☉ Etxebarri
Egitaraua / Kuadrillen arteko olinpiada, kirola eta musika, Etxebarriko jaietan

Etxebarriko jaiak izango dira uztailaren 22tik 31ra bitartean. Jai Batzordeak 70 jarduera baino gehiago antolatu ditu, hala nola, kuadrillen arteko lehiaketak, frontenis txapelketa, gastronomia lehiaketak eta dastaketak, herri bazkaria, umeentzako jarduerak, erromeriak, dantzaldiak eta kontzertuak.
Etxebarriko jaiak 2022 / Programa
Uztailak 22-31
Uztailak 19, asteartea
19:00 Bikotekako Frontenis txapelketako kanporaketak frontoian
Izen-ematea: uztailaren 18ra arte frontoian
Baldintza: gutxienez bikoteko partaide bat etxebarritarra izatea
__
Uztailak 22, ostirala
18:30 Poteo musikatua herrian zehar
20:00 Kuadrillen eta herritarren jaitsiera San Esteban elizatik udaletxera
20:30 Pregoia eta txupinazoa udaletxeko plazan
23:00 Erromeria udaletxeko plazan: Erruki taldea
00:00 Suzko zezena
Uztailak 23, larunbata
10:00 Spinning maratoia udaletxeko plazan: 45 minutuko bi txanda. Izen-ematea: Cimen (2. solairuan) uztailaren 15etik aurrera, 10:00etatik 14:00etara
11:00-14:00 Paella lehiaketa. Izen-ematea 09:30etik aurrera udaletxeko plazan. Batzordeak mahaiak banatuko ditu 11:00ak arte
17:00 Pilota erakustaldia frontoian
17:00-21:30 Hirugihar-jana San Esteban etorbidea 5 kalean
17:30-19:00 Kuadrillen ginkana udaletxeko plazan
17:30 Tute eta Briska txapelketa Etxebarri Behekoa Jubilatuen egoitzan
18:30 Luntxa eta dantzak Etxebarri Behekoa jubilatuen egoitzan
19:00 Kontzertua udaletxeko plazan: Kuttune
20:00 Paella lehiaketako irabazleen berri ematea udaletxeko plazan
20:30 Garagardo-estropada Patxi Bengoa 6 plazan
23:00 Berbena udaletxeko plazan: Remix
Uztailak 24, igandea
12:30 Euskal erromeria parte-hartzailea udaletxeko plazan: Kittu
14:00 Makarroi-jan herrikoia udaletxeko plazan (3 euro)
17:30 Profesionalen esku pilota partiduak (Master Caixabank Liga):
– Arteaga II-Uriondo vs Alberdi-Morgaetxebarria
– Ezkurdia-Mariezkurrena vs Irribarria-Albisu
– Sarrerak 10-15 euroan salgai uztailaren 11tik aurrera frontoiko tabernan eta entradasfronton.com webgunean
18:00 Musika Festa udaletxeko plazan: Piratak
18:00 Mariatxiak Egetiaga Uribarri 10 kalean: Los Gavilanes Mariachis Juvenil
19:30-21:30 Patata tortilla lehiaketa Amezola kalean. Izen-ematea 19:00etatik aurrera udaletxeko plazan. Jai Batzordeak mahaiak utziko ditu 20:30ak arte
20:00 Kontzertu parte-hartzailea Irudi tabernaren aurrekaldean: Oier Asla
23:00 Disko Festa udaletxeko plazan
Uztailak 25, astelehena
11:00 Etxebarri Basket 3×3 txapelketa Bekosolon. Izen-emateak uztailaren 24a baino lehen: betibatera@gmail.com / 644 112 394 (Whatsapp)
12:30 Xaibor Disko Festa udaletxeko plazan
16:30 Mus txapelketa Beti Batera elkartearen egoitzan
18:00 Kutxa dorreen jokoa udaletxeko plazan. Izen-ematea 17:00etatik aurrera txosnan
18:00 Dardo txapelketa Patxi Bengoa 6 plazan
19:00 Kontzertua Egetiaga Uribarri 10 kalean: Nerbio Bulkada
20:30 Odolki- eta txorizo-jana udaletxeko plazan (1 euro)
Uztailak 26, asteartea
*Barrakak prezio herrikoietan
