☉ Arrigorriaga
Maite Ibarraren hautagaitza aho batez berretsi du Arrigorriagako EH Bilduk
Azaroaren 9an, bozketa egin ondoren, alderdiko oinarri sozialak aho batez berretsi du Ibarraren hautagaitza

Arrigorriagako egungo alkateak, Maite Ibarrak, urrian iragarri zuen datozen maiatzeko udal hauteskundeetan bera izango dela herriko EH Bilduren hautagaia. Azaroaren 9an, bozketa egin ondoren, alderdiko oinarri sozialak aho batez berretsi du Ibarraren zerrendaburutza.
“Lehen egunean baino ilusio handiagoa daukat” —azaldu du hautagaiak— “ilusioa gauzak ondo egiteko, ilusioa bide hori herritarrekin batera jorratzen jarraitzeko, eta ilusioa, batez ere, Arrigorriaga hobetzen jarraitzeko”. Ibarra 2019an heldu zen lehenengoz herriko alkatetzara, eta legealdian zehar egindako lanari jarraipena eman nahi diola gehitu du, alderdiak “geroa duen proiektua” baitauka Arrigorriagarentzat.
Datozen lau urteetan indarrean jarri nahi dituzten aldaketek “bizilagunen bizitza hobetzea” izango dute helburu. Hala, Ibarrak zehaztu du Udalean egin nahi duten lana herritar guztiei hurbildu nahi dietela, “anbizio handiko” planaz gain, “proiektu integratzailea” baita orain arte garatu eta garatzen jarraituko dutena.
☉ Arrigorriaga
Udan hasiko dira Arrigorriagako Osasun eta Higiene auzoaren saneamendua eraberritzeko lanak
Auzo osoaren berrurbanizazioa ekarriko duen proiektua udal ordezkariek auzoko egoiliarrekin egindako hainbat bileraren fruitu dela adierazi dute Udaletik

Arrigorriagako Udalak udan hasiko ditu Osasun eta Higiene auzoko saneamendu sarea osorik berritzeko lanak. Udal ordezkariek gaur bertan iragarri dute milioi bat euro baino gehiagoko lanak lizitatu dituztela, auzoaren 100. urteurrenarekin kointzidituz.
Osasun eta Higiene auzoa eraberritzeko bilerak aspaldi hasi ziren eta auzo osoaren berrurbanizazioa ekarriko duen proiektua udal ordezkariek auzoko egoiliarrekin egindako hainbat bileraren fruitu dela iragarri du David Cidre Auzoak eta Hirigintza zinegotziak: “Lanen muina edateko uraren eta saneamenduaren (ur fekalak eta euri-urak) instalazioak berrantolatzea izango den arren, esku-hartzea harago doa; izan ere, argiteria publikoa ere hobetuko dugu, bide batez. Horrela, lur azpiko azpiegiturak modernizatzeaz gain, Osasun eta Higiene auzoaren kanpoko itxura, irisgarritasuna eta argiztapena ere eguneratuko dira”.
Lizitazio prozesua amaituta hondeamakinak lanean hasiko direla gehitu dute Udaletik, uda aldean. “Udal honentzat auzo guztiak dira garrantzitsuak, bertan bizi den herritar kopuruari erreparatu gabe”, adierazi du Maite Ibarra herriko alkateak. “Gure helburua Arrigorriaga orekatua da, non auzo guztiek, txikienek ere, kalitatezko zerbitzuak eta azpiegitura modernoak dituzten”.
☉ Arrigorriaga
Korrikaren aurkezpena egingo dute bihar, Arrigorriagan
Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egingo dute bertan

Bihar, otsailak 6, Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Arrigorriagako Kultur Etxean, 18:00etan.
“Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egongo dira. Gogoratu, bildutako dirua helduen alfabetizaziora bideratuko da AEKren bidez. Ez galdu!”, azaldu dute Arrigorriagako Udaletik, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
“Euskararen aldeko jai handirako motorrak berotzen hasteko unea da!”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Gure Magalean mendi taldeak hasiera eman dio 2026ko egutegiari
Hurrengo irteera martxoaren 8an egingo dute Arraitzera (trenez hurbilduko dira bertara) eta datozen hilabetetako datak iragarri dituzte

