☉ Basauri
Basaurin bi pertsona atxilotu dituzte 22.000 euro baino gehiagoko gizarte-laguntzak iruzurrez kobratzeagatik
29 urte dituzte, eta 2022tik 2024ra bitartean egin zuten iruzurra, datu faltsuak emanez. Beste hiru pertsonari eginbideak ireki dizkiete, ikertu gisa, iruzurrean laguntzeagatik

Ertzaintzak 29 urteko emakume bat eta gizon bat atxilotu ditu Basaurin, gizarte-laguntzak iruzurrez kobratzeagatik. Iruzur-delitua egotzi diete. Gainera, beste hiru pertsonari eginbideak ireki dizkiete, ikertu gisa, iruzurrean laguntzeagatik.
Bikotea ekainaren 10ean atxilotu zuen Ertzaintzak. 2022ko azarotik 2024ko uztailera bitartean 22.000 eurotik gorako gizarte-laguntzak legez kanpo kobratzea leporatu diete, “bere bizilekuari eta egoera pertsonal eta ekonomikoari buruz datu faltsuak emanez”, adierazi dute Segurtasun Sailetik.
Ikerketa martxoan hasi zuen Ertzaintzak, Lanbideren txosten bat jaso ondoren, emakume bat gizarte-laguntzak legez kanpo kobratzen ari zelakoan. Organismo horretan uste zuten pertsona horrek erantzukizun penala izan zezakeela, Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) eta Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria laguntzak emateko espedientea izapidetzean hautemandakoaren arabera.
Susmagarria 2022ko azarotik 2024ko uztailera bitartean aritu zen gizarte-laguntzak kobratzen, guztira 22.000 eurotik gora, antza denez modu irregularrean lortuta.
Ondorengo hilabeteetan egindako ikerketari esker jakin ahal izan zutenez, bere bizilekuari eta egoera pertsonal eta ekonomikoari buruz emandako informazioa ez zetorren bat errealitatearekin. Egiaztatu ahal izan zenez, emakumea ustezko bikotekidearekin bizi zen etxe batean, eta laguntzak izapidetzeko prozesuan zehar hainbat helbide faltsu eman zituen (jakin ahal izan denez, inoiz ez da helbide horietan bizi) beste agiri faltsu batzuekin batera.
☉ Basauri
Basauriko udal eraikinetako garbitzaileek elkarretaratze berri bat egin dute, “enpresak ez duelako bete sinatutako akordioa”
Elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Basauriko udal eraikinetako garbitzaileek udaletxearen aurrean

Basauriko eraikin publikoetako garbitzaileek protestan jarraitzen dute. Azaroan hasi ziren mobilizazioekin eta atzo, ekainak 12, elkarretaratze berri bat egin zuten udaletxearen aurrean.
Langile subrogatuen eta langile berrien arteko baldintzak berdinak izatea eskatzen dute: “Basaurin, 2006an, bederatzi hilabeteko grebaren ostean, lortu genuen Bizkaiko hitzarmenaren gainetik % 10eko igoera soldatetan, beste hobekuntza batzuren artean”, adierazi diote GEURIAri enpresa batzordetik.
2024ko ekainean Basauriko Udalak zerbitzua esleitu zion Basauriko Eraikinak Garbi aldi baterako enpresa-elkarteari. Eta langileek adierazi dutenez, lan baldintzetan hobekuntzak subrogatuta daudenek soilik izan dituzte.
“Enpresa hau iazko ekainean hasi zen kontratuarekin, baina irailetik aurrera langile subrogratuei bakarrik aplikatu diete soldata igoera hori, eta ez lagile guztioi, lehen bezala. Hau da, 20 urte eman ditugu langile guztiok soldata igoera hori kobratzen, esleitutako enpresa guztiekin”, diote.
Ildo horretan, apirilean akordioa sinatu zuten LAB, ELA eta ESK sindikatuek enpresarekin: “Apirilean enpresak konpromisoa hartu zuen soldata igoera hori hasiko zela ematen hilabete horretatik aurrera, baita irailetik apirilera bitartean ordaindu ez zuena ordaintzen ere. Hala ere, langileok ez dugu nominan aldaketarik ikusi. Sinatutako akordioa ez dute bete”, diote.
