☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk Maximo Moreno parkea eta Ibaizabal ibaiaren ingurua hobetzeko mozioa aurkeztuko du
Mozioaren bultzatzaileek gogorarazi dute 2024ko abenduan, aurrekontuak eztabaidatzean, 2025erako proiektu hau aurrera eramateko konpromisoa hartu zela

Galdakaoko Udaleko biharko osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko du PSEren udal taldeak, Maximo Moreno parkea eta Ibaizabal ibaiaren ertza berreskuratu eta hobetzeko. Sozialisten arabera, “urteak daramatza espazio honek bazter utzita, eta ezin dugu beste urtebete gehiago galdu inolako ekintzarik egin gabe”.
Mozioan jasotzen denez, inguru horrek azkenaldian zenbait aldaketa jasan ditu edo jasango ditu: URA agentziak ibaiaren ibilgua zabalduko du, Txomin Egileorren inguruan obrak egingo dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiak errepide berri bat igaroko du bertatik. PSEren arabera, aldaketa horiek guztiak “aukera bat” izan beharko lirateke Galdakaoko Udal Gobernuarentzat, ingurunea herritarren zerbitzura jartzeko eta udalerriaren paisaian txertatzeko.
“Parkea eta ibaiaren ertza ez dira elementu isolatuak; gure eguneroko paisaiaren parte izan beharko lukete. Horregatik eskatzen dugu benetako apustu bat egiteko: ikuspegi ekologikotik, sozialetik eta inklusibotik”, azaldu dute.
Mozioaren bultzatzaileek gogorarazi dute 2024ko abenduan, aurrekontuak eztabaidatzean, 2025erako proiektu hau aurrera eramateko konpromisoa hartu zela. Hala ere, salatu dute urtearen erdira iritsita ez dela inolako pausorik eman, nahiz eta beste hainbat alorretan milioika euroko aurrekontu-aldaketak egin diren.
“Ez da nahikoa partida bat aurrekontuan agertzea; beharrezkoa da benetako ekintzak izatea. Bestela, arriskua dago urteak pasa daitezela inolako hobekuntzarik gabe”, ohartarazi dute.
Proiektuaren ezaugarriak eta proposatutako neurriak
Mozioan jasotzen diren puntuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Diru-partida bereziak sortzea proiektua bultzatzeko eta 2025 honetan bertan abian jartzeko, Egutegi publikoa ezartzea, proiektuaren faseak eta mugarriak zehazteko, genero-ikuspegia, irisgarritasuna eta segurtasuna kontuan hartzea, Iraunkortasun irizpideak txertatzea: ibaiertzeko landaredia, klima-aldaketara egokitutako guneak eta naturan oinarritutako irtenbideak, Bizikleta-bideak eta pasealekuak sortzea Ibaizabal ertzean, beste bideekin eta herrigunearekin konektatzeko, Eremua ongi hornitzea: eserlekuak, iturriak, hondakinak sailkatzeko paperontziak, argiztapena eta itzala.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.
☉ Galdakao
Bideoa | Chami eta Jon aurkezle finek Korrika aurkeztu dute Galdakao

Martxoaren 27an iritsiko da Korrika Hego Uribe eskualdera. Ugaotik sartu, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatu ostean, Usansolotik alde egingo du lekukoak Arratiarantz [hemen eskualdeko ibilbidea!]
Eskualdean 24. edizioaren nondik norakoak ari dira aurkezten, eta Galdakaon Jon Olea eta Ander Chamizo herritarrek aurkeztu zuten. Barreak eta algarak eta musika nagusi izan ziren aurkezpenean.
☉ Galdakao
Elexaldera igoera egingo dute Itzuliako txirrindulariek Galdakaon
Itzulian % 15eko desnibela duen kilometro bat baino gehiagoko igoera egingo dute txirrindulariek Galdakaon

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Apirilaren 6tik 11ra bitartean izango da lasterketa, baina oraindik antolakuntzak ez du iragarri noiz izango diren eskualdeko bi etapak. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.
Eta, Basauriko helmuga “zorrotza” izango da: txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dute.
☉ Galdakao
Auzoak Galdakao: “Proiektu honetan jarraitzen dugunok ez dugu ezer ezkutatzeko”

Auzoak Galdakao plataformaren barruan jarraitzen duen taldeak komunikatu bat publikatu du gaur arratsaldean, joan den ostiralean piztutako polemikari erantzunez.
Komunikatua posta elektroniko bidez helarazi digute hedabideoi, “izan ere, Auzoakeko sare sozialetako eta web orrialdeko gure gakoak berreskuratzeko zain gaude”, esan dute. “Dagoeneko elkartean ez dauden pertsonei komunikazio-kanalen gakoak itzultzeko behin eta berriz eskatu zaien arren, une honetan oraindik ez dituzte itzuli”, salatu dute.
Hain zuzen ere, Auzoak Galdakao profileko gakoak plataformarekin kritikoak diren kide batzuek dituzte, eta joan den ostiralean sareetan publikatu zuten “proiektua amaitutzat” ematen zutela. Gainera, abenduaren 4an beste komunikatu bat publikatu zuten Facebooken esanez aurrekontu proposamenarekin ez zeudela ados.
GEURIA Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri zen larunbat goizean eta adierazi zuten plataformak lanean jarraituko duela: “Auzoak ez da desagertuko. Zinegotziok eta plataformako gainerako kideek lanean jarraituko dugu Galdakaoko auzo guztien alde eta herri osoaren alde, eta ez auzo bakar batzuen mesedetan”, esan zuten.
“Auzoaken gure eredu asanbleistarekin jarraitzen dugu eta ulertzen dugu eredu honek ezinegona eta tentsioak sor ditzakeela bozketa batean norberak nahi duena ateratzen ez denean, baina hasieratik erabaki zen gure lan metodoa izango zela eta horrela izan da uneoro”, adierazi dute gaur bidali duten komunikatuan.
Eta gaineratu dute: “Harrotasun handiz esan dezakegu proiektu honetan jarraitzen dugunok ez dugula ezer ezkutatzeko, eta kontzientzia garbi dugula, talde honen benetako helburuari begira: gure udalerriko auzo guztien alde lan egitea”.
“Jakin badakigu batzuetan ematen duela ez garela leku guztietara iristen, baina argi daukagu hori dela gure helburua. Horregatik, herritarrak gonbidatzen ditugu beren kezkak eta proposamenak azaltzen jarrai dezaten”, esan dute.










