Sareak

☉ Arrigorriaga

Euskara indartuko du Arrigorriagak Udal kirol elkarteetan ‘Euskara Kirolera’ ekimenarekin

Hiru helburu izango ditu ‘Euskara Kirolera’-k: euskararen erabilera sustatzea, elkarteei aholkularitza eta adostasuna eskaintzea eta komunikazioa euskalduntzea

|

Haur bat, saskibaloiko baloi batekin // Geuria

Euskararen presentzia eta erabilera indartuko du Arrigorriagako Udalak ‘Euskara Kirolera’ izeneko ekimenaren bidez, udalerriko haur eta nerabeekin aritzen diren kirol-elkarteetan lan eginez.

Ekimenak eragina izango du kirol jardueren, entrenamenduen eta elkarteen barne kudeaketaren esparruan. Hiru helburu izango ditu ‘Euskara Kirolera’-k: euskararen erabilera sustatzea, elkarteei aholkularitza eta adostasuna eskaintzea eta komunikazioa euskalduntzea.

Momentura arte Arrigorriagako zortzi kirol-taldek eman dute izena ekimenean; Padura saskibaloi eta futbol taldeek, Montefuerte futbol taldeak, Etorkizuna taldeak, Arguia pilota taldeak, Harrigarri gimnasia erritmikoa taldeak, Arri-gorri irristaketa taldeak eta Garriko Taekwondo taldeak.

Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie ekimenean parte hartu duten kirol taldeei “erakutsitako konpromisoagatik”, eta gainerako kirol-elkarteak gonbidatu nahi ditu etorkizunean ekimen honekin bat egitera, euskaraz bizi eta kirola egiteko aukera bermatzeko.

“Euskararen erabilera esparru formaletik aisialdi eremuetara ere eraman nahi da”, azaldu du Gorka Etxebarria Arrigorriagako Udaleko Euskara, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak. “Hor bete-betean kokatzen da haur, nerabe eta gazteekin egiten den kirola”.

☉ Arrigorriaga

‘Battle Oilar’, film-laburrak bertso bihurtuko dituen ekintza dakar Umorea Labur jaialdiak

Aurtengoa 24. edizioa izango da eta abenduaren 15etik 20ra antolatu dute Arrigorriagako herrigunean

|

Aitor Arenas, Maite Ibarra eta Iratxe Rubio // Geuria

Gaur goizean Arrigorriagako Umorea Labur jaialdiaren aurkezpena egin dute Lanbarri Kultur Elkartearekin batera udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Aurtengoa 24. edizioa izango da eta abenduaren 15etik 20ra antolatu dute.

“Heldu, kurbak datoz eta! Humor en Corto estatuko komedia zinemaldi guztien aitona da, eta mundu osoko beteranoenetako bat”, horrela hasi dira motorrak berotzen jaialdiaren webgunean.

Gaurko ekitaldia Aitor Arenas Umorea Labur jaialdiko zuzendariak (Arrigorriaga, 1981) aurkeztu du, Maite Ibarra Arrigorrisagako alkatearekin eta Iratxe Rubio kultura zinegotziarekin batera.

“Beti esaten dugu urtetik urtera hurrengo edizioa aurrekoa baino hobeagoa izango dela. 2023ko jaialdia amaitzean, 24. edizioa trantsizio moduan planteatu nahi izan genuen, 2026koa 25. urteurrena delako”, azaldu du Arenasek. “Mende laurdena asko izango da eta aurtengo edizioa trantsizio modura planteatu bagenuen ere, ez dugu bete”, azaldu du barrez, jaialdiko estiloari eutsiz.

“Pausu handiagoa eman dugu”, jarraitu du arrigorriagarrak eta betiko estiloari eutsiz programazio onena osatzen saiatu direla gehitu du: urtero lez, atal ofizialean Espainiako film laburren ‘Jaja’, nazioartekoen ‘Haha’ eta euskarazko film laburren ‘KarKar’ atalak bereizi dituzte. “Programazio koherente eta indartsua sortzen saiatu eta lortu dugula esan genezake, antzinatik geneuzkan zenbait ekimen gauzatuz”, azpimarratu du jaialdiko zuzendariak.

