☉ Galdakao
Argazkiak / Frantziako Tourrak jai izugarria ekarri du Galdakaoko Elorritxuetara
Frantziako Tourraren efektuak galdakoztarrak, inguruetako herritarrak eta Frantziako, Erresuma Batuko, Kolonbiako eta Europako beste lurraldetako txirrindularitzako zaletuak ekarri ditu Elorritxuetara
Gaur bertan bizikleta hartu eta Galdakaoko Elorritxuetara igo gara. Normalean ia trafikorik ez duen Elorritxuetako Bi-3732 errepide bakartiak inoiz baino jende gehiago pilatu du goizeko 09:00etatik gaualdera arte. Frantziako Tourraren efektuak galdakoztarrak, inguruetako herritarrak eta Frantziako, Erresuma Batuko, Kolonbiako eta Europako beste lurraldetako txirrindularitzako zaletuak ekarri ditu Elorritxuetara.
Euren artean murgildu gara, eta txirrindulariak ia 10 minututan igaro badira ere, Frantziako Tourraren lehen etapako efektuak (Bilbo-Bilbo) egun osoan iraun du eta txirrindularitzaz harago doan jaia bizi izan dugu zuzenean: Galdakaoko GELA txirrindularitza taldeko kideekin izan gara, ezkondu aurreko agur-jai batean murgildu gara eta errepide izkinako herritarren saltsan izan gara.
☉ Galdakao
Iskander Sagarminaga galdakoztarrak Gibraltarko itsasartea zeharkatu du: Zazpi Itsasoak lortzeko gero eta gertuago
Eider Eibar ilustratzailea ondoan izan du, baita Kataluniako beste hiru igerilari ere. Galdakaokoak 4 orduan zeharkatu du itsasartea Tarifatik Marokora

Iskander Sagarminaga galdakoztarrak erronka berria burutu du eta Gibraltarko itsasartea zeharkatu du.
Atzo, ekainak 28, egin zuen erronka. Tarifatik Marokoko Cires muturreraino 15,1 kilometro egin zituen igerilari galdakoztarrak lau ordu eta lau minutuan.
“Baldintza oso onekin hasi genuen erronka, eta gero olatuak agertu ziren. Baina, oso ondo! Animalia pila bat ikusi genituen: izurdeak eta pilotu-baleak, esaterako”, dio Iskanderrek.
Animaliak lagun, ez ziren Iskanderren bidelagun bakarrak izan. Eider Eibar ilustratzaile bilbotarra izan zuen Iskanderrek ondoan, baita Jere Mateo (Bartzelona), Marcos Rodriguez (Llançá), eta Jordi Gonzalez (Bartzelona) igerilariak ere.
Zazpitik bost
Iskanderren erronka nagusia da Zazpi Itsasoen Erronka osatzea, eta, Gibraltarko itsasartearekin Iskanderrek dagoeneko bere bosgarren itsasoa zeharkatu du. Aurretik burutu ditu: Mantxako kanala (2023ko abuztuan); Katalinako kanala (2025ko uztailean); Ipar Kanala (2025eko abuztuan); eta Kaiwii kanala (2026ko maiatzean).
Gainera, 2025eko ekainean Manhattaneko 20 zubiak zeharkatu zituen Iskanderrek. Eta, horrekin, eta Mantxako eta Katalinako kanalarekin, Itsas Zabaleko Igeriketako Hiru Koroak itsas-erronka osatu zuen Galdakaoko igerilariak. “Manhattaneko erronka ez dago Zazpi Itsasoen Erronkaren barruan, itsasoan beharrean erreka batean delako”, azaldu dio GEURIAri Iskanderrek.
Nabarmentzekoa da urtebetean bost erronka egin dituela galdakoztarrak: Manhattan, Katalina, Ipar Kanala, Kaiwii eta Gibraltar.
Eta, orain, Zazpi Itsasoen Erronka osatzeko beste bi falta zaizkio galdakoztarrari: Cook (Zeelanda Berria) eta Tsugaruko (Japonia) itsasarteak.