Era berean, kontratuko beste baldintza batzuk ez dituela bete salatu dute sindikatuek: “Pasa den ekainetik material falta daukagu, eta urtarrilean eta ekainean arropa berria eman behar ziguten baina ez digute eman”.
“Hemen erruduna enpresa da, baina Udala ere erantzule da. Indarra Udalak egin diezaioke esleitutako enpresari”, argudiatu dute.
Jarraipena Udaletik
Basauriko eraikin publikoetako garbitzaileek otsaileko osoko bilkuran hitza hartu zuten. Eta Udaletik hau erantzun zieten: “Udalak ez du eskumenik hitzarmen baten balditzei buruzko desadostasunak interpretatzeko. Interpretazio eta erantzukizun hori organo judizial eskudunei dagokie. Hala ere, zuen eskaerak babesteko eskatu diguzuen informazio guztia eman dizuegu, baina gure eskumenen barruan, iristen garen tokiraino iristen gara”, adierazi zuten udal ordezkariek otsailean.
Pleguko baldintzak betetzeari dagokionez, “hobekuntzak” behar dituzten alderdi zehatz batzuk identifikatu zituztela baieztatu zuten Udaletik, “eta enpresari hori zuzentzeko eskatu diogu”, esan zuten.
“Jarraipenari dagokionez, jakina, Basauriko Udaleko zerbitzu teknikoak egiten ari dira jarraipena, eta enpresak bete beharreko alderdiak kontrolatzen ditu, bilerak, bisitak eta elkarrizketak eginez. Are gehiago: zentroetako atezainek beraiek aztertuko dituzte garbiketa-arazoak dituzten eremuak, eta haien berri emango digute, jarraipena indartu ahal izateko”, adierazi zuten.
☉ Basauri
Bideoa / Sheila Garcia, Basauriko Selekzioa: “Gure helburua emakumezkoen lehen Piru Gainza Txapelketa irabaztea da”
Emakumezkoen lehen Piru Gainza Txapelketa ekainaren 14an eta 15ean jokatuko da. Sheila Garciak 22 jokalari deitu ditu Basauriko Selekzioa osatzeko

Basauriko senior mailako Emakumezkoen Futbol Selekzioko jokalari berriak aurkeztu zituzten duela hilabete. Emakumezkoen lehen Piru Gainza Txapelketa jokatuko dutenak izango dira.
Txapelketa ekainaren 14an eta 15ean jokatuko da Soloarten. Basauriko Selekzioaz gain, Arratia, Peña Athletic Santurtzi eta Bilbao Artizarrak klubek parte hartuko dute lehen edizio honetan (partiden ordutegia, hemen!)
Sheila Garcia da Basauriko Selekzioaren entrenatzailea eta berarekin berba egin genuen aurkezpenean: “Gure asmoa da emakumezkoen lehen Piru Gainza Txapelketa irabaztea”.
Garciaren esanetan, 22 jokalari deitu dituzte: Carlota Corada Herrero, Maialen Carollo Herran, Mariñe Intxaurbe Ortega, Nagore Aberasturi Etxebarria, Nahia Arandia Rodriguez, Naia San Emeterio Ordorika eta Uxue Teno Fernandez (Indartsu); Nagore Burgoa Balboa, Izaro Martinez Guerrero, Leire Penas Alonso, Maria Garcia Domingo eta Maitane Basterra Fernandez (Basauriko Kimuak); Eneritz Carpintero Gonzalez, Garazi Guerrero Arroitia eta Mireia Hernandez Hernandez (SD Ariz); Aitana Pousa Salvador, Claudia Lizkano Valenciano eta Naroa Lejarza Raton (Athletic); Nerea Prieto Marcos eta Sara Talbi Ajnaou (Bilbao Artizarrak); Yara Macho Belda (Bizkerre); eta Ane Garcia Molina (Eibar).
“Ilusiarekin eta gogo handiekin ekin diegu entrenamenduei”, dio Garciak, eta gaineratu du: “Basauriren izena gorenera eraman nahi dugu”.
