☉ Galdakao
Galdakaoko jaietako pregoilaria proposatzeko epea zabaldu dute
Santakurtzetako pregoilaria aukeratzeko prozesua martxan da, ekainaren 17ra arte. Txupineroa Jai Batzordeak aukeratuko du

Irailaren 12tik 21era bitartean izango dira Galdakaoko jaiak. Kontzertuak iragarrita (hemen Santakurtzetan arituko diren taldeak!) eta kartel lehiaketako irabazleak ezagutzeke dauden bitartean, orain pregoilaria aukeratzeko epea zabaldu du Udalak.
Herritarrek jaietako pregoilaria aukeratuko dute beste urte batez eta proposamenak dagoeneko bidal ditzakete. Pertsona bakoitzak hautagai bakarra proposatu ahal izango du ekainaren 17ra arte.
Horretarako zenbait bide izango ditu. Alde batetik, erabaki.galdakao.eus plataformaren bitartez. Eta bestetik, Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarriko dituzten hautetsontzien bitartez.
Proposamena eta botoa 16 urtetik gorako galdakoztar guztiek eman dezakete eta baldintza horiek betetzen dituzten pertsona guztiak proposatu ahalko dira Santakurtzetako pregoilari gisa. Udalak eta Jai Batzordeak ere bere proposamenak egin ahalko dituzte, emakumeen hautagaitzak egongo direla bermatzeko beharrezkoa baldin bada.
Hautagaien zerrenda osatu ondoren, Udaleko Kultura eta Berdintasun arloek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute eta behin betiko zerrenda egingo dute. Ondoren, hori argitaratu egingo da eta herritarrek euren botoa emateko epea irekiko da, ekainaren 25etik uztailaren 6ra.
Txupineroa, Jai Batzordearen esku
Pregoilaria herritarrek aukeratzen duten bezala, txupineroa Jai Batzordeak aukeratuko du, aurreko urteko jaietan parte hartu duten kuadrillen artean zozketa eginez.
“Horrez gain, pregoilariaren izendapenak baldintzatuko du txupinera aukeraketa generoari dagokionez: pregoilaria gizonezkoa bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak emakumezko txupineroa proposatuko du. Pregoilaria emakumea izatekotan, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak gizonezko txupineroa proposatuko du. Eta pregoilaria ez-bitarra bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak txupineroa nahi duen generoko pertsona proposatuko du. Berdin gertatuko da pregoilaria elkarte bat izatekotan”, diote udal ordezkariek.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Beharrezkoa ikusten genuen Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatzea Galdakaoko eta Altsasuko udalek”

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.
☉ Galdakao
Bideoa | Chami eta Jon aurkezle finek Korrika aurkeztu dute Galdakao

Martxoaren 27an iritsiko da Korrika Hego Uribe eskualdera. Ugaotik sartu, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatu ostean, Usansolotik alde egingo du lekukoak Arratiarantz [hemen eskualdeko ibilbidea!]
Eskualdean 24. edizioaren nondik norakoak ari dira aurkezten, eta Galdakaon Jon Olea eta Ander Chamizo herritarrek aurkeztu zuten. Barreak eta algarak eta musika nagusi izan ziren aurkezpenean.






























