☉ Basauri
Aratz Mendieta Bidebietako pilotariak Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du bihar

Buruz Buruko Txapelketako finalak jokatuko dira bihar, urtarrilak 24, Gautegiz Arteagan 17:00etatik aurrera. Umeak, emakumeak eta gaztetxoen finalak jokatuko dira.
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik Aratz Mendietak gaztetxoen bigarren mailako finala jokatuko du.
Mendietak aurkari izango du Lea Ibarra klubeko Jurdan Zuazo.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.
☉ Basauri
Arizko zubiaren ondoko eskailerak egokituko ditu Basauriko Udalak
Era berean, Agirre Lehendakaria kaleko 85 zenbakia eta Frantzisko Kortabarria kalearen arteko eskailerak ordezkatuko dituzte eta zubiko baranda margotuko dute

Arizko zubitik Nerbioi ibaiertzeko pasealekura jaisteko dauden eskailerak egokitu egingo ditu Basauriko Udalak.
Gainera, Agirre Lehendakaria kaleko 85 zenbakiko atarira sartzeko arrapala berria eraikiko dute, eta Frantzisko Kortabarria kalearekin lotzeko eskailerak ordezkatu eta egokituko dituzte. Esku hartze hauen helburua da irisgarritasuna hobetzea.
Era berean, Arizko zubiko baranda eta kale-argiak saneatu eta margotuko dituzte.
Basauriko Udalak 162.382 euro bideratuko ditu obra horietara eta hiru hilabetez luzatuko dira. Udal ordezkariek adierazi dutenez, “ez da aurreikusten trafikoari eragitea”.
Trafikoan ez, baina obrak egiteko Frantzisko Kortabarria eta Soloarte arteko pasealekua eten egingo dute.
☉ Basauri
Bi gazte atxilotu dituzte Basaurin emakume bati poltsa lapurtzeagatik
Lapurreta igande goizaldean gertatu zen Soloarte auzoan. Atxilotuek 19 urte dituzte eta epailearen esku utziko dituzte

Ertzaintzak 19 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo, emakume bati poltsa lapurtzeagatik.
Gertaerak igande goizaldean, 02:40ean, jazo ziren Soloarte auzoan. Bi gazteek emakumeari hainbat galdera egin zizkioten eta oldartu ostean, indarra erabiliz lurrera bota zuten eta poltsa lapurtu zioten.
Lekuko batek lapurreta ikusi eta Ertzaintzara deitu zuen. Hainbat patruila bertaratu ziren eta erasotzaileetako baten deskribapenarekin bat zetorren gizon bat aurkitu zuten, edukiontzi batzuen atzean ezkutatzen saiatzen ari zenean, ertzainak ikusi zituenean.
Agenteek identifikatu egin zuten, eta ikusi zuten soinean zeraman arroparen zati batek odol-arrastoak zituela, eta horrenbestez, atxilotu egin zuten.
Handik gutxira, beste patruila batek bigarren inplikatua aurkitu zuen. Esku batean zauri bat zuen, eta atxilotu egin zuten. Atxiloketan, lapurretaren unean zeraman arropa harrapatu zioten, aldatu egin baitzen odol arrastoak zituelako.
Ertzaintzak bi atxilotuak ertzain-etxera eraman eta beharrezko polizia-eginbideak egin zizkieten. Ondoren, epailearen esku utziko dituzte.
☉ Basauri
Basaurik ere Itzuliako etapa baten irteera eta helmuga hartuko ditu aurten
Hego Uribe txirrindularitza zaleez beteko da aurten! Galdakaok ere etapa baten irteera eta helmuga hartuko baititu

2026ko Itzulian Galdakaok etapa baten hasiera eta amaiera hartuko dituela kontatu genizun urtarrila hasieran. Bada, gaur jakin dugunez, Basaurik ere etapa baten irteera eta helmuga hartuko ditu.
Itzulia apirilaren 6tik 11ra bitartean izango da, eta azken etapa Bergaran jokatuko da. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu noiz izango diren Galdakaoko zein Basauriko etapak.
Oceta Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak eta Basauriko Udalak hitzarmena sinatu dute, udalerria aurtengo edizioko etapa bateko egoitza izan dadin.
“Basaurik zenbait urte daramatza goi-mailako txirrindularitzaren aldeko apustua egiten, eta guretzat garrantzitsua da Itzulia Womenen ostean udalak Itzulia ere herrira ekarri nahi izana”, esan du Javier Riaño Ocetako presidenteak.
Hain zuzen ere, 2024an Itzulia Women lasterketako etapa baten hasiera eta amaiera hartu zituen Basaurik.
Asier Iragorri Basauriko alkateak adierazi duenez, “Itzulia Womenek arrakasta handia izan zuen Basaurin, eta txirrindularitzako beste proba handi bat ekartzeko irrikaz geunden, eta, inolako zalantzarik gabe, basauriarren harrera bikaina izango da berriro”.
Sinatutako hitzarmenak bi alderdien arteko lan-esparru bateratua zehaztuko du etaparen garapenerako, eta, aldi berean, Basaurin garatzeko beharrezkoak diren alderdi logistikoak zein antolakuntzakoak koordinatuko ditu.











