☉ Galdakao
Aitor Aburto: “Musika ikastea zoragarria da, baina zoratzekoa ere”
Da Capo Galdakaoko Musika Bandan klarinetea jotzen hasi zen Aitor duela hamar urte baino gehiago. Egun Orkestra Zuzendaritza Masterra egiten ari da, eta bere taldekideak zuzendu berri ditu Torrezabalen.

Galdakaoko Da Capo Musika Bandako kide da Aitor Aburto Iracizabal (Lezama, 1995). Egun klarinetea jotzen du, baina saxofoia ere jo izan du. Lehen Hezkuntzan graduatua izateaz gain, Goi Mailako Musika Gradua du, eta momentu honetan Orkestra Zuzendaritza Masterra ikasten ari da. Hain zuzen ere, urriaren 17an Da Capok 2021-2022 denboraldiari hasiera eman zion Torrezabalen ‘Erroetara bueltan’ ikuskizunarekin eta bertan zuzendari gonbidatu bezala aritu zen Aitor. Hori aitzakia hartuta, Aitorrekin berba egitera lotu gara.
Da Capo Galdakaoko Musika Bandaren ikasturteko lehen kontzertuan zuzendari gonbidatu izan zinen.
Hala da. Galdakaoko Da Capo Musika Bandaren kidea naiz. Egun, klarinetea jotzen dut. Eta bestetik, zuzendaritza ikasketak ere egin ditut. Orain arlo honetan nabil gehiago zentratzen, argi dago, klarinetea alde batera utzi gabe; orduan, zuzendari gonbidatua izateko proposamena heldu zen, bai nire partetik, bai bandaren partetik. Orain ez dut gogoratzen nor izan zen lehena proposatzen, baina egia da bi aldeetatik hori egiteko gogoa geneukala. Printzipioz iazko denboraldirako zegoen programatua, baina pandemiarekin ezin izan genuen egin, eta ez genuenez kontzertua galdu nahi, hurrengo denboraldian programatzea erabaki genuen. Azken finean aukera oso interesgarria zen bai niretzat eta bai bandarentzat eta oso era naturalean garatu da proiektua.
Eta lehenegoz zuzendari moduan aritzeko esperientzia zelan definituko zenuke?
Hasieran arraroa izan da. Batetik, beste aldean zaudelako, zure kideen aurrean; bestetik, beste era batera lan egin behar duzulako. Baina oso erraza izan da banda honekin lan egitea. Bandak berak maila altua du, lanerako jarrera itzela dute kideek eta sortzen den giroa oso lagungarria da lan egiteko eta musikan behar bezala sakontzeko.
Eta aurrera begira, zuzendari bezala ikusten duzu zure burua?
Egia esan, ez dakit eta ez dut horretan pentsatu nahi. Denborarekin ikasi dut ondo dagoela helburuak izatea, baina helburu zehatz bat jarriz gero ate asko ixten dituzula eta zure buruari mugak jartzen dizkiozula ere ikusi dut. Nik, momentuz, musikan zentratu nahi dut nire ibilbide profesionala, musikaren arlo desberdinak ikusi, euretatik ikasi… Nire ardura musika egitea da, gaur zuzendari bezala, bihar orkestran klarinetea jotzen, ganberako musika taldeekin edo irakaskuntzan belaunaldi berriak hezten.
Zer eskaini diezaioke zu bezalako zuzendari gazte batek musika banda bati?
Batez ere energia eta musika egiteko pasioa eta gogoa. Gainera, nahiz eta gaztea izan, esperientzia nahikoa daukat musikako arlo desberdinetan, eta uste dut haientzat ere interesgarria izan daitekeela nire ezagutzak partekatzea, musikarekiko ikuspuntua ezagutzea eta zerbait berria ikustea.
Gero eta zuzendari gazte gehiago ikusten dira musika bandak zuzentzen.
Bai. Gero eta zuzendari gazteagoak eta, gainera, prestatuagoak esango nuke. Banden inguruko musikaren interesa asko hazi da azken urteotan. Banden maila hobetu da, konpositoreak formazio honen inguruan interesatu dira eta proiektu berritzaileak agertu dira. Banda bat oso tresna boteretsua da musika egiteko eta ez da harritzekoa gaur egungo musikari edota zuzendari gazteek bandak aukeratzea euren musika jarduna garatzeko.
Banden kontzepzio tradizionala desagertzen ari da, nahiz eta honen oinarriak sendo mantendu. Gure erroak alde batera utzi gabe, musikari gazteok berrikuntza, pasioa eta energia dakartzagu, kultura sendotzeko asmoz gizarteari zerbait esanguratsua eskaintzeko.
Errepertorioa ezberdina al da zuzendari gazte bat ala nagusiago bat dagoenean?
Printzipioz ez du horrela izan behar. Egia da zuzendari gazteek askotan energia eta pasioaz bultzaturik gauza deigarriak egin nahi ditugula, baina hori pertsonaren arabera doa beti. Badaude gazteen energia baino gehiago dituzten zuzendari nagusiak eta alderantziz.
Zuzendariaren lana alde batera utzita, Da Capoko klarinete jole zaitugu.
Da Capon duela hamar urte baino gehiago hasi nintzen. Orduan ez ginen Da Capo deitzen eta banda asko aldatu da ordutik. Momentu horretan klarinetea ikasten nuen Larrabetzuko Musika Eskolan eta irakasle baten gomendioagatik hasi nintzen Galdakaoko Musika Bandan. Bandan sartu nintzen momentuan ez nintzen Galdakaon bizi, izan ere, hamaika urte nituenean Lezamara joan ginen bizitzera, baina ilusioa egiten zidan Galdakaora bueltatzea txikitan askotan ikusi nuen bandaren parte izateko.
Eta zergatik klarinetea?
Hasieran gitarra aukeratu nuen, baina Galdakaoko Musika Eskolan ez zegoen lekurik gitarrako saioetan, beraz, beste instrumentu bat aukeratzera behartu ninduten. Nire anaia nagusiak saxofoia jotzen zuen eta orduan berarekin izena eman nuen saxofoia ikasteko. Kasualitatez, bere irakasleak klarinetea ere jotzen zuen eta egun batean instrumentua aurkeztu zidan… Txundituta gelditu nintzen bere soinuaz eta momentu horretan bertan instrumentuz aldatu nuen, eta gaur egunera arte.
Non egin dituzu klarinete ikasketak?
Klarinete Goi Mailako Gradua Musikenen egin ditut. Ekainean amaitu berri dut gradua. Musika ikastea zoragarria da, baina zoratzekoa ere. Oso gogorra da. Musikak zure bizitzaren parte handi bat hartzen du eta egunero momentu oro daukazun motxila bat da. Gauza onak ditu, jakina, baina txarrak ere bai: presioa, esfortzua, nekea edota ikasketa orduak jasateko maila psikologikoan prestatua egon behar duzu edo denborarekin ikasi beharko duzu, bestela aldapa gora egiten da. Hala ere, gauza positibo bat dauka, aurreko guztiari gailentzen zaiona: musika daukazula lanbide bezala.
Musikari bat beti dago ikasketa etengabean ala noizbait bukatzen dira ikasketak?
Ikasketak inoiz ez dira bukatzen. Agian maila formalean bai, baina musikan aritzea etengabeko ikasketa da. Beti dago zerbait berria, zerbait aldatzeko edo deskubritzeko. Eguneroko bizitzan ere bizipenez ikasten dugu arlo pertsonalean garatzen jarraitzeko, etengabeko ikasketan gaude. Bada, musikan berdin.
Nola eta non entseiatzen duzue Da Capokoek?
Beti entseatu izan dugu Galdakaoko musika eskolan, baina Covid-19ak eragindako murrizketen ondorioz, Torrezabalera eraman gaituzte. Hori bai, banda bezala Torrezabal alokatu behar dugu entseatzera joan ahal izateko. Urrira arte izan dugu erreserbatuta, eta badirudi laster itzuliko garela musika eskolara.
Zer eskaintzen dio Da Capo Galdakaoko Musika Bandak herriari eta orokorrean gizarteari?
Galdakaoko Banda goi mailako kultur aukera bat da, eta, aldi berean, publikoarengandik hurbil dagoena. Torrezabalen eta horren moduko antzokietan kontzertuak eskaintzen ditugu, baita kalean ere, jai-ekitaldi askotan gaude, folklore ekitaldietan, herriko zein auzoetako jaietan, eta kalejirak ere egiten ditugu. Bestetik, esan behar da Galdakaoko Banda beti dagoela musika eskolako musikariak hartzeko prest. Beti izan du hurbiltasun hori, nahiz eta eskolak eta bandak elkarrekin lotura zuzena ez izan.
Da Caporen jardunean pandemiak eraginik izango zuen.
Bai. Hilabete asko eman ditugu geldirik izan diren murrizketa guztiengatik. Gurekin zerikusirik ez duen zerbait izan da, eta Bandan izan dituen ondorioak nahiko nabarmenak izan dira. Alde batetik, ezin izan dugulako ezer eskaini, eta, bestetik, berriro martxan jarri garen aldietan kosta egin delako taldea martxan jartzea. Hala ere, banda osatzen dugunok beti prest gaude itzultzeko. Gogo handiz itzuli gara, herriari kultura eskaini ahal izateko.
Baina dagoeneko martxa hartu duzue. Zein erronka duzue ikasturte berrirako?
Galdakaoko Udalari programazio oso zabala eta interesgarria proposatu diogu. Oraindik ez dago ezer itxita, baina bost kontzertu hitzartu ditugu Torrezabalen, beste bost kontzertu kalean, auzo ezberdinetara joango gara eta kalejira batzuk egingo ditugu. Bestalde, lankidetza dezente egingo ditugu ikasturte berrian, baita nazioarteko kolaborazioak ere. Ez dakit askoz gehiago aurreratu dezakedan, baina ikasturte berrian zenbait sorpresa izango ditugu.
☉ Galdakao
Katixa Agirre Galdakaon izango da otsailaren 9an Leidu Irakurketa Taldearen hitzorduan
Idazle gasteiztarraren ‘Barne zerbitzuak’ nobela komentatuko dute otsaileko hitzorduan: 1937-1943 urteetan oinarritutako thrillerra

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak urteko bigarren hitzordua zehaztu du: otsailaren 9an, astelehenez, batuko dira Peña Santa Cruz elkartearen lokalean 18:30ean.
Katixa Agirre Miguelez idazlearen ‘Barne zerbitzuak’ eleberria aztertu eta komentatuko dute. Gainera, egilea bera hitzordura batuko dela adierazi dute Leiduko kideek.
☉ Galdakao
Galdakaoko 1.100 ikasle kalera aterako dira Santa Ageda bezperan koplak abestera
Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4a Santa Ageda bezpera da eta ohiturak jarraituz, Euskal Herrian eta Hego Uribe eskualdean kalera aterako dira hainbat herritar koplak abestera.
Galdakaon, Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte neguko solstizioaren ostean lurrari esnatu dadin dei egiteko.
Kurtzeko plazan 10:00etan kantatuko dute ikasleek udal langileen eta zinegotzien aurrean, eta ondoren Ardantza parkean txokolatea eta bizkotxoak banatuko dizkiete.
Euria egiten badu ekitaldia Gandasegiko arkupeetan izango da.
Andra Mari eta Arratiako Korua
Egunean zehar, eta batez ere arratsaldean, herriko kultur talde eta elkarteak, koroak eta lagun kuadrillak kalera aterako dira.
Besteak beste, aipatzekoak dira Andra Mari Dantza Taldeak herritik zehar egingo duen kalejira eta Arratiako Koruak eskainiko duen emanaldia.
Arratiako Korua 21:00ak aldera izango da Galdakaon, Iturrondo plazan. Iaz bertan topatu genituen: ikusi bideoa.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”
Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.

































