Sareak

☉ Basauri

Aitor Bernaola: «Aspaldiko lagunak gara euskara eta biok: orain berriro elkartu gara, eta ez dut utzi nahi»

Aitor Bernaola argazkilaria eta argazki irakaslea da Ibaiganeko Kultur Etxeko tailerretan. Azken urteetan bere bizitzan euskara ere bihurtu da ardatz: ikasten eta euskaraz bizitzen saiatzen da, eta Euskaraldian parte hartuko du

|

Aitor Bernaola Ibaigane Kultur Etxeko argazkigintza tailerreko irakaslea da eta aurten ere Euskaraldian parte hartuko du // Utzitakoa

Argazki kamera bere eskuetako luzapen bat da. Gaztetatik sentitu zuen Aitor Bernaola Briongos basauriarrak (Basauri, 1990) argazkilaritzarekiko grina, eta gaur egun Ibaigane Kultur Etxean argazkigintza tailerreko irakasle da. Bere eskoletan argazkiaren oinarriak, begirada artistikoa eta edizioa irakasten dizkie ikasleei.

Argazkilaritzaz gain, euskaraz bizitzeko hautua egin zuen duela urte batzuk Aitorrek. Txikitatik euskaraz ikasi arren, 2021ean Bolintxu AEK Euskaltegian izena eman zuen euskara maila igotzeko eta iaz C1 titulua lortu zuen. Aurreko urteetan belarriprest izan bazen ere, aurten ahobizi izango da Euskaraldian. Bere esanetan, “euskararekin aspaldiko lagunak gara”, eta argazkilaritzaren moduan, hizkuntza ere zaindu eta partekatu egin behar dela uste du Aitorrek.

Maiatza da, Aitor, eta aurki Euskaraldiari hasiera emango diogu. Bai! Ez da asko falta! Euskaraldia ekitaldi paregabea da euskara sustatzeko eta ikasle berriak erakartzeko. Nik, noski, parte hartuko dut!

Eta zein roletan: ahobizi ala belarriprest? Aurten seguruenik ahobizi izango naiz. Behintzat saiatu nahi dut. Azken urteetan belarriprest izan naiz, baina orain ahobizi izateko pausoa emango dut.

Zein helburu izango duzu maiatzaren 15etik 25era bitartean? Helburu simplea. Saiatuko naiz euskara zabaltzen ahal dudan guztietan. Horretarako, irratia eta musika euskaraz gehiago entzungo ditut, eta bai lagunekin bai familiarekin euskaraz gehiago hitz egitea izango dira nire eginbeharrak.

Eta Euskaraldia behin bukatuta… Bada, saiatuko naiz jarrera asko ez aldatzen eta euskaraz bizitzen. Izan ere, normalean familiarekin euskaraz berba egiten dut eta lankideen artean maiz euskaraz hitz egiten dugu.

Euskara bultzatzeko ekimenetan ikusi zaitugu askotan. Bai. Normalean mintzodromoetara joaten naiz. Giroa aparta dago, eta eztabaidatzen diren gaiak hurbilak eta egunerokoak dira, beraz, erraz praktika dezakezu euskara. Azken urteetan partaide soila izan naiz eta iaz moderatzaile izateko proposamena egin zidaten AEKtik, baina ez nintzen ausartu. Aurten, ordea, AEKko lagunek berriro proposatzen badidate, baietz esango diet, zalantza barik! Beti laguntzeko prest nago.

Aitor, ezkerrean, iazko abenduan Basauriko Mintzdromoan parte hartzen // Geuria

Mintzodromoak eta Euskaraldiak lagundu dizute hizkuntza ohiturak aldatzen? Bai, xelebrea da. Mintzodromo batean norbaitekin elkartzen zarenean, pertsona hori euskaraz ezagutu duzu, eta zure memorian pertsona hori euskararekin lotzen duzu. Beraz, berriro kalean elkartzen zarenean, euskaraz hitz egitea ateratzen zaizu, ez erdaraz. Ohitura bihurtzen da, nola edo hala.

