Sareak

☉ Arrigorriaga

Etxean geratzeko aitzakiarik ez Gabonetan

|

basauri pin 2014

Basaurin hasi da dagoeneko Gabonaldia, eta Arrigorriagan eta Etxebarrin ere prest dituzte Eguberrietako egitarauak. Umeentzako Gabonetako Parkeak, Olentzerok eta Errege Magoek osotzen dituzte programak.

Abenduaren 12az geroztik martxan da Gabonaldia programa Basaurin. Urtarrilaren 6ra bitarte, Olentzero eta Errege Magoen kalejira, tailerrak, ludotekak, antzerkia eta kirol jarduerak izango dira, Udalak, Social Antzokiak, Kultur Etxeek eta Basauri Kirolakek antolatuta, Herriko Taldeak, Mikelats eta Merkatarien Elkartearekin elkarlanean.

Musikak ere izango du tarterik Gabonetan: abenduaren 19an euskarazko karaokea egingo da Basozelaiko Gizarte Etxean 17:30etik aurrera; hilaren 21ean 18:00etan Oihan Vega DJa etorriko da Social Antzokira eta 30ean Mikelatsek diskofesta –txokolatada barne- antolatu du San Migelgo frontoian. Horrez gain, abenduaren 23an 17:30ean Musika Eskolako ikasle eta irakasleek Basauriko kaleak alaituko dituzte gabon kantekin: Solobarria plazatik abiatuko dira eta Benta, Arizgoiti eta Eskolan bertan geldiuneak egingo dituzte.

Abenduaren 20an Artunduagako eta Urbiko Kiroldegiek helduentzako indoor zikloa prestatu dute 10:30etatik 12:00etara eta urtarrilaren 3an, 17:00etatik 19:00etara bitartean kiroldegi hauetako igerilekuek puzgarriak jarriko dituzte. San Migelen ere puzgarriak ipiniko dituzte frontoian urtarrilaren 2an, baita minigolf pista bat ere; 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo dira zabalik.

Arrigorriagako Udaleko Kultura Arloak ere programa zabala prestatu du Gabonetarako, abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra luzatuko dena. Hilaren 21ean, 17:30etik 20:00etara ‘Olentzeroren postaria’ udaletxeko plazan egongo da. Bertan, Aritz Berri dantza taldea izango da, gaztainak banatuko dira eta Mari Domingik Arrigorriagako haurren gutunak jasoko ditu Olentzerori emateko. Hilaren 29an umeentzako jarduerak antolatu dituzte, tartean, Gabonetako xake-txapelketa, bai Abusun bai herrigunean. Era berean, Gazteguneak eta Gaztetxokoak ere Gabonetako festak ospatuko dituzte abenduaren 19an.

60 ekintza baino gehiago biltzen ditu, bestalde, Etxebarriko Udalak eta herriko elkarteek antolatu duten egitarauak: Abenduaren 26an, 27an eta 28an Gabonetako Haur Parkea irekiko da frontoian simulatzaile birtualekin, scalextric-arekin eta puzgarriekin, eta txikienek haur antzerkia, tailerrak eta ipuin kontalariak izango dituzte. Kirolari dagokionez, erakustaldiak eta txapelketak jokatuko dira: eskubaloia, futbola, judoa, taekwondoa edo igeriketa sinkronizatua.

Horrez gain, janari bilketa egingo da eta Olentzeroren eta Mari Dominigiren zapiak salgai jarriko dira Etxebarriko hainbat lekutan, bildutako dirua eta janaria Saharako umeei bidaliko zaie.

UMEENTZAKO GABONETAKO PARKEAK

Basauriko Gabon Parkeak abenduaren 19an, arratsaldez, irekiko ditu ateak eta urtarrilaren 6ra arte mantenduko da zabalik: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, hilaren 24an eta 31an izan ezik, egun horietan goizez bakarrik egongo baita irekita. Adinaren arabera banatuko dira jolasak, tailerrak eta puzgarriak. Gainera, game gune bat ere prestatu dute. Karpatik kanpo motordun ibilgailuentzako zirkuitu bat egongo da, baita bide-segurtasun heziketa eta multiabentura jolasak ere.

Arrigorriagako Gabonetako Parkea abenduaren 26an eta 27an egongo da zabalik 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era, Udal Kiroldegiko lehenengo solairuko areto handian. Sarrerak 2 euro balioko du. Abusu auzoan, berriz, abenduaren 23an eta 26an zabalduko ditu ateak Umeentzako Gabonetako Parkeak.

