Sareak

☉ Basauri

Argazkiak | Errege Magoek ehunka gozoki eta konfeti banatu dituzte Basauriko kabalgatan

|

Meltxor, Gaspar eta Baltasar agurtu dituzte gaur basauriarrek. Goizean Social Antzokian harrera egin ostean, indarrak hartu eta arratsaldean kabalgata egin dute herritik zehar. Herritarrak, gazteak eta helduak, kalera irten dira Errege Magoak agurtzera, eta trukean ehunka gozoki eta konfeti jaso dituzte!

☉ Basauri

Venezuelako kontsulak Basaurin aldarrikatu du presidentea Nicolas Maduro dela

Elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basaurin ‘Eraso inperialistarik ez, Venezuelak burujabetza!’ lemapean. Bertan izan da Glenna Cabello Venezuelako kontsula Bilbon

|

Dozenaka herritarrek egin dute bat elkarretaratzearekin, tartean Glenna Cabello Venezuelako kontsula Bilbon // Geuria

AEBek Venezuelaren aurkako eraso militarra egin zuen urtarrilaren 3an. Operazioan Nicolas Maduro presidentea eta haren emazte Cilia Flores bahitu zituzten, eta Donald Trump AEBtako presidenteak Venezuelaren kontrola hartzeko asmoa adierazi du, baita bertako petrolioa ustiatzeko asmoa ere.

Egoera horren aurrean hamaika elkarretaratze egin dituzte Hego Euskal Herrian, batzuk alde eta beste batzuk kontran.

Basaurin, esaterako, ‘Eraso inperialistarik ez, Venezuelak burujabetza! Venezuelar herriarekin bat’ lemapean elkarretaratzea egin dute gaur, urtarrilak 5, 19:00etan Bentako plazan.

Elkarretaratzean salatu dute gertakari horiek “guztiz neurrigabeak” direla: “Izan ere, ez dituzte inondik inora nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Erakundearen karta errespetatzen”.

“Munduko herri eta pertsona guztien burujabetza aldarrikatuko dugu ezinbesteko printzipio gisa. Inork ezin du venezuelar herriaren gaineko erabakirik hartu; hori venezuelar herriari soilik dagokio eta ez beste inori”, esan dute.

Donald Trumpek AEBetako presidente kargua hartu zuenetik (2025eko urtarrilaren 20an) “munduko herrien aurkako estrategia neokoloniala” ezartzen ari dela salatu dute: “Estrategia hori esku-hartzeetan, mehatxuetan, xantaian eta eraso militarrean oinarritzen da, bereziki Palestinan, Latinoamerikan eta Karibean”.

Basauriko elkarretaratzean izan da Glenna Cabello Venezuelako kontsula Bilbon, eta eskerrak eman dizkio herriari salaketarekin bat egin izanagatik: “Eskerrik asko AEBek Venezuelan egin dituen eraso larriak salatzeagatik, eta, batez ere, gure presidentearen —gure presidentea baita oraindik ere— eta baita diputatu eta emazte Cilia Floresen bahiketa erreklamatu eta salatzeagatik ere”.

“Nire herrialdearen jarraitutasun administratiboak aurrera darrai, herriak bere gobernuari eusten dio, eta venezuelar herriaren aldeko elkartasun adierazpen horiek behar ditugu aurrera jarraitzeko. Ziur egon Venezuela ez dela makurtuko, guk Nicolas Maduro presidentearen agindua betez borrokatuko dugu, bahitu aurretik aberria gure bizitzekin defendatzeko eskatu zigulako, eta horrela egingo dugu”, esan du Cabellok.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Errege Magoekin eta euren pajeekin topo egin dugu Basaurin!

|

Meltxor, Gaspar, Baltasar eta euren pajeak badaude Basaurin dagoeneko! Goizean umeen bisita jaso dute Social Antzokian eta bertan topo egin dugu eurekin! Arratsaldean, 18:00etan kabalgata egingo dute herritik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Kareaga Auzo Elkarteak 2026ko egutegia egin du berriro argazki zaharrekin

|

2026ko egutegiko argazkietako batzuk // Kareaga Auzo Elkartea

Zazpigarren urtez jarraian Kareaga Auzo Elkarteak egutegia egin du. Eta aurreko urteetan bezala, auzoko argazki zaharrekin bete dute egutegia, “gure auzoaren iragana eta auzotarrak gogorarazteko”.

