☉ Basauri
Basauri eta Bilbo lotuko dituen bidegorria 2024an zabalduko dute, ondo bidean
Arratiako tranbiako kilometro bateko zatia berreskuratuko du Basaurik Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Arratiako tranbiako kilometro bateko zatia berreskuratuko du Basaurik Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. 1.090 metroko luzeeradun bide berde honek Basauriko Kareaga eta Bilboko Bolueta auzoko Zubialde zubiarekin konektatuko ditu txirrindulaz edo oinez joan-etorri seguruak egiteko helburuagaz.
Proiektuaren aurkezpenaren egunean, joan den azaroaren 28an Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Imanol Pradales Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Diputatua izan ziren 2024an inauguratuko duten bidegorri “berezi” honen nondik norakoak azalduz.
Proiektu honetarako 2,2 milioi euro bideratuko ditu Foru Aldundiak eta 8 hilabete eta erdiko lanak ekarriko ditu: “Lanak ez dira konplexuak izango”, argitu zuen Pradalesek aurkezpen egunean: “Egin beharreko ekintza nagusia bidearen plataforma 6 metrora zabaldu eta 120 metroko luzeeradun Bokete tunelean zenbait lan egin beharko dira, egitura ondo badago ere: altxatutako harriak konpondu, hezetasun arazoei aurre egin…”. Aldaketa horiz gainera, eguzki energiaz hornitutako led argiak eta hiru segurtasun kamera jarriko dituzte tunelaren barnean.
Bidegorri honek izango duen galtzada Bizkaiko handienetarikoen artean dagoela nabarmendu du Pradalesek, Getxo Bilborekin lotzen duenaren antzeko tamaina izango duela adieraziz: “Bidegorriaren sekzioa 6 metrokoa da, lau metroko zabalerako banda batean, bizikletak bi erreitan ibiltzeko aukera ematen duena eta bi metroko beste batean, oinezkoentzat, banatuta.
Foru Diputatuak azpimarratu du bi bandak “behar bezala bereizita eta identifikatuta” egongo direla, auto errepidetik urrun, segurtasuna bermatuz: “Ibilbidea laua eta desnibel handirik gabekoa izango da”, gehitu du.
Kareaga Auzo Elkarteak 2014tik darama bidegorri honen aldeko aldarrikapenak egiten eta bide berde honen aldeko pankartak fatxadetan eskegitzen.
Balio sentimentala
Bilbo eta Arratia uztartzen zuen tranbia lineako zerbitzua 1900 urtean hasi eta 1964an amaitu zen eta Bilbo, Durango eta Arratiako bidaiariak zein merkantziak garraiatzen zituen: “Basauriarrentzat garrantzi izugarria izan zuen tranbia genuen Arratiakoa, gure fabriketako langileak, mendizaleak eta merkantziak garraiatzen zituelako”, azaldu zuen Iragorrik eta poz-pozik agertu zen Basaurik duen bidegorri sare zabalarekin, pasealekuekin eta aisialdirako guneekin bat egiten duen proiektu honekin.
Gauzak horrela, eraikuntza-proiektua onartuta Aldundiak lanak 2023ko lehen hilabeteetan lizitatzea espero du. “Epe luzera begira bidegorri sareen ardatz tronkalak sustatu nahi ditugu, herrien arteko loturak bultzatuz” azaldu du Pradalesek eta datozen egunetan proiektu horren inguruko hurrengo 12 urteetarako planifikazioa iragarriko dutela esan du.
☉ Basauri
Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu
Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.
Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).
Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria
Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.
Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.
☉ Basauri
Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak
Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.
Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.
Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.
“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.
Herritarren parte-hartzea
Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.
“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.
Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga
Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.
Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.
Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.