11:00 Bilbainadak eta mexikanadak Bizipoz Eguneko zentroan: Iñaki Basabe
11:30 Aurpegi margoketa tailerra Uribarribarri 6 kalean
17:00 Bikotekako Frontenis txapelketako finalerdiak frontoian
18:00 Ipuin-konatalariak eta tailerrak ingelesez udaletxeko plazan (3-11 urte)
19:30 Zumba-jaia udaletxeko plazan
20:00 Bikotekako Frontenis txapelketako finala frontoian
20:30 Kontzertua Egetiaga Uribarri 10 kalean: Lost Peachers Blues Band Orhella
Uztailak 27, asteazkena
12:00 Haurrentzako Heziki jolasak udaletxeko plazan (5-10 urte)
17:30 Haur-ginkana udaletxeko plazan (4-8 urte)
17:30 Arku tiroketa erakustaldia Kukullaga Behekoa ikastetxean
18:00 Gazte-ginkana Patxi Bengoa plazan (9-12 urte)
19:30 Antzerkia udaletxeko plazan: ‘Elkartasun jantokia’, Irrien Lagunak (4-8 urte)
20:00 Taloa doan + potea Batzokian
20:00 Kontzertua Egetiaga Uribarri 10 kalean: Falling Black
Uztailak 28, osteguna
12:00-14:00 / 16:00-19:00 Puzgarriak frontoian
18:00 Mini-Moltó motor lasterketa. Izen-emateak 17:00etatik aurrera udaletxeko plazan
18:30 Txokolatada udaletxeko plazan
19:15-20:15 Apara jaia eta ur-guda Taberna Zaharra plazan
20:00 Kontzertua Egetiaga Uribarri 10 kalean: Sourthbound Rock
20:00 Kontzertua Patxi Bengoa plazan: Stand Bye
21:30 Udako zinema udaletxeko plazan: Bumblebee
Uztailak 29, ostirala
11:30 Aurpegi margoketa tailerra Uribarribarri 6 kalean
17:30 Zirku tailerra frontoian (5-13 urte): 45 minutuko hiru txanda
19:30 Kontzertua Foruak 1o kaleko plazan: Sapo y El Sello
20:00 Magia ikuskizuna udaletxeko plazan: Omar magoa
20:00 Oroitzapenezko futbol partidua frontoian
20:30 Jalapeño lehiaketa Patxi Bengoa 6 plazan
22:30 IV. Mugi Etxebarri Festibala udaletxeko plazan: Unkommonsense + Oferta Especial + Balkan Bomba
00:00 Suzko zezena
Uztailak 30, larunbata
Mozorro eguna: Munduko herriak
11:00-14:00 Sukalki lehiaketa. Izen-ematea 09:30etik aurrera udaletxeko plazan. Jai Batzordeak mahaiak utziko ditu 11:00ak arte
17:30 VI. Sokatira txapelketa frontoian. Izen-emateak 16:30etik aurrera txosnan
19:00-20:00 Photocalla udaletxeko plazan
19:00 Txorizo-jana Patxi Bengoa plazan
20:00 Sukalki lehiaketako irabazleen berri ematea udaletxeko plazan
20:00 Kontzertua Kafe Antzokian: Los Primos
23:00 Berbena udaletxeko plazan: La Estampida
00:00 Suzko zezena
Uztailak 31, igandea
12:30 Ipuin-kontalariak udaletxeko plazan
13:00 Arepas tailerra udaletxeko plazan
15:00 Herri bazkaria frontoian (12 euro). Txartelak salgai jarriko dituzte (kartelak jarriko dituzte herrian)
20:00 Olinpiadetako lehiaketen sari banaketa udaletxeko plazan
20:30 Saltxitxa-jana udaletxeko plazan
23:00 Jaien amaiera udaletxeko plazan
☉ Etxebarri
Sagardotegira eta Chillida lantokira irteera antolatu dute otsailean Etxebarrin

Sagardotegi garaia hasi da eta Hego Uribe eskualdetik hainbat eta hainbat irteera antolatzen dituzte urtero.
Etxebarrin otsailaren 14an izango da irteera eta Astigarragako Alorrenea Sagardotegian izango da bazkaria.
Aurretik, ordea, Chillida lantokira bisita antolatu dute, Legazpin.