OLENTZEROREN HITZORDUAK

Abenduko azken egunekin batera Olentzero etorriko da bisitan gure herrietako kaleetara eta auzoetara. Hilaren 24an, 11:00etatik 13:30era Basauriko Arizgoiti plazan izango da Olentzero aurten jaio diren umeei harrera egiteko eta 16:30etik aurrera kalejira egingo du herriko kaleetan barrena. San Migelera helduko da 12:00etan, Hernan Cortes plazara. Era berean, txu-txu tren bat auzoan bueltaka ibiliko da.

Arrigorriagara, ostera, egun bat lehenago iritsiko da Olentzero. Abenduaren 23an 09:00etatik 12:30ak arte herriko eskolako umeekin izango da eta 24an Arandia egoitzan 11:00etatik 13:00etara. 17:00etan, txistulariak haren bila irtengo dira eta herriko kaleetan barrena ibiliko dira musika eta dantzak lagun dituztela. Abusura hilaren 24an etorriko da Olentzero. Azkenik, Etxebarrira hilaren 24an iritsiko da, 11:00ak aldera, eta 17:30ean San Antonio auzoko parrokian izango da.

ERREGE MAGOAK ETA EPIFANIA

Urtarrilaren 2an 18:30ean Erregeen Postaria Basauriko Arizgoiti plazara helduko da umeen gutunak jasotzera. Hilaren 5ean, berriz, Errege Magoak Social Antzokira iritsiko dira eta bertan egingo diete harrera herriko haurrei 11:00etatik 13:30ak arte. 18:00etan kabalgata egingo dute herriko kaleetan barrena.

Arrigorriagan Erregeen Postaria abenduaren 28an izango da 12:00etatik 14:00etara. Herriko Merkatarien Elkarteak haurrentzako jarduerak antolatuko ditu egun horretan. Urtarrilaren 5ean Epifaniaren antzezpenaren 42. Edizioa egingo dute udaletxeko plazan 19:00etatik 21:00etara eta hilaren 6an Errege Magoek eta haien pajeek Arandia egoitza bisitatuko dute 10:00etatik 12:00etara.

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Euriak ez ditu Arrigorriagako herri-inauteriak geldiarazi

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute

|

Plaza, jendez lepo // Geuria

Gaur goizean inauteriak girotzen hasi dira eta arrastirako bero-bero egon da giroa herrigunean. Elkarretaratzearen ostean (eta iragarritakoa baino zertxobait lehenago), kalejira hasi dute Odolemaileen plazatik. Bertatik Urgoiti pasealekura igaro dira eta artez artez udaletxeko plazara heldu dira.

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute. Bertan izan gara!

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako udal ordezkariak Lanbarketako auzotarrekin elkartu dira irisgarritasun arazoak hobetzeko

“Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”, azaldu dute Udaletik

|

Lanbarketa auzoa // Gmaps

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta David Cidre Auzoetako eta Hirigintzako zinegotzia Lanbarketako bizilagunekin elkartu dira Arrigorriagako auzoko irisgarritasun arazoei irtenbidea bilatzeko eta bertako aparkalekua hobetzeko. Topaketa hau Udalak auzoen bizi-kalitatea hobetzeko duen estrategiaren parte da

“Lanbarketako auzotarren bertaratze handia egon zen; guztion artean auzoak irisgarritasunari eta aparkalekuari dagokionez eskaintzen dituen aukerak eztabaidatu eta zirriborratu genituen”, azaldu du Cidrek.

Auzotarrekin izandako bileraren ondoren, Udalak konpromiso zehatza hartu du: “Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Greba egun berria deitu dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek otsailaren 18an, egungo lan baldintzak salatzeko

Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko

|

Langileak, Arrigorriagako udaletxe ondoan // Geuria

Domus VI Taldeak kudeatzen duen Arandia adinekoen egoitzako langileek greba egun berri bat egin zuten atzo, otsailaren 12an, ELA sindikatuak deituta.

Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko eta gogorarazi zuten “profesionaltasunez, arduraz eta konpromisoz” lan egiten dihardutela, gaur egun dituzten lan-baldintzak kontuan izanik. Aldarrikapenak egin ostean mobilizazioa egin dute herrian zehar.

Azken greba egunak, hiru hain zuzen ere, iazko abenduan egin zituzten. “Errebindikazioa argia eta legitimoa da: zaintzen dituztenak zaindu behar dira, lan-osasuna ezin baita alde batera utzi”, azaldu dute ELAtik. Langileen arabera, “enpresak ez ditu inolako konponbiderik eskaini langileen etengabeko salaketa eta ohartarazpenen aurrean”, eta otsailaren 18an greba egingo dutela iragarri dute.

