Otsailaren 27an Arrigorriagan ikurrina ipini zeneko 50. urteurreneko dokumental laburraren proiekzioa egingo dute Malmasingo Lagunak elkarteko kideek.
Armando Astarloa idazle, ekonomialari eta abokatua, eta aldi berean dokumentalaren egilearen zinta proiektatu ostean edukiaren azterketa eta solasaldia eskainiko du Asier Ibarretxe Fernandez de Larrinoa Malmasingo Lagunak elkarteko kideak.
“Bost minutuko iraupena duen dokumentala proiektatuko dugu udaletxean”, azaldu dio GEURIAri Ibarretxek. “Ikurriña Arrigorriagako udaletxean ipini zuten egunean filmatutako irudiak dira, 1977ko urtarrilaren 31n, hain zuzen ere”.
Armando Astarloak ‘Super 8mm’ kamera batekin grabatutako irudiak ikusi ahal izango dira Azokea aretoan. “Udalerriaren hainbat filmazio egin zituen Astarloak eta iaz irudi horiek ekarri zituen Arrigorriagara”. Irudi analogiko horiek digitalizatu dituzte eta horrela, Arrigorriagako dokumentu historiko hori auzotar guztiek ikusi ahal izango dituzte proiekzio egunean.
“Plazan egin zuten ekitaldia erakutsiko dute irudiek”, zehaztu du Malmasingo Lagunak elkarteko kideak. “Garai hartako auzotarrak, txistulariak eta prentsa librearen langileak ikusiko dira bertan ere, besteak beste”. Zinta pare bat aldiz erreproduzituko dute eta segidan bertan agertu diren elementu jakin batzuk sakonean aztertuko dituzte Asier Ibarretxek erabiliko duen diapositiba batzuen bidez. “Solasaldia zabala izango da eta gerturatuko direnek berba egiteko aukera izango dute ere”.
Hitzordua 19:00etan ipini dute Arrigorriagako udaletxeko ‘Azokea’ aretoan eta saioa elebiduna izango da.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalak ere ez du atxilotuen jatorriari buruzko daturik publikatuko
“Neurri horrek ez du delitu edo atxiloketa gutxiago ekarriko”, esan du gobernu taldeak

Arrigorriagako Udalak ere ez du Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpidea jarraituko eta ez du atxilotuen jatorriari buruzko datuak publikatuko.
Gobernu taldearen arabera, “neurri horrek ez du delitu edo atxiloketa gutxiago ekarriko”, esan dute.
Hego Uribe eskualdean Basauriko Udalak dagoeneko zehaztu dute jatorriaren berri emango duela, “gezurrak saihesteko eta gardenak izateko”.
Eta, kontrako erabakia hartu dute, esaterako, Arrigorriagako Udalaz gain, Galdakaok, Bilboko, Barakaldoko, Leioako edo Erandioko udalek.
☉ Arrigorriaga
Padura Mendi taldea: 75 urte mendizaletasuna bultzatzen
Padura Mendi Taldeak 75 urte beteko ditu aurten, eta ospakizun berezi honi begira antolatu duten ekitaldi sorta aurkeztu zuten Lonbo Aretoan. Data borobil horren aitzakian, taldeko hainbat kiderekin batu da GEURIA.

Urtarrilaren 30a data berezia izan zen arrigorriagar askorentzat, bereziki Padura Mendi Taldeko kideentzat eta bazkideentzat. Lonbo Aretoan zeukaten jarrita hitzordua, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, Arrigorriagako mendizaleek euren 75. urteurrena ospatzeko prestatu duten egitaraua aurkeztu zieten bertaratu ziren herritarrei.
Data borobil horren aitzakian, GEURIA egungo zuzendaritza taldeko kide diren Josu Ruiz de Azua Solozabal (Arrigorriaga, 1963) Josu Najera Zuloaga (Arrigorriaga,1990) eta Olatz Ruiz de Azua Egiluzekin (Arrigorriaga, 1993) batu da, klubaren gaur egungo egoeraz eta urte berezi honi begira prestatu dutenaz hitz egiteko.
Taldearen sorreraz eta lehen hamarkada haietan izan zuen ibilbideaz aritzeko Asier Ibarretxe Fernandez de Larrinoa (Arrigorriaga, 1966) bazkide eta presidente ohiarengana jo dugu.

