Sareak

☉ Basauri

Programa / Bentako jaiak 2024

Maiatzaren 11tik 19ra bitartean izango dira Bentako jaiak, Basaurin. Aurten 100 urte beteko dituzte eta ohi bezala Abarka Egunarekin hasiko dira

|

Abarka Egunarekin hasiko dira Bentako jaiak, maiatzaren 11n // Geuria

Maiatzaren 11tik 19ra bitartean izango dira Bentako jaiak, Basaurin. Ohi bezala, Abarka Egunarekin hasiko dira jaiak: Herrik0 Taldeakeko kuadrillak kalera aterako dira euren jantziekin eta denok batera bazkaria egingo dute Solobarria plazan.

Abarka Egunaz gain, erakusketa mikologikoa, umeentzako jarduerak, janaria eta musika izango dira astean zehar.

Aurten Bentako jaiek 100 urte beteko dituzte: “1924an izan ziren Bentako lehen jaiak. 1923ko urrian, Benta, ordura arte Arrigorriagakoa, Basauriko San Migelen anexionatu zen. Hilabete batzuk geroago, 1924ko maiatzean, San Isidroren omenezko ohiko jaiak ospatu zituzten. Aurten, horrela, 100 urte beteko dira Benta auzo basauriarrean lehen jaiak izan zirenetik”.

Egitaraua / Bentako jaiak 2024

Maiatzak 11, larunbata. Abarka Eguna
12:00 Danbolin Txistulari Elkartea
12:30 Kuadrillak batzea San Isidro plazan
12:30 Kuadrillen arteko poteoa
15:00 Kuadrillen bazkaria Solobarrian
20:00 Taloak San Jose ikastetxean
22:00-01:30 Salda Dago DJak San Isidro plazan

Maiatzak 12, igandea
10:30-14:00 Erakusketa mikologikoa San Isidro plazan
11:00-14:00 Rokodromoa umeentzat San Isidro plazan
12:00 Danbolin Txistulari Elkartea
12:00-14:00 Onddo-kroketak era txanpi-anoak San Isidro plazan
12:30 Taloak San Isidro plazan
13:00 Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak

Maiatzak 15, asteazkena
12:00 Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak
13:00 Meza San Jose ikastetxean
13:30 Luntxa San Jose ikastetxean

Maiatzak 17, ostirala
18:00-19:30 Kid’s&Us umeentzako tailerrak ingelesez San Isidro plazan
19:00 Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak
20:00 Taloak San Jose ikastetxean
22:00-01:30 Jarrera DJ taldea San Isidro plazan

Maiatzak 18, larunbata
10:00-13:30 Xake txapelketa Solobarrian
11:00-14:30 Txarrastxiki umeentzako tailerrak San Isidro plazan
12:00 Danbolin Txistulari Elkartea
12:00 Haizedoinua
12:00 Txarrastxiki Orkestra San Isidro plazan
13:30 Bertso poteoa
15:00 Herri bazkaria San Jose ikastetxean
16:00 Meren kantautorea San Jose ikastetxean
18:00 Txarraska Gaztetxeak antolatutako kontzertuak San Jose ikastetxean
20:00 Taloak San Josen
22:00 Eztandap San Isidro plazan
23:30-01:30 Zutik erromeria San Isidro plazan

Maiatzak 19, igandea
10:30 Emakumeen III. Korrikaldia Marieneatik
11:30 Patxin eta Potxin pailazoak San Isidro plazan
12:00 Danbolin Txistulari Elkartea
12:00 Haizedoinua
12:30 Emakumeen III. Korrikaldiaren amaiera ekitaldia San Isidro plazan
12:30-13:30 DJa San Isidro plazan

☉ Basauri

Herri Krosa izango da azaroaren 2an Basaurin: izena emateko epea gaur arte dago zabalik

|

Azaroaren 2an izango da Basauriko Herri Krosa // Geuria

Basauriko Herri Krosaren 43. edizioa izango da azaroaren 2an, igandez.

Irteera eta helmuga Artunduaga kiroldegia izango dira eta kategoriaren arabera irteera-ordutegi eta distantzia desberdinak egongo dira:

  • 10:15. 2020-2025 urteetan jaiotakoak: 400 metroko lasterketa
  • 10:30. Kategoria absolutua: 11 kilometro
  • 10:35. 2014-2015, 2012-2013 eta 2010-2011 urteetan jaiotakoak: 3,5 kilometroko lasterketa
  • 10:40. 2018-2019 eta 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoak: 1,2 kilometroko lasterketa (atletismo pistari 3 itzuli)

Basauriko Herri Krosean parte hartzeko izena ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean gaur arte, urriaren 29ra arte, 23:59ak arte.

San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak eta Kukurrustu Kirol Klubak antolatzen dute Basauriko Herri Krosa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean

Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

|

Jaimones (Basauri), Kruddö (Etxebarri) eta Silkat (Galdakao) dira Hego Uribeko talderik onena saria irabazteko hautagaiak // Rockein

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.

Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.

Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.

Eskualdeko hautagaiak

Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.

Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.

“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”

Emakumeen esperientziaren hitzaldia

Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).

Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.

Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.

Egitaraua | Rockein finala 2025

Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)

Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones

Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax

00.15 Sari-banaketa

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

|

Herritarra, Social Antzokiko inguruko obrei begira // Geuria

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.

“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.

Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik

Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

|

Sidenor lantegiko sarrera Basaurin // Geuria

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.

Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.

Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.

Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.

Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.

Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.

Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.

Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.

Harremana etetea

Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.

Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.

Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak

Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

|

La Basconiako nabeak // Geuria

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.

“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.

Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.

“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.

Hiru gune

Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.

Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.

La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.

2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.

Osorik irakurri