ELAko bozeramaileen arabera, egoitzako langileek hainbat arazo bizi dituzte gaur egun. Horietako bat iazko otsailaren 3an martxan ipini zuten arrisku psikosozialen ebaluazioa da: “Lehen fasearen emaitzek lanaren ondoriozko gehiegizko lan-kargak eta osasun-arazoak antzeman ondoren, prozesua hilabetez luzatu zen, neurri zuzentzailerik hartu gabe”, azaldu dute sindikatuko bozeramaileek.

Adineko herritarrak, Arrigorriagan // Geuria

2025. urtearen amaieran, enpresak bukatutzat eman zuen ebaluazioa, eta 2026ko urtarrilaren erdialdean ebazpena eskuragarri egongo zela iragarri zuen. “Gaur egun, 2026ko urtarrilaren 28an, plantillak ebazpen hori jaso gabe jarraitzen du, beraz, lan-kargak zuzendu gabe eta prebentzio-neurririk aplikatu gabe jarraitzen dute”.

Beste arazo bat langileen nominak dira ELAren arabera. “Joan den urtarrilaren 1eko eta iazko abenduaren 25eko jaiegun bereziak gaizki ordainduta edo zuzenean ordaindu gabe agertzen dira. Jaiegun arruntak ez ditugu kobratzen, bi nominaren sistemak nahasmena, segurtasunik eza eta gardentasunik eza eragiten ditu, horietako bat hurrengo hilean ordaintzen baita, nahiz eta aurreko hilabeteari dagokion.

Hori dela eta, emakume langileek itxaron egin behar dute akatsak detektatu eta erreklamatu ahal izateko. Lan taldeak nomina argiak, ulergarriak eta irakurgarriak eskatzen ditu, kobratutakoa behar bezala egiaztatu ahal izateko”.

Sindikatuaren arabera, langileek ez dute enpresarekin gatazkarik izan nahi: “Baldintza duin, seguru eta osasungarrietan lan egitea ahalbidetuko duten neurri zehatzak nahi dituzte”, argitu dute.

Sinadura bilketa, martxan

Egoerari konponbide bat emateko ahaleginetan, langileek sinadura bilketa bat hasi dute eskaera birekin: alde batetik, erizaintzako arreta eguneko 24 orduetan eskatzen dute. 24 orduetan kontratazioa hobetzea, gerokultore-, gaueko zeladore- eta garbiketa-ekipoen zuzkidura nahikoa, egonkorra eta iraunkorra bermatuz, gainkarga eta lan-karga murrizteko, lan-baldintzak hobetzeko eta egoiliarrei arreta duina eta kalitatezkoa bermatzeko.

Bestalde, jaiegunen ordainketa zuzena eskatzen dute ere, bai egun bereziak, bai ordinarioak. “Nominak argi eta garbi ulertu behar dira, kobratutako dirua modu gardenean egiaztatu ahal izateko”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Sukaldaritza osasungarria egiteko tailerra antolatu dute Arrigorriagako Abusu auzoan

|

Menu bat // Geuria

Sukaldaritza osasungarria eta errezeta bereziak egiteko tailerra antolatu dute Abusu auzoan 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta, martxoaren 3an, 10ean, 17an eta 24an.

Arrigorriagako Osasun Forotik jaio den tailerra da honako hau eta errezeta errazak eta orekatuak prestatzeko gakoak eskainiko ditu, elikadurak osasunean duen zuzeneko eragina oinarri hartuta.

Tailerra Abusuko Zentro Soziokulturalean antolatu dute 15:30etik 17:30ra. Prezioa 10 eurokoa da (hobariak daude) eta 12koa herrian erroldatuta ez daudenentzat. Ordainketa kreditu txartelarekin egin behar da. “Prezioak ez ditu errezetak egiteko behar diren osagaiak barne hartzen”, zehaztu dute Udaletik.

Edukiera mugatua izango da. Izen emateak egiteko eta informazio gehiago jasotzeko idatzi abusu@arrigorriaga.eus helbide elektronikora.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

David Cidre: «Arrigorriagan lurpeko aparkalekua eraikiko bagenu Bilboko Zabalgunean izaten ari diren bezalako lanak izango genituzke herrian»

David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du GEURIAk EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertzeko proposamenaren haritik

|

Arrigorriagako udaletxea eta aurrean, plaza // Geuria

Arrigorriagako EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertu dezan eskatu dio Udal Gobernuari.

Jeltzaleen arabera, Arrigorriagako herrigunean aparkalekurik ez egotea “eguneroko mugikortasunerako sarbideari eragiten dion egiturazko arazoa” da. Horren haritik, eta EAJko ordezkarien arabera, “hainbat proposamen” egin dizkiote udal gobernuari aparkalekuak eremu jakin batean eraikitzeko eta “gobernu taldearen erantzunik eta onarpenik ez dutela izan” adierazi dute.