Mendizaletasuna eta herrigintza
Anjel Lertxundi idazleak zera idatzi zuen Berria egunkarian: “Gailurretik dena ikusten da txikiago, baina ez garrantzi gutxiagoko; perspektibak ematen digun apaltasuna da mendiaren opari handiena”.
Arrigorriagan, opari horretaz gozatzeko grina orain dela 75 urte piztu zen, herritar talde batek Club Alpino Padura sortzea erabaki zuenean. Urtarrilaren 30eko ospakizun jendetsuan argi geratu zen hamarkada hauetan guztietan sugarrak bizirik iraun duela herrian, belaunaldiz belaunaldi transmititu den pasio bati esker.
Zigor Egia mendizale eta taldeko kideak gidatu zuen ordubeteko saioan taldearen ibilbidea xehetu zuten argazki bilduma baten bidez, errepaso arin baina mamitsu horretan argiro erakutsiz mendizale taldeak herrian eta herritarrengan izan duen eragina, ez soilik kirol arloan, baita herrigintzarekin lotutako beste hainbat esparru askotan ere.
Mendizaletasunari berez dagozkion balioen gainean asko hitz egin zuten Lonbo Aretoko oholtzara igo ziren hizlariek. Josu Ruiz De Azuak, egungo presidenteak, “balioen eskola” gisa definitu zuen Padura Mendi Taldea: “Mendiak ez du jatorriagatik edota ideologiatik inor baztertzen. Padura topagune bat izan da gure herriko jendearentzat; kalean nekez agurtuko liratekeen pertsonak elkartu ditu, eta bidean hesi horiek guztiak desegin egin dira”.

Intxortan emandako hitza betez
Padura Mendi Taldearen sorrera ez zen herrian bertan eman, Gipuzkoa aldean baizik. Sustraiak 1949ko urte hartan daude, Intxorta (Elgeta) mendian, hain zuzen ere. Han, Euskadi eta Nafarroako Mendizale Federazioaren 25. urteurrena ospatzen ari zirela, Arrigorriagako hiru mendizale gaztek –Juan Ramon Gonzalez, Jeronimo Perez eta Rodrigo Villamor- Arrigorriagan mendi talde bat sortzeko ardura eta konpromisoa hartu zuten. Emandako hitza bi urte geroago bete ahal izan zuten, 1951n, elkartea ofizialki legeztatu osten.
Bada, Egiak ekitaldian bertan azaldu zuen bi urteko itxaronaldi horren zergatia: “Orduan eta gaur, burokrazia beti izan da nekagarria, eta tarte hori behar izan zuten agiri guztiak behar bezala bete, aurkeztu eta agintarien oniritzia jaso ahal izateko”.
Diktadura frankista betean dena zen nekeza eta katramilatsua. Horren erakusgarri, Josu Ruiz de Azuak bere hitzartzean hizpide hartu zuen adibide esanguratsu eta gordina: “Gure artxiboan badago oso argigarria den argazki bat: taldeak egin zuen lehen irteera Artandara izan zen, postontzia jartzera. Urriko egun hartan egin zen talde argazkian mendizaleak ageri dira, alboan guardia zibil bikotea daukatela. Argi dago horiek ez zirela mendizaletasunagatik igo Artandara”.
Orduko bi legeren arabera, 1945eko ‘Fuero de los Españoles’ delakoa eta 1947ko ‘Ley de Bandidaje y Terrorismo’ deritzona, biltzeko eskubidea gogor mugatua zegoen, eta hamar pertsona baino gehiagoko edozein taldek gobernu zibilaren baimena eta agintarien zaintza izan behar zuen ezinbestean.

