Sareak

☉ Arrigorriaga

Maria Delgado Gil arrigorriagarrak XXI Herri Krosa irabazi du

Arrigorriagako Maria Delgado Gil korrikalariak (Arrigorriaga, 1982) aurtengo Herri Krosa irabazik du 39,11″ko markagaz: “Oso pozik nago. Astero egiten dudan ibilbidea da harrobietakoa eta gustura ibili nintzen korrika Osasunalde taldeagaz”, adierazi dio herriko txapeldunak GEURIA komunikabideari

|

Maria Delgado Gil // Utzitakoa

Arrigorriagako Maria Delgado Gil korrikalariak (Arrigorriaga, 1982) aurtengo Arrigorriagako XXI. Herri Krosa irabazi du 39 minutu eta 11 segunduko markagaz: “Oso pozik nago. Astero egiten dudan ibilbidea da harrobietakoa eta gustura ibili nintzen korrika Osasunalde taldeagaz otsailaren 27an”, adierazi dio herriko txapeldunak GEURIA komunikabideari. Bigarren aldia da arigorriagarrak lasterketa honetan parte hartzen duela eta 2020an pandemian murgildu baino lehen parte hartu zuenekoarekin aldea dagoela azaldu digu: “Pena da aurtengoa pandemia aurretik egiten ziren lasterketen formatua ez izatea: aurreko urteetan animazio gehiago zegoen eta lasterkari guztiak aldi berean irteten ziren korrikan, eta parte-hartzaile gehienak mozorratuta zihoazen. Baina hau da bizi behar dugun egoera gaur egun, tamalez”. 36 emakumek parte hartu zuten guztira joan den domekako lasterketan.

Arrigorriagako Udal kiroldegiko neskekin korrika egiten duen kirolaria duela hiru urte hasi zen hankei eragiten osasun arazoak ekiditeko lagun batek hala gomendatu ziolako. Harrezgeroztik korrika egiteari gogoz heldu dio Delgadok. Dagoeneko, aurtengo egutegian hitzordu garrantzitsuak ditu arrigorriagarrak: “Datorren astean Donostiako Lilaton lasterketan korrika egingo dut, eta hurrengoak trail modalitatekoak dira: martxoaren 12an Mungia Lau Haizeta Trailean izango naiz eta aurrerago Nafarroan prestatuko duten Euskal Herriko Mendi Erronkan izango naiz”.

Maria Delgado Gil, Herri Krosean // Utzitakoa

☉ Arrigorriaga

Abusun aparkalekuak mugatzeko ordenantza onartu du Arrigorriagako Udalak

Berehala martxan ipiniko ez badute ere, neurri honekin aparkaldia Abusuko auzotarrentzat izango da soilik 20:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arte

|

Joan den otsailaren 26ko Arrigorriagako osoko bilkuran argi berdea eman zioten Abusu auzoko aparkaldia mugatuko duen ordenantza berri bati. Neurri honek EH Bildu, NOA eta Arrigorriagaren aldeko botoak eta EAJ eta PSEren kontrakoak izan ditu bozkaketan.

Neurri horren bidez, aparkaldia Abusuko auzotarrentzat izango da soilik 20:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arte eta ez da inolako bereizgarririk ipini beharko ibilgailuan. “Horrela, Udalak erantzuna eman nahi dio auzoan pairatzen den aparkatze-presio handiari”, azaldu dute udal ordezkariek.

David Cidre Hirigintza zinegotziaren arabera, neurri hau ez da berehala martxan jarriko: “Gure asmoa urte bukaeran edo 2027ko hasieran abiaraztea da, ondo bidean”, azaldu dio GEURIAri baina ordenantza guztiz itxita ez dagoela gehitu du: “Auzotarren proposamenak eta ekarpenak entzun nahi ditugu”.

David Cidre: “Gure asmoa neurri hau urte bukaeran edo 2027ko hasieran abiaraztea da, ondo bidean”

Izan ere, Abusu-Bilbo aldean TAO sistema ezarri zenetik, Arrigorriagako eremua aparkaleku gisa erabiltzen duten autoen eta furgoneten kopurua biderkatu egin dela azaldu dute, “auzotarrei lekua kenduz”.

Nor da egoiliar?

