Sareak

☉ Etxebarri

Jessica Brunet Barcenas: «Ring batera igotzearen sentsazioa ezin dut hitzekin azaldu: sekulakoa da»

Duela zortzi urte, 2016an, hasi zen boxeoa praktikatzen, kontaktuko kirolek bere arreta erakarri izan dutelako betidanik

|

Jessica Brunet Barcenas (Bilbo, 1987) boxeolaria da. Duela zortzi urte, 2016an, hasi zen boxeoa praktikatzen, kontaktuko kirolek bere arreta erakarri izan dutelako betidanik. Ezagun batek Etxebarritik gertu ireki zuen gimnasio batean boxeoa probatzera animatu zuen eta ordutik horretan dabil. Duela gutxi boxeo entrenatzaile titulua atera du eta beste proiektu batzuk ditu buruan etxebarritarrak.

Noiz eta zergatik hasi zinen boxeoan, Jessica?
2016an hasi nintzen boxeoa praktikatzen. Kontaktuko kirolek beti erakarri izan naute eta ezagun batek Etxebarritik gertu ireki zuen gimnasio batean boxeoa probatzera animatu ninduen. Asko gustatu zitzaidan eta ordutik boxeoa egiten dut.

Zure debutaz galdetuko banizu, zelan gogoratzen duzu?
Boxeoa probatu eta handik gutxira debuta egin nuen; 2017an izan zen. Nire taldekideek eta entrenatzaileak animatu ninduten. Nerbio asko eta emozio asko gogoratzen ditut. Zamudion izan zen nire debuta: lagun asko etorri ziren nire ondoan egoteko eta irabazi egin nuen. Ring batera igotzearen sentsazio hori azaltzea ezinezkoa da: sekulakoa da.

Fly kategorian lehiatzen zara.
Nire amateur etapan 54 kiloen kategorian lehiatzen nintzen. Gaur egun, Boxeo Profesionalean adostutakoaren arabera lehiatzen naiz, 50 eta 51 kilo artean. 

Martxoan Bizkaia frontoian egin zenuen borroka Florencia Villareal argentinarraren aurka. Nolakoa izan zen borrokaldia?
Ilusioz gainezka nengoen Bilbon profesional gisa lehen aldiz borrokatuko bainuen. Bilbokoa baino astebete lehenago beste borroka bat izan nuen Bartzelonan, eta oso borroka gogorra izateaz gain, lesionatu egin nintzen. Horregatik, Bilboko borroka ez zitzaidan espero bezala atera. Baina, hala ere, pozik nago nire erronketako bat gauzatu ahal izan nuelako, egunez egun laguntzen didaten pertsonak alboan ditudala ikusita.

Orain “oporretan” zaude entrenamenduei eta borrokei dagokienez. Zenbat denbora behar duzu elkarren segidako borroka batzuen ondoren errekuperatzeko?
Kirolari bakoitzak erabakitzen du zenbat denbora behar duen indarberritzeko. Normalean astebete behar da, baina oraingoan, nire kasuan, nahiago izan dut eskuineko eskuan eta besoan neraman lesioa ondo sendatu. Horregatik erabaki dut boxeoan geldirik egotea eta sozializatzen, atseden hartzen eta deskonektatzen jardutea. 

Hala ere, alde fisikoa mantentzen ari zara.
Noski. Alderdi fisikoa mantentzen jarraitzen dut, baina ez entrenamenduen intentsitate berarekin. Entrenamenduez gain, oso garrantzitsua da elikadura osasuntsua izatea. 
Oinarrizkoa da elikadura osasuntsua alderdi fisikoa mantentzeko, entrenatzeaz gain, noski.

“Gero eta emakume boxeolari gehiago daude, eta gero eta onagoak. Asko pozten naiz horregatik”

Nolakoa da mantentze fisiko hori?
Entrenamenduek bi zati dituzte: alde fisikoa eta boxistikoa. Alde fisikoa mantentzeko Iñigo Izquierdoren laguntza dut eta alde boxistikoan Ibon Larrinaga da nire entrenatzailea. Biak profesional handiak dira, eta egiten duten lan handia, ahalegina eta laguntza eskertzen diet.

Borroka baten aurretik, entrenamenduak intentsitate handikoak izango dira.
Fase desberdinak ditu borroka baten aurreko entrenamenduak. Lehenengo fasea karga handikoa da, eta  borroka hurbildu ahala, intentsitatea areagotzen da eta karga murrizten da. Prestaketarako dudan aste kopuruaren araberakoa da entrenamendua. Eta borrokaren azken astean lan gutxi egiten da, eta janari eta likidoak murrizten dira aurretiaz adostutako pisua mantentzeko. Azken egunetan Etxebarriko kiroldegiko saunara joan ohi naiz likidoetan pisua jaisteko.

