Sareak

☉ Galdakao

Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

|

Auzoakeko bi zinegotziak Galdakaoko osoko bilkura batean // Geuria

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.

Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.

“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.

☉ Galdakao

Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela

Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

|

2023ko hauteskunde kanpainan aurkeztu zirenetatik 12k Auzoak taldea utzi dute // Geuria, artxiboa

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.

“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.

Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.

“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.

Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”

Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.

“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.

Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.

“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Chami eta Jon aurkezle finek Korrika aurkeztu dute Galdakao

|

Martxoaren 27an iritsiko da Korrika Hego Uribe eskualdera. Ugaotik sartu, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatu ostean, Usansolotik alde egingo du lekukoak Arratiarantz [hemen eskualdeko ibilbidea!]

Eskualdean 24. edizioaren nondik norakoak ari dira aurkezten, eta Galdakaon Jon Olea eta Ander Chamizo herritarrek aurkeztu zuten. Barreak eta algarak eta musika nagusi izan ziren aurkezpenean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Elexaldera igoera egingo dute Itzuliako txirrindulariek Galdakaon

Itzulian % 15eko desnibela duen kilometro bat baino gehiagoko igoera egingo dute txirrindulariek Galdakaon

|

2020an Elexaldeko Kronoeskalda Solidarioa antolatu zuten // Usansoloko Mendi Lasterketa Solidarioa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.

Apirilaren 6tik 11ra bitartean izango da lasterketa, baina oraindik antolakuntzak ez du iragarri noiz izango diren eskualdeko bi etapak. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.

Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.

Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.

Eta, Basauriko helmuga “zorrotza” izango da: txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Auzoak Galdakao: “Proiektu honetan jarraitzen dugunok ez dugu ezer ezkutatzeko”

|

Auzoakeko kideak 2023ko hauteskunde kanpainan // Auzoak Galdakao

Auzoak Galdakao plataformaren barruan jarraitzen duen taldeak komunikatu bat publikatu du gaur arratsaldean, joan den ostiralean piztutako polemikari erantzunez.

Komunikatua posta elektroniko bidez helarazi digute hedabideoi, “izan ere, Auzoakeko sare sozialetako eta web orrialdeko gure gakoak berreskuratzeko zain gaude”, esan dute. “Dagoeneko elkartean ez dauden pertsonei komunikazio-kanalen gakoak itzultzeko behin eta berriz eskatu zaien arren, une honetan oraindik ez dituzte itzuli”, salatu dute.

Hain zuzen ere, Auzoak Galdakao profileko gakoak plataformarekin kritikoak diren kide batzuek dituzte, eta joan den ostiralean sareetan publikatu zuten “proiektua amaitutzat” ematen zutela. Gainera, abenduaren 4an beste komunikatu bat publikatu zuten Facebooken esanez aurrekontu proposamenarekin ez zeudela ados.

GEURIA Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri zen larunbat goizean eta adierazi zuten plataformak lanean jarraituko duela: “Auzoak ez da desagertuko. Zinegotziok eta plataformako gainerako kideek lanean jarraituko dugu Galdakaoko auzo guztien alde eta herri osoaren alde, eta ez auzo bakar batzuen mesedetan”, esan zuten.

“Auzoaken gure eredu asanbleistarekin jarraitzen dugu eta ulertzen dugu eredu honek ezinegona eta tentsioak sor ditzakeela bozketa batean norberak nahi duena ateratzen ez denean, baina hasieratik erabaki zen gure lan metodoa izango zela eta horrela izan da uneoro”, adierazi dute gaur bidali duten komunikatuan.

Eta gaineratu dute: “Harrotasun handiz esan dezakegu proiektu honetan jarraitzen dugunok ez dugula ezer ezkutatzeko, eta kontzientzia garbi dugula, talde honen benetako helburuari begira: gure udalerriko auzo guztien alde lan egitea”.

“Jakin badakigu batzuetan ematen duela ez garela leku guztietara iristen, baina argi daukagu hori dela gure helburua. Horregatik, herritarrak gonbidatzen ditugu beren kezkak eta proposamenak azaltzen jarrai dezaten”, esan dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Haurrei zuzendutako argazkigintza tailerra antolatu dute Galdakaon Barikupasa programaren barruan

Urtarrilaren 30ean, ostiralez, izango da tailerra Kurtzeko plazan. Parte hartu nahi duten familiek izena eman behar dute, doan

|

Argazkigintza modu ludikoan landuko dute Click eta Click elkartekoek // Argazkia: Kelly Sikkema, Unsplash

Barikupasa ekimena bueltan da. Urtarrilaren 30ean urte berriko lehen hitzordua zehaztu dute, eta oraingoan haurrei eta familiei zuzendutako argazkigintza tailerra prestatu dute.

Click eta Click elkarteak dinamizatuko du saioa: Kurtzeko plazan izango da, 17:15etik 18:15era.

Tailerrean parte hartu nahi duten familiek ez dute kamerarik eraman beharko, baina izena eman beharko dute aurretiaz esteka honen bitartez.

Saioan zehar, argazkigintza modu ludikoan landuko dute: “Helburua haurrei hizkuntza bisualarekin lehen harreman hurbil eta eskuragarria eskaintzea da. Horretarako, jolasaren, esperimentazioaren eta sormenaren bidez jorratuko da gaia, txikienen artean diziplina horrenganako interesa eta zaletasuna pizteko asmoz”, diote antolatzaileek.

Ekimena Click eta Click elkarteak 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikastarotik sortu da.

Osorik irakurri