☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak babes ofizialeko 127 etxebizitza eraikiko ditu herrigunean eta Abusun
Etxebizitza horiek Ollargan, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuko orubeetan eraikiko lituzkete

Etxebizitzaren arazoa arintzeko babes ofizialeko 127 etxebizitza eraikitzeko hiru orube eskaini nahi dizkio Arrigorriagako Udalak Eusko Jaurlaritzari.
Etxebizitza horiek Ollargan, Santa Isabel eta Urgoiti Pasealekuan kokatutako orubeetan eraikiko lituzkete. “Ollarganekoak, 28 etxebizitza eraikitzeko aukera eskainiko du; bigarrenak, Santa Isabelekoak, berriz, 50; eta, azkenik, hirugarrenak, Urgoiti pasealekukoak, 49. Udalak etxebizitzak alokairuzkoak izatea eta gazteei zuzenduta egotea nahi du, eta hala jakinaraziko die Etxebizitza eta Hiri Agendako saileko ordezkariei”, azaldu dute udal ordezkariek.
“Pasa den azaroan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu eta gero, helburua da Eusko Jaurlaritzari udalerriko etxebizitzaren egoeraren berri ematea eta babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lur-eremuak eskaintzea, onartu berri duten HAPOak jasotzen duen bezala”, gehitu dute Udaletik.
Otsailaren 3an, Maite Ibarra alkatea eta David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitzako zinegotzia Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturarako zuzendariarekin bilduko dira

Etxebizitzak, Arrigorriagan // Geuria
Etxebizitzaren diagnostikoa, martxan
Udalak, gainera, Arrigorriagan hutsik dauden etxebizitzen kopurua ezagutu nahi du eta horretarako diagnostiko bat ipiniko du martxan.
Bestalde, beste udalerri batzuen hirigintza ereduak ezagutuko dituztela iragarri dute Udaletik. Eredu modura Galdakao eta Usurbil udalerriak aipatu dituzte: “Galdakaoko Udalarekin elkartu gara, alokairuko zuzkidura-etxebizitzei buruzko informazioa lortzeko, Arrigorriagan horrelako ekimenen bat abian jartzeko aukera aztertzeko”.
Arrigorriagako udal ordezkariak: “Galdakaoko Udalarekin elkartu gara, alokairuko zuzkidura-etxebizitzei buruzko informazioa lortzeko, Arrigorriagan horrelako ekimenen bat abian jartzeko aukera aztertzeko”.
Usurbilen kasuan martxan duten belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioaren proiektua bertatik bertara ezagutzeko bildu dira.
“Guretzat lehentasunezkoa da etxebizitzaren arazoa arintzea eta udalerrian dagoen eskaera altuari erantzutea, baita herritarrei, eta, batez ere, gazteei, etxebizitzarako sarbidea erraztea ere, eta helburu horrekin jarraituko dugu lanean: proiektuak sustatuz, konponbideak erraztuz eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlana bultzatuz”, azaldu dute Maite Ibarrak eta David Cidrek.
☉ Arrigorriaga
Udan hasiko dira Arrigorriagako Osasun eta Higiene auzoaren saneamendua eraberritzeko lanak
Auzo osoaren berrurbanizazioa ekarriko duen proiektua udal ordezkariek auzoko egoiliarrekin egindako hainbat bileraren fruitu dela adierazi dute Udaletik

Arrigorriagako Udalak udan hasiko ditu Osasun eta Higiene auzoko saneamendu sarea osorik berritzeko lanak. Udal ordezkariek gaur bertan iragarri dute milioi bat euro baino gehiagoko lanak lizitatu dituztela, auzoaren 100. urteurrenarekin kointzidituz.
Osasun eta Higiene auzoa eraberritzeko bilerak aspaldi hasi ziren eta auzo osoaren berrurbanizazioa ekarriko duen proiektua udal ordezkariek auzoko egoiliarrekin egindako hainbat bileraren fruitu dela iragarri du David Cidre Auzoak eta Hirigintza zinegotziak: “Lanen muina edateko uraren eta saneamenduaren (ur fekalak eta euri-urak) instalazioak berrantolatzea izango den arren, esku-hartzea harago doa; izan ere, argiteria publikoa ere hobetuko dugu, bide batez. Horrela, lur azpiko azpiegiturak modernizatzeaz gain, Osasun eta Higiene auzoaren kanpoko itxura, irisgarritasuna eta argiztapena ere eguneratuko dira”.
Lizitazio prozesua amaituta hondeamakinak lanean hasiko direla gehitu dute Udaletik, uda aldean. “Udal honentzat auzo guztiak dira garrantzitsuak, bertan bizi den herritar kopuruari erreparatu gabe”, adierazi du Maite Ibarra herriko alkateak. “Gure helburua Arrigorriaga orekatua da, non auzo guztiek, txikienek ere, kalitatezko zerbitzuak eta azpiegitura modernoak dituzten”.
☉ Arrigorriaga
Korrikaren aurkezpena egingo dute bihar, Arrigorriagan
Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egingo dute bertan

