☉ Basauri
«San Faustinek bete dituen 40 urte hauetan ez gaituzte inoiz jo, eta hori meritu handia da eta seinale ona»
San Faustin kuadrillak 40 urte bete ditu eta aurten Basauriko jaietan parte hartuko duten azken urtea da. Agurraz eta 40 urteko historiaz berba egin dugu lotsagabe hauekin

Lotsabako hitza Basauriko hiztegian bilatzen duzunean lagun talde bat agertzen da. Horiek dira San Faustin kuadrillakoak. Aurten 40 urte betetzen dituzte kuadrilla bezala, baina erretiroa hartuko dutela adierazi dute. Eta ez jubilatzeko adina daukatelako (batzuek bai), baizik eta ez dutelako San Fausto jaietan gehiagotan parte hartuko. 2024an ez da entzierrillorik egongo 03:00etan, ez ditugu gorri-horiz jantzita ikusiko urriaren 12 bakoitzean… Aurten euren azken urtea da. Ez omen da txantxa, eta horregatik GEURIAn agertzeko ohorea eman diegu.
*Jarraian irakurriko duzun elkarrizketa barre egiteko da, ez ditzala inork hartu erantzunak irain bezala. Elkarrizketatuak ardoa edaten zeuden elkarrizketa egin bitartean.
San Faustinen azken urtea dela diozue.
Javi Ibañez: San Faustinen azken urtea da, bai. Duela 40 urte hasi ginen, 1983ko uholdeak izan ostean. Jende asko animatu zen, baina gero, garai hartan, exzisioak izan ziren… Orain gutxi batzuk baino ez gaude San Faustinen. Berriro berpiztu gara, eta orain, bizitzaren unerik onenean gaudela, utzi egiten dugu.
Iñaki Erdoiza: 2019ko udal hauteskundeetan gu aurkezterik inork ez zuenez nahi, konturatu ginen gure porrota zela. Basaurik ez gaitu maite. Adolfo Lasarte: Maite gaitu, baina urrun… GaldakaNOn! Jaietako zinegotzigoarekin konformatzen ginen soilik. Hori bakarrik. Baina ezin.
Eta, zer egingo duzue aurten?
I.E.: Azken aldiz emango dugu Misterbarman/Missbarwoman saria. Aurten Isabeli emango diogu, Kozkil tabernako jabeari. Eta Urrezko Arratoia Jose Félix Morales Kutxi-ri emango diogu. Social Antzokiko kartelak eskegitzen dituena da. Aurten jende garrantzitsu asko zegoen Urrezko Arratoia emateko, hala nola, Jon Arretxe edo Jesus Lizaso… baina nahiago izan dugu Kutxiri eman, San Faustineko afariak alaitzen dituen bakarra delako eta beti gure ondoan egon delako.
J.I.: Kutxik merezi du.
A.L.: Urtero abesti bat egiten digu eta Urrezko Arratoia merezi du.
Eta aurtengo programa para-leloari buruz galdetuko banizue.
J.I.: Urriaren 6an, ostiralez, San Faustin erakusketa inauguratuko dugu Kakarraldo tabernan eta Missbarwoman saria emango dugu.
Urriaren 7an, larunbatez, San Faustinen pregoia izango da. Ez dugu esango non, noiz eta nork irakurriko duen. Sorpresa izango da. Eta 03:00etan lehen entzierrilloa egingo dugu.
Asteazkenean, urriak 11, omenaldia egingo diegu San Faustineko hildakoei. Horiek dira: Martin, Tito, Tomas, Pepe Medina, Patxi, Pitu eta Txemi. Egun horretan, 20:00etan, omenaldia egingo diegu Eskarabilla Txokoan eta haien senideak etorriko dira.
Urriaren 12an, ostegunez, hispanitatearen egunean, zezenketa handia egingo dugu Bizkotxalden.