Piru Gainza Txapelketa jokatu aurretik gaur, ekainak 11, azken lagunartekoa jokatuko dute Etxebarriko Selekzioaren kontra, Etxebarrin (19:15).
☉ Basauri
San Migelen obra txikiak egiteko herritarren proposamenak jasoko ditu Basauriko Udalak
Espaloiak konpontzea eta beheratzea, bankuak jartzea eta margotzea, loreontziak jartzea edo kentzea edo argiztapena hobetzea bezalako obra txikiak San Migelen egitea proposatu ditzakete herritarrek

Iaz Ariz auzoan egindako esperientziak bultzatuta, aurten Auzoegin egitasmoa sustatuko du Basauriko Udalak San Migelen.
Proiektu horren bitartez, parte-hartze prozesu berria zabalduko du Udalak, eta herritarrek “hobekuntza txikiak” egiteko proposamenak helarazi ahal izango dituzte.
“Bizilagunen proposamenek San Migel auzoko hiri- eta landa-ingurunean egin daitezkeen hobekuntza zehatzei buruzkoak izan behar dute –esku-hartze txikiak–, udal-langileek, hau da, Obra Brigadak egiteko modukoak”, adierazi du Asier Iragorri alkateak.
Esate baterako, espaloiak konpontzea eta beheratzea, bankuak jartzea eta margotzea, loreontziak jartzea edo kentzea edo argiztapena hobetzea.
Proposamenak jaso ondoren, Basauriko Udalak baloratu, zehaztu eta gauzatu egingo ditu adostutako jarduerak, eta, azkenik, aurrera eraman diren ekintzen laburpena postontzietan banatuko du auzoko etxeetan.
Zelan parte hartu?
Prozesuan parte har dezake 16 urte edo gehiago dituen eta Basaurin erroldatua dagoen edonork.
Proposamenak bidaltzeko epea zabalik egongo da ekainaren 12tik 22ra bitartean.
Hain zuzen ere, proposamenak egiteko galdetegia bihartik aurrera bidaliko du Udalak etxeetara. Era berean, ados Basauri online plataformaren bidez ere egin ditzake euren ekarpenak herritarrek.
Galdetegia eskuz aurkezteko postontziak jarriko dituzte Hernan Cortes plazan, anbulatorioan, Finagan, lanzaderaren Kebrantabarri geltokian eta Renferen geltokian, baita Taberna Nagusian, San Migeleko Kultur Etxean eta Jubilatuen Etxean eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan ere.
Gainera, informazio-stand bat jarriko dute ekainaren 16an Ixatxak parkean eta ekainaren 20an Hernan Cortes plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Iaz Auzoegin egitasmoaren lehen parte-hartze prozesua Arizen egin zuen Udalak eta 179 herritarrek hartu zuten parte, 272 proposamen eginez. Hala ere, Auzoegin Auzoetako Ekintza Plana 2013tik burutzen du Udalak.
☉ Basauri
Basauriko Selekzioa, Arratia, Peña Athletic Santurtzi eta Bilbao Artizarrak, emakumezkoen lehen Piru Gainza txapelketan
Emakumezkoen lehen Piru Gainza Txapelketa ekainaren 14an eta 15ean jokatuko da Soloarteko zelaian, sarrera doan

Emakumezkoen lehen Piru Gainza txapelketa jokatuko da ekainaren 14an eta 15ean Soloarteko zelaian, Basaurin.
Basauriko Selekzioa, Arratia, Peña Athletic Santurtzi eta Bilbao Artizarrak klubek parte hartuko dute lehen edizio honetan.
Gizonezkoen txapelketan egin bezala, emakumezkoen torneoan ere elkarte edo norbanakoak omenduko ditu Basauriko Piru Gainza Peñak.
“Lehenengo edizio honetan emakumeen eskubideen aldeko borrokari aitorpena egitea erabaki dugu, eta oraingo honetan Basauriko Hamaikei egin nahi diegu omenaldia”, diote.