Txikitatik euskaraz ikasi duzu, baina duela urte batzuk berriro ekin diozu euskara ikasteari Basauriko AEK Euskaltegian. Noiz eta zergatik erabaki zenuen berriro euskara ikastea? Bai, nire euskara maila igo nahi nuen, beraz, AEKn matrikula egitea erabaki nuen. 2021ean berriro hasi nintzen euskara ikasten. B2 kurtsoa egiteko izena eman nuen, eta urte horretan bertan atera nuen titulua. Hurrengo urtean, C1eko kurtsoan apuntatu nintzen, eta pasa den urteko uztailean C1eko titulua lortu nuen.

Nolakoa izan da teorian bazenekien hizkuntza bat berriro ikasteko prozesua? Esperientzia erabat positiboa izan da. Txikitan ikasitakoaren oinarria neraman, hori dela eta, belarria entrenatuta nuen. Bestalde, AEKn asko eta ondo irakatsi didate; Ioritzek, bereziki, nire irakasle ohiak, asko lagundu dit.

Gogoratzen duzu zein harreman zenuen txikitan eta gaztetan euskararekiko? Bai, tamalez momentu horretan ez zara jabetzen euskaraz ikastea duzun aukeraz. Hau da, irakaslearen aurrean tranpetan egoten ginen, bere aurrean euskaraz egiten genuen, baina beste aldera begiratzen zutenean erdaraz hasten ginen. Orain damutzen naiz.

Eta gaur egun, heldua zarela, nola aldatu da euskara ikasteko eta bizitzeko duzun modua? Euskararekin harreman soziala eta profesionala dut, bai senideekin bai lankideekin. Baliteke hasieran behartuta ikasi izana, baina orain, ikasten dudanean, ondo pasatzen dut. Ikasten disfrutatzen dudala esango nuke.

Euskara pertsona bat balitz, nolakoa litzateke zuen arteko harremana gaur egun: aspaldiko ezagunak, maitale berriak, adiskidetasuna eraikitzen ari zaretena… Aspaldiko lagunak: urteak ikusi gabe egon ondoren, orain berriro elkartu garen txikitako lagunak garela esango nuke.

“Oso polita da kalean euskara entzutea. Jendeak ez dezala lotsarik izan eta gogo biziz ekin diezaiola euskaraz egiteari!”

Euskarazko zein hitz aukeratuko zenuke eta zergatik? Ai ama, zein galdera zaila! Euskarak hitz polit asko ditu. Utzi buruari eragiten. ‘Hortzimuga’ biziki gustatzen zait; esanahiaz gain, ahozkatzean ahoa betetzen zaidan hitza da.

Zer esango zenioke euskara barruan lo duen baina berriz ikastera edo hitz egitera animatzen ez den bati? Ez dezala lotsarik izan, eta gogo biziz ekin diezaiola; izan ere, oso polita da kalean euskara entzutea. Horregatik, parte har dezala mugimendu eder honetan. Euskaraldian izena ematea aukera oso ona da, hizkuntza ohituretan aldaketa bat egiteko.

Imajinatzen duzu zure egunerokotasunean euskaraz bizitzen? Nahi duzu? Bai, nola ez, eta etorkizunean are gehiago. Seme-alabak ditudanean, gustatuko litzaidake haiekin euskaraz hitz egitea, nire gurasoek eta aitite-amonek bere garaian egin zuten bezala.

Euskaraz ikasteaz eta bizitzeaz gain, argazkilaritzako irakasle zara Ibaiganeko Kultur Etxeko tailerretan. Bai, halaxe da. 2021eko azarotik tailerreko bitarteko irakaslea naiz. Lehen zegoen irakaslea jubilatu zen, eta hainbat profilen artean ni izan nintzen hautatua.