Bihar, otsailak 6, Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Arrigorriagako Kultur Etxean, 18:00etan.
“Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egongo dira. Gogoratu, bildutako dirua helduen alfabetizaziora bideratuko da AEKren bidez. Ez galdu!”, azaldu dute Arrigorriagako Udaletik, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
“Euskararen aldeko jai handirako motorrak berotzen hasteko unea da!”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Gure Magalean mendi taldeak hasiera eman dio 2026ko egutegiari
Hurrengo irteera martxoaren 8an egingo dute Arraitzera (trenez hurbilduko dira bertara) eta datozen hilabetetako datak iragarri dituzte

Gure Magalean mendi taldeak urteko lehen irteera egin zuen joan den otsailaren 1ean Belatxikietara (Dima) eta horrekin hasiera eman dio urteko irteeren egutegiari.
Hurrengo irteera martxoaren 8an egingo dute Arraitzera (trenez hurbilduko dira bertara) eta datozen hilabetetako datak iragarri dituzte.
Egutegia | Gure Magalean Mendi Taldea 2026
Otsailak 1, igandea
Artaun-Belatxikieta
Martxoak 8, igandea
Arraitz (Bilbo)
Apirilak 19, igandea
Orozko inguruak
Maiatzak 31, igandea
Mendexa-Ondarroa
Ekainak 20, larunbata
Artandara igoera eta bazkari herrikoia
Irailak 20, igandea
Iluntzar-Laga (Nabarniz)
Urriak 25, igandea
Sarria-Txintxularra-Artaiz
Azaroak 15, igandea
Galarraga (Sodupe)
Abenduak 31, osteguna
Upo (Xanpain Eguna)
☉ Arrigorriaga
Hidrogeno berdea ekoizteko bidea hasi nahi du Rezola Materialsek Arrigorriagako harrobian

Rezola Materials enpresak hidrogeno berdearen bidezko deskarbonizazio prozesua martxan ipini gura du Arrigorriagan eta gai hori plazaratu zuten joan den urtarrilaren 29ko osoko bilkuraren 8. puntuan: Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketari hasiera ematea, 21. eremuaren (Rezola) ondoan ekipamendu pribatu bat sortzeko.
“Hiri Antolamendu Prozesu Orokorrean (HAPO) modifikazio bat egiteko prozesu posibleaz ari gara”, zehaztu zuen David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitza zinegotziak. “Honekin ez dugu esan nahi HAPOaren hasierako onarpena egingo dugunik”, argitu zuen.
Cidrek azpimarratu zuen Rezolak martxan ipini gura duen prozesuari hasiera ematea dela kontua: “Honen inguruan Foru Aldundiak hartuko ditu hartu beharreko erabakiak ingurumenaren esparruan, besteak beste”. Prozesuaren hasiera baino ez dela laburbildu zuen Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitza zinegotziak.
CO2 isuri barik
Hidrogeno berdea edo berriztagarria uraren elektrolisiaren bidez sortutako erregai garbia da. Prozesu horrek oxigenoa eta hidrogenoa bereizten ditu, iturri berriztagarrietatik (hala nola eolikotik edo eguzki-iturrietatik) sortutako elektrizitatea erabiliz.
Beste metodo batzuek ez bezala, ez du emisio kutsatzailerik edo CO2-rik isurtzen ekoizten den bitartean.
Zortzigarren puntuko bozkaketak alderdi guztien onespena izan zuen PSErena izan ezik: abstentzioaren aldeko botoa eman zuen azken alderdi honek.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako eskolako ikasleen gurasoak: «Arratsaldeko inauteriek axola dute, entzun familiei»
Eskolako inauteriak arrastitik goizera aldatzearen erabaki honek 40 urte baino gehiagoko komunitate jarduera kolokan ipintzen duela azaldu dute guraso batzuek

Aurten Arrigorriagako eskolako inauteriak goizean ospatuko dituzten lehen aldia izango da, 40 urte baino gehiagoko tradizioa aldatuz.
Eskolak antolatzen dituen inauteri hauen erabakia aldebakarrekoa izan da eta gurasoei bidalitako euskarazko tituludun eta erdarazko of ahotseko diapositiben bidezko bideo baten bidez iragarri dute, zenbait arrazoirekin. Erabaki horrek bazterrak nahastu ditu.
“40 urte baino gehiago eman ditugu Arrigorriagako eskolako inauteriak komunitatean ospatzen, baina oraingoan goizean bakarrik egin nahi dituzte, familiarik gabe”, horrela dio eskolako guraso talde batek osatu duen kartel batek. “Inauteria ez da eskolako jarduera hutsa; bizikidetza, parte-hartzea eta ilusioa ere bada lehen hezkuntzako ikasleentzat. Arratsaldeko inauteriek axola dute, entzun familiei”.
Guraso batzuen arabera, “erabakia aldebakarrekoa eta gurasoen iritzia kontuan hartu barik” hartu dute.