Emakumezkoen I. Piru Gainza txapelketa
2025 · Ekainak 14-15
Ekainak 14, larunbata
11:00 Basauriko Selekzioa vs Arratia
12:30 Peña Athletic Santurtzi vs Bilbao Artizarrak
17:15 Basauriko Selekzioa vs Peña Athletic Santurtzi
18:45 Arratia vs Bilbao Artizarrak
Ekainak 15, igandea
Partiden ordena larunbateko emaitzen araberakoa izango da eta ordutegiak hauek izango dira: lehen partida 11:00etan eta bigarrena 12:30ean
Basauriko Selekzioa vs Bilbao Artizarrak
Arratia vs Peña Athletic Santurtzi
☉ Basauri
Mariana Perez Abendaño: «Etxean jotzeak normalean baino urduriago jartzen nau, jende ezaguna dagoelako bertan»
Maika Makovski eta Nat Simonsen bandarekin jo du MAZ Basaurin, Basozelai Gizarte Etxean bateria jotzen hasi zen musikariak. Bertako lokaletara itzuli gara munduan zehar zaildu den bateria jotzailearekin, bere ibilbidea ezagutu nahian

Mariana Perez Abendañok (Basauri, 1985) ibilbide luze eta interesgarria dauka bateriaren atzean: Gorka Urbizu, Rubia, Sonic Trash, Audience, Tulsa, Capsula, The Mani-las, Ruben Pozo… guztiekin aritu da eta orain Leivarekin bira hasiko du. New Yorken eta Madrilen egin ditu bateria-jole ikasketak.
Bere istorioa Basauriko Ibaigane eta Basozelaiko gizarte etxeko lokaletan hasi zen. Bertan ordu asko eman ditu eta bertan piztu zitzaion bateriako aulkian esertzeko gogo bizia. Gizarte etxeko entsegu lokaletara itzuli gara bere ibilbideaz luze eta zabal berba egiteko.
Nolakoa izaten ari da Gorka Urbizurekin batera egiten ari zaren bira? Egia esan, bira zoragarria izaten ari da lehen momentutik, arrazoi askorengatik. Disko berriak kantu super hunkigarriak ditu, eta Gorkak partekatu zuen lehen unetik halako lilura bat eragin zidan, iristen den intimitate mailagatik, soinuagatik eta ekoizpenagatik. Horrez gain, hasieratik bi bateriatarako bira planteatu zen, eta halakorik egin gabea nengoen. Aldi berean musika bera jo… Teknikoki erronka handia izan da konponketak planteatzeko, beste bateria jotzailearekin adosteko, eta kontzentrazio handiarekin jotzeko, elkarrekin jotzeko eta abestientzat naturala den soinua ateratzeko. Koruetan ere lan garrantzitsua egin dugu. Horrek kontzentrazio lana gehitzen du aldi berean jo eta kantuan aritu behar zarelako. Esperientzia honekin asko ikasi dut eta eszenatoki barruan zein kanpoan momentu zoragarriak izan ditugu.
Nondik ibili zara proiektu berri hau hasi zenuenetik? Bira hasi zenetik, leku askotatik igaro gara: Donostian, Gasteizen eta Bilbon hasi ginen, eta saio bikoitzak zein hirukoitzak eskaini ditugu. Gozamena da areto berean gau batzuk errepikatu ahal izatea eta areto batean bizi diren musikariak bezala ofiziozko musikari sentitzea… horrela imajinatzen dut, kar-kar. Gero, diskoa Madrilen eta Bartzelonan aurkeztu genuen, Azpeititik igaro ginen… Hainbat jaialdi egin genituen iazko udan: Resurrection Festen (Honako hau sorpresa izan zen!), Euskal Herria Zuzenean, Banyoleseko Aphónica Jaialdian, eta beste asko… Jaialdi bakoitzak bere izaera du, baina uste dut Gorkak oso ondo aukeratzen dituela tokiak, eta, alde horretatik, pasatu ditugun jaialdi eta areto guztietan sentitu dut gauzak ondo egiten zirela, eta bere lanari maitasun handia jartzen zion jendea zegoen bertan.
