Sareak

☉ Etxebarri

San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea eraldatzeko obrak hasi ditu Etxebarriko Udalak

Fasetan banatuta, lanak sei hilabeteko epean bukatuko dituzte. Aparkaleku-sistema aldatzea, aparkaleku berriak jartzea, espaloiak zabaltzea eta eliza ondoko autobus geltokia hobetzea dakar birmoldaketak

|

Obrak abuztuan hasi eta sei hilabetez luzatuko dira // Google

San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea modu integralean eraldatzeko lanak hasi ditu Etxebarriko Udalak. Besteak beste, aparkaleku-sistema aldatzea, aparkaleku berriak jartzea, espaloiak zabaltzea eta eliza ondoko autobus geltokia hobetzea ekarriko ditu birmoldaketak.

“Proiektu honen helburua da bide horiek eraldatzea, herritarrei espazio seguruagoak, irisgarriagoak eta atseginagoak eskaintzeko, oinezkoen mugikortasuna eta hiri-ingurunearen kalitatea sustatuz”, diote udal ordezkariek.

Etxebarriko Udalak 564.000 euro bideratuko ditu eta lanak Ansareo enpresak burutuko ditu. Udal arduradunek adierazi dutenez, obrak sei hilabetez luzatuko dira, hortaz, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.

“Herritarrentzat irisgarriagoa, seguruagoa eta atseginagoa izango den Etxebarri baten aldeko konpromisoa berretsi egiten dugu esku hartze honekin, oinezkoen mugikortasuna, iraunkortasuna eta espazio publikoen kalitatea bultzatuz”, diote.

Zuhaitzak kendu, berriak jarri

Obrak hasi aurretik, lanak egiteko materiala biltzeko partzela bat egokitu zuen enpresak, eta aparkaleku berri bat prestatu dute 25 plazarekin, mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutakoa barne, Barrondo kalearen eta Amama eta Aititen kalearen elkargunean.

“Hasierako jarduketa horri esker, lurra prestatu ahal izan da eta lanak egiteko espazio egokia bermatu da, inguruko trafikoari eta jarduerari eragin gabe”, diote Udaletik.

Atariko fase horretan, Barrondo kaleko berdegunean zeuden zuhaitzak kendu dituzte: “Ale batzuk kendu egin behar izan dira, ezin baitziren birlandatu”, diote.

Hala ere, kendutako zuhaitz horien ordez, udalerriko beste gune batzuetan zuhaitz berriak jarriko dituztela zehaztu dute udal ordezkariek. “Gainera, lerrokatutako zuhaitz berriak gehituko dira San Esteban etorbidean bertan; horrela, berdegunea berritu eta hobetuko da, eta hiri-ingurune iraunkorragoa lortzen lagunduko da”, diote.

Fase desberdinetan

Abuztuaren 18an ekin zieten obrei eta fase desberdinetan burutuko dituzte. Lehenengo eta bigarren faseak Barrondo kalean zentratuko dituzte: “Oinezkoentzako plataforma bakar bihurtuko da Barrondo kalea, udalerriko oinezkoentzako beste bide batzuen ereduari jarraituz, Egetiaga Uribarri kasu”, diote.

Lau fasetan burutuko dituzte obrak // Etxebarriko Udala

“Jarduketa horrek lehendik dagoen aparkalekua kentzea ekarriko du, baina garajeetara, merkataritza lokaletara eta industria-pabilioietara ibilgailuz sartzea bermatuko da, oinezkoen eta gidarien segurtasuna eta erosotasuna lehenetsiz beti”, esan dute.

Ondoren, San Esteban etorbidean hasiko dira esku hartzen hirugarren eta laugarren faseetan: “Espaloiak handituko dira atari bikoitien aldean, Eliza plazako autobus-geltokia birmoldatuko da haren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetzeko, eta aparkalekua berrantolatuko da, bateriatik lineara pasatuz”.

Zentzu horretan, San Esteban kaleko aparkalekuen galera atariko fasean egokitutako aparkaleku berriarekin konpentsatuko dela ziurtatu dute udal arduradunek.

“Lanak egiten diren bitartean, aldi baterako murrizketak izango dira oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, diote.