Etxebarritik 09:30ean izango da irteera (Cime eraikinaren aurrean) eta itzulera 21:00etan izango da Hernanitik.
Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du etxebarri.eus webgunearen bitartez. Etxebarritarrek 40 euro ordainduko dituzte eta Etxebarrin erroldatuta ez daudenek 45 euro. Leku mugatuak dira.
☉ Etxebarri
Irakasle eta begirale euskaldunen lan-poltsa eguneratuko du Etxebarriko Udalak
Lan-poltsan 18 urtetik gorako gazte euskaldunek parte hartzeko aukera dute. Eta familiek zerbitzuaren inguruko informazioa jaso ahal izango dute

Adingabeen zaintzaile gisa lan egin nahi duten, eskola partikularrak eman nahi dituzten eta aisialdirako begirale izan nahi duten gazteen lan-poltsa eguneratuko du Etxebarriko Udalak.
Lan-poltsan parte hartu nahi duten 18 urtetik gorako gazteak euskaldunak izan behar dira, eta izena eman behar dute euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatzita eta curriculuma bidalita.
Bestetik, zaintzaileekin, irakasle partikularrekin eta aisialdiko begiraleekin harremanetan jarri nahi duten familiek infirmazioa eskatu ahal izango dute 944 267 005 telefono zenbakira deituta (Euskara Zerbitzua).
“Ekimen horren bidez, Etxebarriko Udalak udalerriko gazteenei zuzendutako aukera berriak bultzatzen jarraitu nahi du, eta, era berean, edozein zirkunstantzia dela medio, lan-bizitza eta familia-bizitza bateratu ahal izateko pertsona horien profilean oinarritu behar duten familiei zerbitzu bat eman nahi die”, diote udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Pantailak modu osasungarrian erabiltzeko hausnarketa egingo dute Etxebarrin
Saioa urtarrilaren 29an izango da Kultur Etxean. Herritarrek parte har dezaten deia zabaldu dute: “Zure ekarpenek aldaketa sortzen dute”, diote

Aisialdi eredu osasungarriei eta teknologia erabiltzeko alternatibei buruz hausnarketa egingo dute Etxebarrin. Zehazki, pantailak modu osasungarrian erabiltzeko lanketa egingo dute urtarrilaren 29an, 17:00etatik 19:00etara, Kultur Etxean.
Kasu honetan, herriko eragilez osatutako Bizikidetza Batzordeak egindako lanketaren ondorioak aurkeztu eta partekatuko dituzte Etxebarriko gainontzeko eragileekin, taldeekin eta herritarrekin.
“Hau honela, dei egiten zaie herritar guztiei saio ireki honetan parte hartzera, guztion artean prozesu honi erantzungo dion alternatiba bateratua sortu ahal izateko”, diote.
Saioa bukatu ostean luntxa egongo da, “ideiak eta asmoak partekatzen eta trukatzen jarraitzeko”, diote.
Saioan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute komunikazioa@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Gainera, Ludoteka zerbitzua behar duten zehaztu ahal izango dute.
Etxebarriko Udalaren ekimenez, Bizikidetza Batzordeak ezarritako lan ildoen artean dago teknologia erabiltzeko alternatiba osasuntsuak lantzea. Gaiak sorturiko kezka oinarri harturik, 2025. urtean zehar Etxebarriko Udalak, Etxebarriko herritarrengan eta udalerrian aisialdi osasungarriko eredu bat sustatzeko eta teknologia erabiltzeko alternatibak bilatzeko hausnarketa abian jarri zuen.
☉ Etxebarri
Aingeru Picaza Calero etxebarritarra laguntzeko 4.000 euroko ekarpena egin dio Etxebarrik
Balkoi Solidarioak ekimenari eta euskal dantzak eta zumba ekitaldiei esker 4.000 euro lortu dituzte etxebarritarrek

Elkartasunak distira egin zuen iragan Gabonetan Etxebarrin, herritarren inplikazioari esker. Atzo Julene Alonsoren alde 723,50 euro bildu zirela kontatu genizun, eta gaur Aingeru Picaza Calerori 4.000 euroko ekarpena egin diotela kontatzera gatoz.
Balkoi Solidarioak ekimena eta euskal dantzen eta zumba ekitaldia egin zituzten Gabonetan, eta ekimen bakoitzeko 2.000 euro lortu zituzten; hau da, 4.000 euro guztira.
