☉ Galdakao
‘Galdakao Oroimenak’ Gerra Zibiletik eskubide urraketak jasandako 503 galdakoztar identifikatu ditu
“Prest al dago euskal gizartea Gerra Zibiletik gaur egunera arte eskubide urraketak jasan dituztenen egia ezagutzeko?” galdetu du Aranzadi Elkarteko Javi Buces kideak ‘Galdakao Oroimenak’ webgunearen inaugurazio aurkezpenean
“Prest al dago euskal gizartea Gerra Zibiletik gaur egunera arte eskubide urraketak jasan dituztenen egia ezagutzeko?” galdetu du Aranzadi Elkarteko Javi Buces kideak ‘Galdakao Oroimenak’ webgunearen inaugurazio aurkezpenean. Jaio berri den webgune honek Aranzadi Elkarteak azken bi urtetan Galdakaoko Udalaren babesaz egindako ikerketen emaitzak jasotzen ditu: “1936tik gaur egun arte eskubide urraketak jasan dituzten galdakoztarren “erradiografia” egin dugu”. Horrela azaldu du Bucesek Torrezabaleko Erakusketa Aretoan egindako aurkezpen jendetsuan.
Guztira 40 herritar baino gehiago, Galdakao Gogorako kideak eta Udaleko alderdi ia guztietako ordezkariak hurbildu dira memoria historikoaren inguruko webgune berriaren aurkezpenera (PSE eta atxiki gabeko zinegotzia salbu). “Galdakaon konpromiso sakon bat dago”, hasi du Aranzadikoak hitzaldia. “Gerra garaitik gaur egun arte gertatuakoa ezagutzeko konpromiso irmoa”. Bucesen arabera herriak galdakoztarrek azken 80 urteetan gertatutakoaren inguruko informazioa ezagutu eta “izen-abizenak jarri nahi dizkio gertatutakoari”.
Hots, Galdakaon gertatutakoaren “erradiografia” atera nahi du Galdakao Oroimena webgunearen bidez, “kontakizunik gabekoak”, gerra garaian eta ostean gertatutako egia, justizia eta erreparazioa printzipioak sakonean ezagutzeko“, azaldu du Bucesek. “Historialari bezala, gure helburua lehen printzipioa ezagutzea da: egia. Berau ezagutu gabe ezin dugu justizia eta erreparazioa eskatu”, argitu du Bucesek. Egia azaleratzeko sortu dute Galdakao Oroimena webgunea.

Herritarrak, aurkezpenean // Geuria
Webgunea, sakonean
Galdakao Oroimena webgunean klik egin eta berehala atal bi bereiztuko ditu erabiltzaileak: Oroimen historikoa, 1936. urtetik 1959 urterainokoa, eta Gertuko Oroimena deiturikoa, 1960tik gaur egunera artekoa. Oroimen historikoaren atalean Galdakao Gogora taldekoek egindako aurretiko lana eskertu eta azpimarratu du Javik. “Gertuko Oroimenak, aldiz, diktadura, trantsizioa eta Demokrazia garaiak jasotzen ditu. Garai hartan beste mota bateko urraketak egon ziren. Atal honetan lana 0tik hasi genuen”.
Aranzadik azken urte bitan egindako bi garaietako ikerketen emaitzak webgunean eskegi dituzte baina horrek ez du esan nahi lana bukatuta dagoenik; “Asmoa da webgunea herritarrei zabaltzea da eta eurek ere ekarpenak egitea, herritarrentzako erreminta baita”, argitu du Bucesek “Tresna bizia da webgunea eta herritarren zerbitzura egongo da”.
Oroimen historikoa eta Gertuko oroimena ataletan 503 pertsona identifikatu ditu Aranzadi elkarteak gaur egun arte eta plataforma honek pertsona horien fitxak aurkitzeko aukera ematen du bilatzaile sistema baten bidez. Horrela, erabiltzaileak pertsona horien datu pertsonalak, argazkiak, biografia txikiak, testigantzak, jasandako urraketa eta bestelako informazioa eskuratzeko aukera izango du.
Lan hau burutu ahal izateko, Erandioko Udalarekin gertatu bezala, akordioa lortu behar da herriko Udalarekin, eta Galdakaok hala egin zuen ere. Dagoeneko, Erandio eta Galdakao proiektu hau garatu duten Bizkaiko udalerri bakarrak dira momentuz.

Aranzadi elkarteko Javi Buces // Geuria
“Duela bi urte bide berri bat hasi genuen Udalean Memoria Historikoan sakontzeko asmoagaz”, azaldu du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. “Hori dela eta murgildu ginen proiektu honetan: 1936tik gaur egunera arteko giza eskubideen urraketen inguruko azterketa sakon bat egiteko”.
Alkatearen arabera proiektuak lau ardatz ditu: “Lehena, aurrean dugun pertsona entzutearen garrantzia azpimarratzea, ulertu eta enpatizatzeko; Bigarrena, bizipen ezberdinak errespetatzeak ez du esan nahi norberak dituenari uko egitea; Hirugarrena, memoriaren duinaren beharra dugula; Laugarrena, helburuak argi izan behar ditugu bidea eraikiz eta pausuak emateko, gizarte hobeagoa sortuz datozen belaunaldientzat”. Proiektu honek aurrera egiteko, Udaleko alderdi guztien babesa jaso du eta hori bera eskertu du herriko alkateak, besteak beste.

“Gure eskubidea da gerra garaitik gaur egun arte gertatutako egi integrala ezagutzea”, laburbildu du Javi Bucesek. “Hemen ez dago kontakizunik. Hau ez da liburu bat. Zorionez, erradiografia honetan pertsonak ageri dira eta zailtasun guztien gainetik proiektu sendoa garatzea lortu duzue herritarrek”.
☉ Galdakao
Galdakaoko 1.100 ikasle kalera aterako dira Santa Ageda bezperan koplak abestera
Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4a Santa Ageda bezpera da eta ohiturak jarraituz, Euskal Herrian eta Hego Uribe eskualdean kalera aterako dira hainbat herritar koplak abestera.
Galdakaon, Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte neguko solstizioaren ostean lurrari esnatu dadin dei egiteko.
Kurtzeko plazan 10:00etan kantatuko dute ikasleek udal langileen eta zinegotzien aurrean, eta ondoren Ardantza parkean txokolatea eta bizkotxoak banatuko dizkiete.
Euria egiten badu ekitaldia Gandasegiko arkupeetan izango da.
Andra Mari eta Arratiako Korua
Egunean zehar, eta batez ere arratsaldean, herriko kultur talde eta elkarteak, koroak eta lagun kuadrillak kalera aterako dira.
Besteak beste, aipatzekoak dira Andra Mari Dantza Taldeak herritik zehar egingo duen kalejira eta Arratiako Koruak eskainiko duen emanaldia.
Arratiako Korua 21:00ak aldera izango da Galdakaon, Iturrondo plazan. Iaz bertan topatu genituen: ikusi bideoa.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”
Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.































