Sareak

☉ Galdakao

Galdakaoko emakume sortzaileek eta musikariek lekua izango dute udazkeneko Sormenen

|

Kastora Irigoien eta Romualda Zuloaga panderojole galdakoztarrek lekua izango dute, besteak beste, udagoieneko Sormenen // Geuria

Urriaren 30etik azaroaren 5era bitartean izango da Sormene Galdakaon. Udazkeneko topaketari dagokionez, Garazi Navas, Lide Hernando, Maria Rivero, Aintzane Camara, Metrokoadroka Sormen Laborategia, Maixa Lizarribar, Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita, Irantzu Idoate, Oihane Perea, Maite Berriozabal, Ibil Bedi, Trakamatraka, Libe Goitia, Ane Legarreta, Haizea Huegun, Izaskun Simon, Begoña Rodriguez, Natalia Sanchez, Maider Legarreta, Elene Uribarri eta Garazi Arrese sortzaileak eta musikariak ikusi ahal izango ditugu.

Era berean, Maurizia Aldeiturriaga zeberioztarraren garaikideak izan ziren Kastora Irigoien eta Romualda Zuloaga panderojole galdakoztarrek ere izango dute haien lekua Sormenen. Karmele Gorroño galdakoztarrak —eta GEURIAko kolaboratzaileak— irudikatu ditu udazkeneko Sormeneren karteletako batean.

Ane Legarreta udazkeneko Sormenen ikusiko dugu, eta gaur egitarauaren berri eman du prentsaurrekoan: “Kontzientziarik gabe ez dago ezer egiterik. Emakume aintzindariek egin zutena egungo eta etorkizuneko uzta da, eta hori belaunaldi berriei erakustea ezinbestekoa da. Eta horretarako kulturgintza sustatu behar da”. Era berean, emakumeen presentzia nabarmendu du Legarretak: “Inguruan ditudan emakume hauekin kultur plaza partekatzea plazera da. Hunkigarria da emakume aintzindariek egin zutena, guri bidea zabaldu ziguten”, dio Legarretak.

Desi Sanchez (erdian) Romualda Zuloaga panderojole galdakoztarraren iloba da // Geuria

Legarretarekin batera prentsaurrekoan izan dira Maixa Lizarribar musikaria, Itsaso Elizagoien Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria, Desi Sanchez Romualda Zuloagaren iloba, Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultur arloko zinegotzia eta Iñigo Hernango Galdakaoko alkatea. “Emakumea, sorkuntza eta euskara. Bide hori jarraitzen jorratu behar dugu, eta horretan ari gara”, dio Iñigo Hernando alkateak: “Eta hiru ardatz horiek sustatzeko hezkuntza zaindu beharrekoa da”, dio alkateak.

Sormen beka

Aurten Sormen beka bat jarriko du martxan Galdakaoko Udalak, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin batera. Beka horri esker, Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoien panderojole galdazkoztarren biografiak idaztea da asmoa. “Sormene espazioa ona da beka honen berri emateko. Oraindik oinarriak ez ditugu prest, baina aurrerago emango ditugu zehaztasun gehiago Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin batera”, adierazi dio Espillak GEURIAren galderari.

“2001. urtetik musikarien biografiak argitaratu ditugu. Guztira 16 biografia-liburu publikatu ditugu, baina hutsune bat nabaritu dugu: ez dugu emakume musikarien biografiarik. Romualdari eta Kastorari buruzko biografiak egitea da asmoa. Lehenengo emakumeak izango dira”, dio Itsaso Elizagoien Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak.

Gotzon Barandiaran Sormeneren zuzendari artistikoa Kastora Irigoienen alabarekin eta ilobarekin // Geuria

Desi Sanchez Romualda Zuloagaren iloba da eta “hunkituta” hartu du berria: “Romualda eta Kastora bezalako emakumeak ikusezinak izan dira urte askoan. Emakume horiek eta besteek utzitako uzta batu behar dugu eta belaunaldi berrien artean zabaldu. Oso garrantzitsua da erreferente horiek izatea”.

Maixa Lizarribar musikariak adierazi du “Maurizia [Aldaiturriaga] asko” zeudela aspaldi: “Ezkutuan ikasten zuten musika edo panderoa jotzea. Ez zuten bide erraza izan kalera ateratzeko, eta orain guk aukera hori badugu, haiei esker izan da”.