Ostiralean, urriak 13, San Faustin egunean, prozesioa egingo dugu gure santuarekin, eta babarrunak jango ditugu kalean, Paulino tabernako plazatxoan antza, azken urteetan egin bezala. San Faustineko kide ohi guztiak etortzea nahi dugu. Bazkariaren ondoren Los Tres Terrores taldearen emanaldia izango da.
A.L.: Eta igandean, urriaren 15ean, gure egitarauko beste ekitaldi bat ikusi ahal izango duzue: gure agurra.
I.E.: San Faustin zerura joango dela besterik ez dugu esango. Agur oso bat izango da.
A.L.: Eta bozketa herrikoia egingo dugu herritarrek San Faustinek jarraitu dezan edo ez erabakitzeko.
J.I.: Bozketaren emaitzari, noski, ez diougu kasurik egingo.
Esan duzue urriaren 12an zezenketa bat egingo duzuela. Lehen, Basaurin zezen-plaza zegoen. Ideia ona lehen egiten zena belaunaldi berriei erakusteko!
I.E.: Ate handitik askotan atera gara, eta eskoltatuta beste hainbatetan (kar, kar, kar). Oso ondo zeuden zezenketak, ez baitzuten inolako zentzurik. Zezenak ziren argiak zituen bakarra. Eta 55 urte geroago, zezenketei ekingo diegu berriro Bizkotxalden. Basaurin denok oihuka eskatzen genuen ekitaldia.
Orduan, zuen azken urtea da Basauriko jaietan. Behin betiko erabakia da?
I.E.: Hala da. Jaietatik erretiratzen gara datorren urtera arte, zerbait handia egin nahi dugun arte, Charles eta Camilaren koroatzearekin egin genuen bezala. Baina egin nahi dugun hori ez da urrian izango, maiatzean baizik. Musika jaialdi handi batekin kointzidituko du.
Agurraz ari gara, baina orain hitz egin dezagun San Faustinen hastapenei buruz.
I.E.: 1983ra jo behar dugu. Uholdeen urtea. Hor hasi zen dena. Izan ere, urte horretan hasi zen mundua.
J.I.: Lokatz haietatik atera ziren lohi hauek. Hau da, gu geu. Uholdeengatik mundu guztia deprimituta zegoen, Jainkoaren zigorra izan zen, eta esan genuen: “Honek guztiak aldaketa bat behar du”. Gu sanferminetara joaten ginen Iruñera, giroa paregabea baitzegoen, eta han egiten zena Basaurin egin behar zela pentsatu genuen.
Besteak beste, entzierrilloak. Benetako adarrekin eta guzti dituzten entzierrilloak!
J.I.: Bai!. Adarrak Eroskiko harategian lan egiten zuen Bartolok ematen zizkigun.
I.E.: Bartolo San Faustinen oso garrantzistua zen hasieran.
San Faustineko entzierrilloak galdu ezin diren ekitaldiak izan dira Basauriko jaietan, ezta?
J.I.: Entzierrilloak jendetsuak izan dira. Jende asko biltzen genuen, baita Basauritik kanpokoak ere.
Eta zergatik goizaldeko hiruretan?
J.I.: Goizeko zortzietan ohean gaudelako!
I.E.: Ordu hori erabaki genuen jendea etxera edo parrandan geratzen zen ordua zelako.
Zauriturik izan al da inoiz?
J.I.: Zaurituak izan dira, baina ez zezenak eragindakoak. Lehen zauritu larria atzerritarra izan zen, lekeitiarra. Kalean zegoen postontzi hori baten kontra jo zuen.
I.E.: Babes Zibila lasterketa babesten egon zen urte bakarrean izan genituen zauritu dexente. Behin, suziria bota genuen, teilatu-hegal batean jo zuen, teilatu-hegalaren erdia erori eta ia hildakoak eragin zitzakeen. Ez zen ezer larririk gertatu; auto baten gainera erori zen. Eta bidezkoa da aitortzea txupinak Herriko Taldeek uzten dizkigula.
Zuen janzkera nagusia gorria eta zuria da. Hasieratik?
I.E.: Ez. Bakoitza jaietako kuadrila batekoa zen. Hauspoak, Piratak… Egia esan, hainbat kuadrillakoak ginen. Gero, 90eko hamarkadan, zuriz eta gorriz janzten hasi ginen. Denok San Faustinez jantzita ikustea, beldurra eragiten dugu.
J.I.: Egia da. Tabernetara sartu eta bat-batean taberna husten ari dela ohartzen gara. Beti gertatu zaigu. Eta ez dugu ulertzen zergatik.
Eta zuen mozorroak ere oso komentatuak izan dira.
J.I.: Bai. Lehenengo urtean Bee Geesez mozorrotu ginen, bigarrenean Tuna bilakatu ginen. Gauza askotaz mozorrotu gara.
I.E.: Ligatu nahi genuelako hasi zen hau guztia. Eta begira noraino iritsi ginen: 60 mutil izatera iritsi ginen! Denak ligatzeko asmoarekin. Ogeta Bat kuadrillakoak ematen genuen!
J.I.: Hala da. Gogoratzen dut, majorettez mozorrotzeko 75 txano erosi genituela!
Mutilak bai, baina neskak ere izan dira San Faustineko kide.
J.I.: Neskaren bat izan dugu, baina mutil-laguna bota bezain laster utzi egiten gintuzten. Emakumeak gu baino azkarragoak dira eta beste kuadrilla batzuetara joan izan dira. Normala da.
Zertarako sortu zen San Faustin?
I.E.: San Faustin ondo pasatzeko sortu genuen, bai guk eta baita basauriarrek ere. Eta bi aukera zeuden: besteek gugatik lotsa sentiaraztea eta gu jotzea. Eta begira… 40 urtetan ez gaituzte inoiz jo! Hori seinale ona da. Beste bi aukera: edo lotsa sentitu dute edo dibertitu egin dira!
Gogoratzen al duzue kontatu daitekeen anekdotarik?
I.E.: Nik oso oroitzapen ona dut ia txosnak erre genituenekoa. Behin Arizgoitiko plazan jarri zituzten txosnak. Olinpiadetaz mozorrotu ginen eta pebetero olinpiko batekin gindoazen. Txosnetako oihala sutan hasi zen. Erabateko apoteosia izan zen hura. Nahi gabe izan zen, bistan da, baina barregarria izan zen.
Urriko jaiez gain, urtean zehar beste gauza batzuk ere egin dituzue.
J.I.: Bai. Jaiotza Biziduna egin dugu, errege-ezkontzak…
I.E.: Espainiako erregetzaren hiru ezkontza eta ingeles bat egin ditugu. Eta aurten Charles eta Camillaren koroatzea.
A.L.: Charles eta Camillaren koroatzea bikaina izan zen, egia esan. Oso ondo pasatu genuen eta jendeak ondo pasa zezan lortu genuen. Egun biribila izan zen.
Mister Barman eta Miss Barwoman, urrezko arratoia… basauriarrei egiten diezuen errekonozimenduetako batzuk dira.
J.I.: Zuk esandakoez gain, Mister Auzo ere egiten genuen, Urteko basauriarra…
I.E.: Eta horrek guztiak Urrezko Arratoia ekarri zuen. Lehenengo urtean Jon Villapuni eman genion, eta zergatik galdetuko diozue zuen buruari. Komunikabideak eta kazetariak erosi behar direlako!
Eta beste ekitaldi gogoangarrietako bat ibaian behera egin zenutenekoa da.
I.E.: Herri honek bi ibai ditu eta ez zaie kasurik egiten… Hori aldatu nahi genuen eta ibaian behera joateko ideia sortu zen. Are gehiago, kuadrillen jaitsiera ibaira eraman beharko litzateke. Askoz dibertigarriagoa izango zen.
J.I.: Txarrena da ibaian zehar doana ura dela eta ez ardoa! Askoz dibertigarriagoa litzateke! Zerbait txarra izan behar zuen ibaiak.
Nola prestatzen duzue para-leloen programa?
I.E.: Bada irailean biltzen gara eta jaietako egitaraua prestatzen dugu. Nahiko kontu konplexua da, egia esan, gauza asko esaten ditugulako eta inoiz ez ditugulako apuntatzen!
J.I.: Baina aurrera atera dugu beti gure egitaraua ardoa edaten! Ideiak jasotzen ditugu eta gero beratzen uzten ditugu. Eta jaiak iristen direnean, Jaungoikoa etortzen da eta programa egiten digu.
I.E.: Hasieran eskuz egiten genituen lantegi okupazionaletan. Gero idazteko makinekin, eta urteekin teknologia eta gure programak ere hobetzen joan dira!
Eta, zer diozue San Faustinez? Santu txikia pitilin handiarekin.
J.I.: Gure santu eta patroia da! Lehenengo panpina Mendik irabazi zuen tonbola batean Garesko jaietan, Nafarroan. Guztira hiru panpina izan ditugu. San Fausto eta San Ferminen arteko nahasketa da. “Ez Fausto, ez Fermin, San Faustin!” ohikatzen dugu guk.
I.E.: Eta Pistonek ereserki bat egin zigun. Konpositore bikaina.
Lehen esan duzue Herriko Taldeakek entzierrilloetan txupinak uzten dizkizuela.
I.E.: Bai. Bere aldetik keinu ona da eta bidezkoa da hori aitortzea. Urte batean jaien amaiera egin genuela ere aipatu behar dugu. Jai amaiera ofiziala. 1996an izan zela uste dut. Jaien amaiera beti izan da aspergarria, eta El Social sariak banatzen hasi ginen urte hartan. Jaien amaierari zentzu bat ematen saiatu ziren. Aurreko urtean Torbe etorri zen eta hura izan zen erabateko gainbehera. Eta Herriko Taldeaketik esan zuten: ezinezkoa da horiek baino okerrago egitea, eta Antonio Peinadok, gure zale amorratua zenak eskaini egin zigun jai amaieran parte hartzea.
J.I.: Eta oso ondo egin genuen!
Zuek Basauriko jaietan hain mitikoak izanik, ez zarete inoiz pregoilari izan.
I.E.: Behin Herriko Taldeaken bozketa egin zen pregoilariak ateratzen ginen ikusteko. Bi kuadrillek bakarrik eman ziguten aldeko botoa, eta ez dut esango nortzuk izan ziren. Oinezkoen kaleetatik ikusten gaituztenean galde diezagutela jakin nahi dutenek.
Basauriko jaien eredua bakarra da. Zein da eredu honek hainbeste irauteko gakoa?
I.E.: Jendea eta zurrakapotea. Basaurin doan mozkortu daiteke eta hortik aurrera inperio bat eraiki zen. Imajina ezazu lonjarik ez dagoela, hauek beste herri batzuetan antolatzen diren jaiak izango lirateke. Herriko Taldeakek egin zuen onena: lonjak jartzea eta edaria doan ematea (edo borondatearen truke, oso gutxi baita)!
Zer nabarmenduko zenukete sanfaustoetatik?
I.E.: Zurrakapotea, zalatzarik gabe. Hortik eraikitzen da dena, eta doan izatearena oso gutxi ulertzen da munduko beste leku batzuetan. Eta gero nabarmenduko nuke sortzen den adiskidetasun edo batasun sentimendua. Oso herri gutxitan sentiarazten dituzte kanpotarrak gaizki: hemen edo kuadrilla batekoa zara edo ezin duzu parte hartu. Eta hori bakarra da.
☉ Basauri
Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu
Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.
Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).
Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria
Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.
Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.
☉ Basauri
Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak
Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.
Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.
Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.
“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.
Herritarren parte-hartzea
Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.
“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.
Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga
Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.
Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.
Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.