Nola dago egituratuta ikastaroa? Urrian hasi eta maiatzean amaitzen den tailer artistikoa da. Ikastaroa hiru bloke nagusitan bananduta dago; Lehenengo blokea argazki-kamararen erabilera izango litzateke, bigarren blokea lengoaia fotografikoa eta bere arauak, eta azkenik edizio fotografikoa lantzen da. Ikasitakoarekin ikasturte amaieran ikasleen argazki onenekin erakusketa bat antolatzen da.

Eta zer lantzen da gehiago: argazkilariaren alderdi teknikoa ala begirada artistikoa? Saiatzen naiz oreka bat egon dadin. Oinarri gisa, alderdi teknikoari ematen diot garrantzia, eta argazki kamera kontrolatzen dutenean hasten naiz lengoaia fotografikoarekin. Azken finean horren lanketak begirada artistiko finago bat izaten laguntzen dizu.

Zein da tailerrera joaten diren ikasleen profila? Ikasleen adinaren bataz bestekoa 40 eta 65 urte bitartekoa da, eta denetarik dago: lehendabiziz izena eman dutenak eta bizpairu urte daramatenak.

Zer transmititu nahi diezu zure ikasleei teknikaz harago? Oroitzapen bat sortzeko modu polita da, hain zuzen ere: argazki bat ateratzen dutenean, behin eta berriz une hori edo paisaia hura gogoratzeko aukera izango dute.

Uste duzu denok garatu dezakegula argazki-begirada bat, ala gutxi batzuentzat gordetako zerbait da? Galdera ona da. Argazki-begirada landu daiteke, eta hori landuz gero asko hobetu daiteke. Baina begiradaren dohainarekin jaiotzen dena beste maila batean dago; erraz begiratzen du eta argazki bikainak ateratzen ditu.

‘Paperezko hesiak’ argazki erakusketa antolatu zuen Aitorrek apirilean Basaurin, Covid-19an ateratako argazkiekin // Aitor Bernaola

Tailerretako irakasle izan aurretik, noiz hasi zinen argazkilaritza munduan? 2011. eta 2013. urteen artean Andoainen ikasi nuen goi-mailako zikloa. Hasieran, erredakzio batean sartu eta argazkilaria izatea nuen helburu: asko gustatzen zitzaidan fotokazetaritza. Baina, tamalez, ez nuen horretarako aukerarik izan, eta azkenean enpresetako ekitaldietan eta ezkontzetan zentratu nuen nire jarduera profesionala.

Gogoratzen duzu zein izan zen eskuetan izan zenuen lehen argazki kamera eta zein argazki mota egiten zenituen orduan? Jakina! Denoi burura datorkigu jostailuzko argazki-kamera hura, barrutik zizare bat ateratzen zuena argazkia ateratzean. Txantxa da, noski! (barreak) Egia esan, nire aitak uzten zidan karretezko argazki-kamera simple batekin hasi nintzen: asko ez zenuen egin behar, baina tira, biziki gustatzen zitzaidan mundua eta paisaiak bere leihatila txikitik ikustea.

Eta gaur egun zer motatako argazkilaritza da zure espezialitatea edo gehien gustatzen zaizuna? Ekitaldiak asko gustatzen zaizkit: bai kirol-ekitaldiak bai enpresetakoak eta baita ekitaldi sozialak ere. Orain berriz, argazki-paisaiara itzultzen ari naiz, lasaitasunera eta prisa gabeko argazki-mundura.
Zer garrantzi du argazkilaritzak gaur egun, irudiz gainezka dagoen mundu honetan? Denbora-makina aparta da. Pinturarekin eta argazkiarekin jakin dezakegu nolakoa zen mundua eta zer gertatu zen orduan, eta etorkizun urrunean, jakingo dute nolakoa izan zen gure mundu hau.

Zein argazkilarik edo argazki-mugimenduk inspiratzen zaituzte? Denetarik ikusten dugu: paisaia, erretratua, argazkilaritza artistikoa… Biziki gustatzen zait Chema Madozen argazki originalak erakustea. Horrez gain, Basaurin bertan baditugu argazkilari bikainak, eta haien webguneak edo Instagram kontuak kuxkuxeatzen ditugu inspirazio bila.