Horren haritik, GEURIAk David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du: “Udalerri askotan bezalaxe, Arrigorriagan autoa aparkatzea zaila da”, aitortu du Cidrek. “Auto asko daude udalerrian eta leku gutxi daude. Hala ere, esan beharrekoa da egoera ez dela larria ere”.

“Bere garaian txandakako aparkaleku bat sortzeko proposamena egin zuen EAJk”, azaldu du Cidrek. “Txandakako aparkaleku horiek batez ere kanpotik datozen pertsonei zuzenduta daude. Udalerrian autoa ordu pare batez uzteko aukera ematen dute baina gero bertatik kendu behar da ibilgailua”.

Udalak, txandakako aparkaleku hura eraikitzeko proposamena aztertu ostean atzera bota zuen: “Gaur egun Arrigorriagan aparkatzea zaila bada, era horretako aparkaleku bat ipiniko bagenu lekua kenduko genieke arrigorriagarrei”.

Gaur egun hiru txandakako aparkaleku daude Galdakaon (anbulatorioa, udaletxean eta Lapurdi kalean), bakarra Basaurin (anbulatorioaren ondoan) eta Ugaon (Gernikako plazaren inguruetan).

Lapurdi kaleko aparkalekua, Galdakaon // Geuria

Eta lur azpian?

Joan den otsailaren 9an aurkeztutako mozioari dagokionez, alderdi jeltzaleko bozeramaileen arabera, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan hasiko dituzten obrekin bat etorriko lirateke eraiki gura duten lur azpiko aparkalekuaren balizko sorrera: “Aurkeztutako proposamenak ez du behartzen inolako obrarik egitera, baizik eta soilik datuekin eta zorroztasunarekin aztertzera ea jarduera hori positiboa eta bideragarria izango litzatekeen udalerriarentzat”.

Oposizioko ordezkariek azpimarratu dute aukera hori “seriotasunez aztertzeko unea” dela: “Bestela, posible da Arrigorriagak aukera paregabea galtzea hamarkadetan”.

Oposizioak aurkeztutako mozioa aztertu beharko du udal gobernuak, baina hala ere, David Cidre zinegotziak azaldu du, bulego teknikoarekin berba egin ostean, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan egin beharreko obra horiek eta EAJtik proposatu duten lur azpiko aparkalekuaren obren egitasmoa ez direla bateragarriak: “Etxebizitza batzuk eraiki gura dituzte eraikin horietan baina oraindik ez dago datarik ezta informazio zehatzik”.

David Cidre: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”

Udaletxe aurreko plazaren azpian aparkaleku bat jarri beharko balitz, egin beharreko lanak “erraldoiak” izango liratekela azaldu dio David Cidrek GEURIAri: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”.

Bada, egin beharreko obra Bilboko Zabalguneko plazan egiten ari diren lanekin alderatu du Cidrek: “Antzekoa litzateke. Egun osoan zehar zarata egingo lukeen makina zulatzaile erraldoi bat jarri beharko litzateke bertan”.

Gaur egun auto gutxi batzuentzako aparkalekuak daude udaletxeko azpiko garajean. Bertan udaltzaingoaren eta udal brigadako langileen ibilgailuak gordetzen dituzte. Guztira dozena erdi autorentzako lekua dagoela zehaztu du Auzoak eta Hirigintza zinegotziak. “Plaza azpian aparkaleku bat eraikitzeko une aproposena udaletxe berria egin zutenean izan zen, gaur egungo garajea handitzeko lan handiak egin beharko liratekeelako”.

Irisgarritasun plana, abian

Bestetik, aparkalekuaren arazoari irtenbidea emateko, Arrigorriagako Udala Irisgarritasun Plana garatzen ari da aspaldi, eta hurrengo hilabeteetan aurkezteko asmoa dutela aurreratu du Cidrek.

Plan horrek Arrigorriagako irisgarritasunaren gaur egungo “argazkia” eskainiko luke, besteak beste, ibilgailuak aparkatzeko arazoari aurre egin ahal izateko.

Autoak, Ollargan auzoan, berrurbanizazio lanak egin baino lehen // Geuria

Aparkalekuak Abusun

Arrigorriagako Udalak Ollargan auzoan egindako berrurbanizazio lanek aparkalekuekin zegoen arazoa arindu arren, ez du Abusuko egoera guztiz konpondu. Izan ere, Bilboko Udalak TAO sistema ezarri zuenetik, La Peña auzoko gidari askok Arrigorriagako Abusu auzoan aparkatzen dituzte beren ibilgailuak, aparkatzeagatik ez ordaintzeko. Ondorioz, auzotarrek dohako aparkaleku gutxiago dituzte autoak aparkatzeko.

Osorik irakurri