☉ Etxebarri
Etxebarriko Lezama Legizamon industrialdea hobetzeko diagnostikoa egingo dute
Kudeaketa eta Jarduera Plan Integrala egingo dute Etxebarriko Lezama Legizamon industrialdean. Plan Integral hau Etxebarriko 2024-2027ko Berrikuntza Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da

Kudeaketa eta Jarduera Plan Integrala egingo dute Etxebarriko Lezama Legizamon industrialdean. Helburua da udalerriko jarduera ekonomikorako funtsezkoa den industrialde hori mantentzea, hobetzea, egokitzea eta birsortzea.
Plana Lezama Legizamon industrialdea Kontserbatzeko Erakundeak sustatu du eta Etxebarriko Udalaren laguntza du.
Plana hainbat fasetan garatuko dute, eta hasteko, analisi-diagnostiko bat egingo dute industrialde hori hobetzeko beharrak eta aukerak identifikatzeko.
Diagnostiko horretan udal teknikariek, ordezkari politikoek eta industrialdeko agente garrantzitsuenek hartuko dute parte.

308.000 metro karratuko azalera du industrialdeak eta gaur egun 110 enpresa ditu // Etxebarriko Udala
Hurrengo faseetan, Naider enpresaren laguntza teknikoarekin, burutu beharreko jarduera zehatzak definituko dituzte, “eta horiek ezartzeko ibilbide-orri bat egingo da”, diote udal ordezkariek.
110 enpresa
Lezama Legizamon industrialdea 1977an sortu zuten eta 308.000 metro karratuko azalera du. Gaur egun 110 enpresa baino gehiago hartzen ditu, denak industria eta zerbitzu-sektoreetakoak.
Barne antolamendua Industrialdea Kontserbatzeko Erakundeari dagokio, eta jabeen komunitateak kudeatzen du.
Plan Integral hau Etxebarriko 2024-2027ko Berrikuntza Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, “udalerri jasangarri, berritzaile eta parte-hartzaile gisa sendotzea helburu duen ibilbide-orriaren barruan”, diote.
Zehazki, jarduera hau Planaren lehenengo ardatzari dagokio, jarduera ekonomikoa sustatzeko eta dinamizatzeko. “Ekintza honen bidez, Udalak enpresen garapenarekin eta herritarren ongizatea hobetzearekin duen konpromisoa indartzen da”, diote.
“Proiektu honekin, Lezama Legizamon industrialdeak modernizazioan aurrerapauso garrantzitsu bat emango du, hurrengo urteetarako bere lehiakortasuna eta funtzionaltasuna bermatuz”, diote.
☉ Etxebarri
Belaunaldien arteko konexioa ardatz izango dute aurten Etxebarriko M8ko programazioan
‘Belaunaldiak sarean. Oroimenak, zaintzak eta eraldaketak batuta’ lemapean programazioa prestatu dute Etxebarrin martxoaren 1etik 12ra bitartean

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira hamaika jarduera antolatu dituzte Etxebarrin martxoaren 1etik 12ra bitartean.
Aurtengo leloa da ‘Belaunaldiak sarean. Oroimenak, zaintzak eta eraldaketak batuta’, eta prestatu duten programaren helburua da belaunaldien arteko aliantzak ehuntzea.
“Gure aurrekoen oroimena aitortzen dugu, zaintzak aldarrikatzen ditugu bizitzari eusteko funtsezko zutabe gisa, eta eraldaketa kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, etorkizuna eraikitzeko tresna gisa. Izan ere, esperientziak, jakintzak eta borrokak konektatuz bakarrik jarraitu ahal izango dugu berdintasunean aurrera egiten”, diote udal ordezkariek.
Urtero bezala, Etxebarriko Berdintasun Batzordeak, Etxebarriko Udalarekin koordintatuta, programazio espezifiko bat aurkeztu du, emakumeen eskubideekiko konpromiso kolektiboa indartzeko eta Etxebarrin emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ikustarazteko.
M8 Etxebarri | Egitaraua
Martxoak 1, igandea
17:30 Zineforuma Kultur Etxean: ‘Las sufragistas’
Martxoak 3, asteartea
18:00 Idazketa feminista tailerra Kultur Etxean. Izena emateko: berdintasuna@etxebarri.eus
20:00 BZG Emakumeen Topaketa Morea frontoian: ‘Elkarrekin jokatzen, denok irabazten dugu’
Martxoak 5, osteguna
19:00 Ikaskuntzako desfilea Kultur Etxean
Martxoak 6, ostirala
12:00 Adierazpen instituzionala udaletxeko plazan
19:30 Areto futboleko partida kiroldegian: Beteranoen Selekzioa vs Kukuiaga AF
Martxoak 8, igandea
11:30 Kalejira Zintururitik udaletxeko plazara
12:00 Manifestuaren irakurketa eta jarduerak udaletxeko plazan
Martxoak 10, asteartea
18:00 Matxosfera solasaldia Kultur Etxean
Martxoak 12, osteguna
17.00 Irakurketa Klub Feminista Cimen: ‘Mujeres de arena y mirra’ (Hanan Al-Shaykh). Izena ematea: 688 606 674 / 944 267 005 / berdintasuna@etxebarri.eus
☉ Etxebarri
Euskotreneko plazan obrak egiten hasi da Etxebarriko Udala, “irekiagoa, ikusgarriagoa eta atseginagoa izateko”
Besteak beste, autobus-geralekua plazaren eremuaren barruan sartuko dute, “San Esteban etorbideko trafikoa arintzeko”. Gainera, plazan dagoen erlojua behin betiko kenduko dute