“Lehen erronkak, Gabonetan 1.100 balkoi argiztatzea helburu zuena, aise gainditu zituen hasierako aurreikuspenak. Azkenik, 1.928 balkoi argiztatu ziren, proposatutakoak baino 828 gehiago, auzotarren inplikazioari eta lankidetzari esker”, diote udal ordezkariek eta Erronka Solidarioen talde eragileko arduradunek.
Bigarren erronka urtarrilaren 3an egin zen Etxebarriko kiroldegian. Euskal dantzak, zumba dantza eta haurrei zuzendutako jarduerak antolatu ziren eta guztira 240 lagun bildu ziren.
Etxebarriko Udalak eta Erronka Solidarioen talde eragileak aurreko Gabonetan antolatutako ekimen solidarioen inguruan “balorazio oso positiboa” egin dute, eta publikoki eskertu nahi izan dute herritarren parte-hartzea, elkartasuna eta konpromisoa, “beste behin ere azpimarratuz Etxebarri gehien behar dutenekin bat egiten duen herria dela”.
☉ Etxebarri
Erreportajea | Gazteak protagonista, komunitatea etorkizun
Tarrasta Gazteguneak bi hamarkada bete ditu Etxebarrin, komunitatea, parte-hartzea eta balioak ardatz hartuta. Gazteen ahotsa erdigunean jartzea dute helburu nagusia, gizartean subjektu aktibo bihur daitezen, herriaren etorkizuna diren heinean

Gizarteak sarri seinalatu egiten ditu gazteak. Ez dutela konpromisorik, denbora asko mugikorrean edo sare sozialetan galdu egiten dutela, alferrak direla, zaratatsuak, espazio publikoak ez dituztela errespetatzen, ez dutela interes sozialik eta euren zilborrari bakarri bakarrik so egiten dietela, baliorik edo printzipiorik ez dutela, edo herritik “deskonektatuta” bizi direla. Baina, horiek aurreiritziak baino ez direla eta komunitatearen barruan zeregin garrantzitsua dutela argi erakutsi nahi dute Tarrasta Gaztegunetik.
Duela hogei urte sortu zen Tarrasta Gaztegunea Etxebarrin, herria bera eraldaketa betean zegoen garai batean. Biztanleria bikoiztu, jaiotza tasak gora egin, eta haur zirenak nerabe bihurtzen hasi ziren.
Testuinguru horretan jaio zen Tarrasta: 10 eta 14 urte arteko neska-mutilentzat erreferentziazko espazio baten hutsunea betetzeko, kalean ordu asko pasatzen zuten belaunaldi bati norabidea, babesa eta aukerak eskaintzeko.
“2005. urteaz ari gara. Garai hartan baziren ludotekak eta Mugarri bezalako proiektuak; haurrentzat eta gazteentzat bideratutako ekimenak bazeuden, baina bazegoen adin-tarte bat, 10 eta 14 urte artekoa, erreferentziazko espaziorik ez zuena. Neska-mutil horiek denbora asko pasatzen zuten kalean, erreferentzia argirik gabe. Horri gehitu behar zaio ikastetxetik adin-tarte horretan eskola-porrotaren maila altua antzematen zutela. Horren aurrean sortu zen Tarrasta: aisialdi hezitzailearen izaera eta egiteko modutik abiatuta, neska-mutil horientzat erreferente bihurtzeko eta garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat eskaintzeko helburuarekin”, esan diote Tarrastako arduradunek GEURIAri.
Etxe bat gazteentzat
Hogei urte hauetan proiektua etengabe berrasmatzen joan da Etxebarriren bilakaerarekin batera: “Uste dugu, herriak bezala, 20 urteko ibilbidea egin dugula etengabe berrasmatzen, beharrak entzuten eta horiei erantzuna emateko moduak bilatzen, gure nortasun-ezaugarriei eta identifikatzen gaituen egiteko moduari eutsiz”, diote. Eta beti helburu nagusi batekin: gazteak eta euren ahotsa erdigunean jartzea, alegia.