☉ Etxebarri

Gazteen alokairua bultzatzeko Mirador proiektuko 14 etxebizitza erosteko aukera onartu du Etxebarriko Udalak

Etxebarrik Bizkaiko alokairu-preziorik altuenetakoa du: hileko 800 eurotik gorako bataz bestekoa. Udalaren asmoa da etxebizitza-politika publikoekiko konpromisoa sendotzea

|

Mirador hirigintza-sustapeneko P1/B5 eraikinean 14 etxebizitza horiek erosiko dituzte // Etxebarriko Udala

Gazteei etxebizitza eskuratzeko aukera errazteko estrategiaren barruan, Etxebarriko Udalak urrats erabakigarri bat eman du.

Hain zuzen ere, Mirador proiektuko 14 etxebizitza erosteko aukera onartu du Udalak gazteentzako alokairu proiekturako bideratzeko.

Esku hartze honekin Udalak 2 milioi euroko inbertsioa egingo du.

“Helburua da Etxebarriko gazteak emantzipatu ahal izatea udalerritik alde egin behar izan gabe. Etxebizitza eta bizitzarako benetako aukerak aurkitzea nahi dugu hemen, eta horregatik ari gara alokairuko udal-parke hau bultzatzen”, esan du Iker Lopez alkateak.

800 eurotik gora

Etxebarriko udal ordezkariek adierazi dutenez, bataz beste 800 eurotik gora ordaintzen da hilero etxebizitza bat alokatzeagatik Etxebarrin.

Datuek adierazten dutenez, Etxebarrik Bizkaiko alokairu-preziorik altuenetako bat du gaur egun, Bilbo, Leioa, Getxo, Sopela eta Urdulizen atzetik.

Era berean, salerosketaren batez besteko prezioa 230.000 euro ingurukoa da, eta zifra horiek nabarmen zailtzen dute gazteek lehen etxebizitza eskuratzea”, dio Lopezek. 

Aldi berean, Etxebarri da gazteen hazkunderik handiena duen Bizkaiko udalerria [irakurri hemen azaroan GEURIAn publikatu dugun erreportajea]: “Biztanleen % 24 inguruk 20 urte baino gutxiago ditu, eta horrek bizitegi-alternatiba eskuragarriak bermatuko dituzten udal-politikak bultzatzeko beharra indartzen du”, dio Etxebarriko alkateak. 

“Horregatik, Mirador programari esker, udal-etxebizitzen parke berri hori eraikin berean kontzentratu ahal izango da, eta horrek parkearen kudeaketa erraztu eta erkidegoko kostuak murriztuko ditu. Gainera, Udalak beste sei etxebizitza izango ditu sustapen berean, eta erabilera sozialetarako erabiliko dira, udal-zerbitzuen esparruan”, dio Lopezek. 

Neurri horrekin, Etxebarriko Udalak etxebizitza-politika publikoekiko konpromisoa sendotuko du. Ildo horretan, Udalak 22 etxebizitza erostea ere aurreikusi du, 3,5 milioi euro bideratuta.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Auto batek 77 urteko gizon bat harrapatu du N-634 errepidean, Etxebarrin

Istripua gaur goizean gertatu da. Gizona, zaurituta, Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute

|

etxebarri n634 bidegurutzea 2018 semaforoak
N-634 errepidea Etxebarrin // Artxiboa, Geuria

77 urteko gizon bat zauritu da gaur goizean Etxebarrin, auto batek harrapatuta.

Istripua 07:44an gertatu da N-634 errepidean. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, oinezkoa aipatutako bidetik zihoan Bilborako noranzkoan, eta ibilgailuak harrapatu egin du.

Kolpearen ondorioz, Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute gizona, eta bertan artatzen ari dira.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Haurren ongizatea eta babesa sustatzeko kanpaina berria martxan jarriko du Tratu On Etxebarrik

Haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea, emozioen kudeaketa, edota desprotektzio-zantzuak antzematea bezalako gakoak zabalduko dituzte hainbat euskarritan

|

Tratu On Etxebarrik kanpaina berria jarriko du martxan datozen hilabeteei begira // Geuria

Tratu On Etxebarri batzordeak, udalerriko gizarte-erakunde, elkarte kultural, kirol-klub eta aisialdiko taldeekin elkarlanean, kanpaina berri bat martxan jarriko dute haurren ongizatea eta babesa sustatzeko.

