☉ Arrigorriaga
Udal Gobernu planaren % 70a dagoeneko beteta edo martxan dagoela aldarrikatu dute Arrigorriagan
Maite Ibarrak mahai gainean ipinitako datuen arabera, udal taldeak gobernu planean jasotako neurrien % 70,9 “martxan edo osatuta” daude: % 40 dagoeneko osatuta daude eta % 30,9 betetzeko bidean daude

Arrigorriagako udal gobernuaren legegintzaldi-erdialdearen balantzea egin du udal taldeak. Bertan, Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea izan da Gaizka Ibarretxe eta Gorka Etxebarria zinegotziekin.
Maite Ibarrak mahai gainean ipinitako datuen arabera, udal taldeak gobernu planean jasotako neurrien % 70,9 “martxan edo osatuta” daude: % 40 dagoeneko osatuta daude eta % 30,9 betetzeko bidean daude. Bestalde, neurrien % 29,1 bete barik daude momentuz.
Ikuspegi hori eskaini ostean, Gaizka Ibarretxe Ekonomia, Merkataritza eta Enplegua, Kirola, Komunikazioa, Gardentasuna eta Herritarren partaidetzako zinegotziak, Gorka Etxebarria Euskara, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziarekin batera balantzearen datu zehatzak eman dituzte, sei ataletan sailkatuta:

Gorka Etxebarria, Maite Ibarra eta Gaizka Ibarretxe // Geuria
Hiri-eraldaketa eta jasangarritasuna
Esparru honetan hobekuntzak aipatu dituzte eta Ollarganeko berrurbanizazioa ipini dute adibide modura. Horrekin batera, herriko haur parke batzuen berritzea, udalerriko bidegorri-sarea indartzea eta hiri altzariak hobetzea, besteak beste. “Gainera, etxebizitzaren diagnostikoa hastear dago, gaur egungo egoera hobeto ezagutzeko eta etorkizunerako etxebizitza politika budezkoagoak eta eraginkorragoak planifikatzeko aukera emango duen tresna”, gehitu du Ibarretxek.
Tokiko ekonomia eta gobernantza
Esparru honetan bonu kanpaina eta enplegu planen sustapena goraipatu dituzte, administrazio digitala abian jartzearekin batera. Halaber, tokiko merkataritzaren diagnostiko bat egitearen asmoa iragarri dute
Parte-hartzea, komunikazioa eta elkarbizitza
Informazio-kanalak indartu dituzte webgunea eta udal buletina berrituz, entzute aktiboko eta lankidetzako prozesuak sustatu dituzte, eta herritarren segurtasuna indartzen jarraitu dute, Udaltzaingoarekin lankidetzan eta etengabeko harremanetan. Gainera, bide publikoan informazio panel digitalak instalatzea aurreikusita dute.
Ongizatea eta zainketa
Haurren eta nerabeen osasun mentalaren zaintzarako laguntzak, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko GEUna zaintza-sarea abian jartzea edo ‘Zu Nagusi!’ programa indartzea kokatzen dira atal honetan. Gainera, jarduera fisikoa eta topaketa komunitarioa sustatzen dituen Ttipi Ttapa bezalako ekimenak zaintza estrategia integral baten parte dira
Berdintasuna eta gazteria
Lamiaena espazio feminista dinamiko bihurtu dute, urteko programazio propioarekin eta emakumeen arteko aliantzak indartzeko topagune gisa; gainera, emakumeak espazio publikoan ikusarazi dituzte, eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa garatu dute.
Gazteriari dagokionez, Gazte Foroa jarri dute abian, gazteek beren ideiak adierazi, proposamenak egin eta udalerriaren eraikuntzan aktiboki parte hartzeko gunea.
Kultura, euskara eta hezkuntza
Euskarazko kulturaren kontsumoa eta sormena sustatu dituzte, eta Euskara Normalizatzeko VII. Plan Estrategikoa onartu dute. Aldi berean, udalerriko euskararen erabilerari buruzko hausnarketa-prozesua bat jarri dute abian, eguneroko bizitzan euskararen presentzia indartzeko.
Bestalde, hezkuntzaren alorrean, laster eskola publikoko patio inklusibo berriaren obrak hasiko dituzte eta Udal Hezkuntza Kontseilua martxan jarriko dute. Asmoa, Gorka Etxebarria zinegotziak aditzera eman duenez, azken proiektu teknikoaren zain dago Arrigorriagako Udala: “Proiektua heldu eta jarraian lizitazio publikora eramango genuke. Asmoa da obra horiek udan zehar egin ahal izatea. Azken batean jakin badakigu nolakoa den eskola baten dinamika etra ezin dugu denbora luzez oztopatu ikasturtea martxan dagoen bitartean. Hilabete baino gehiagoko lanak aurreikusten ditugu”.
“Azken bi urte hauek ez dira errazak izan”, azaldu du herriko alkateak. “Erronkak, mugak eta ziurgabetasunak bizi izan ditugu, baina horien gainetik lan handia egin dugu eta gauza asko lortu ditugu”, azaldu du Ibarrak.
“Orain dela 6 urte abiatutako aldaketarekin jarraitzen dugu, balioetan oinarritutako udal politika eraikitzen: euskalduna, feminista, solidarioa… herritarren ongizatean oinarritutakoa”.
☉ Arrigorriaga
Merkataritza Plan Estrategikoa martxan ipiniko dute Arrigorriagan, hiri-ekonomia jasangarria, gertukoa eta lehiakorra indartzeko
Arrigorriagako datuak jasotzeko herritarrei zuzendutako inkestak zabalduko dituzte, bai merkataritza sektorean, bai herritarren artean