Gabonetan Tarrastan izan ginen eta bertan egiten dutena gertutik ezagutu genuen! // Geuria
Etxebarrirentzat eta etxebarritarrentzat Tarrasta zer den galdetuta, zera erantzun digute arduradunek: “Agian herriarentzat zer izan nahi dugun erantzun genezake, horrela ulertuak izatea gustatuko litzaigukeelako: gazteentzat, familientzat eta komunitate osoarentzat erreferentziazko espazio bat. Askatasunean garatzeko aukera ematen duen espazio seguru bat, non zure ideiak entzunak eta kontuan hartuak diren. Erlazioetatik eraikitako espazio bat, gauzak errazak ez direnean bertara jotzera eramaten zaituzten lotura horietatik”.
“Aisialdi hezitzailearen izaeratik abiatuta, neska-mutilentzat erreferente bihurtzeko eta garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat eskaintzeko helburuarekin sortu zen Tarrasta duela 20 urte”
“Neska-mutilen hezkuntza-garapenean batzen duen euskarria izan nahi dugu, komunitatera irekita dagoen ate bat, eta haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak bermatzeko egunero lan egiten duen motor komunitarioaren parte”, diote. Hitz gutxitan, Tarrasta etxe bat bezala da herriko eta inguruko herrietako gazteentzat.
Gazteak beti gazte
Tarrasta behar batzuei erantzuteko sortu zen duela 20 urte, baina gazteen beharrak ez dira funtsean aldatu. Bai, ordea, gazteen inguruko gizartea. “Gazteak beti izan dira gazte. Aldatu dena testuingurua da, eta garatzen diren errealitate soziala. Gaur egungo gazteak gizarte hiperazeleratu batean bizi dira, etengabe eskatzen diena, baina askotan laguntzen ez diena”, esan dute.
Eta, gaur egungo gizarte hiperazeleratu honetan, Tarrastako arduradunen ustez, ezinbestekoa da helduok gure “behatoki altutik” jaistea eta neska-mutilak erdigunean jartzea: “Beharrezkoa da neska-mutilak erdigunean jartzea, ahotsa ematea eta ahots hori entzuna izan dadila bermatzea, komunitatearen barruan parte-hartze aktiborako espazio egokiak sortuz. Ezin dugu onartu izateko eta egiteko espazioak eta benetako aukerak eskaini gabe, gazteria seinalatzen duen gizarte bat”, diote.
Ildo horretan, neska-mutilen parte hartzea sustatu eta bultzatu egiten dute Tarrastan: “Haurren, nerabeen eta gazteen parte-hartze aktiboa eskubide bat da, eta hori ez da guk asmatzen dugun zerbait; Euskadiko Haurren eta Nerabeen Legeak jasotzen du. Neska-mutilen parte-hartze aktibo horretatik eraikitzen da Tarrasta”.
Parte-hartzaile aktiboak
Gazteen ahotsa oso garrantzitsua da: “Haiek dira, asanbladen bidez, ideiak proposatzen dituztenak, baina baita ideiak prestatzen, dinamizatzen eta ebaluatzen dituztenak ere. Guri gustatzen zaigu esatea hezitzaileok ez garela beste ezer, haien kezkak bideratzeko tresna baino”, diote, eta gaineratu dute: “Neska-mutilek egin nahi dute, eta egiteko gai dira; gizarte gisa egin beharko genukeen galdera hauxe da: Gauzak egiten uzten diegu? Guk erantzuna argi daukagu: Ez”.
Tarrastan utzi egiten diete eta ahotsa ematen diete gazteei eta hori nabari da: “Bertan antolatzen ditugun jarduera gehienak arrakastatsuak dira, batez ere, eurek proposatu dituztenean. Azkenean, haiek dira ondoen dakitenak zer nahi duten, eta hori nabaritzen da”.
“Ezinbestekoa da gazteen parte-hartzea, komunitatearen zati garrantzitsua direla sentitzea eta hazten diren lurraldearekin lotura eraikitzea”
Eta, Tarrastan egiten duten lana modu laburrean azaldu dute: “Komunitate batek bere haurtzaroaren, neraberazoaren eta gaztaroaren alde egiten duenean, etorkizuna ereiten ari da”. “Etxebarri bezalako udalerri batean, biztanleria hain gaztea izanik, haurren, nerabeen eta gazteen parte hartzea sustatzen ez baditugu, biztanleriaren ia % 40 kanpoan uzten ari gara. Neska-mutilak tokiko eraikuntzan eta bizitza demokratikoko espazioetan parte hartzera bultzatzea etorkizunerako inbertsioa da. Ezinbestekoa da parte-hartzaile sentitzea, komunitatearen zati garrantzitsua direla bizitzea eta hazten diren lurraldearekin lotura eraikitzea. Gaur egungo gazteak orainaren parte dira eta etorkizunaren funtsezko pieza, eta haiekin batera eraikitzea, parte-hartzea, ongizatea, tratu ona eta eskubide sozialak ereitea da”, diote.
