☉ Basauri
Berdegune berriak sortzea eta hiri-arbolen gaineko plangintza, kudeaketa eta babesa proposatu dute Basaurin
Hiri-berdegune eta -arbolak babestu eta kudeatzeko ordenantza-proposamena aurkeztu die Basauriko udal gobernu taldeak oposizioan dauden gainerako udaltaldeei.

Hiri-berdegune eta -arbolak babestu eta kudeatzeko ordenantza-proposamena aurkeztu die Basauriko udal gobernu taldeak (EAJ eta PSE) oposizioan dauden gainerako udaltaldeei (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP). Proposamenaren arabera, Basaurin berdegune berriak sortzea eta hiri-arbolen gaineko plangintza, kudeaketa eta babesa aurreikusten dute: “Ordenantzak dinamizazio-xedea du: bilatzen du herritarrengan sustatzea arbolak eta lorategiak errespetatu eta zaintzeko jarrera. Eta agerian jarri nahi du gune horiek herrirako duten garrantzia —atmosferako kutsadura, kutsadura akustikoa eta argi-kutsadura gutxitzen laguntzen dutelako—, bai eta aisiarako, jolaserako eta estresa arintzeko eremu gisa ematen duten laguntza ere”, diote udal ordezkariek.
Gauzak horrela, ordenantzak arauak ezartzen ditu, “aisiarako guneak erabiltzeko bertako natura-balioak eta lasaitasuna mantenduta”, diote: “Finean, eremu horietan sustatu beharreko erabilerak jasotzen ditu, adibidez, erabiltzaileen arteko elkarrekintza eta aisialdi osasuntsua, eta baimenduta ez daudenak ere bai, hala nola, unitate elektrogenoak erabiltzea, soinuak anplifikatzea bozgorailuen bitartez, sua egitea horretarako prestatutako tokietatik kanpo, barbakoa eramangarriak erabiltzea, kanpatzea, hondakinak uztea edukiontzietatik kanpo, edota babestutako guneen zaintzari eta natura-balioei eragiten dien beste edozein erabilera desegoki”.
Plangintza, kudeaketa eta babesa
Halaber, berdeguneak sortu eta birmoldatzeko, eta dauden arboladi eta landaredien gaineko plangintza, kudeaketa eta babeserako irizpideak finkatzen ditu proposatutako testuak. “Atal horretan, bestalde, ezartzen du berdeguneak diseinatu edo goitik behera berritzeko edozein proiektutan genero-berdintasuna hartu beharko dela kontuan; hau da, erabilerak antolatzerakoan, genero-berdintasuna, dibertsitatea eta gizarteratzea sustatu beharko direla. Aintzat hartuko da, bereziki, guneetako ikuspena eta segurtasuna, eta irisgarritasun unibertsaleko eta energia-efizientziako irizpideak txertatuko dira. Gainera, konfort akustiko eta termikoa bermatu beharko da, eta drainatze jasangarriko sistemak jarri beharko dira”, diote udal ordezkariek.
Udal gune eta lorategiak erabili eta zaintzeari dagokionez, besteak beste, Udalak bermatuko du lorategiak ondo zainduta daudela eta beharrezkoak diren mantentze-lanak egiten zaizkiela: “Berdegune pribatuetako jabeek ere, beren ardurapeko eremuak egoera onean mantentzeko betebeharra izango dute”, diote. Era berean, hiri-arbola eta landareak babestea ere aurreikusten du ordenantzak: “Ildo horretan, arbolak landatzeko irizpideak ezartzen ditu, aleen tamainari, beren arteko distantziari, oinezkoen edota ibilgailuen iraganbideei dagokienez. Gainera, arreta handiz hautatu beharko da zein espezie landatu, kokapena eta erabilera aintzat hartuta, eta lehentasuna eman beharko zaie bertako espezieei. Arauak debekatzen du espezie inbaditzaileak landatzea”, diote.
Hiri-ortuak
Ordenantzan hiri-ortuei buruzko atala ere txertatu du udal gobernu taldeak, eta zentzu horretan, Udalak konpromisoa hartu du horrelakoak antolatzeko. Hain zuzen ere, apirileko osoko bilkuran aho batez onetsi zuen Basauriko udalbatzak udal ortu ekologikoak sortzeko proiektua. Oraindik ez dute zehaztu non egongo diren udal ortuak, aurretik udal ordenantza egin behar dutelako. “Hiri-ortuen plangintza eta kudeaketa honako printzipio hauetan oinarrituko da: ingurumena errespetatu eta zaintzea, ingurumenari eta garapen jasangarriari buruzko kulturaren zabalkundea eta sentsibilizazioa egitea, eta gizarte-talde guztien arteko bizikidetza eta gizarteratzea sustatzea”, diote.
“Basauriko berdegune eta lorategiek ingurumena hobetzeko zeregina bete dezaten, aisiarako eta atseden hartzeko tokia izan daitezen eta udalerria edertu dezaten, beharrezkoa da eremu horiek behar bezala zaintzea. Eta, horretarako, Udal Zerbitzu Teknikoek egindako zaintza- eta mantentze-lanez gain, gune horiek egokiro erabili behar dira, izan ere, hori onuragarria da eremu horietara doazen herritarrentzat ere bai”, diote udal arduradunek. Helburu horiek betetzeko sortu dute udal titulartasuneko berdeguneak eta aisiarako guneak arautzen dituen ordenantza. Orain, oposizioko taldeek aukera dute proposatutako testuari beren ekarpenak egiteko.
☉ Basauri
Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin
Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.
Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).
Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).
Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).






























☉ Basauri
Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin
Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).
Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.
Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.
Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.
Emantzipaziorako bidea
Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.
Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.
Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.
Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).
☉ Basauri
Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da
Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.
Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.
Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.
☉ Basauri
Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan
Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.
Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.
Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.
“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.
☉ Basauri
Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko
Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.
Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.
Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.
Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.
Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.
Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.
“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.
Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.