Aitor Arenas, Umorea Labur jaialdiko zuzendaria // Geuria

Laburrez harago

Duela gutxi zendutako Jose Luis Cienfuegos Seminciko zuzendari ohiak zioen programazio on bat osatzea filmak programatzea baino gehiago zela: “Cienfuegosek esaten zuen jaialdi batean programazioaz gainera, paraleloan antolatutako jarduerak, erakusketak… egon behar zirela, eta horixe bera saiatu gara egiten Arrigorriagako Umorea Labur jaialdian.

Aurten #NoSoloPaja atala mantenduko dute ere, herriko eta eskualdeko sortzaileen lanei ikusgarritasuna emanez eta ‘The Artic Circle Trail’, ‘Gatz Arana’ edo ‘Eguneroko Egoerak’ bezalako laburmetraiak proietatuko dira Lonbo aretoan, abenduaren 15ean bertan.

Gainera, ‘JaJam Sessions’ atala finkatuko dute eta aurten Ane Lindanek bakarrizketa eskainiko du Txistu tabernan, besteak beste.

Abenduaren 12tik 20ra bitartean Sitges-en hasitako ‘Fun & Terror’ erakusketa ikusteko aukera egongo da Txokoa-meeting pointean (Urgoiti pasealekua, 7). Erakusketa Borja Crespok gidatuko du (Getxo eta Bartzelonako Komiki Erakusketako zuzendaria, El Correoko kritikoa…)

Jaialdiaren aurkezpena, medioekin // Geuria

Euskara, indartuta

Aurtengo berritasunen artean Battle Oilar atala egongo da. Bertan, laburmetrai batzuk programatuko dituzte eta ikusentzunezko lan horiek ipiniko dute jarraian agertuko diren bertsolarien gaia: “Bertsolariek laburmetraiak interpretatu eta bertsotan bihurtuko dituzte. Bertsolarien artean zirikadak ikusiko ditugu, umore klabean betiere”, azaldu du Arenasek.

Arrigorriagarren hala eskatuta, ‘Kontziliakzioa’ izeneko zerbitzua sortu dute aurten ere jaialdian. Atal hau film laburrak ikusi nahi zituzten baina ezin zuten gurasoei zuzenduta dagoela zehaztu du Arenasek. “Publiko kritikoarekin lan egitea gustoko dugula esaten dugunean haurrei buruz ari gara. Dinamizatzaile bat arduratuko da saioak gidatzeaz. Txikiek filmak ikusiko dituzte baina solasaldiak, tailerrak eta jolasak izango dituzte bertan ere. Helburua bertan zinemarekiko grina piztea da”. Kontziliakzioa Lehen Hezkuntzako lehen zikloari zuzenduta dago eta Kilimusi Eskaut taldeko kideen laguntza izango dute, herriko eragileen arteko laguntza bultzatuz.

‘Umorea Lab’ atala ere egongo da Arrigorriagan aurten, Edurne Garitazelaia Kultur Etxean, hain zuzen. Jarduera hau zinemagintza ikasten ari diren pertsonei zuzenduta dago eta film laburren pitchinga egiteko nozioak, mahai-inguruak eta Javier Aguayoren ()Sin Gluten) ‘¡Voy a venderlo todo! masterclassa antolatu dituzte, besteak beste.

Arenas, jaialdiaren aurtengo kartelarekin // Geuria

Aurreko urteetan ez bezala, jaialdiak ez du programaziorik sortu Arrigorriagako institutuarekin. Erabaki horren arrazoiaren inguruan galdetzean, GEURIAk egindako galdera “jaialdiko arduradunei ez zaiela egin behar” azaldu du Umorea Laburreko zuzendariak.”Lanbarri institutuko ikasle eta irakasle batzuen eskutik jaio zen gazteek asteburuetan aisialdiko jarduerak egiteko: txotxongiloak, poesia… denborak aurrera egin ahala jarduerak moldatzen joan ziren eta Lanbarriko jarduera nagusia ikusentzunezkoak egitea izan zen. Horren ondorioz jaio zen Umorea Labur jaialdia, Lonbo aretoaren jaiotzarekin batera”.