Gure Magalean mendi taldeak urteko lehen irteera egin zuen joan den otsailaren 1ean Belatxikietara (Dima) eta horrekin hasiera eman dio urteko irteeren egutegiari.
Hurrengo irteera martxoaren 8an egingo dute Arraitzera (trenez hurbilduko dira bertara) eta datozen hilabetetako datak iragarri dituzte.
Egutegia | Gure Magalean Mendi Taldea 2026
Otsailak 1, igandea
Artaun-Belatxikieta
Martxoak 8, igandea
Arraitz (Bilbo)
Apirilak 19, igandea
Orozko inguruak
Maiatzak 31, igandea
Mendexa-Ondarroa
Ekainak 20, larunbata
Artandara igoera eta bazkari herrikoia
Irailak 20, igandea
Iluntzar-Laga (Nabarniz)
Urriak 25, igandea
Sarria-Txintxularra-Artaiz
Azaroak 15, igandea
Galarraga (Sodupe)
Abenduak 31, osteguna
Upo (Xanpain Eguna)
☉ Arrigorriaga
Hidrogeno berdea ekoizteko bidea hasi nahi du Rezola Materialsek Arrigorriagako harrobian

Rezola Materials enpresak hidrogeno berdearen bidezko deskarbonizazio prozesua martxan ipini gura du Arrigorriagan eta gai hori plazaratu zuten joan den urtarrilaren 29ko osoko bilkuraren 8. puntuan: Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketari hasiera ematea, 21. eremuaren (Rezola) ondoan ekipamendu pribatu bat sortzeko.
“Hiri Antolamendu Prozesu Orokorrean (HAPO) modifikazio bat egiteko prozesu posibleaz ari gara”, zehaztu zuen David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitza zinegotziak. “Honekin ez dugu esan nahi HAPOaren hasierako onarpena egingo dugunik”, argitu zuen.
Cidrek azpimarratu zuen Rezolak martxan ipini gura duen prozesuari hasiera ematea dela kontua: “Honen inguruan Foru Aldundiak hartuko ditu hartu beharreko erabakiak ingurumenaren esparruan, besteak beste”. Prozesuaren hasiera baino ez dela laburbildu zuen Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitza zinegotziak.
CO2 isuri barik
Hidrogeno berdea edo berriztagarria uraren elektrolisiaren bidez sortutako erregai garbia da. Prozesu horrek oxigenoa eta hidrogenoa bereizten ditu, iturri berriztagarrietatik (hala nola eolikotik edo eguzki-iturrietatik) sortutako elektrizitatea erabiliz.
Beste metodo batzuek ez bezala, ez du emisio kutsatzailerik edo CO2-rik isurtzen ekoizten den bitartean.
Zortzigarren puntuko bozkaketak alderdi guztien onespena izan zuen PSErena izan ezik: abstentzioaren aldeko botoa eman zuen azken alderdi honek.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako eskolako ikasleen gurasoak: «Arratsaldeko inauteriek axola dute, entzun familiei»
Eskolako inauteriak arrastitik goizera aldatzearen erabaki honek 40 urte baino gehiagoko komunitate jarduera kolokan ipintzen duela azaldu dute guraso batzuek

Aurten Arrigorriagako eskolako inauteriak goizean ospatuko dituzten lehen aldia izango da, 40 urte baino gehiagoko tradizioa aldatuz.
Eskolak antolatzen dituen inauteri hauen erabakia aldebakarrekoa izan da eta gurasoei bidalitako euskarazko tituludun eta erdarazko of ahotseko diapositiben bidezko bideo baten bidez iragarri dute, zenbait arrazoirekin. Erabaki horrek bazterrak nahastu ditu.
“40 urte baino gehiago eman ditugu Arrigorriagako eskolako inauteriak komunitatean ospatzen, baina oraingoan goizean bakarrik egin nahi dituzte, familiarik gabe”, horrela dio eskolako guraso talde batek osatu duen kartel batek. “Inauteria ez da eskolako jarduera hutsa; bizikidetza, parte-hartzea eta ilusioa ere bada lehen hezkuntzako ikasleentzat. Arratsaldeko inauteriek axola dute, entzun familiei”.
Guraso batzuen arabera, “erabakia aldebakarrekoa eta gurasoen iritzia kontuan hartu barik” hartu dute.