San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea modu integralean eraldatzeko lanak hasi zituen Etxebarriko Udalak iazko abuztuan.
Ordutik, aparkaleku-sistema aldatu egin du Udalak, eta espaloiak zabaldu ditu.
Eta, orain, obren azken faseari ekin dio Udalak: Euskotren eta eliza ondoko plaza eraberritzea eta autobus geltokia hobetzea, alegia.
“Plazako esku-hartzeak espazioaren berrikuntza integrala ekarriko du, leku irekiagoa, ikusgarriagoa eta herritarrentzat atseginagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.

Jardueren artean nabarmentzekoa da autobus geltokia plazaren eremuaren barruan sartuko dutela: neurri horri esker, autobusek ez dute San Esteban etorbideko trafikoa oztopatuko. “Joan-etorri handiko bidea da, eta egunero erabiltzen da udalerrian sartzeko eta irteteko”, diote.
Era berean, inguruko heskaiak eta iturria kendu dituzte, “espazio erabilgarria irabazteko eta zabaltasun-pertzepzioa hobetzeko”, diote.
Erlojuari agur
Plazan dagoen erlojua ere kenduko du Etxebarriko Udalak: “Alde batetik, plazaren diseinu berrian gutxi integratuta egongo delako, eta bestetik, mantentze-kostu handiak eskatzen dituelako”, azaldu dute udal arduradunek.
Erlojua martxoko lehen astean kenduko dute. “Horretarako, Santa Ana kaleko errei bateko zirkulazioa eten beharko dugu, harik eta erlojua kendu arte”.
Aparkaleku berria Barrondon
Beste alde batetik, Barrondo eta Amama eta Aititen kaleen arteko elkargunean aparkaleku berria egokituko du Etxebarriko Udalak.
Guztira 26 plaza izango ditu. “Aparkalueku berri horri esker, beste eremu batzuetan ezabatutakoak konpentsatu eta gainditu ahal izango dira, udalerri osoan balantze positiboa eginez”, diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, San Esteban etorbidean aparkaleku batzuk kendu dituzte: obrak egin aurretik baterian aparkatzen zen bertan, eta orain linean aparkatu daiteke.
☉ Etxebarri
Bideoa | Zertaz mozorrotu dira aurten Etxebarriko kuadrillak?

Otsailaren 21ean inauteri desfilea egin dute Etxebarrin [ikusi hemen argazki galeria!]. Jaia aprobetxatuta, kale-inkesta egin dugu GEURIAn!
☉ Etxebarri
Argazkiak | Inauterietako mozorro desfile koloretsua egin dute gaur Etxebarrin
Inauterietako III. Desfilea egon da gaur, otsailak 21, Etxebarrin. Hainbat eta hainbat herritar kalera atera dira mozorroak jantzita eta kalejira Barrondo industrialdetik hasi dute.
Ozenoa, tribuak, espazioa eta estralurtarrak, piano eta musika notak, txurrogileak, hegaztiak, Charlie eta txokolate fabrika, Gabonak bere osotasunean, batukada taldea, bikingoak edota esploratzaile taldea topatu ditugu!



