Hala ere, eta komunitatea sortzearen ideiari helduz, Arenasek nabarmendu du institutuak jaialdiaren ateak zabalik dituela hurrengo edizioetan elkarlana egiteko.

Umorea Laburrean jaialdiak osagarri berezi bi ditu: kalitatea eta arraksta”, laburbildu du Iratxe Rubio kultura zinegotziak. “24 edizioetan zehar bertan mantendu den jaialdia da eta erreferente bilakatu da”. Rubioren hitzetan, jaialdiak hiru ekarpen egiten dizkio udalerriari: kanpo proiekzioa, Arrigorriaga mapan kokatuz, kultur aniztasuna eta Lanbarri elkartearen konpromisoa.

“Urteetan Lanbarri elkarteko kideek lan nekaezina egin dute kulturaren eta artearen mundu honetan umoreari kalitatezko espazioa emateko”, azaldu du Maite Ibarrak. “Eta zalantzarik gabe lortu egin dute. Urte hauetan erakutsi digute umorearen bidez, ondo pasatzeaz gain kritika eta analisi sakonak egin daitezkeela. Munduari begiratzeko modu bate dela, alegia”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Lan ikuskaritzak ebatzi du “lan arriskuen prebentzio neurriak ez direla bete” Arrigorriagako Arandia egoitzan

ELA sindikatuak jarritako salaketari erantzun dio Lan Ikuskaritzak, eta “langileen osasunari berehalako erantzuna emateko eta Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko legea betetzeko” eskatu dio zuzendaritzari

|

Egoitzako langileak, Arrigorriagan egindako elkarretaratze batean // Geuria

Arrigorriagako Arandiako adinekoen egoitzako langileek hiru eguneko greba egin zuten joan den abenduaren 2an, 3an eta 4an, “Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean” lelopean. ELA sindikatuak greba “arrakastatsua” bezala definitu du.

Egoitzako langileek pertsona faltak eragindako “lan karga handiak” salatu dute eta ondorioz, arrisku psikosozialen ebaluazioaren arabera pairatzen dituzten osasun arriskuak azalerazi direla adierazi dute.

“Langileen arabera, enpresak ez du neurririk hartu lan osasunaren arloan, besteak beste, lantokian eskabiosia (‘sarna’ bezala ezaguna gazteleraz, larruazaleko infestazio kutsakorra, ‘Sarcoptes scabiei’ izeneko akaroak eragindakoa, azkura bizia eragiten duena) kasuetarako prebentzio egoeren aurrean”, azaldu dute ELA sindikatutik.

Horiek horrela, ELAk salaketa aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan: “Arandia egoitzako Domus VI taldeak ez du urrats nahikorik eta egokirik egin EAEko eskabiosiaren zaintza epidemologikoko protokoloan jasotako detekzio, babes kolektibo, indibidual eta gainerako jarduketetan”, azaldu dute sindikatutik. “Are gehiago, Bizkaiko Zaintza Epidemiologikoko Unitateak ezarritako jarraibideak ere ez ditu betetzen”.

ELA: “Arandia egoitzako Domus VI taldeak ez du urrats nahikorik eta egokirik egin EAEko eskabiosiaren zaintza epidemologikoko protokoloan jasotako detekzio, babes kolektibo, indibidual eta gainerako jarduketetan”

Txostenari helduz, Domus VI taldeak “arreta eredu kaxkarra” egiten duela “egiaztatu” dute ELAtik, eta gainera ikuskaritzak langileen osasunari berehalako erantzuna emateko eta Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko legea betetzeko eskatu dio.

“ELA sindikatuak Arandia Egoitzari exijitu dio berehala erantzun diezaiela langileen eskaerei eta ikuskapenaren errekerimendua betetzeari. Era berean, eskabiosia gaixotasun profesionaltzat hartzeko eskatu die ELAk administrazioei eta erakundeei.”