Nola iritsi zen proiektu honetan parte hartzeko aukera hau zure eskuetara? Gorkak Biran parte hartzeko gonbidapena egin zidan. Diskoa Guissonan (Katalunia) grabatu zuten Joan Pons (birako bateria) eta Jordi Matasekin (baxu-jotzailea eta diskoaren ekoizlea), eta argi zuten zuzenekoa bi bateriarekin egingo zutela. Lehenengo bateria Joan izango litzateke, eta bigarrena ni neu. Proba-saio txiki bat egin genuen diskoa grabatu zen leku berean (magikoa eta ahaztezina, dena esate aldera), elkar ezagutzeko eta gauzak funtzionatzen zuen edo ez ikusteko, eta badirudi hala izan zela!
Aurten bira bat hasiko duzu Leivarekin, ia ezer! Gai honen inguruan ezer gutxi esan dezaket. Kasualitateak ekarri nau proiektu honetara, eta ez zegoen aurreikusita!
Zure herrira bueltan, Basaurira. Behin baino gehiagotan jo duzu bertan. Iaz MAZen Nat Simonsekin eta urte batzuk lehenago Maika Makovskirekin. Nola ikusten duzu zure burua kontzertu hauetan etxean jokatzen eta zer iritzi duzu halako jaialdiez? Aurreko edizioan MAZ Basauritik igaro ginen Nat Simonsen bandarekin ‘Felinas’ diskoa aurkezten. Etxean jotzeak normalean baino urduriago jartzen du beti, badakizulako jende ezaguna dagoela publikoan. Askotan gertatzen zait. Egun horretan Basauriko kuadrillako kide asko zeuden, eta 90 urte dituen nire amama etortzera animatu zen. Hori ez da askotan gertatzen, kontzertuak zarata hutsa direlako adineko emakume batentzat. Baina arratsaldean etorri eta zuzenean ikusi ahal izan ninduen lehen aldiz. Uste dut aire zabaleko kontzertuek, eguneko jaialdi batean, oso berezi egiten dituen zera hori daukatela. Zalantzarik gabe, kontzertu hau maitasun handiz gogoratuko dut, eta uste dut urteak igaro ahala iltzatuta geratuko zaidala.
“MAZean eskainitako azken kontzertua maitasun handiz gogoratuko dut, eta uste dut urteak igaro ahala iltzatuta geratuko zaidala”
MAZarekin jarraituz, Maika Makovskirekin jotzeko aukera ere izan duzu bertan ere. Zer modukoa izan zen esperientzia hura? Egia! Maikarekin 2021eko edizioan izan ginen, gaizki gogoratzen ez badut. Pandemia osteko kontzertua izan zen eta zorionez maskararik eta aulkirik gabe geunden! Kontzertu hau Naten boloarekin komentatzen nuenaren antzekoa izan zen, orduan nire familia osoa etorri zen ni ikustera, argazki polit bat dugu denok batera antzokiaren fatxadan. Pentsatze hutsak hunkitu egiten nau. Nire familiak oso gertutik jarraitu nau beti ukitu ditudan proiektu guztietan, baldintzarik gabeko zaleak dira.
Nat Simons eta Maika Makovski dira zure bateriaren aurrean aritu diren bandetako batzuk, baina ez bakarrak: Gorka Urbizu, Rubia, Sonic Trash, Audience, Tulsa, Capsula, The Mani-las, Ruben Pozo… Horrela ikusita, badirudi banda hauetan aldi berean jotzen dudala, baina errealitatea ez da hori: urte berean banda batekin edo birekin batera jo dezaket… Talde horiek guztiak kateatuz joan dira urteetan zehar, Bilbon bizi nintzen bitartean eta orain Madrilen. Uste dut estilistikoki isolatuak daudelaren sentsazioa eman dezakeela, baina nire jotzeko eran rock berria dago, amerikarra, baita hirurogeita hamarreko hamarkadako rocka ere, eta hori jo dudan talde askotan islatzen da.
