☉ Basauri
Arizko Ikastolaren ondoko espaloia zabaltzeko lanak hasiko ditu Basauriko Udalak
Espaloia zabaltzeko, eremu horretako aparkaleku batzuk kendu egin beharko dituzte, baina, galera hori konpentsatzeko, baterian aparkatzeko egokituko dute aurreko espaloia

Bizkotxalde parkea eta haren ingurunea hobetzeko hainbat lan egingo ditu Basauriko Udalak urtarrilaren 26tik aurrera. Zehazki, parkearen beheko aldean esku hartuko du eta, “leku irisgarri, seguru eta atseginago” bihurtuko du.
Arizko Ikastolaren pareko errepidearen zoladura asfaltatu eta berrituko dute. Gainera, Ikastolaren eta etorkizuneko haurreskolaren aurrean dagoen espaloia zabalduko dute (lau metro) eta pasabide adimenduak jarriko dituzte, “opinezkoentzat eta eskola-umeentzat seguruagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.
“Espaloia zabaltzeak errepidea estutzea ekarriko du, eta horrek errepideko zirkulazioaren abiadura jaisten lagunduko du”, diote.
Espaloia zabaltzeko, eremu horretako aparkaleku batzuk kendu egin beharko dituzte, “baina, galera hori konpentsatzeko, baterian aparkatzeko beste aparkaleku batzuk egingo dira, aurreko espaloian”, diote udal arduradunek.
“Birmoldaketa planifikatu zenean, gobernu taldeak hasieran zituen helburuen artean bazegoen aparkaleku kopurua handitzea ingurunean. Alabaina, 2025eko abenduaz geroztik indarrean dagoen Mugikortasun Jasangarriari buruzko Lege berriak ez du baimentzen oinezkoentzako espazioa galtzea aparkalekuak egiteko”, zehaztu dute.
Parkeko pasaguneak
Beste alde batetik, Bizkotxalde parkeko beheko aldean irisgarritasuna emango diete eskailerei, bideei eta arrapalen inklinazioa % 6ra baino gutxiagora murriztuko dute.
Gainera, orain arte egokitu gabe zeuden baina auzotarrek modu naturalean bide gisa erabiltzen dituzten pasaguneak ere birmoldatu egingo ditu Udalak, eta bidezidor irisgarri gisa utzi.
“Zuhaitz guztiak mantendu, eta parterreetan landare gehiago jarriko ditugu. Eta, mahai-teniseko mahaiak dauden eremuko hiru zuhaitz parkeko beste leku batean jarriko ditugu, herritarrek asko erabiltzen duten kirol-eremu hori berritu ahal izateko”, diote.
Era berean, Arizko Ikastolatik Azbarrenera doan espaloian “erresistentzia handiko” hormigoizko baldosak eta asfalto inprimatua jarriko dituzte, eta zintarriak, hiri-altzariak eta argiak berrituko dituzte.
“Matxitxako zubia itxi izanaren ondorioz, ibilgailu gutxiago ibiltzen da ingurune horretan, eta Udalak egoera hori aprobetxatu nahi izan du aipatutako obrak egiten hasteko, eta, horrela, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko”, diote.
Guztira 2 milioi euroko inbertsioa egingo du Udalak esku hartze hauetan. “Eta bat datoz 2025ean onartutako Basauriko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren eta Irisgarritasun Planaren helburuekin”, diote.
Aurrerago, bigarren fase batean, Arizko Ikastolaren eta Pozokoetxeko biribilgunearen artean dauden errepidea eta espaloia berrituko ditu Udalak.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.
☉ Basauri
Arizko zubiaren ondoko eskailerak egokituko ditu Basauriko Udalak
Era berean, Agirre Lehendakaria kaleko 85 zenbakia eta Frantzisko Kortabarria kalearen arteko eskailerak ordezkatuko dituzte eta zubiko baranda margotuko dute

Arizko zubitik Nerbioi ibaiertzeko pasealekura jaisteko dauden eskailerak egokitu egingo ditu Basauriko Udalak.
Gainera, Agirre Lehendakaria kaleko 85 zenbakiko atarira sartzeko arrapala berria eraikiko dute, eta Frantzisko Kortabarria kalearekin lotzeko eskailerak ordezkatu eta egokituko dituzte. Esku hartze hauen helburua da irisgarritasuna hobetzea.
Era berean, Arizko zubiko baranda eta kale-argiak saneatu eta margotuko dituzte.
Basauriko Udalak 162.382 euro bideratuko ditu obra horietara eta hiru hilabetez luzatuko dira. Udal ordezkariek adierazi dutenez, “ez da aurreikusten trafikoari eragitea”.
Trafikoan ez, baina obrak egiteko Frantzisko Kortabarria eta Soloarte arteko pasealekua eten egingo dute.
☉ Basauri
Bi gazte atxilotu dituzte Basaurin emakume bati poltsa lapurtzeagatik
Lapurreta igande goizaldean gertatu zen Soloarte auzoan. Atxilotuek 19 urte dituzte eta epailearen esku utziko dituzte

Ertzaintzak 19 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo, emakume bati poltsa lapurtzeagatik.
Gertaerak igande goizaldean, 02:40ean, jazo ziren Soloarte auzoan. Bi gazteek emakumeari hainbat galdera egin zizkioten eta oldartu ostean, indarra erabiliz lurrera bota zuten eta poltsa lapurtu zioten.
Lekuko batek lapurreta ikusi eta Ertzaintzara deitu zuen. Hainbat patruila bertaratu ziren eta erasotzaileetako baten deskribapenarekin bat zetorren gizon bat aurkitu zuten, edukiontzi batzuen atzean ezkutatzen saiatzen ari zenean, ertzainak ikusi zituenean.
Agenteek identifikatu egin zuten, eta ikusi zuten soinean zeraman arroparen zati batek odol-arrastoak zituela, eta horrenbestez, atxilotu egin zuten.
Handik gutxira, beste patruila batek bigarren inplikatua aurkitu zuen. Esku batean zauri bat zuen, eta atxilotu egin zuten. Atxiloketan, lapurretaren unean zeraman arropa harrapatu zioten, aldatu egin baitzen odol arrastoak zituelako.
Ertzaintzak bi atxilotuak ertzain-etxera eraman eta beharrezko polizia-eginbideak egin zizkieten. Ondoren, epailearen esku utziko dituzte.
☉ Basauri
Aratz Mendieta Bidebietako pilotariak Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du bihar

Buruz Buruko Txapelketako finalak jokatuko dira bihar, urtarrilak 24, Gautegiz Arteagan 17:00etatik aurrera. Umeak, emakumeak eta gaztetxoen finalak jokatuko dira.
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik Aratz Mendietak gaztetxoen bigarren mailako finala jokatuko du.
Mendietak aurkari izango du Lea Ibarra klubeko Jurdan Zuazo.