Abenduan jarri zituzten 1.000 ale salgai auzoko tabernetan 2,5 euroan. Auzo Elkarteko bazkideek doan jaso ahal izango dute.

2019ko abenduan publikatu zuten lehen egutegia, eta ordutik urtero kaleratu dute. Horretarako argazki bilketa martxan du Auzo Elkarteak.

“2020tik Kareaga Auzo Elkartea herritarren parte-hartze bidezko proiektu bat aurrera eramaten ari da; auzokideek emandako dokumentazioarekin eta testigantzekin auzoaren historia berreraiki eta sakondu nahi duen proiktua, alegia”, diote.

Argazkiak, negatiboak, diapositibak, kartela, egunkarietako ebakiak edota bideoak ari dira biltzen eta digitalizatzen.

“Oroitzapen bilketa honen bidez, gure historiaren zati bat galtzea saihestu nahi dugu, eta material hori auzoko kontakizun kolektibo bat eraikitzeko erabili. Izan ere, Kareaga auzoa aldaketa handiak eta sakonak bizi izan ditu XX. mendetik hirigintzan, gizartean eta ekonomian”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Igor Oca basauriarrak Leganesen lehen taldea zuzenduko du denboraldi amaierara arte

Talde madrildarrak karguan berretsi du entrenatzailea, abenduaren 5ean Paco Lopezen ordez behin-behineko kargua hartu ostean

|

Igor Oca CD Leganes taldearen prentsaurreko batean // Utzitakoa

Gabon gau egunean iragarri zuen Leganes talde madrildarrak albistea: Igor Oca Pulido basauriarra CD Leganeseko lehen taldeko entrenatzailea izango da denboraldia bukatu bitartean, taldearen gidaritza hartu eta hiru astera.

Joan den udan iritsi zen Oca Leganesera, Sestao Riverretik, klubeko bigarren taldea (Leganes B) gidatzeko asmoz. Hala ere, Paco Lopezen kargugabetzearen ostean, lehen taldearen ardura hartu zuen behin-behinean.

Tarte honetan zuzendu dituen hiru partidetan (bi berdinketa eta porrot bat), klubeko zuzendaritzaren konfiantza bereganatu duela argi utzi du erabaki honek.

GEURIAk elkarrizketa egin zion Ocari 2024ko apirilean, ´Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra´ izeneko erreportajean. Profil berezia du entrenatzaile basauriarrak: Historian lizentziatua da eta Arkeologian espezializatua, baina bere ibilbide profesionala aulkian garatu du azken urteetan, batez ere Hego Amerikan, hala nola Ekuadorren, Txilen edo Mexikon.

Erronka nagusia: Salbazioa

Basauriarraren zeregina ez da erraza izango. Leganes LaLiga Hypermotion-eko (Bigarren Maila) jaitsiera postuetan dago une honetan, salbaziotik puntu bakar batera bada ere. Bere lantaldean Ivan Gomez (bigarren entrenatzailea), Alberto Bueno eta Nano Rivas izango ditu lagun denboraldiko helburua lortzeko.

Datorren astelehenean, abenduaren 29an, prentsaurreko ofiziala eskainiko du Ocak Butarque instalazioetan, proiektu berriaren xehetasunak emateko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Pertsona bat eta bere txakurra harrapatu ditu auto batek Basauriko Azganeta kalean

Istripua atzo arratsaldean gertatu zen. Osasun-langileek zauritutako pertsona artatu zute, eta suhiltzaileek, berriz, zauritutako animalia egonkortu zuten

|

Istripuaren irudiak // Utzitakoa

Bart arratsaldean trafiko istripua gertatu zen Basauriko Azganeta kalean, Artunduagako enpresagunearen pasabidearen parean. Suhitzaileek jakinarazi dutenaren arabera,  auto batek pertsona bat harrapatu du eta, berarekin batera, zaurituta geratu da bere txakurra ere.

Suhiltzaileek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, abisua jaso bezain laster bertaratu dira larrialdi zerbitzuak. Osasun-langileak harrapatutako pertsona artatzeaz arduratu dira lekura iritsi direnean.

Bizkaiko Suhiltzaileek hartu dute txakurra artatzeko ardura. Animalia ere zaurituta geratu da kolpearen ondorioz, eta suhiltzaileek bertan egonkortu dute, jabeari laguntza medikoa ematen zioten bitartean.

Une honetan ez da zaurituen egoeraren inguruko xehetasun gehiagorik eman, ezta istripuaren arrazoien inguruko argibiderik ere. Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

Osorik irakurri