Badakit banda asko direla eta horiekin bizipen asko izango dituzula, baina oroitzapen bereziren bat gordetzen duzu gurekin partekatzeko? Asko!! Uste dut bidaiak talde batean jotzeko abenturaren alde garrantzitsua direla. Adibidez, beti esaten dut benetan ikasi nuela gidatzen Sonic Trashekin biran gindoazenean. Kontzertuetatik bueltan gidatzen nuen beti, eta garai hartan gidabaimena nuen, baina bat-batean furgoneta bat gidatzen ikusi nuen nire burua, musikariez eta bakoitzaren ekipoarekin beteta… barre-algarak izaten nituen.
Jo dituzun bandetako estiloei buruz eta taldeei begira… errusiar mendi bat bezalakoa dela esan daiteke. Ba al dago erosoago zauden estiloren bat? Uste dut bateriarekin eman nituen lehen urteetan rockak, presak eta talde baten energiak eragin handiagoa izan zutela. Hori zen Sonic Trash bandarekin gertatu zitzaidana (argi dago). Urteak aurrera joan ahala, beste estilo batzuk ikasi ditut, hala nola bluesa, new orleans, rythm and blues pixka bat; eta pop musika, sixties, 70’s, musika beltza… hori guztia jotzeko moduan islatzen da, jakina. Gorka Urbizuren ‘Janela’ kantuaren dinamika-mailara iritsi arte. Bertan izaera minimalista eta soinu delikatua dira ardatz nagusiak, eta hori horrela, mutur batetik bestera doan bidea egin dudala esan daiteke, eta hori zeharo aberasgarria da.
Hortaz, proiektu bakoitzera moldatzen joan zara. Uste dut nire estiloa aldatuz joan dela musika berria aurkitu ahala. Nahiko ikasia eta urduria naiz, eta beti izan dut ikasten jarraitzeko eta musikan ibiltzeko jakin-mina. Nire estiloko zerbait azpimarratzekotan, zuzenekoetan jartzen dudan energia izango litzateke, nerbio pixka bat dudala uste dut eta honek nire jotzeko modua ezaugarrituko luke. Soinuari dagokionez, vintage bateriak (Ludwig, Gretsch) erabili ditut, 13 eta 16ko tinbalekin eta 22, 24ko bonboarekin. Azken batean, gehienetan rock soinu irekia bilatzen dut. Nahiz eta azken biran set guztiz desberdina erabili dugun, danbor txikiagoekin eta trapuekin soinu lehorragoa lortzeko. Aldakortasuna gakoa da!
Urte batzuk atzera eginda, nola gogoratzen duzu musikarekin izandako harremana? Zein adinetan izan zenuen mundu honekiko interesa? Beti izan dut harreman handia musikarekin, baina bateria jotzen ikasteko eta banda bat izateko ilusioa nerabezaroan etorri zitzaidan. Suposatzen dut zerbait desberdina egiteko gogoa, gurasoen pazientzia probatzeko gogoa (barreak), errebeldia pixka bat ere bai. Gero benetan jotzen ikasteko garaia dator, ez bakarrik bateria eta banda bat izatearen ideia zoriontsua izatea, baizik eta zure denbora librearen zati handi bat lokal batean inbertitzea. Nire kasuan, zeharo barneratu nuen ideia hori, harrezkero ez baitut gogoratzen jotzeari utzi diodan garairik. Egia da instrumentuarekiko harremana batzuetan gora-beheratsua dela. Gogoa badator eta badoa. Baina beti jarraitu dut gauza berriak probatzen eta sugarra bizirik mantentzen! Orain gustatuko litzaidake pianoa hobeto jotzen ikastea. Pandemiatik urte pare batera asko aurreratu nuen, baina, gauzak direla eta, alde batera utzita dauka.
Musikak presentzia handia izan du zure bizitzan, familiatik hasita. Zure ama, Garbiñe Abendaño, Iparragirre musika eskolako irakaslea izan da. Zer nolako eragina izan du zuretzat? Ama Iparragirre ikastetxeko zuzendaria zen, eta gitarra irakaslea ere bazen garai hartan. Orain, kantuan aritzen da, modu profesionalean eta baita irakaskuntzan ere. Eskola Basauriko erdigunean zegoen, eta beteta zegoen beti: jendea hara eta hona ibiltzen zen. Bertan hainbat instrumentu (gitarra, pianoa, biolina, akordeoia, solfeoa) erabiltzen zituzten ikasleekin. Dena musika klasikora bideratuagoa zegoen, ikasleak araututako tituluak eskuratzeko prestatzen zirelako. Niretzat esperientzia honek markatu nau musika akademia baten giroan denbora libre handia eman nuelako.
Txiki-txikitatik baletera nihoan, pianoa jotzen nuen, dena diziplina gutxirekin, baina giro horretan zoriontsu nintzen. Amari zor diot eragin hori. Orain kantatzeko gustua ere partekatzen dugu, eta ohikoa da gure topaketetan ahoskatzeari edo tonadillak abesteari tarte bat eskaintzea familia-bileretan.
Eta nola iritsi zinen bateria baten aurrean jartzera? Garai hartan ba al zegoen entsegu lokalik Basozelaiko Gizarte Etxean? Lagunekin banda bat sortu nahi nuen eta instrumentuak banatu genituen. Niri bateria egokitu zitzaidan, kar-kar. Instrumentuak hasiera-hasieratik harrapatu ninduen, eta eskolak hartzen hasi nintzen. Pixkanaka lagunekin jammeatzen hasi nintzen ere. Funtsean, zarata atera eta babak atera arte edo baketa bat erori arte irauten zuten musika-pasarteak jotzeko elkartzen ginen. Oso dibertigarria zen. Ni hasi nintzenean uste dut lokalak oraindik ez zeudela, baina ‘Bederatzietan’ zikloko kontzertuetara asko joaten ginen. Basauriko Kultur Elkarteak antolatzen zuen kontzertu-ziklo bat zen, hasieran Ibaiganen eta gero Basozelain, 500 pezetatan (gero 3 euro). Ostiralero bi talde egon ohi ziren. Normalean Bartzelonako eta Madrilgo bandekin trukeak egiten ziren, eta batzuetan baita kanpoko taldeekin ere. Pozgarria zen zure lankideekin taldeak zuzenean ikustea hain txikitatik, familia eta herri giroan.
“Hasi nintzenean uste dut lokalak oraindik ez zeudela, baina ‘Bederatzietan’ zikloko kontzertuetara asko joaten ginen. Basauriko Kultur Elkarteak antolatzen zuen kontzertu-ziklo bat zen, hasieran Ibaiganen eta gero Basozelain, 500 pezetatan”
Mundua aldatzen ari da eta emakume gehiagok aukeratzen dituzte baketak? Hala bada… zergatik izan daiteke fenomeno hori, kontuan hartuta bateria urte askoan hain instrumentu maskulinizatua izan dela? Egia da gero eta emakume gehiago daudela agertokietan eta rockean, orokorrean. Baterian ere bai, zalantzarik gabe. Hala ere, oraindik urrun gaude behar den berdintasun horretatik, baina espero dut belaunaldi berriak estatistika horiek hobetzen joatea. Gazteen artean gure garaikoak ez diren beste eredu batzuk ikusten dira, bai janzteko, adierazteko eta bandetan neska-mutilen artean nahasteko moduari dagokionez.
Zure prestakuntzari buruz… Bateria-jotzailea zara, baina zer ikasketa egin dituzu? Bateria-jotzailea naiz maila erdi-profesionalean. Telekomunikazioetako Ingeniaritza Teknikoa ikasi nuen Soinua eta Irudia espezialitatean, zuzeneko musikaren munduarekin zerikusia zuen zerbait teknikoa ikasi nahi nuelako. Ia 20 urte daramatzat aholkularitza akustiko lanetan, musikarekin uztartzen dudan bitartean. Ez dut inoiz arazorik izan mundu bakoitzean hanka batekin jarraitu ahal izateko; beraz, ez dut beste formularik planteatu behar izan.
Zertan datza zehazki zure lana? Akustikari buruzko ikasketak egiten ditut, hotel bateko eraikuntza-elementuak diseinatzen ditut, kanpoko ekipoen eragin akustikoa aztertzen dut, edo hitzaldi-gelaren bat diseinatzen dut musikarako. Ez dut auditorioen edo grabazio-estudioen diseinuan lan egin, baina agian aurrerago horrelako proiekturen bat gerta daiteke. Gustatuko litzaidake!
2005 eta 2020 artean bateria-programa trinko bat ikasi zenuen New Yorkeko The Drummer Collective eskolan. Nola sortu zen putzua zeharkatu eta New Yorken trebatzeko ideia? Uda batean New Yorkeko Jazz Zentroan ikasi nuen. Egia esan, oso esperientzia laburra izan zen, bi asteko intentsiboan egon nintzelako, eta horrek gutxirako ematen du. Baina ondo pasatu dut. Akademia jazzera bideratuta zegoen gauza bakarra zen, eta nik rocka jotzen nuen batez ere garai hartan. Zenbaitentzat rock musika “beste kategoria batekoa” dela jakin nuen. Hortik dator Gasteizko Helldorado aretoaren sarreran dagoen Frank Sinatraren esaldia: “Rock musika letra maltzurrak, lizunak abesten dituzten atzeratuak dira. Entzuteko zoritxarra izan dudan adierazpide basati, nazkagarri, etsi eta biziotsuena da”.
New York eta gero Madrilen ikasten jarraitu zenuen Jose Bruno ex-Fittipaldiarekin. Zer desberdintasun dago Estatu Batuetan egiten diren ikasketen eta hemen egin daitezkeen artean? Uda batean Jose Brunoren “Baterías y Canciones” liburua irakurtzeko aukera izan nuen. Liburuak hainbeste liluratu ninduen ezen Joserekin harremanetan jarri nintzela Madrilen bateria-eskolak jasotzeko. Josek bakarra den irakaskuntza-metodo bat du, berak eskuz egina, ikasteko orriak eta abestiak ikasgela bakoitzean partekatuz. Metodo horri esker, berriro ikasi nuen 2014 eta 2016 artean. Drummer collective-aren metodoa jazz-baterietara bideratuta dago, eta nik hainbeste miresten ditudan John Bonham, Ringo Star, Mitch Mitchell eta abarren 70. hamarkadako bateria joleen lengoaia itzuli ahal zidan pertsona baten bila nengoen. Pertsona hura Jose Bruno izan zen.
Madrilen bizi zara azken urte hauetan. Zein da bertako egoera musikala zu bezalako bateria-jotzaile batentzat? Madrilen aukera asko daude bandekin jotzeko: sortzen ari diren bandetatik hasita eta lurralde nazional osotik etorritako beste artista batzuetaraino, esperientzia berrien bila. Denbora honetan Tulsa, The Manilas, Maika Makovski eta Nat Simons taldeetan jotzeko zortea izan dut, beraz, ezin naiz pozago egon. Bilatzen denaren araberakoa da. Era guztietako musikari, estilo eta genero musikarientzako aukerak daudela uste dut.
Eta zein da musika-eszenaren osasun-egoera Hego Uribekoa bezalako eskualdeetan, Madrilekin alderatuz? Zorionez, Euskal Herrian, oro har, eszena musikal eta kultural oso emankorra dago. Balio handia ematen zaio kulturari eta musikari, eta hori ez dut beste leku batzuetan hain argi ikusten, agian gaueko aisialdiarekin lotuta baizik. Horregatik, zorte handia dugu areto, talde, lokal eta abarren zirkuitu bat dugulako. Beharbada, jotzeko aretoen eta garitoen mundua pixka bat gehiago zaindu behar da etorkizunari begira, joera negatiboa baita oro har.
Pentsatu duzu Basaurira edo Bilbora itzultzea, gutxienez? Bai, noski. Geografikoki Madrilen bizi naiz, baina nire familia, lagunak eta lotura garrantzitsuak Bilbon daude. Orain, entsegu-lokal propio bat diseinatzen eta eraikitzen ari naiz, Bilbon igarotzen ditudan tarteetan jo ahal izateko. Ideia udan Madrilen bizi ditugun muturreko egun berotusuen ondorioz etorri zen. Iaz erabaki nuen azken uda izango zela Madrilen… ea aurten hondartzara eta benetako lokal berrira ihes egin dezakedan!