Eta nolakoa da zure eguneroko errutina entrenamenduez gain?
Iñigok igandeetan aste osorako entrenatzeko taula bidaltzen dit, egin beharreko ariketa bakoitzarekin xehatuta.

Oso goiz jaikitzen naiz eta FittnesParkera joaten naiz alde fisikoa entrenatzera. Gero, 09:30etatik 18:30etara lanera joaten naiz —administraria naiz Luengas Abogadosen— eta ondoren boxeo saioa egiten dut Erandion Ibonekin. Etxera iristean, afaria prestatzen dut, baita hurrengo eguneko entrenamendurako motxila ere. Horixe da nire egunerokoa.

Ostiral arratsaldeetan ez dut entrenamendurik egiten. Larunbat goizetan boxeo eskolak ematen ditut eta asteburuan korrikaldi txikiak egiteko aprobetxatzen dut: normalean Galdakaoraino joaten naiz lagunak bisitatzera eta berriro korrika itzultzen naiz etxera.

Entrenamenduak eta zure lana uztartzen dituzu, beraz.
Bai. Nire eguneroko errutinaren barruan daude lana eta entrenamenduak. Ohitzen zarenean, oso zaila da errutina horretatik irtetea. Batzuetan, boxeoan geldirik nagoen une bakoitzean, errutina horren falta sumatzen dut.

Dieta espezifikoren bat jarraituko duzu. Zein da dieta hori?
Janari osasungarria jaten dut. Barazki asko, arroza, arrautzak, proteinak… tipikoa. Borroka bat gertu dudanean, hidratoak kentzen joaten naiz, azken bi egunetan jada ez dut hidratorik jaten eta proteinekin ordezkatzen dut nire dieta, baina kantitateak murriztuz.

Pisatzearen aurreko egunean, dudan pisuaren arabera, jateari eta edateari uzten diot. Eta behin pisatuta, likidoak hartu eta hidratoak jaten ditut. Prozesu hori guztia barneratzea kostatu zait, gaur egun oraindik ere kostatzen zait, batez ere zure lagunekin edo senideekin bazkari bat daukazunean eta zuk ezin duzunean gauza bera jan.

Etxebarrin beste boxeolari ezagun bat dugu: JonFer. Ba al dago boxeo zaletasunik Etxebarrin?
Bai. Zortea dut JonFer oso gaztea zenetik ezagutzen dudalako, gimnasio berean entrenatzen genuen eta hazten ikusi dut. Nahiz eta une honetan Bilbotik kanpo egon, bere lorpenengatik miresten dudan pertsona da, eta gainera asko estimatzen dut.

JonFerrek eta zuk elkarrengandik ikasi al duzue?
Asko gustatzen zait JonFerrek duen boxeoa. Nahiago nuke boxeoan haren antza izango banu, baina hori izugarri zaila da. Talentu berezia du JonFerrek.

Boxeolari erreferenterik baduzu?
Gaur egun asko gustatzen zait Amanda Serrano boxeolari puertorricarra. Luma pisuko munduko txapeldun bateratua da: 2019az geroztik WBO titulua (World Boxing Organization), 2021az geroztik IBO titulua (International Boxing Organization), 2022az geroztik IBF titulua (International Boxing Federation) eta 2023az geroztik WBA titulua (World Boxing Association). Lau pisu mailatan baino gehiagotan munduko tituluak irabazi dituen emakumezko bakarra da, eta emakumezko batek pisu ezberdinetan irabazi dituen munduko txapelketa gehienen Guinness Munduko Errekorra du, zazpi pisu ezberdinetan munduko 9 titulu nagusi izan baititu.

Zein da emakumezkoen boxeoaren egoera?
Gero eta emakume boxeolari gehiago dago, eta gero eta hobeak dira. Uste dut ez dela lehen bezain arraroa neska bat boxeolaria izatea, eta asko pozten naiz horregatik.

Baduzu beste borrokarik epe labur edo ertainean?
Bilbon martxoan borrokatu nuenetik bi borroka eskaini dizkidate, baina ez ditugu onartu, atseden hartu eta indarberritu behar dudalako. Gainera, entrenatzaile titulua atera dut eta beste proiektu batzuk ditut buruan.

☉ Etxebarri

Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an

Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

|

Urtean 20 euro gehiago ordainduko dituzte Etxebarrikoek zabor-tasan // Geuria

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.

Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.

“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.

OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.

Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.

Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.

Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Palestinaren aldeko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak

Urriaren 3an egingo dute elkarretaratzea Palestinako genozidioaren aurka eta herritarrak batzeko deia egin dute

|

Irailean Basaurin ere elkarretaratze isila egin zuten Palestinaren alde, Udalak deituta // Geuria

Genozidioaren aurka eta Palestinar herriaren alde adierazpen instituzionala onartu du aho batez Etxebarriko udalbatzak.