Zer aholku emango zenioke argazkilaritzan hasi nahi duen bati? Batetik, argazki-kamera sinple batekin balio duela, eta pazientzia izan behar duela, ez dela botoi bat sakatzea bakarrik; gauza asko kontuan hartu behar dira. Bestetik, etengabe ikasteko prest egon behar duela.

Gaur egun argazki kamera gutxiago ikusten ditugu kalean. Jendea mugikorrarekin argazkiak edo bideoak ateratzen ikustera ohitu gara. Kasu honetan ni erromantikoa naiz, Maider. Niri asko gustatzen zait argazki-kamera; nire eskuaren luzapena balitz bezala sentitzen dut, izan ere, oporretan edo aisialdian beti eramaten dut nirekin. Egia da gaur egungo mugikorrek asko hobetu dituztela haien kamerak, eta tamainagatik erosoak direla, baina ez dira heltzen gaur egungo argazki-kamerak duten kalitatera.

Duela gutxi Arizko Dorretxean ‘Paperezko hesiak’ erakusketa aurkeztu zenuen konfinamenduaren argazkiekin. Hala da. Une historiko bat izan zen konfinamendua eta argazki batzuk merezi zutela pentsatu nuen. Horrez gain, egunak oso luzeak egiten ziren, eta zeozer egin behar nuenez, hasieran etxetik eta geroago kaletik pandemiaren argazkiak ateratzen hasi nintzen. Esan dezaket nire aintzinako fotokazetaria berriro agertu zela nire barnean.

Koronabirus garaian kalera atera zen Aitor bere argazki kamerarekin // Aitor Bernaola

Zergatik utzi dituzu bost urte argazki horiek erakusteko? Pentsatzen nuelako denbora gehiago pasa ahala hunkipen gehiago izango zituztela. Horixe bilatu nuen, eta heldu zaidan “feedback-a” halaxe izan da.

Zure ustez, argazkilaritzak memorioa kolektiboan lagundu dezake horrelako une historikoetan? Dudarik gabe! Bai momentu txarrenetarako bai onenetarako. Eta horri uko egitea gaitz bat elikatzea bezalakoa da. Memoria ezabatzen baduzu, akatsetatik ikasteko aukera galdu edo markatu zintuzten gauza onak ahazteko arriskua duzu.

Pentsatu duzu erakusketa bera beste espazio edo formatu batean errepikatzea, izan formatu fisikoan edo digital batean? Bai, formatu fisikoan errepikatuko nuke, gainera, ‘ibiltaria’ bilakatzea aproposa izango litzateke, izan ere, pertsona gehiagok ikusteko aukera izango lukete.

Formatu digitalaz ari garela, sare sozialek balio al dute argazkilari baten lana ezagutarazten? Azken urteetan Instagram ez da lehen bezalakoa, baina oinarri baterako balio du, bai argazki zein argazkilari ezagutarazteko plataforma gomendagarria baita. Munduko argazkilari famatuenek Instagram profila dute.

Etorkizun laburrean, ertainean edo luzean ba al duzu buruan beste erakusketarik antolatzea? Bai, zeozer badaukat buruan! (barreak) Baina proiektu hau hasiberria da eta urte askotarako doa.

☉ Basauri

Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu

Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

|

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.

Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.

Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).

Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria

Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.

Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak

Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

|

Nerbioi ibaiertza Artunduaga industrialdearen ondoan // Geuria

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.

Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.

Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.

“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.

Herritarren parte-hartzea

Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.

“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.

Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga

Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

|

Basauriko 2022ko jaietan Kronoeskalda egin zuten Landa doktorren aldapan // Geuria

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.

Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.

Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.

Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.

Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.

Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin

Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

|

Azaroan aurleztu zuen 'Zubia' eleberria Larreak Bilbon eta bertan izan ginen // Geuria

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].

Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.

Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.

Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan. 

Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

|

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.

Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.

Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.

Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.

Osorik irakurri