☉ Galdakao
Azido pikrikoa zuen pote bat neutralizatu du Ertzaintzak gaur Elexaldeko institutuan, Galdakaon
Kimikako irakasle batek, institutuko laborategian garbiketa egitean, lehortuta zegoen poten bat aurkitu du, eta suhiltzaileak deitu ditu prebentzio gisa

Elexalde institutuko Kimikako irakasle batek suhiltzaileak deitu ditu gaur, “ukitu nahi izan ez duen” nahasketa kimiko bat aurkitu duelako laborategian.
Suhiltzaileak bertaratu dira eta ez da ezer gertatu, Bizkaiko Suhiltzaileek GEURIAri esan diotenez: “Ez da ezer izan. Ez da leherketarik izan. Kimikako irakasle batek, garbiketa egitean, badaezpada ukitu nahi izan ez duen konposatu kimiko bat aurkitu du, eta abisua eman du. Suhiltzaileak prebentzio gisa joan dira”.
Hala ere, Ertzaintzak ondoren jakitera eman duenez, Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko (UDE) espezialistak bertaratu dira eta lehortuta zegoen 50 gramoko azido pikriko pote bat modu kontrolatuan leherrarazi dute ikastetxeaen inguruetan.
“Material hori, lehortzen denean eta solido bihurtzen denean, erraz leher daiteke, inpaktuarekiko, marruskadurarekiko eta beroarekiko oso sentikorra baita”, azaldu dute Segurtasun Sailetik.
Eta gaineratu dute, orain dela urte batzuk ohikoa zela ikastetxeetan azido pikrikoa erabiltzea laborategiko praktikak egiteko: “Beraz, produktu horren hondarrak geratzea ohikoa da”, esan dute.
Ertzaintzak gomendatzen du aspaldiko laginen bat aurkituz gero, ez manipulatzea eta Ertzaintza ohartaraztea, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak erretiratu dezan.
☉ Galdakao
Galdakaoko jaietako pregoilaria bozkatzeko epea bihar bukatuko da
Hamabi norbanako edo elkarte dira finalista. Herritarrek euren bozka eman dezakete ekainaren 30era arte

Galdakaoko jaiak irailaren 11n, ostiralez, hasiko dira eta ohi bezala, jaiei hasiera emateko ardura pregoilariak eta txupineroak izango dute.
Pregoilaria aukeratzeko prozesua ekainaren hasieran hasi zuen Udalak, eta herritarren proposamenak jaso ostean, hauek dira finalistak:
– Laia Ruiz Laguna. Gazteen artean erreferente izateagatik eta kirolarekin, euskararekin, feminismoarekin eta LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko konpromisoarekin lotuta egoteagatik proposatua.
– Areto Dantza Elkartea. Aurten 25 urte betetzen dituen elkartea, dantzaren bidez adin eta jatorri ezberdinetako pertsonak biltzen dituena.
– Iskander Sagarminaga. Kirol arloan lortutako lorpenengatik eta Galdakaoren izena nazioartean zabaltzeagatik proposatua.
– C.D. Galdakaoko beteranoen elkartea. Aurten 20 urte betetzen dituen taldea, kirolaren bidez Galdakaoren izena hainbat tokitan zabaldu duena.
– Alejandra Carrasco. Herrian egiten dituen gizarte proiektuengatik proposatua, Galdakao TEAyuda esaterako.
– Jon Larrazabal. Pentsiodunen mugimenduarekin eta herriko hainbat ekimen sozialekin lotutako ibilbideagatik proposatua.
– Liburutegiko langileak. Herritarrei eskaintzen dieten arreta eta eguneroko lana aitortzeko proposatuak.
– GBGE Galdakao Elkartea. 2013tik elkartasun eta gizarte laguntza lanetan aritzen den elkartea, ehunka boluntario mobilizatu dituena.
– Galdakaoko Txistularien Banda. Urte luzez euskal kultura eta musika tradizionala herrian zabaltzen aritu den taldea.
– Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea. Elkartasunean eta elkar laguntzan oinarritutako lana egiten duen herriko sarea, herritarren ongizatea hobetzen lagunduz.
– Galdakao Palestinarekin. Palestinarekiko elkartasuna eta nazioarteko giza eskubideen aldeko konpromisoa ikusgarri egiten duen kolektiboa.
– Galdarra antzerki taldea. Herriko kultur bizitzan egindako lan eta ekarpena aitortzeko proposatuak.
Herritarrek euren botoa eman dezakete erabaki.galdakao.eus plataformaren bitartez edo aurrez aurre Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarri dituzten hautetsontzietan. Bozka emateko azken eguna da ekainaren 30a.
Epea amaitutakoan boto gehien jasotzen dituen hautagaiak izango du 2026ko Santakurtzetako pregoia emateko ardura.
Txupineroaren aukeraketa Jai Batzordeak egingo du, aurreko Santakurtzetan parte hartu duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten koadrillen artean zozketa eginda.
☉ Galdakao
Aperribai eskolaren behealdeko espaloia handitzeari ekingo dio gaur Galdakaoko Udalak
Aperribai kaleko 12 eta 14. zenbakien arteko espaloia da handituko dutena. Obrak gaur hasi eta hiru hilabetez luzatuko dira

Aperribai eskolaren beheko aldean dagoen espaloia handituko du Galdakaoko Udalak. Zehazki, Aperribai kaleko 12. eta 14. atarien atzealdean dagoen espaloian esku hartuko dute.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, espaloia eta errepidea altuera berean jarriko dituzte, “oinezkoentzako espazio erabilgarria handituz eta joan etorriak erosoagoak eta seguruagoak bihurtuz”.
Antolamendu berriarekin, ibilgailuen zirkulazioa bi noranzkoetan mantenduko dute, “lehentasuna N-634 errepiderantz doazen ibilgailuek izango dutelarik”, azaldu dute.
Lanak UTE Belako Lanak enpresak egingo ditu: gaur hasi dituzte eta hiru hilabetez luzatuko direla aurreikusi du Udalak.
Obrak iraun bitartean
Obrek iraun bitartean, bidea bi noranzkoetan zabalik mantenduko dute ibilgailuentzat.
“Hala ere, lanak behar bezala egin ahal izateko, trafikoa txandaka bideratu beharko da aldizka, dagokion seinaleztapenaren bidez adierazita”, diote udal arduradunek.
Era berean, kale mozketa puntualak eta inguruko garajeetarako zein kaleetarako sarbideak behar bezala seinaleztatuta egongo direla jakinarazi dute, “herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko”.
“Obrek beste eragin zuzen bat ere izango dute inguruko zirkulazioan: 14., 15., 16. eta 17. atarien atzetik igarotzen den bigarren mailako bidea itxita egongo da lanek iraun bitartean. Bide horrek obren eremutik du sarbidea eta Aperribaiko osasun zentrorako igoeran amaitzen da”, diote.
UTE Belako Lanak enpresak telefono bidezko arreta emango du obrarekin zerikusia duen edozein gorabehera konpontzeko, 607 843 201 edo 607 803 299 telefono zenbakietan.
☉ Galdakao
Galdakaoko Udala: “Etxez etxeko laguntza zerbitzua publifikatzeak ez du Galdakaoren etorkizun ekonomikoa arriskuan jarriko”
Galdakaoko PSEk eta EAJk ohartarazi dute zerbitzua publifikatzeak “arrisku ekonomikoa” ekar diezaiokeela Udalari, baina gobernu taldeak adierazi du Udalaren finantza-egoera “sendoa” dela

Etxez etxeko laguntza zerbitzua Udalaren esku uzteko, hasierako araudia onartu zuen atzo Galdakaoko osoko bilkurak, EH Bilduren, Auzoaken eta Usansolo Herriaren aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin.
“Zaintza zerbitzua esku pribatuetatik zerbitzu publikora pasatzeko pausoa onartu da”, diote udal ordezkariek.