“Etxebarriko Udalak, bere herritarren izenean, publikoki adierazi nahi du kezka sakona eta gaitzespen irmoa Palestinako herriak bizi duen giza krisi larriaren aurrean, bereziki Gazako Zerrendan, Israelen eraso militarraren ondorioz”, adierazi dute.

Udaltalde guztiek “irmoki” gaitzetsi dute Palestinako herritarren aurka egindako genozidioa, “milaka hildako eragin dituena, horietako asko haurrak eta adingabeak, baita ospitale, eskola eta etxebizitzen suntsiketa sistematikoa ere”.

Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte, “hala nola, laguntza humanitarioaren blokeoa, gizarte zibil palestinarraren kriminalizazioa eta biztanleriaren desplazamendu masibo eta behartua”, diote.

Su-etena “berehalakoa eta iraunkorra” izatea eskatu dute, baita laguntza humanitarioa Gazara iristeko korridore seguruak irekitzea ere.

“Palestinako herriak bakean bizitzeko, bere Estatua sortzeko eta bere etxeetara itzultzeko eskubidea berretsi egiten dugu, Nazio Batuen 1947ko ebazpenen arabera”, esan dute.

Eta, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei Israelekin duten lankidetza militar oro bertan behera uzteko eskatu diete, baita dituzten akordioak berrikustea eta gerrako krimenen inguruan nazioarteko ikerketen jarraipena babestea ere.

“Nazioarteko erkidegoari, eta bereziki, Europar Batasun osoari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak bilatu eta babes ditzala eskatzen diogu”, diote.

Gauzak horrela, urriaren 3an, ostiralez, 10 minutuko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak udaletxeko plazan 19:00etan.

“Etxebarrik ezin du eta ez du nahi beste alde batera begiratzea. Gizarte justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako udalerri gisa, gure ahotsa altxatzen dugu basakeria honi amaiera emateko eta herri guztien duintasuna errespetatzeko”, diote.

Udaletik herritarrak deitu dituzte elkarretaratze isil horrekin bat egiteko, “baita Etxebarrin eta inguruko udalerrietan egiten diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzeko ere”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik

Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

|

Santa Ana kaleko igogailuan pintadak egin dituzte azken orduetan // Argazkia: Etxebarriko Udala

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.

Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.

“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.

Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.

Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.

Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebeer garagardo artisauen bigarren azoka antolatu dute irailaren 27an Etxebarrin

Laugar, Boga, Drunken Bross, Gross eta Baobeer euskal ekoizleak egongo dira Etxebarriko azokan. Gainera, taloak eta hanburgesak eta kontzertuak izango dira

|

Artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza eta kontzertuak egongo dira // Argazkia: Bence Boros, Unsplash

Iazko arrakasta izan ostean, aurten bigarren urtez antolatuko dute Etxebarrin Etxebeer garagardo artisauen azoka. Irailaren 27an, larunbatez, izango da udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara.

Basque Beer euskal garagardogileen elkartearekin lankidetzan, eta Stop Basque Whashing lelopean, bost euskal ekoizle izango dira Etxebarriko jaialdian: Laugar, Boga eta Drunken Bross bizkaitarrak eta Gross eta Baobeer gipuzkoarrak.

Gainera, artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza ere izango da: Loiuko Events-en eskutik taloak eta hanburgesak egongo dira egun osoan zehar.

Eta giroa alaitzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Tacon de Aguja, Kruddö eta Moonshine Wagon. 

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatuko du Jaurlaritzak

Programak “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi du Imanol Pradales lehendakariak

|

Ikasturte amaieran ebaluazioa egingo du Jaurlaritzak, programa Euskadiko beste udalerrietara hedatu behar duten jakiteko // Argazkia: Gaelle Marcel, Unsplash

Nerabeen ongizate emozionalerako programa pilotu bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin, baita Araialdean, Irunen eta Gasteizen ere.

Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioaren eskutik, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa izango da eta, “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi zuen pasa den astean Imanol Pradales lehendakariak Politika Orokarri buruzko eztabaidan.

“Gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta. Euren zalantzak, beldurrak eta kezkak adierazi ahal izango dizkiete profesionalei”, esan zuen lehendakariak.

Programa pilotua ikasturte honetan jarriko dute abian eta ebaluazioa ikasturte amaieran egingo du Jaurlaritzak: “Ebaluazioa egin ostean, ikusiko dugu Euskadiko udalerri gehiagotara hedatuko dugun programa”, zehaztu zuen Pradalesek.

“Gainera, udalekin lankidetzan, eta Kristalezkoak ekimenaren babespean, aholkularitza-zerbitzuak aktibatuko ditugu Euskadiko gazteei arreta emateko bulego guztietan”, adierazi zuen.

Halaber, lehendakariak iragarri zuen Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko dituztela, “osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko”.

Osorik irakurri