Hurrengo hilabeteetan Merkataritza Plan Estrategikoa martxan ipiniko dute Arrigorriagan Udalak eta Adeckak, Ikertalderen laguntzarekin.
Prozesu parte-hartzailea izango da eta urritik 2030. urterako iraupena izango du. “Helburua da hiri-ekonomia jasangarria, gertukoa eta lehiakorra indartzea, tokiko garapena dinamizatzea eta merkataritza, ostalaritza zein zerbitzuen ehuna sendotzea”, zehaztu dute udal ordezkariek. Plana udalerriko politika lokalak eguneratzeko estrategia orokorrean kokatzen dela gehitu dute Udletik: “Modu transbertsalean barne hartzen ditu mugikortasuna, kultura, kirola eta hiri-ekonomia bezalako arloak”.
Plan honek gobernu planean jasotako konpromiso bi hartzen ditu barne: 21 neurria (udalerriko saltoki hutsen zerrenda egitea eta horien balizko merkataritza-kudeaketa aztertzeari buruzkoa) eta 23.a (merkataritza-negozioen erreleboa sustatzeko programa diseinatzea eta abian jartzeari buruzkoa).
Hilabete honetan bertan abiaraziko dute plana, tokiko merkataritza-proiektuetan esperientzia duen Ikertalde aholkularitza-enpresaren laguntzarekin: “Emaitza izango da 2030era arteko ibilbide-orri bat, sektorearen erronka nagusiei aurre egiteko eta herritarren beharrei erantzuteko diseinatua”.
Izan ere, Ikertalden Estatistika zerbitzu publikoekin elkarlanean aritzen dira, analisi konplexu kuantitatibo eta kualitatiboen garapenerako informazioa sortu eta ustiatzeko; pertsonak zein enpresak hartuta helburu eta plan estrategikoak burutzen eskarmentua dute: “Erreferentziazko enpresa gara azterlanak zein plan estrategiko instituzionalak gauzatzen, lurralde-eskala desberdinetan: udalerrietan, eskualdeetan, lurralde historikoetan…).”
Herritarrei galdetuz
Arrigorriagako datuak jasotzeko herritarrei zuzendutako inkestak zabalduko dituzte, bai merkataritza sektorean, bai herritarren artean. Udaletik azaldu dute telefono bidezko inkestak eta lansaioak izango direla: “Gainera, partaidetzarako kanalak gaituko dira tokiko eragileen eta Arrigorriagako bizilagunen ekarpenak jasotzeko”, gehitu dute.
Udaletik deia zabaldu diete herritarrei prozesu parte-hartzaile honetan parte hartzera. “Arrigorriagako merkataritzak etorkizuna izan dezan nahi dugu, garai berrietara egokituz baina gertutasuna galdu gabe, eta gure auzoen bizitzaren motor izaten jarrai dezan. Diagnostiko hau urrats beharrezkoa da estrategia partekatu baten bidez aurrera egiteko”, izan dira Gaizka Ibarretxe Ekonomia, Merkataritza eta Enplegu zinegotziaren berbak.
☉ Arrigorriaga
7.000 Arrigobono jarriko dituzte salgai astelehenetik aurrera Arrigorriagan
Astelehenean jarriko dituzte salgai bonoak, eta azaroaren 16a arte luzatuko da kanpaina, 40 saltokitan. 40.000 euro bideratu ditu Udalak

Arrigorriagako Udalak eta ADECKA merkatari elkarteak martxan jarri dute beste urtebetez Arrigobono kanpaina. Urriaren 6tik aurrera izango dira eskuragarri izena eman duten 40 saltokitan, eta azaroaren 16ra arte iraungo du ekimenak —bonuak lehenago agortzen ez badira behintzat—. Guztira 7.000 bonu banatuko dira, udalaren aldetik 40.000 euroko laguntzarekin.
Bi formatu egongo dira aukeran: 30 euroko bonua (bezeroak 20 euro ordaindu eta 10 euroko hobaria jasoko du) eta 10 eurokoa (7,50 euroko gastuarekin eta 2,50 euroko hobaria). Pertsona bakoitzak gehienez 30 euroko bi eta 10 euroko lau bonu erosi ahalko ditu.
Maite Ibarra alkateak azpimarratu du kanpainaren helburua “tokiko merkataritza indartzea eta merkatarien lana balioan jartzea” dela. ADECKAko ordezkarien hitzetan, berriz, ekimenak «arnasa ematen dio hurbileko merkataritzari eta inbertsio kolektiboa bihurtzen da, gure kaleetako bizitza eta enplegua indartuz”.
Informazio gehigarri guztia arrigobono.eus web orrian aurkituko daiteke.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagarren laguntza eskatu dute Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana egiteko
Prozesuaren lehen fasean herritarrei zuzendutako galdetegi bat prestatu du Udalak, arrigorriagarren kezkak identifikatzeko

Arrigorriagako Adikzioen prebentziorako tokiko planaren helburua bizitza-ohitura osasungarriak sustatzea, substantzien kontsumoari eta bestelako jokabide adiktiboei lotutako arriskuak murriztea, eta laguntza eta baliabideak eskaintzea da behar dituzten pertsona eta familiei.
Udalak tokiko plana martxan ipini du eta prozesu parte-hartzailea prestatu du herritarren kezkak ezagutzeko. Horretarako, galdetegi bat prestatu dute eta horren bidez osasuna sustatuko duen eta arriskuak murriztuko dituen neurriak zehaztuko dira.
“Ekimen komunitarioa da”, azaldu dute udal ordezkariek, “eta gizarte-eragileak zein herritarrak inplikatu nahi ditu ingurune osasungarri eta seguruago bat eraikitzeko”.
Horiek horrela, lehen fase honetan arrigorriagarren kezkak jaso nahi dituzte esteka honetan topa daitekeen galdetegia erantzunez eta inkestatik aterako diren emaitzek “ekintza espezifikoak zehazteko” balioko dutela azaldu dute Udaletik, “arrigorriagarren
kezka nagusiei erantzuna emateko”.
Galdetegian “Azken lau urte hauetan teknologia berrien adikzioak zein joera izan du Arrigorriagan?” edo “zer egin beharko litzateke Arrigorriagan adikzioen prebentzioa sustatzeko?” bezalako galderak agertzen dira. Minutu gutxitan burutu daitekeen inkestatxoa da.
Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
☉ Arrigorriaga
Dozenaka autoren arteko legez kanpoko lasterketa eragotzi dute Mendikosolon
Polizia Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteizetik etorritako 100 auto baino gehiago topatu zituzten parkeko inguruetan

Arrigorriagako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Mendikosolotik Abusura doan errepidean ospatu behar zen legez kanpoko lasterketa bat eragotzi zuten igande goizaldean.
Joan den igande goizaldean, 00:45ak aldera, Mendikosolo inguruko auzotarrek “ohi baino trafiko handiagoa” sumatu zuten auzoko inguruetan, eta abisua eman zioten Arrigorriagako udaltzaingoari.
Udaltzainak, Ertzaintzarekin elkarlanean, Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteiztik bertaratutako dozenaka auto batu ziren parkeko inguruetan. “Era honetako ekintzak egiten diren lehen aldia ez dela” azaldu dute zenbait auzotarrek sare sozialetan.
Ertzaintzak lasterketa ilegal hartan parte hartuko zuten gidariak identifikatu ditu.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute
Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek

Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute Arrigorriagako herrigunean eta Abusu auzoan.
Programak, Jabekuntza Eskolaren esparruan, emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko helburua du, emakumeen egoera-aniztasunari erreparatuta.
“Ikasturtean zehar, hainbat emakume eta horien ahalduntze-estrategiak ezagutaraziko dituzte, autoestimua eta segurtasun pertsonala landuko dituzte eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aurrean jarrera arduratsuak eta aktiboak bultzatuko dituzte ikuspegi feminista batetik”, azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek.
Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek.
Izen emateak
Herriguneko saioei dagokienez, aurkezpena urriaren 7an egingo dute udaletxeko prentsa aretoan, 17:00etan. Saioak astearte eta ostegunetan izango dira eta talde bi antolatu dituzte: 16:00etatik 17:30era bitartekoa eta 17:30etik 19:00ak artekoa. Lehen saioa urriaren 14an izango da.
Abusuri dagokionez, programa Abusuko Zentro Soziokulturalean prestatu dituzte eta aurkezpen eguna urriaren 8an izango da, 17:00etan. Talde bakarra egongo da bertan, 16:00etatik 19:00ak arte. Lehen saioa urriaren 15ean izango da.
Izen emateak herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZn) egin daitezke. Informazioa 944 020 200 telefono zenbakian edo berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikora idatziz lor daiteke.