☉ Etxebarri
Emozioen kudeaketari eta aitite-amamen rolari buruzko saioak antolatu dituzte Etxebarrin, Guraso Topagunearen baitan
Hezkuntza eta sozializazio-funtzioak garatzeko hausnarketa-gunea da Guraso Topagunea, eta aurtengo programa otsaila eta apirila bitartean izango da

Guraso Topagunea martxan jarriko da beste urte batez Etxebarrin. Doako hezkuntza-programa da, 2 urtetik aurrerako eta seme-alaba nerabeak dituzten familiei zuzendutakoa.
Aurrez aurreko talde-saioak eskaintzen ditu, esperientziak partekatzeko, hezkuntza-jarraibide osasungarrietan trebatzeko eta adin-tarteen arabera hezkuntza-gaiak lantzeko.
“Guraso Topagunea guraso-funtzioekin lotutako alderdiei buruzko informazio- eta hausnarketa-gunea da, hau da, Etxebarriko familiei laguntzeko baliabidea, beharrezkoak diren hezkuntza eta sozializazio-funtzioak gara ditzagun. Programa prebentiboa da, familia-dinamikako jarraibide osasungarriak eskuratzen laguntzen duena”, diote udal ordezkariek.
Aurtengo programa otsaila eta apirila bitartean burutuko da. Alde batetik, lau talde-saio antolatu dituzte, adin-tarteen arabera antolatuta: 2-6 urte, 7-10 urte, eta nerabeak.
Otsailaren 24an nerabeak dituzten familientzako saioei hasiera emango diete Kultur Etxean (15:00-16:30), eta hilaren 26an 2-6 eta 7-10 urte arteko haurren familiak bilduko dituzte: 15:00etatik 16:30era Tarrastan (2-6 urte) eta 15:00etatik 16:30era Kukullaga ikastetxean (7-10 urte).
Saioak lau astez luzatuko dira, martxora arte. Horietan parte hartzea doakoa da, baina interesdunek izena eman behar dute esteka honen bitartez.
Saio monografikoak
Beste alde batetik, zazpi saio monografiko ere antolatuko dituzte. Besteak beste, honako gaiak landuko dituzte: kudeaketa emozionala, ondoeza sortzen duten egoerei aurre egiteko tresnak, aitite-amamen rolam nerabeen autonomiarako heztea aro digitalean edota osasun mentala gazterian.
Lehenengo saioa 5 eta 10 urte bitarteko familientzat dago zuzenduta: martxoaren 6an Metacal Ludotekan izango da (17:00-18:30), eta saio bera martxoaren 11n ere prestatu dute Kultur Etxeko Ludotekan (17:00-18:30).
Ondoren, ‘Emozioak nola kudeatu’ saioa izango da martxoaren 17an, asteartez, 17:00etatik 18:30era Kultur Etxean. Adin tarte guztietako ume eta gaztetxoak dituzten familientzat da.
Eta, martxoaren 23an, astelehenez, ezinegona sortzen duten egoerei aurre egiteko tresnak emango dituzte (17:00-18:30). Saio hori adin tarte guztietako ume eta gaztetxoak dituzten familiei dago zuzenduta.
Hiru saio horietan izena ematea doakoa da eta interesa dutenek esteka honen bidez egin beharko dute.
Apirilean gainerako saio monografikoak izango dira: aitite eta amamentzako saioa apirilaren 17an; nerabeak dauzkaten familientzako saioa apirilaren 21ean; osasunaren guneari buruzkoa apirilaren 23an; eta Bigarren Hezkuntzako gaztetxoak eta familientzako saioa apirilaren 28an. Apirileko saioetan izena emateko epea martxoan zabalduko dute.
Informazio gehiagorako edo izena emateko gurasotopagune@harribide.org helbide elektronikoa era 688 881 339 whatsapp zenbakia ere jarri dituzte herritarren eskura.
Guraso Topagunea programa Etxebarriko hezkuntza-eragileek osatutako batzorde batek antolatzen du. Honako hauek osatzen dute: Kukullaga ikastetxea, Elkar Guraso Elkartea, Etxebarri Institutua, Bidea Sortzen Guraso Elkartea eta Harribide Fundazioa. Azken honek programa kudeatzen du Udalaren finantza-laguntzarekin eta koordinazioarekin.












