Sareak

☉ Etxebarri

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua egingo dute aurten Etxebarrin

Etxebarriko Udalak 150.000 euro bideratuko ditu, partaidetza-prozesu baten bidez, herritarrek zehazteko zein esku-hartzeri eman lehentasuna

|

Aurrekontu parte-hartzaileak sustatu nahi ditu aurten Etxebarriko Udalak // Argazkia: Kaitlyn Baker, Unsplash

Etxebarriko Udalak 2024ko kontuen itxiera egin zuen maiatzean du eta 544.873 euroko superabita izan du: iaz 16,1 milioi euroko diru-sarrerak zenbatu dituzte eta gastuak 15,6 milioi izan dira.

Gauzak horrela, superabit hori aurreko urteetako gerakinera gehitu du Udalak.

Guztira 6,4 milioi euroko diruzaintzako gerakina du Udalak. Eta zenbateko horretatik 4,5 milioi dagoeneko “konprometituta” dagoela zehaztu dute udal ordezkariek.

Besteak beste, liburutegi berriaren obra Euskaltzaleak plazan eraikitzekoSan Esteban eta Barrondo kaleak berrurbanizatzekobidegorria Aldundikaren bizikleta-pistarekin lotzeko, futbol zelaian galdara berria jartzeko eta Mirador proiektuan etxebizitzak erosteko eta alokairura bideratzeko.

Gauzak horrela, Udalak 1,9 milioi eurokoa da Udalak erabilgarri izango duen gerakina.

“Erabilgarri dagoen soberakin horrekin 2025erako erronka eta konpromiso berriei aurre egin behar zaie”, esan zuen Iker Lopez alkateak.

Erronka eta konpromiso berri horiek dira: San Antonio 8-20 berrurbanizatzea, futbol zelaiko instalazioak eraberritzeko 0 fasea martxan jartzea eta aldagailu inklusiboa eta komun publikoa L1 eta L2 metroaren inguruan​ eraikitzea. Proiektu hauek epe ertainera eta luzera begirakoak dira.

Gainera, berrikuntza bezala, aurrekontu parte-hartzaileak sustatu nahi ditu aurten Etxebarriko Udalak.

“Askoz gehiago dira Etxebarriko pertsona eta kolektiboen eskaerak eta beharrak, eta, horregatik, 150.000 euro inguruko kopurua bideratu nahi dugu, partaidetza-prozesu baten bidez, herritarrek esku-hartzeen artean lehentasuna zeini eman beharko litzaiokeen zehaztu dezaten”, dio Lopezek.

☉ Etxebarri

Goma gaineko Bizkaiko txapelketa jokatuko da Etxebarrin azaroaren 29an

|

Azaoaren 29an izango da txapelketa frontoian // Argazkia: Turismo Euskadi

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira txapelketa jokatuko da azaroaren 29an Etxebarrin.

Frontoian izango da 18:30ean eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak lehiatuko dira.

Abadiño, Gaztedi, Goiherri eta Forua taldeak dira lehiatuko direnak, 8×8 mistoa 580 kiloko kategorian.

Herri Kirol Federazioak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte Etxebarrin eta aldi baterako murrizketak iragarri ditu Udalak

Lehen fasean etorbideko zenbaki bikoitien aparkalekuak desgaitu dituzte eta bigarren fase batean zenbaki bakoitietan egingo dituzte obrak

|

San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte // Etxebarriko Udala

Etxebarriko San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea guztiz eraldatzeko eta herritarrentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko lanetan murgilduta dabil Udala.

Birmoldaketa horri esker aparkaleku-sistema berrantolatuko dute —bateriatik lineara—, aparkaleku berriak jarriko dituzte, espaloiak zabalduko dituzte eta eliza ondoko autobus geltokiaren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuko dute.

Obrak udan hasi zituen Ansareo enpresak eta dagoeneko Barrondo kalean egin behar zituzten lanak amaitu dituzte. Eta, behin lan horiek bukatuta, San Esteban etorbidean esku hartzen hasi dira aste honetan.

Lan berri hauek faseka burutuko dituzte. Hasteko, San Esteban etorbideko zenbaki bikoitietan jardungo dute eta, hortaz, bertako aparkalekuak desgaitu dituzte eta edukiontziak lekualdatu dituzte. Ondoren, zenbaki bakoitietan esku hartuko dute.

“Obrak egiten diren bitartean aldi baterako murrizketak egingo zaizkio oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, zehaztu dute udal ordezkariek: “Udalak herritarren laguntza eskatzen du, baita kaltetutako eremuetan kontu handiz ibiltzeko ere”.

Etxebarriko Udalak guztira 564.000 euro bideratuko ditu eraldaketa integral honetara. Aurreikuspenen arabera, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Garagardotegi Eguna antolatuko du lehen aldiz San Antonioko Jai Batzordeak

|

San Antonioko Jai Batzordeko kideak // Geuria

San Antonioko Jai Batzordeak lehenengo Garagardotegi Eguna antolatuko du azaroaren 29an, larunbatez.

Kuadrillen arteko poteoa eta bazkaria izango dira egun horretan, eta Jai Batzordetik aurreratu dutenez, bazkaria Basauriko Txakoli Iñaki Garagardotegian izango da.

“Adi! Etorri Garagardotegi Egunera zure kuadrillako jantziarekin!”, animatu dituzte herritarrak Jai Batzordeko ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarrik zortzi pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko

Profil desberdinetako lanpostuak beteko dituzte eta hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko interesdunek Lanbiden eman behar dute izena azaroaren 18a baino lehen

|

Argazkia: Kaitlyn Baker, Unsplash

Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak sei hilabetez lan egiteko % 75eko lanaldian.

Zehazki profil hauek dira kontratatuko dituztenak: bi agente zibiko Udaltzaingoarekin elkarlanean bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko; bi administrari-laguntzaile; bi komunikazio-dinamizatzaile; datu-baseetako analista bat; eta biltegiko laguntzaile bat.

Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, Lanbideren webgunean lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena eman behar dute interesdunek. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 18ra arte.

“Lanpostuak sortzeaz gain, enplegua sustatzeko tokiko ekintza horien helburua partehartzaileen inklusioa, prestakuntza eta egonkortasuna bultzatzea da”, diote udal ordezkariek.

Etxebarriko Udalak 89.500 euro bideratuko ditu 2025-2026 Enplegu Planera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak sustatutako dirulaguntzari esker.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Mendi irteera antolatu du Arpelak Etxebarrin, Alberto Lago ipuin kontalariarekin

|

Iturritxualde mendia // Wikipedia

Arpela Euskaltzaleen Elkarteak mendi irteera antolatu du azaroaren 9an.

Santa Marina ospitale zaharra, Iturritxualdeko lubakiak eta askaldia eta Leon askaldia bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.

Sei kilometroko ibilbidea izango da eta Alberto Lago ipuin kontalariak parte hartuko du.

Interesa dutenek izena eman behar dute; QR kodea udal webgunean dago.

Osorik irakurri