Salaketa “faltsuak”

Joan den abenduaren 4an Arandia egoitzako zuzendaritzarekin berba egin zuen GEURIAk langileek greban zehar egindako salaketak “faltsuak” zirela adierazi zuen (gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izan direla eta langileen mobilizazioen ondorioz egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu salatu dute, besteak beste).

Domus VI taldetik berretsi zuten “asistentzia-kalitatearekin, lan-taldeei laguntzearekin eta adinekoekiko eta beren familiekiko errespetuarekin” konpromisoa zutela.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

‘Ez da kasualitatea’ bertso saio musikatu feminista antolatu dute Arrigorriagan

Abenduaren 14an, 19:00etan antolatu dute saioa. Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin igoko dira oholtzara

|

Mikrofono bat // Kane Reindholdtsen, Unsplash

Lonbo aretoak ‘Ez da kasualitatea’ izeneko bertso saio musikatua hartuko du datorren abenduaren 14an, 19:00etan.

Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin igoko dira oholtzara eta Maialen Mulas izango da gai-jartzailea. Aner Peritz eta Libe Goenaga dira msuikariak.

‘Ez da kasualitatea’ bat-bateko bertso saio musikatua da. Gitarra, biolin zein saxo-doinuen gainean inprobisatzen dute bertsolariek gai-jartzaileak proposaturiko gaiei buruz. Saioak ez-mixtoak dira: lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira beti. Umorea, jolasa, gogoeta, bertsolari feministen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa.

2009an egin zen aurrenekoz ‘Ez da kasualitatea’ bertso saioa. Berdintasun teknikari batek bertso saio feminista bat antolatzeko eskatuta elkartu ziren zenbait bertsolari, gai-jartzaile eta musikari; ustez, saio bakarrerako idean.

Geroztik, ehundaka ‘Ez da kasualitatea’ egin dira Euskal Herriko plazetan, hamarnaka emakume bertsolarik kantatu dute haietan eta erreferentziazko emanaldi bilakatu dira bertsozale, bertsolari eta gai-jartzaile feministen artean.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean lapurretak egin dituztela salatu dute Gazte Asanbladatik

Joan den azaroaren 29a bezalako “denontzako egunak” antolatzen jarraituko dutela azaldu dute Gazte Asanbladatik: “Gaztetxea gune seguru bat izatea gura dugu. Ez badakizu egoten, ez etorri”

|

Arrigorriagako Gaztetxea, artxiboko irudia // Geuria

Joan den azaroaren 29an Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatu zuten eta gauean lapurretak egin zituztela salatu dute Arrigorrigako Gazte Asanbladatik.

“Gaztetxearen urteurreneko gauan zenbait lapurreta egon ziren eta hau espazioan dagoen jendearen kontrako eraso zuzena da”, adierazi dute Gazte Asanbladatik. “Gogorarazi nahi dugu Arrigorriagako gaztetxean ez dugula inolako erasorik ezta lapurretarik ere onartzen”.

Joan den azaroaren 29a bezalako “denontzako egunak” antolatzen jarraituko dutela azaldu dute: “Gaztetxea gune seguru bat izatea gura dugu. Ez badakizu egoten, ez etorri”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Profesional eta amateurren Boxeo Gaua antolatu dute Arrigorriagan, urte hasieran

Hitzordua urtarrilaren 31n izango da, “adrenalina eta emozioz beteriko gaua”, antolaketa taldetik azaldu bezala

|

Punching ball bat // Mike Cox, Unsplash

Arrigorriagako Udalak eta Sac Box Teamek Profesional eta amateurren Boxeo Gaua prestatu dute 2026ko urtarrilaren 31n, Arrigorriagako frontoian.

Ateen irekieta 16:20etan izango da eta 17:00etan hasiera emango diote txapelketari. “Adrenalina eta emozioz beteriko gaua izango da!”, iragarri dute antolaketa taldetik.

Sarrerak 10 euroan daude eskuragarri 678 158 545 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna