☉ Basauri
Hutsik dauden etxebizitzei % 150eko errekargua aplikatuko diete Basaurin 2026an
Etxebizitza eskasiari aurre egiteko neurria da. Bestetik, % 99ko hobaria aplikatuko diete euren etxebizitza Bizigune edo ASAP programetan atxikitzen dutenei

Basauriko udal gobernu taldeak 2026rako ordenantza fiskalen bere proposamena aurkeztu dio oposizioari, eta urriaren 15era arte dute orain zuzenketak aurkezteko.
Besteak beste, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko neurri berriak jaso dituzte proposamenean. Adibidez, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) % 99ko hobaria aplikatuko diete euren etxebizitza Bizigune edo ASAP programeta publikoetan atxikitzen dutenei.
“Neurri hau berritasuna izango da 2026an, eta kenkari-ehuneko hori udalek ezar dezaketen zerga-onurarik handiena da”, dio Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak.
Gainera, beste neurri bat proposatu du gobernu taldeak: hutsik dauden etxebizitzei % 150eko errekargua aplikatzea OHZn.
Gaur egun % 50eko errekargua aplikatzen die Basauriko Udalak hutsik dauden etxebizitzei, baina errekargu hori % 100ean handitzea proposatu dute: “Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki zuenean udalek % 50erainoko errekargua ezartzen ahal zietela OHZn hutsik zeuden etxebizitzei, erabaki genuen maximo hori aplikatzea, eta orain sabaia % 150era igo denez, berriro ere erabaki dugu foru-araudiak baimentzen digun maximora igotzea, hobariaren kasuan bezala”, dio Montesek.
“Basauri aitzindari izango da etxebizitza eskasiari aurre egiteko neurri ausart eta beharrezkoak hartzen ari diren udalen artean”, gaineratu du Montesek.
Neurri hauek bat datoz Udalak etxebizitzaren inguruan egin duen diagnostikoarekin. “Udalak Etxebizitzaren Diagnostiko Azterlana egin du eta neurri espezifikoen plan bat egingo dugunez —udalerria Bizitegi Eremu Tentsionatu izendatzeko ezinbesteko dokumentua—, aldaketa hauen helburua da prozesua bizkortzea eta etxebizitza huts gehiago ateratzea alokairuaren merkatura”, dio zinegotziak.
Igoerak zabor-tasan
Aurten gertatu bezala, 2026an ere zabor-tasa herritarrek beren gain ordaindu behar dute zerbitzuaren kostu osoa, Europako legedia jarraituz.
“Horren arabera, herritar bakoitzak sortzen duenaren arabera ordaintzea da asmoa, hondakin gutxiago sortzeko eta birziklapena eta berrerabilera handitzeko”, dio Montesek.
Datorren urteari begira, etxebizitza bakoitzak 19,80 euro ordainduko ditu hiru hilean behin (hilero 6,6 euro). “Era berean, kopuru aldakor bat aplikatuko da, familia bakoitzak hondakin organikoen edukiontzira botatakoaren arabera”, dio.
Edukiontzi marroia hiru hilean 24-39 aldiz irekitzen den bakoitzean (astean gutxienez bi aldiz eta gehienez hiru aldiz, elkarren segidakoak ez diren egunetan), herritarrak 1,88 euro gehiago ordainduko du tasa hiru hilean behin, “orain ordaintzen diren 26 eurotik 27,88 eurora”. “Kopuru hori kalkulatu da gehituta etxebizitza bakoitzeko 19,80 euroko kostu finkoari 8,08 euroko kostu aldakorra, sortutako hondakinen arabera”, dio Montesek.
Kontran, edukiontzi marroia ezarritakoa baino gehiago edo gutxiago erabiltzen dutenek 38,65 euro ordainduko dituzte hiru hilean behin: 19,80 euroko kostu finkoa eta 18,85 euroko kostu aldakorra.
“Momentuz organikoen edukiontzia soilik hartuko dugu kontuan, gaur gaurkoz txartel adimendua duen bakarra delako, eta horrela badakigu herritar bakoitzak zenbat aldiz irekitzen duen edukiontzia. Sistema bera ezartzean errefusaren eta paperaren, beiraren ontzien edukiontzietan, kalkuluaren formula egokituko dugu egoera berrira”, azaldu du Montesek.
Herritarrei laguntzeko hondakin-kudeaketaren eredu berrira egokitzen, gobernu taldeak proposatu du kuota murriztua aplikatzea hiru hileko batez etxebizitza guztiei, ezarritako helburuak bete ala ez. “Horrela, familia batzuek irekitzeko jarraibideak behar bezala ez betetzeko aukera despenalizatzen dugu, bai egokitzepen-fasean, bai herritarrak euren borondatez etxebizitzatik kanpo dauden aldietan. Horrela planteatu ezean, kuota ez-murriztua ordaindu beharko lukete”, adierazi du zinegotziak.
% 2,2ko igoera
Gainerako zergei eta tasei dagokienez, gobernu taldeak proposatu du % 2,2 igotzea kontuan hartuta apirileko urte arteko KPIa.
“Aldi berean, mantenduko dira kolektibo behartsuentzako eta ikasleentzako hobariak. Langabetuentzako, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen dutenentzako eta ikasleentzako hobariak eta deskontuak aplikatzen jarraituko dira hainbat erakundetako tasa eta prezio publikoetan, hala nola, Kultur Etxea, Basauri Kirolak edota Euskategia”, dio Montesek.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) % 90eko hobariak ere mantenduko dizkiete kotizazio gabeko pentsioak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzeagatik kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei. Familia ugariei ere bai, beren ahalmen ekonomikoaren arabera; hobari horiek % 50etik % 90era bitartekoak izango dira.
☉ Basauri
Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu
Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.
Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).
Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria
Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.
Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.
☉ Basauri
Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak
Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.
Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.
Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.
“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.
Herritarren parte-hartzea
Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.
“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.
Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga
Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.
Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.
Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.