Hain zuzen ere, Urgatzi S.L. enpresak ematen duen etxez etxeko laguntza zerbitzua Udalak zuzenean kudeatuko du, aurreikuspenen arabera, “eta ezustekorik ezean”, azarotik aurrera.
“Galdakaoko Udalak estrategikotzat duen eta prozesu luze batean lantzen ari den gai batek langa esanguratsu bat gainditu du ekaineko osoko bilkuran: urte luzetan enpresa pribatu baten esku dagoen etxez etxeko laguntza zerbitzua publifikatzeko memoriaren eta araudiaren hasierako onaspena gauzatu du”, esan dute.
Hasierako onespena eman ostean, orain oinarriak jendaurrean jarriko dituzte.
700.000 euro gehiago
Galdakaon etxez etxeko laguntza zerbitzua orain arte Urgartzi enpresak kudeatu du. Lau urterako kontratua 3,3 milioi eurokoa zen, hau da, urtean 846.000 euro.
Zerbitzua publifikatuta, 700.000 euro gehiago bideratuko ditu Udalak: urtean 1,5 milioi euro inguru.
Victor Trimiño PSEko bozeramaileak adierazi zuenez, “kontu-hartzailearen kontrako txostenaren arabera, kudeaketa-eredu berri hori ekonomikoki ez da hain eraginkorra eta jasangarria izango, Udalaren aurrekontu-egonkortasunerako arriskua egon daitekeelako, hau da, zerbitzuaren 700.000 euro baino gehiagoko igoera”.
Eta, Ainhoa Agirregoikoa EAJko zinegotziak honakoa esan zuen: “Udaleko kontu-hartzaileak kontrako txostena publikatu du, eta idazkari nagusiaren memoria juridikoak ere eredu-aldaketak ekar ditzakeen arrisku ekonomiko, administratibo eta antolakuntzazko garrantzitsuak azpimarratzen ditu”.
Galdakaoko Udalak finantza-egoera “sendoa” duela adierazi zuen Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak atzoko osoko bilkuran: “Badakigu zelan aurre egin publifikazio honek gastu arauan izan dezakeen eraginari. Adibidez, gastu-partida batzuk berriz aztertuz eta diru-sarrera batzuen kudeaketa hobetuz. Azken batean ez gara udalerriaren etorkizuna arriskuan jartzen ari”, zehaztu zuen Ealok.
Publifikazioa begi onez
Etxez etxeko zerbitzua publifikatu eta gero, 40 lanpostu berri sortuko dituzte Galdakaoko Udalean, eta udal-langileen lantaldea % 18 handituko da. Langileak subrogatu egingo dituzte.
Udaletxeko osoko bilkuren aretoa lepo beteta egon zen atzo, batez ere etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen duten langileak izan ziren aretoa bete zutenen gehiengoa.
Publifikazioaren hasierako onespena bozkatu eta gero, langileek txaloz hartu zuten erabakia.
Eta, osoko bilkuran gaia eztabaidatu aurretik, Gotzone Hazas eta Mari Carmen Sanchez zerbitzuko langileen berbak jaso genituen GEURIAn: “Prekarietatan lan egiten dugu, eta horregatik poz handiz hartu dugu Udalak ermandako urratsa. Eskertzekoa izan da gure eskaerak eta beharrak entzun izana. Gure lan-baldintzak hobetuko dira, baina baita erabiltzaileenak ere”, esan zuen Hazasek.
“Zaintza-lanak etxera itzultzen dira, udaletxera itzultzen dira. Publikoa izango da berriro zerbitzua [duela urte asko publikoa zen zerbitzua, baina gero pribatizatu egin zuten]. Orain Udalari dagokio ondo egitea. Guk maitasun berarekin edo handiagoarekin lan egiten jarraituko dugu. Gaurtik aurrera Galdakaon zaintzea guztion kontua da”, adierazi zuen Sanchezek.
