Mendi taldeei dagokionez, gainera, agintari frankisten errezeloa are handiagoa zen, mendi-martxak makiei laguntza emateko edo tontorretan ikurriñak jartzeko balia zezaketela uste baitzuten. Lehen urte haien errepasoa egiterako orduan, Asier Ibarretxek beste gertakari bat nabarmendu du: “Juan Ramon Gonzalez 22 urtez izan zen mendi taldeko presidente, baina hogei eta bi horietatik zazpitan ez zen agirietan horrela agertu, gerra zibilean errepublikarren alde borrokatu zenez debekatuta zuelako”.
Urte zail horietan, mendia askatasun eremu bakanetakoa bilakatu zen Euskal Herrian, herritarrek egunerokoan bizi zuten zapalkuntzaz ihes egiteko babesgune eta arnasgunea, hain zuzen ere. Gainera, mendi taldeen kasuan, euskal kultura eta hizkuntza mantentzeko lan eskerga egin zuten, isilean bada ere. “Hasierako urte horiei erreparatuz gero, argi ikusten dugu Alpino Padura ez zela soilik kirol elkarte bat izan, herriaren nortasuna eta gure kultura mantentzeko askok aurkitu zuten zirrikitu bat baizik” nabarmendu du Ibarretxek.
70. hamarkadako loraldia
Zazpi harmakada hauetan, Padurak bide luze eta askotan malkartsua urratu du mendigintzaren alorrean. Hasieratik, ‘kilometro zeroko’ irteerak -Artandara edo Upora, kasurako- eta logistika handiagoa eskatzen duten espedizioak uztartu dituzte.
Azken horien artean, taldea sortu eta gutxira Hiru Erregeen Mahaira egindako igoera nabarmendu zuen Zigor Egiak: “Orduko baliabideekin Hiru Erregeen Mahaira iristea gaur egun Himalayara joatea bezain abentura handia zen. Horrek erakusten du beti izan dugula ero puntu bat gure taldean”.
Zigor Egia: “Orduko baliabideekin Hiru Erregeen Mahaira iristea gaur egun Himalayara joatea bezain abentura handia zen”
Urte guzti hauek utzi duten uztaz galdetuta, Ibarretxerentzat mugarri garrantzitsuenek ez daukate loturarik kirolarekin ezta gailurrekin ere, bai ordea arlo sozialarekin: “Zeozer aipatzekotan zera nabarmenduko nuke: 1974. urtean Bizkaia mailan federatu gehien izan zituen taldea gurea izan zela. Horrek argi eta garbi erakusten du arrigorriagarrek taldearekiko zeukaten atxikimendua”.
Urte horiek loraldi bezala definitu ditu: “1971. urtean eskualdean bost mendi taldek indarrak batzea erabaki zuten, ekintzak elkarrekin aurrera eramateko. Talde horiek honako hauek izan ziren: Edesa, Osea, Padura, Ganguren eta Basconia. Elkarte horrek Nerbioi Ibaizabal Taldea (A.N.I. gaztelaniazko siglekin) izena hartu zuen.

Geroago, 1975ean, Ceplastica batu zitzaien”. Elkarte honen helburu nagusia eskualdeko mendizaletasunari indarra ematea zen, gaur egungo lurralde-egituren aitzindari bihurtuz. 70. hamarkadaren hasierako urteetako elkarlanak emaitza oparoak eman zituen; 1971n Segurtasuna hobetzeko kable bat jarri zuten Alluitzeko Deabruaren Pasabidean. Lau urte geroago, 1975ean, Mairulegorretako kobazuloetan egindako jaialdiak sekulako arrakasta izan zuen, 14 autobus betez.
Urte bete geroago, Gorbeiako Gurutzearen 75. urteurreneko ekitaldiak antolatu zituen Nerbio Ibaizabal Taldeak, eta Arrabako kanpaldian 3.000 lagun, tartean orduko mendizale handiak (Sheve Peña, Andres Espinosa, Antxon Bandres, Angel Sopeña…) batu ziren. Padura Mendi Taldearen ekarpena funtsezkoa izan zen, Javier Garcia arrigorriagarra izan baitzen ekitaldiaren “koordinatzaile eta arima”, antolakuntzako beste kideen arabera. 1977an, euren jardunari itxiera emateko, Euskal Mendizale Federazioaren haur eta gazte kanpalekua antolatzeaz arduratu ziren Zabalandin (Anboto), 300 dendarekin. 70.hamarkadaren amaierarekin bat Nerbioi Ibaizabal taldearen gainbehera heldu zen, eta elkarte bakoitzak bere aldetik jo zuen. “Hamarkada hori errepikaezina izan zen” dio Ibarretxek.
Elkarrizketa bukatzeko, mendi bat aukeratzeko eskatu diogu bazkide eta presidente ohiari, eta ez du zalantzarik egin: “Artanda. Egia da gu talde xumea izan garela beti, ez ditugu irteera edo zeharkaldi luzeak egin, eta ez gara munduko mendi garaienetara joan, baina Artandarekin lotura berezia daukagu: taldearen lehen irteera bertara egin zuten, eta orain ere, 75. urteurrena ospatzeko Artandara igoko gara. Uste dut omenaldi polita dela, bai taldearentzat eta baita mendi xume bezain maitagarri horrentzat ere”.