Era berean, konpromisoa, autonomia, erantzukizuna, enpatia eta pentsamendu kritikoa bezalako balioak ikasten dituzte gazteek Tarrastan.
Sare bat
“Tarrasta mundua ulertzeko eta harekin konprometitzeko dugun modua da”. Horrela definitu dute Tarrasta bertako begiraleek. “Tarrasta egunero betetzen duten neska-mutilek osatzen dute, haien ilusioekin eta tristurekin, haien asmatzeekin eta akatsekin”.
Uzten egitea eta okertzea. Hori ere ikasi egiten dute gazteek Tarrastan: “Nahi dutena egiten uzten diegu jakinda akatsak egingo dituztela. Baina oker horietan ere ikasi egingo dute. Balioa prozesuan dagoela uler dezaten laguntzen diegu, ez emaitzan bakarrik”, diote, eta gaineratu dute: “Tarrasta loturak, balioak, erantzukidetasuna eta sarea da”.
Tarrastaren eta gazteen harremana estua da, baita Tarrasta eta herriaren artekoa ere. Komunitate mailako inplikazioa erabatekoa dela diote, eta uste dute benetan eraginkorra den egiteko modu bakarra sarean egitea dela: herriko komisioetan parte hartzen dute, eta ez badira martxan jartzen, eurak sortzen dituzte.
Berziklotzea
Hogei urte hauetan momentu berezi ugari bizi izan dituzte Tarrastan, baina batek bereziki hunkitzen ditu arduradunak: Gaztegunean ibilitako neska-mutilak berriro itzultzen direnean, oraingoan begirale gisa. “Zirkulua ixten dela ematen du”, diote.
Orduan ulertzen dute proiektua ez dela lan hutsa, baizik eta bizitzan errotzen den zerbait. “Oso polita da hori, eta gainera, balio handikoa. Izan ere, espazioarekin norberaren bizipenetik eta loturatik konektatzen denean, lana izateari uzten dio soilik, eta zerbait gehiago bihurtzen da”.
Anekdota ugari ere bizi izan dituzte: “Mila anekdota ditugu kontatzeko! Imajinatu dezakezue 20 urte gaztegune batean zenbaterako ematen duen. Esate baterako, begiraleen antzerki erdi inprobisatu bat herriz herriko bira bihurtzear egon zen!”, esan dute barrezka.
Etorkizuna irudikatuz
Hogei urte igaro dira dagoeneko, eta Tarrastako arduradunek eta begiraleek “modu berezian eta ilusioz beteta” bizi izan dute urteurrena. “Atzera begiratzeko, egindako ibilbideaz jabetzeko eta gaur egun garenarekin konektatzeko balio izan digu 20. urteurrenak. Aldi berean, geldialdirako unea ere bada; etorkizunera begiratzeko, hausnartzeko eta hurrengo hogei urteetan zer izan nahi dugun irudikatzeko aukera ematen digu”.
Etorkizun laburrari eta luzeari begira, erronka handiena “proiektuaren nortasuna eta balioak bizirik mantentzea” dela esan dute, “gizarteak indarrez kontrako norabidean arraun egiten duen testuinguru batean”.
“Hemendik bost urtera uste dugu inoiz baino indartsuago izango garela. Dirudienez, hurrengo urteetan biztanleriaren piramideak arnasa emango digu. Azken urteotan parte-hartze maila oso altuak izan ditugu, eta hori osasun onaren seinale izan daitekeen arren, prozesuek sufritzen dute. Horrez gain, azken urteotan prozesu oso indartsuak egituratzen ari gara feminismoari, osasun elikagarriei eta emozionalei, tratu onari edota memoria historikoari lotuta. Uste dugu une on batean gaudela eta etorkizuna itxaropentsua dela”, diote.











