☉ Basauri
‘Zu eta ni, lanean elkarrekin’ eTwinning proiektuaren bigarren topaketa, Donibane Lohitzunen
Euskarazko lehenengo eTwinning proiektuaren bigarren topaketa egin dute maiatzean Urbi Institutuko ikasleek Donibane Lohitzunen.

2018-19 ikasturtean Basauriko Urbi institutua Nafarroako Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolarekin eta Iparraldeko Donibane Lohitzuneko Maurice Ravel eta Baigorriko Jean Pujo eskolekin ‘ZU ETA NI, LANEAN ELKARREKIN’ eTwinning proiektua garatzen ari da. Basauritarrak egiten ari diren proiektu hau bada Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Iparralde eta Hegoalderen artean egiten den lehenengo proiektua euskaraz.
Maiatzaren 16an Donibane Lohitzunen gauzatu zen proiektuaren bigarren topaketa (lehenengo topaketa Basaurin izan zen otsailaren 14an). Urbi ikastetxeko ikasleek zein irakasleek Hendaiako Abbadia gaztelua bisitatu ostean, bere proiektu-kideekin batera Maurice Ravel ikastetxea ezagutu zuten. Gymkhana modukoa ere egin zuten Donibane Lohitzuneko lekurik garrantzitsuenak aztertuz. “Lan kolaboratibo eta kooperatiboa bermatzeko modurik errezena dira eTwinning proiektuak”, diote irakasle arduradunek.
Urbi eta Donibane Lohitzunekoak euskaraz aritu izan ziren euskalkien desberdintasuneei erreparatu gabe. “Dudarik gabe, elkarrekin lan egitea eta elkar bizitatzea modurik onena izan da euskararen erabilera sustatu eta ziurtatzeko”, diote.
eTwinning 686.969 irakaslez, 194.898 ikastetxez eta 90.145 proiektuz osatutako Europar Batasunak duen hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolerako programaren atala da. Bere helburua bada eTwinning-en parte hartzen duten herrietako irakasle-ikasleen arteko ideiak trukatzea, lankidetza sustatzea eta harremanak erraztea, IKTen (Informazioa eta Komunikazioaren Teknologien) laguntzarekin.
Honezkero Urbi BHIk baditu 3 eTwinning proiektu martxan: BIS (Beauty is Subjective) Italiako Milan eta Belgikarekin; Interroga mulieres Alemaniako Fulda eta Italiako Sarnorekin, eta euskararen erabilera indartu eta hobetzeko eta, harrigarria bada ere, euskaraz Iparralde eta Hegoaldearekin lehenengo aldiz egiten den Zu eta ni, lanean elkarrekin Nafarrako Atarrabia, Donibane Lohitzun eta Baigorrirekin egiten ari diren hau.
☉ Basauri
800 metro karratuko baso autoktonoa sortu dute Basaurin, nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzeko
Fruta-arbolak, usain-belarrak eta basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak ditu Iruaretxetako baso autoktonoak. Abendura bitarte lau tailer antolatu dituzte

Baso autoktono jasangarria sortu dute Basaurin, Iruaretxetan. Guztira 800 metro karratuko azalera du basoak eta Udala aitzindaria izan da administrazio publikoen artean horrelako proiektu bat aurrera eramaten.
Basoak arbola, zuhaixka eta belar espezie ugari ditu: intxaurrondoak, arteak, haltzak, intsusak, artelatzak, haritzak, pinuak, hurritzak, pagoak eta abar landatu dituzte, eta, horiekin batera, sagarrondoak, madariondoak, aranondoak, limoiondoak eta laranjondoak; izpilikua eta erromeroa; eta marrubiak, ahabiak eta mugurdiak bezalako basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak landatu dituzte bertan. Gainera, txorientzako eta saguzarrentzako etxolak ere jarri dituzte.
“Baso jangarri sintropikoak dira basoko ekosistema naturalen egitura eta funtzioak imitatzeko diseinatutako nekazaritza- eta baso-sistemak. Ekoizpen, erresilientzia eta birsortze-gaitasun handia dute, eta, batez ere, gizakiontzat jangarriak era erabilgarriak diren espezieak hartzen dituzte. Ekologia eta elikadura-subiranotasuna uztartzen dituen nekazaritza birsortzaile eta jasangarri mota bat dira”, esan du Irene Garcia Basauriko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak.
Zentzu horretan, horrelako basoek “onura asko” dituztela adierazi du Garciak: “Leheneratze ekologikoa sustatzen dute, biodibertsitatea eta lurzoruaren osasuna hobetzen dute, klima-aldaketaren eraginak arintzen dituzte, karbonoa atzitzen dute, eta, finean, mikroklima ontzen dute”.
Baso autoktonoa herritarrek bozkatu zuten 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan, eta Udalak 2025ean zehar gauzatu behar zuen, “berdeguneak handitzeko”.
Tailerrak baso autoktonoan
Proiektuak nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzea eta horien zabalkundea egitea aurreikusten du, eta, horretarako, lau tailer antolatu ditu Udalak irailetik abendura bitartean, hilean bat.
Tailerren helburuak honakoak dira: herritarrak baso-kontzeptu horretara hurbiltzea lurzoruaren kudeaketa ekologikoaren alorreko oinarrizko teknikak aplikatuta (inausketa, konpostatzea eta landatzea); biodibertsitatea, erresilientzia eta tokiko elikadura bultzatzea, eta auzolana eta jakintza agroekologikoa sustatzea.
Irailaren 27an izango da lehen tailerra eta hizpide izango dute ‘Baso jasangarriak: hastapenak eta oinarrizko diseinua’. Hurrengoa, urriaren 25ean izango da: ‘Konpostatze ekologikoa eta zoru bizia zaintzea’. Hirugarren tailerra izango da ‘Inausketa, biomasa erabiltzea eta mulch bizia’ eta azaroaren 15ean antolatuko dute. Eta azkenik, abenduaren 13an ‘Udazkenean landatzekoak eta negurako prestaketa-lanak’ tailerra eskainiko dute.
Tailerretan izena eman nahi dutenek mezu elektronikoa bidali behar dute jurgivuriarte@hotmail.com helbidera. Udaletik zehaztu dutenez, 15 plaza baino ez dituzte eskainiko.
☉ Basauri
Amaia Bonachera basauriarraren kartelak iragarriko ditu 2025eko San Fausto jaiak

Basauriko jaietarako atzera kontaketa hasi da. Urriaren 11n, larunbatez, hasiko dira sanfaustoak eta jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute gaur.
Sari nagusia Basaurin geratu da eta irabazlea Amaia Bonachera izan da. Basauriarrak 1.500 euro jaso ditu, ‘San Fausto zeruan’ izeneko lanagatik.
Tokiko mailan, Iñaki Zorriketa basauriarraren kartelari eman diote saria. Zorriketak ‘Bere alde ona’ izena jarri dio bere lanari eta 300 euroko saria jaso du.
Eta, Gazte eta Txiki kategorietan irabazle izan dira Unai Fernandez eta Asier Ortiz.
Zoroak kuadrillak herriko saltokietan erabiltzeko 50 euroko bonua eman dio Asierri, Txiki kategoriako irabazleari.
Unaik, Gazte kategoriako irabazleak 100 euroko bonua jaso du.
☉ Basauri
San Fausto plazako obrak azaroa bukaeran amaituko dituzte, Basaurin
Hainbat arrazoiengatik atzeratu da plaza irekitzeko momentua. Basauriko Udalak arrazoi horien berri eman du

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Aurtengo udaberrirako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen iaz Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.
Jaietan erabiliezin
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere —iaz ere ezin izan zen erabili— ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
☉ Basauri
San Fausto plaza ez da Basauriko jaietarako bukatuta egongo
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
Azarorako bukatuta
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Obrak iazko maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean erdi bukatuta egongo zela eta ordurako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.
☉ Basauri
Euskal Herriko folklorearen plaza bihurtuko da Basauri asteburuan Dantza Agerketari esker
Mendexako dantza taldea, Tolosako Udaberri, Gasteizko Indarra, Zuberoako Atharratzeko Dantzariak eta lehen aldiz Murchanteko herritarrek parte hartuko dute Basauriko 53. Euskal Herriko Dantza Agerketan

Euskal folkloreak eta dantza tradizionalek lekua izango dute asteburu honetan Basaurin. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Dantza Agerketa izango da irailaren 19tik 21era bitartean.
Aurtengoa 53. edizioa da eta honako taldeek hartuko dute parte: Mendexako dantza taldea (Bizkaia), Tolosako Udaberri (Gipuzkoa), Gasteizko Indarra (Araba), Atharratzeko Dantzariak (Zuberoa) eta Murchanteko herritarrak (Nafarroa).
“Aurten aipatzekoa da Nafarroako Erriberako Murchanteko herritarrek ‘paloteoa’ ekarriko dutela lehen aldiz Basaurira. Urteak daramatzate herriko plazan ‘paloteoa’ egiten abuztuaren 15ean, San Roke patroiaren bezperan”, diote antolatzaileek.
Ekitaldi nagusia irailaren 20an, larunbatez, izango da, baina asteburu osoan zehar dantza plaza bihurtuko da Basauri: irailarne 19an, ostiralez, haurrentzako tailerrak, erromeria herrikoia eta Basauri Kantari izango dira, eta irailaren 21ean, igandez, Basauriko hiru dantza taldeek (Agintzari, Basauritar eta Edurre) emanaldia eskainiko dute.
Egitaraua | Euskal Herriko LIII. Dantza Agerketa
Irailak 19, ostirala
18:30 Haurrentzako tailerrak Solobarriako karpan: erraldoiak, txapak, marrazkiak margotzea, musika tresnak egitea… Gainera, buruko zapiak jartzeko tailerra ere izango da nagusientzat
18:30 Txorizo dastaketa sagardoarekin
19:00 Erromeria herrikoia Solobarriako karpan
20:30 Basauri Kantari Solobarria plazatik
Irailak 20, larunbata
18:00 Gonbidatutako taldeen kalejira Social Antzokitik
19:00 Euskal Herriko LIII. Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean. Euria bada, Social Antzokian
Irailak 21, igandea
19:00 Basauriko dantza taldeen emanaldia Bizkotxalden: Agintzari, Basauritar eta Edurre. Euria bada, Social Antzokian