Zuzendaritza berriaren erronkak
Iragan oparoa bakarrik ez, oraina eta etorkizuna ere erronkaz betea du Padura Mendi Taldeak. Zuzendaritza berriak 2023an hartu zuen elkartea gidatzeko ardura, eta ordutik hona galtza bete lan aritu dira.
Josu Najerak, egungo zuzendaritzako kideak, taldearen berrabiatzea gogoratu du: “Egoera ez zena ona, zuzendaritzak urte asko zeramatzan lanean, eta erreleboa eman nahi zuten. Herriko ezagun batzuen artean berba egiten hasi ginen ea animatuko ginatekeen talde bat osatu eta hau guztia aurrera eramaten. Nahiko modu informalean eman genituen hasierako pausoak”.
Josu Najera: “Egoera ez zena ona, zuzendaritzak urte asko zeramatzan lanean, eta erreleboa eman nahi zuten”
Orduz geroztik, Padurak bere betiko martxa berreskuratu du, eta hilean behin mendi irteerak antolatzen hasi dira. Horrez gain, Mendi Asteak berebiziko garrantzia dauka taldearen egutegian, eta herri mailan lantzen diren hainbat ekimen eta proiektuetan akuilu edo laguntzaile dira. Horien artean, bat nabarmendu du Olatz Ruiz de Azuak: “Eskolako guraso elkartea hurbildu zitzaigun eskolan mendi talde bat sortzeko ideiarekin, eta hasieratik gure erantzuna baiezkoa izan zen. Ez genuen zalantzarik izan, azken finean harrobia bermatzea delako”.
Jai batzordean edo Udaletik antolatzen diren formakuntza saio ezberdinetan ere parte hartzen dute, bereziki euskararekin eta emakumeekin lotutakoetan: “Loraldian ere gure aletxoa jarri dugu, eta pozik gaude” dio Olatzek.
Urteurreneko egitarau oparoa
Olatzek berak zerrendatu du 75. urteurrenaren harira antolatu duten egitaraua:”Askotariko ekintzak izango ditugu urtean zehar. Horien artean berezienetakoa Artandara egingo dugun mendi martxa izango da. Ondoren herri bazkaria egingo dugu herriko plazan”. Umeen gozagarri izango den “tirolina handi” bat ekartzeko lanean ere ari dira, “baina oraindik ez dakigu egingarria izango den edo ez, segurtasun neurri zorrotzak bete behar dira eta”. Horrez gain, hitzaldiak ere ez dira faltako, eta Upoko zein San Pedroko jaietan parte hartzeko asmoa daukate.
Kirol mailan, Arrigorriagak garrantzi handiko bi ekitaldi hartuko ditu: Euskal Mendizale Federazioaren gala eta estatu mailako mendi segurtasunaren inguruko biltzar bat. Kulturak ere izango du bere tartea, eta hori horrela, bi erakusketa eramango dituzte herrira: ‘Gailurretan izan gaitun’ (emakumea eta mendizaletasuna lotzen duena) eta ‘Mendian Gora’ izenekoa.
“Urte hauetan egindako lanari aitortza egin nahi diogu” borobildu du Olatzek.
Aitortza horren lehen hazia Lonboko ekitaldian jarri zuten, Ruiz de Azuaren hitzetan: “75 urte betetzea ez da soilik iraganari nostalgiaz begiratzea; gure Mendi taldea herria egiteko tresna bat izan dela aitortzea baizik”.
☉ Arrigorriaga
Martxoaren 8ko egitaraua prestatzeko laguntza eskatu diete arrigorriagarrei Lamiaenatik
“Zerbait polita, indartsua eta parte-hartzailea” antolatzeko asmoa iragarri eta horretarako bilera antolatu dute otsailaren 19an

“Talde eta emakume guztiei dei egin nahi dizuegu, Martxoaren 8a antolatzen laguntzera animatu zaitezten”, azaldu dute Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxetik.
Izan ere, herria “zerbait polita, indartsua eta parte-hartzailea” antolatzeko asmoa iragarri eta horretarako herritarren ideiak, gogoak eta eskuak beharrezkoak direla laburbildu dute.
Horretarako bilera antolatu dute Lamiaenan, otsailaren 19an, 18:30etik 19:30ak arte. Bileran parte hartu ezin dutenek baina hala ere ekarpenak egiteko prest daudenek deitzeko edo mezua bidaltzeko aukera izango dutela jakinarazi dute. Horretarako 747 444 898 telefonora deitu edo lamiaena@arrigorriaga.eus helbide elektronikora idatz dezakete interesdunek.
“Zure parte-hartzea garrantzitsua da! Elkarrekin indartsuagoak gara”.









