Sareak

☉ Basauri

Argazkiak / Osakidetzako Etengabeko Arretako Guneen egoera salatzeko elkarretaratzea, Basaurin

Martxoaren 7an, ostegunez, manifestazioa deitu dute SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Basaurin

|

Kontzentrazioan izan dira sindikatuetako ordezkariek, langileak eta herritarrak // Geuria

Osakidetzako lehen arreta indartzeko eta Etengabeko Arretako Guneen (EAG) egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauri-Ariz anbulatorioko sarreran, GEURIAn aurreratu genuen bezala. Kontzentrazioan izan dira sindikatuetako ordezkariek, langileak eta herritarrak.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek salatu dutenez, “Barrualde-Galdakao ESIak dokumentu bat egin du zenbait EAGek fakultatiborik gabe ireki ahal izatea aurreikusten duena, eta hortaz, lantaldea osatu gabe utziz”, diote.

“Hori dela eta, langileek lan-gainkarga eta premiarik gabeko estres-egoera bat hartu behar dute beren gain, baliabiderik ez dutelako eta arrisku psikosozialak kolokan jartzen dituztelako. Eskualdean herritarrek jasotzen duten zerbitzuak ere izango luke eragina”, diote.

Osakidetzak egindako Kontingentzia Plana aplikatuz gero, EAGak “behar baino baliabide gutxiagorekin irekitzea sendotuko” litzatekeela adierazi dute sindikatuek; “hau da, murrizketa bat finkatuko litzateke”, diote.

“Planteamendu hori bereziki larria da, kontuan hartzen badugu 2022an ESIko zentroek 241.806 kontsulta baino gehiago artatu zituztela; horietatik 136.844 kontsulta medikoak izan ziren eta 104.962 erizaintzako kontsultak baino gehiago”, azaldu dute sindikatuek.

Ildo horretan, 2022an Gotzone Sagardui Osasun arloko sailburuak egoera hori aurreratu zuela salatu dute sindikatuek: “Osakidetzaren etorkizunaz hitz egitean, azaldu zuen erizainek artatutako zentroak izango ditugula, eta herritarrek joan-etorriak egin beharko lituzketela arreta jasotzeko. Bada, errealitate hori iritsi da”.

“SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek aurrez aurre arbuiatzen dugu Kontingentzia Plana, medikuen, erizainen eta zeladoreen lan-baldintzak prekarizatzen dituelako, eta Etengabeko Arretako Puntuetan baliabide guztien egonkortasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartzea eskatzen dugu”.

Martxoaren 7an, ostegunez, manifestazioa deitu dute sindikatuek Basaurin. Manifestazioa 11:00etan hasiko da Basauriko udaletxetik eta Arizko anbulatorioan bukatuko da. Amaieran elkarretaratzea egingo dutela zehaztu dute sindikatuetako ordezkariek.

“Lan-eskubideak prekarizatzea”

Otsailaren 27ko elkarretaratzean hitza hartu dute sindikatuetako ordezkariek, eta Osakidetzak eta Barrualde-Galdakao ESIko arduradunek EAGetarako duten planek EAGetako oinarrizko lantaldea ziurtatzen ez dutela arbuiatu dute: “Ez dute ziurtatzen EAGetako oinarrizko lantaldea diren mediku, erizain eta zeladorekin irekiko direnik”.

“Horrez gain, langileen lan eskubideak are gehiago prekarizatuko dituen neurriak biltzen ditu plan honek. Kontuan hartzekoa da, egun, lehen arretak asumitu ezin dezakeen guztia asumitu behar dutela EAGek”, diote: “Eta honek guztiak herritarrok jasoko dugun arreta kalitatearen ondorio lazgarriak edukiko ditu”.

Zentzu horretan, langile eta herritarren osasuna bermatzeko behar besteko baliabideak jar ditzala eskatu diote Osakidetzari: “Horretarako, lehen arreta indartu behar dute, lantalde osoak bermatu behar dituzte, arreta eskaerari erantzuteko profesional kopurua bermatu behar dute, eta langileak zaindu behar dituzte, baldintza duinetan lan egiteko baliabideak jarriz”.

☉ Basauri

Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

|

Herritarra, Social Antzokiko inguruko obrei begira // Geuria

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.

“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.

Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik

Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

|

Sidenor lantegiko sarrera Basaurin // Geuria

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.

Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.

Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.

Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.

Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.

Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.

Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.

Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.

Harremana etetea

Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.

Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.

Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak

Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

|

La Basconiako nabeak // Geuria

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.

“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.

Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.

“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.

Hiru gune

Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.

Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.

La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.

2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin

‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

|

Maddi Ane Txoperena 'Ez erran inori' nobelaren egilea urriaren 29an izango da Marienean // Geuria

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.

Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.

Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.

2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.

Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak

Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

|

Haurren parkea estaltzeaz gain, futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute ondoan dagoen berdegunean // Geuria

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.

Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.

Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.

“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.

Osorik irakurri