Datozen hilabeteetan zehar, hamabostero mezuak zabalduko dituzte hainbat euskarritan, familiei, hezitzaileei, monitoreei eta entrenatzaileei, eta erreferente diren pertsona helduei zuzenduta.

Gako bakoitzak eguneroko bizitzako alderdi garrantzitsuak jorratuko ditu, besteak beste: haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea; mugen eta emozioen kudeaketa errespetuzkoa; maitasunean eta enpatian oinarritutako laguntza hezitzailea; desprotektzio-zantzuak antzeman eta jarduteko beharra; eta komunitate osoaren erantzukidetasuna, haurren eskubideak bermatzeko bidean.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Euskara Batzordea berriro aktibatu nahi dute Etxebarrin, urtean zehar ekintzak egiteko

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hamaika ekintza antolatu dituzte azaroaren 27tik abenduaren 7ra bitartean. Gainera, Euskara Batzordea berraktibatzeari ekin diote herrian

|

basauri arizko ikastola 2018 euskaraz bizi horma margoketa
Euskararen alde eskualdean egindako mural bat // Geuria, artxiboa

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta herritarren kezkei eta zalantzei erantzuteko Euskara Batzordea berriro aktibatzea erabaki dute Etxebarrin.

Asmoa da talde bat eratzea eta “aldian-aldian” elkartzea eta euskararen inguruan hausnarketa egitea. “Horrez gain, urtean zehar euskaraz ekimenak antolatzeko berraktibatu nahi dugu batzordea, ez dadin bakarrik mugatu Euskararen Nazioarteko Egunera, baizik eta urtean zehar ere”, adierazi diote GEURIAri batzordeko kideek.

“Zergatik kaleetan euskara horren gutxi entzuten dugun hausnarketa mahai gainean jarri nahi dugu, eta euskararen postureotik euskararen erabilerara jauzia egiteko formula batzuen bila ere aritu nahi dugu ekimen berraktibatze honekin”, diote.

Era berean, herrian antolatzen diren jardueretan hizkuntza irizpideen faltari irtenbidea eman nahi dio Euskara Batzordeak: “Arlo horretan ere lan egin nahiko genuke”.

Herrian deialdia egingo dute Euskara Batzordean parte hartu nahi duten kide berriak erakartzeko: “Ahots berriak entzun eta aurpegi berriak ikusi nahi ditugu batzorde berritu honetan”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Umorezko bakarrizketa, Mintzodromoa eta lehiaketak antolatu dituzte Etxebarrin, Euskararen Eguneko programazioan

|

Besteak beste, Mintzodromoa egingo dute Etxebarriko Institutuan // Argazkia: Euskaraldia Etxebarri

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta, egun horren testuinguruan, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte Etxebarriko Institutuak, Tarrastak, Etxebarriko Euskaltegiak, Kukullaga ikastetxeak, Talka Gazteguneak eta Etxebarriko Udalak abenduaren 7ra bitartean.

Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute frontoian (10:00) Kukullagako ikasleentzat, eta arratsaldean, 18:30ean, Manex Astigarragaren umorezko bakarrizketa izango da Talkan, helduei zuzenduta.

Tarrastak Egunean Behin jokoa eta bertso txapelketa prestatuko ditu azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean.

Institutuan, Euskaltegian eta Kukullaga ikastetxeetan ere hamaika ekintza antolatu dituzte: mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoan Institutuan; Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcast bat Euskaltegian; eta herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia Kukullaga ikastetxean.

Etxebarri | Euskararen Eguna 2025

Azaroal 24-Abenduak 3
‘Euskaraz Bizi Nahi Dut’ kanpaina eta banderak saltzea Euskara Zerbitzuan (Cime)

Abenduak 3, asteazkena
Etxebarri Txiki Jaia: antzerkia (ikasleentzat)
10:00 Frontoia

Umorezko bakarrizketa: Manex Astigarraga, ‘Margolari’ (helduentzat)
18:30 Talka

Egunean Behin jokoa eta Bertso txapelketa
Tarrasta

Mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoak
Etxebarri BHI

Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcasta
Euskaltegia

Herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia
Kukullaga ikastetxea

Abenduak 7, igandea
Zineforuma: ‘Aupa Etxebeste!’
17:30 Talka

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna