☉ Galdakao
Bizkaiko planta fotovoltaiko handiena eraikiko dute Usansoloko Gorozibai auzoan
Gaur eguerdian prentsaurrekoa eskaini dute Galdakaoko Udaleko Iñigo Hernandok, Asier Egiraunek eta Iñaki Urgoitik Gorozibaiko Kultur Etxean, Usansolon

Gaur eguerdian prentsaurrekoa eskaini dute Galdakaoko Udaleko Iñigo Hernandok, Asier Egiraunek eta Iñaki Urgoitik Gorozibaiko Kultur Etxean, Usansolon. Bertan Bizkaiko parke fotovoltaiko handiena eraikiko dute Udalak eta herritarrek, koperatiba baten bidez kudeatutakoa. Urte eta erdi eta hiru urte tarteko epean gauzatuko den proiektuaren nondik norako guztiak azaldu dizkiete komunikabideei lekuan bertan.
“Galdakaoko Udalak apostu handia egin du trantsizio energetikoaren bidean”, hasi du prentsaurrekoa Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. “Gorozibaiko lursailak 9 hektarea dauzka eta bertan 6 megawatteko potentzia instalatzeko gaitasuna dago eta horien bidez 3.000 etxebizitza argiztatu daitezke. Datu horien arabera, Gorozibaikoa Bizkaiko parke fotovoltaivo handiena izango dugu”. Galdakaoko alkateak azpimarratu du proiektu hau gauzatu ahal izateko “baliabide guztiak” jarri dituela mahai gainean.
Gorozibai Auzo Elkarteko Aroa Sagarminaga eta Geli Barañano kideak poz-pozik eta ezkertuta agertu dira prentsaurrekoan eta proiektu berri honek itxaropena ekarri diela aitortu diete komunikabidei: “Basañezekin eta gero RCDko kontuarekin gorriak ikusi genituen eta parke fotovoltaikoaren proiektu honen berri izan genuen momentuan benetan poztu ginen”. Proiektuaren emaitzaren zain agertu dira auzotarrak: “Lursail zoragarriak dira eta egunean zehar argi asko dago hemen. Proiektu benetan interesgarri izan daiteke denon onerako”.

Asier Egiraun, Aroa Sagarminaga, Iñigo Hernando, Geli Barañano eta Iñaki Urgoiti, Gorozibaiko Kultur Etxean // Geuria
Proiektu Publiko Komunitarioa
EH Bilduk, Auzoak eta Usansolo Herria (UH) eta Elkarrekin Podemos alderdiek osatzen duten gobernu taldeak benetan sinisten duen proiektu publiko komunitarioa dela azpimarratu dute: “Honek esan nahi du plaka fotovoltaikoen parke honetan alde batetik Udalak parte hartuko duela, eta bestetik herritarrek ere aukera izango dute proiektuaren parte izateko”, gehitu du Hernandok.
80 eta 90. hamarkadetan Basañez enpresa egon zen parke fotovoltaikoa eraikiko duten lurretan. “Handituz joan zen enpresa izan zen, eta zenbat eta handiagoa orduan eta arazo gehiago ematen zituen”, azaldu du UHko Iñaki Urgoitik. “Trafiko arazo handiak sortu zizkieten Gorozibaiko auzotarrei bertatik igarotzen ziren kamioiak, atzera eta aurrera. Auzotarrak benetan kezkatuta zeuden bertan bizitzen ari ziren egoeragatik”, nabarmendu du. Basañezek 2011n itxi zuen enpresa eta kamioen arazoa bukatu bazen ere bestelako arazoak azaleratu ziren: “Arrisku handiko lekua zen, kutsadura zegoen bertan, hainbat sute gertatu ziren bertan… bertan behera utzita zegoen leku hura”, gehitu du UHkoak.

Bisita Gorozibaiko lursailetan // Geuria
Hortaz, lursailak enkantean jartzeko presioa egin zuten eta enpresak erosi zuen. Bere proiektua RCD bat ezartzea zen: “Auzotarrentzat ez zen proiektu aproposa. Ezta gutxiago ere! Eta auzotarren elkarlanaren bitartez lursaila erosi du Udalak gaur egun aurkezten ari garen parke fotovoltaikoa ezarri ahazl izateko”, azpimarratu du Urgoitik.
“Udalak hitzarmen expropiatorioa egin du”, azaldu du Asier Egiraun Galdakaoko Udaleko Hirigintza zinegotziak. “Enpresak enkantean ordaindutako diru kopurua kontuan izanda eta kutsadura kendu eta lursaila garbitzeko egindako gastu horiek bueltatu zaizkio. Ez da inolako erosketarik egin; xahututako dirua baino ez zaio bueltatu, inolako irabazirik gabe”, argitu du zinegotziak.
Udalak, aurreko enpresari baldintza moduan eskatu zitzaion Plan Berezia bete beharko du ere: “Zonalde industriala da bertakoa eta han egingo diren erabilerak ez dira aurreikusitak zeuden horiek izango. Hori dela eta, egoera horietarako erabiltzen den erreminta urbanistikoa Plan Berezia dugu”. Erabilera nagusia plaka fotovoltaikoak izango dira eta baita bigarren mailako erabilerak ere: gune berdeak, aisialdi zonaldeak, aparkalekuak… horiek guztiak jasoko ditu Plan Bereziak.

Bisita Gorozibaiko lursailetan // Geuria
Kooperatiba, proiektuaren burua
“Zonalde jakin bat egongo da plaka fotovoltaikodun ortuak egiteko. Leku oso aproposa dugu, hegoalderantz jotzen duen gunea delako eta bertan sortutako energia kopurua altua delako bertan, Bizkaiko beste zonalde batzuekin alderatuta”, nabarmendu du Egiraunek. Hori guztihori kudetazeko kooperativa bat sortuko dute Udala eta herritarren artean oinarritutakoa. Kooperatiba hori 3.000 bazkidek osa dezakete. “Kooperatibaren kideen arabera bigarren mailako erabileren espazioak handiagoak edo txikiagoak izan daitezke”.

Gorozibaiko plantako lursailak // Geuria
“Energiaren etorkizuna da honako hau”, azaldu du Gelik gaur egungo elektrizitatearen prezioari erreferentzia eginez. Energia berriztagarria sortzeko erabiliko diren lursailak “birjinak ez direla” gehitu du Egiraunek: “Aukera izanda ere, ez dugu lur uztiatugabeak erabiliko proiektu honetarako; zikindutako lurrak erabiliko ditugu lur industriala zen, potentzialki kutsatutakoa eta erabilera berriztagarria emango diogu jadanik degradatuta dagoen lur honi”.

Plantako sarrera // Geuria
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”
Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.
☉ Galdakao
Bideoa | Chami eta Jon aurkezle finek Korrika aurkeztu dute Galdakao

Martxoaren 27an iritsiko da Korrika Hego Uribe eskualdera. Ugaotik sartu, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatu ostean, Usansolotik alde egingo du lekukoak Arratiarantz [hemen eskualdeko ibilbidea!]
Eskualdean 24. edizioaren nondik norakoak ari dira aurkezten, eta Galdakaon Jon Olea eta Ander Chamizo herritarrek aurkeztu zuten. Barreak eta algarak eta musika nagusi izan ziren aurkezpenean.






