Autoan bereizgarririk eraman beharko ez denez, 20:00etatik 08:00ak bitartean aparkatu ahalko duten pertsonak egoiliarrak izango dira, eta horiek Arrigorriagako Udalaren zirkulazio-zerga ordaintzen duten ibilgailu guztien jabeak direla zehaztu dute Udaletik.

Udal ordezkarien arabera, zerbitzu honen bereizgarri nagusiak doakotasuna, bereizgarririk ez erabiltzea eta ibilgailu mugarik ez egotea da (nahi beste auto egon daitezke, Arrigorriagako zirkulazio-zerga ordaintzen duten bitartean).

Arrigorriagako udaltzainen auto bat // Geuria

Lan kargarik gabe

Neurria martxan ipiniko dutenean Udaltzaingoak eramango du aparkaldiaren kontua, baina Cidrek nabarmendu du Arrigorriagako udaltzainei ez diela inolako lan kargarik eragingo: “Kamera bat ezarriko diegu udaltzainen autoei eta eguneroko errondak egiten duten bitartean funtzionatuko du, Abusura heltzen direnean gailua piztuz”.

David Cidre: “Kamera bat ezarriko diegu udaltzainen autoei eta eguneroko rondak egiten duten bitartean funtzionatuko du, Abusura heltzen direnean gailua piztuz”

Beste hitz batzuetan, Bilboko TAO autoak bezala funtzionatuko dute udaltzainek, baina TAOko langileak izan beharrean, udaltzainak izango dira.

Horrela, Arrigorriagako langileak ez dira autotik jaitsi behar izango isunak jartzeko orduan. Hurrengo hilabeteetan kamera horien lizitazio-prozesua abiaraziko dute eta ahalik eta azkarren jarriko dute martxan.

Autoak, Ollargan auzoan // Geuria

Argiak eta itzalak

Ordenantza honen onarpenak askotariko iritziak sortu ditu Abusuko auzotarren artea. Batzuen aburuz, era honetako sistema bat martxan jartzea “guztiz beharrezkoa” zen. Beste batzuen iritziz ordutegi hori luzatu beharko litzateke… Beste bizilagun batzuen aburuz, ostera, Bilboko aparkatzeko sistema Arrigorriagan ezartzea eskatu dute, besteak beste.

David Cidre: “TAO sistemari dagokionez, Bilboko Udalarekin berba egiten saiatu garen bakoitzean horma baten aurka jo dugu”

“Egoera idealena Bilboko Udalarekin hitzarmen bat sinatzea izango litzateke TAOren sistema ezartzeko udalerrian”, aitortu du Cidrek. “Antzekoa gertatzen zaigu Abusukoei Bilbao Kirolak eta Osakidetzarekin: Abusuko jende askok Bilboko instalazioak erabiltzen ditu eguneroko bizitzan, gertutasunagatik: kirol instalazioak, anbulatorioa… Baina TAO sistemari dagokionez, Bilboko Udalarekin berba egiten saiatu garen bakoitzean horma baten aurka jo dugu”.

Oposizioa, kontra

EAJ eta PSE alderdiek ordenantzaren kontrako botoa eman zuten osoko bilkurako bozkaketan. EAJren aldetik Abusuko auzotarrek aparkatzeko dituzten “arazo larriaz” kontziente direla adierazi dute, “baina ordutegi jakin batean aparkatzea mugatzeak ez du konpontzen; mugitu egiten du”, zehaztu du Ainara Saez alderdi jeltzaleko bozeramaileak.

Gainera, zalantzan jarri dute neurriaren oinarri teknikoa: “Espedienteak ez du jasotzen benetako gaueko okupazioaren diagnostiko zehatzik, ez ibilgailuak arautu gabeko kaleetara eramateko aurreikuspenik, ezta ordenantzak funtzionatzen duen ebaluatzeko adierazle objektiborik ere”.

Nork bere auzoan

Gaur egun, Bilboko auzotar askok Arrigorriagako aldean aparkatzen dituzte beren ibilgailuak, ordaintzeko gunetik kanpo.

Arrigorriagako ordenantza martxan ipiniko dutenean Abusuko aparkatzeko egoerak hobera joko duela aurreikusten du David Cidrek: “20:00etatik 08:00ak arte doakoa da Bilbon aparkatzea ere, beraz, alde horretatik ez legoke inolako arazorik egon behar. Nork bere auzoan edo disuasio-aparkalekuetan utz dezala bere ibilgailua. Buia aldean horrelako bat dago, urrutira joan barik”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Maiatzaren 16an egingo dute Arrigorriagako Lastotxo Egunaren bigarren edizioa

Antolaketa taldearekin berba egin ostean joan den urteko formula errepikatuko dutela aurreratu diote GEURIAri

|

Lastotxo Egunaren lehen edizioa // Geuria

Arrigorriagako gazteak Lastotxo Egunaren bigarren edizioa prestatzen ari dira burubelarri, lehenengo edizioaren arrakasta ikusi ostean: “Badator bigarren Lastotxo Eguna! Maiatzak 16: gorde eguna egutegian, luzatu mezua eta hasi prestatzen, lagunak eta festa ez da faltako”, iragarri dute sareetan.

Aurten ez dira kontzertuak faltako baina antolaketatik oraindik ezin dute izenik baieztatu. Hori bai, joan den urteko formula errepikatuko dutela aurreratu diote GEURIAri. Paella txapelketaren kasuan, aurtengo edizioan parte hartzeko sistema aldatuko dutela iragarri dute: bigarren edizio honetan QR kode bat edo esteka bat zabalduko dute martxoaren amaieran.

Berritasun modura, lehen edizioko balorazioa egin zutenean umeentzako ekintzak antolatzea proposatu zuten eta antolaketa taldeak Kilimusi Eskaut Taldea eta Gaztegunea proposatu dituzte behar horretarako: “Proposamena eginda dago, erantzunaren zain gaude momentu honetan”, adierazi dute.

Lehen edizioa joan den urteko maiatzaren 15ean antolatu zuten eta eguerditik gaualdera jarduera ugari prestatu zituzten Arrigorriagako herrigunean, Euskaraldiarekin hasierako jarduera batekin abiatuz: paella txapelketa eta dastaketa, bazkaria eta bazkaloste musikatua, OstiKda elektrotxaranga eta Zilibito Records eta Nonahi Erromeriaren kontzertuak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Aldundiak ezezkoa eman die Arrigorriagak Bizkaibus zerbitzua hobetzeko egindako proposamenei: Udalak alegazioak iragarri ditu

Udalak joan den urtarrilean egindako bileran aurkeztu zizkion Aldundiari proposamenak, horien artean Galdakaoko Ospitalerako linea luzatzea eta Abusuko konexioak hobetzea

|

Hiri-Mugikortasun Iraunkorreko Planean (HMIP) oinarritu ditu Udalak bere eskaerak // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio zuzendaritzak ezezko erantzuna eman die Arrigorriagako Udalak Bizkaibus zerbitzua hobetzeko aurkeztutako proposamen guztiei. Egoera horren aurrean, udal gobernuak iragarri du alegazio formalak aurkeztuko dituela, “herritarren irisgarritasun eta mugikortasun beharrak defendatzeko asmoz”.

Udalak joan den urtarrilean egindako bileran aurkeztu zizkion Aldundiari proposamenak, horien artean, Galdakaoko Ospitalerako linea luzatzea eta Abusuko konexioak hobetzea ziren lehentasun nagusiak.

Aldundiak proposamen horiek baztertu dituen arren, Arrigorriagako Udalak berretsi du lanean jarraituko duela, eta bide administratibo guztiak agortuko dituela zerbitzu “duin eta moderno” bat lortzeko. Gogorarazi dute, gainera, eskaerak hauek Hiri-Mugikortasun Iraunkorreko Planean (HMIP) oinarritzen direla. Dokumentu horiek zehazten dute beharrezkoa dela zerbitzua indartzea goiko auzoetan (egoitza, institutua eta kirol-instalakuntzak dauden eremuan) eta Abusu-Ollargan auzoetan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Hezkuntza Kontseilu berriak udalerriko hezkuntza-beharrak identifikatuko ditu

Udalerriko hainbat eragilek eratutako foro honek, gainera, hezkuntzari eskola-eremutik kanpo ere helduko dioten baterako proposamenak eta ekintzak bultzatuko ditu aldi berean

|

Gazteak, Arrigorriagako madalenetako Gazte Olinpiadetan, iaz // Geuria

Joan den otsailean lehen ohiko bilera egin ostean, martxan da Arrigorriagako Udal Hezkuntza Kontseilua.

Ikastetxeetako, familietako, hezkuntzako, udal zerbitzuetako, kirol klubetako eta Udaleko talde politiko guztietako ordezkariek eratzen dute foro hau eta helburu nagusia udalerriko hezkuntza-beharrak modu koordinatuan identifikatzea izango da. Gainera, hezkuntzari eskola-eremutik kanpo ere helduko dioten baterako proposamenak eta ekintzak bultzatuko dituzte.

Gorka Etxebarria Euskara, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak azaldu du kontseilua “tresna baliotsua” izango dela hezkuntza ardura partekatua izan dadin: “Elkarrekin eta era kohesionatuan egin behar dugu lan, eta horretarako aukera eskainiko digu kontseiluak”, eta Kontseilu hau martxan egotea “urrats garrantzitsua” dela gaineratu du, ” komunitate gisa dugun erantzukizun partekatua aitortzeko eta haurren eta nerabeen ahotsak benetako espazioa izan dezan bermatzeko”.

Hezkuntzaren esparruan, kontseilu honen motorrak dira Arrigorriagako Haurreskola, eskola, institutua eta Abusu ikastola; Familiari dagokionez Gure Magalean guraso elkartea ageri da; Hezkuntza eragileen artean Altzoan zaintza sarea, Arritxikerrak, Kilimusi eskaut taldea eta eskolako mendi taldea; udal zerbitzuetan Gaztegunea, Ludoteka eta EISE (Gizarte Zerbitzuetako hezitzaileak) eta kirol kluben artean Padura saskibaloia, Garriko taekwondo, Arri-gorri irristaketa eta Arrigorriagako Tenis Kluba.

“Kontseilu honen bidez, Udalak benetako udalerri hezitzailea eraikitzeko apustua berresten du, gobernu-planaren 26. neurrian jasotako konpromisoari erantzunez”, diote Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako udal igerilekuen ordutegia ordu erdi luzatuko dute martxotik aurrera “zerbitzua hobetzeko”

Goizeko lehen orduan erabiltzaile asko pilatzen direla detektatu ondoren, irekiera-ordua aurreratzeak masifikazioak gutxitzen lagunduko duela arrazoitu dute Udaletik

|

Erabiltzaile bat // Geuria

Gaur egun arte, Arrigorriagako udal igerilekuek 09:00etan zabaltzen zituzten ateak, baina martxotik aurrera ordu erdi lehenago zabalduko dute, 08:30ean, alegia.

Helburua “zerbitzua hobetzea” dela iragarri dute udal ordezkariek: “Neurri hau erabiltzaileen eguneroko beharrei entzun ondoren hartu da”, azaldu dute. Izan ere, goizeko lehen orduan erabiltzaile asko pilatzen direla detektatu ondoren, irekiera-ordua aurreratzeak masifikazioak gutxitzen lagunduko duela arrazoitu dute. “Gainera, ordutegi zabalagoarekin, herritar gehiagok izango dute euren erritmoari egokitutako kirola eta igeri egiteko aukera”.

Horrela, urteko egutegiari dagokionez ordutegia 08:30etik 22:00ra bitartekoa izango da astelehenetik ostiralera, 08:30etik 20:00ak bitartekoa larunbatetan eta 08:30etik 14:00ak artekoa igande eta jaiegunetan.

Uda sasoian (ekainaren 8tik irailaren 6ra, orokorrean), ordutegia 08:30etik 22:00ra bitartekoa izango da astelehenetik ostiralera, 08:30etik 20:00ak bitartekoa larunbatetan eta 08:30etik 20:00ak artekoa igande eta jaiegunetan.

Uztaila eta abuztuan, ordutegia 08:30etik 21:00ra bitartekoa izango da astelehenetik ostiralera, 08:30etik 20:00ak bitartekoa larunbatetan eta 08:30etik 20:00ak artekoa igande eta jaiegunetan.

Osorik irakurri