Udagoieneko Sormene 2023 | Egitaraua

Urriak 30, astelehena
19:00 Solasaldia Torrezabalen: ‘Emakume musikariak: Genealogia berri bat’.
Parte hartzaileak: Garazi Navas, Maria Rivero, Lide Hernando (Liher, Bele) eta Aintzane Camara.
Dinamizatzailea: Ihintza Orbegozo

Urriak 31, asteartea
(goizean) Antzerki tailerrak ikastetxeetan

Azaroak 2, osteguna
19:00 Antzerkia Torrezabalen: ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ (Metrokoadroka)

Azaroak 3, ostirala
(goizean) Pandero tailerra ikasleentzat Iturrondoko karpan: Maixa Lizarribar
19:00 Bertso saioa Iturrondoko karpan: Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita, Irantzu Idoate, Oihane Perea. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal
22:00 Kontzertua Iturrondoko karpan: Ibil Bedi

Azaroak 5, igandea
12:00 Perkusio instrumentuak sortu eta jotzeko tailerra umeentzat eta gurasoentzat Iturrondoko karpan
19:00 Kontzertua Torrezabalen: Libe Goitiaren ‘Fast Fatum’ liburuko poemetan oinarrituta. Elkarlanean, ESAS sareko emakume artistak Libe Goitia idazle galdakoztarrarekin batera musika eta mugimendua eskainiko diote bere eleberriaren pasarte batzuei. Ekimen honetarako beren-beregi sortuak izango diren obrak interpretatuko dira emanaldian. Haizea Huegun (konpositorea), Izaskun Simon galdakoztarra (saxoa), Begoña Rodriguez Galdakaoko musika eskolako piano irakaslea (pianoa), Natalia Sanchez (flauta), Maider Legarreta eta Elene Uribarri galdakoztarrak (kantariak), Garazi Arrese Galdakaoko Divenire dantza eskolako irakaslea (dantzaria) eta Libe Goitia eta Ane Legarreta galdakoztarrak (poemen irakurketa)

☉ Galdakao

Bideoa | Palestina, Irlanda, Kurdistan, Italia, Gales eta Euskal Herriko musikariek kontzertua emango dute Galdakaon

‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoaren barruan, kontzertua antolatu dute Torrezabalen. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso behar da

|

Musika eta kultura desberdinen topaleku izango da Galdakao azaroaren 28an. ‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ lelopean, Palestinako, Irlandako, Kurdistango, Italiako, Galesko eta Euskal Herriko musikariek oholtza partekatuko dute Torrezabalen.

Kontzertua doakoa izango da, baina interesa dutenek gonbidapenak jaso behar dituzte Torrezabalen, leihatilan zein online.

Emanaldian honako musikariek hartuko dute parte: Roisin El Cherif eta Nora Casey (Palestina-Irlanda); James Kennedy (Gales); Seyidxan Sevinç eta Roberto Awanari (Kurdistan-Euskal Herria); Nadt Orchestra (Italia-Kurdistan); Azibar Terreros eta Billy Espinaco (Euskal Herria); eta Huartan (Irlanda).

Roisin El Cherif kantautore irlandar-palestinarra da: ere jatorri arabiarra Irlandako musika tradizionalarekin uztartzen du. Eta Galdakaoko kontzertuan Nora Casey konpositore eta arpa jole irlandarrarekin arituko da; Irlandako musika tradizionala eta esperimentalaren arteko jolasean aritu ohi da musikaria.

Proiektuan parte hartu duten musikarietako batzuk, Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko zinegotziarekin // Geuria

James Kennedy Gales hegoaldeko rock musikaria da, bakarka, bere gitarrarekin aritzen dena. Erresuma Batuetan, Europa Iparraldean eta Canadan ehunka kortzertu eman ditu.

Seyidxan Sevinç artistak musika kurdua interpretatu eta konposatzen du, eta musika identitatea sortzeko modu gisa defendatzen du, eta kontzertuan Roberto Awanarirekin arituko da; Peruko Amazonian jaioa eta Amazoniako deforestazioaren kontrako borrokan aritua, Basaurin bizi da duela 15 urte [hona hemen GEURIAn 2022an egin genion elkarrizketa irakurgai].

Nadt Orchestra ensenble dinamikoa da, eta jazz, afrojazz, soul, world music eta elementu elektronikoak uztartzen ditu. Genero eta estiloak nahasten ditu Italiako eta Kurdistango zortzi musikariko taldeak: teklatua, saxofoia, tronboia, tronpeta, gitarra, baxua, bateria eta perkusioa.

Azibar Terrerosek eta Billy Espinacok txalaparta doinuak jarriko dituzte kontzertuan. Eta, Huartan taldeak, Irlandako musika tradizionala oinarri hartuta, berrinterpretatu egiten du, ikuskizun teatralizatu harrigarriak egiteko.

Mugarik Gabe erresidentzia

Galdakaoko kontzertuaz gain, beste bi emanaldi eskainiko dituzte Bizkaian: azaroaren 30ean Artean eta abenduaren 3an Bermeon.

Guztira 18 musikarik hartuko dute parte aurtengo ekimenean, eta denon artean ezagutzeko asmoz, aurten, lehen aldiz, elkarbizitza antolatu dute.

“Erresidentzia artistikoa” azaroaren 23an hasi zuten musikari guztiek Turtziozen, eta abenduaren 3ra arte elkarbizitzen arituko dira.

Orsola Casagrande proiektu honen atzean dagoen arduradunetako bat da, eta azaldu duenez, “Mugarik Gabe erabat kolektiboa den lana da, Turtziozen batuko gara elkar ezagutzeko eta zerbait komuna egiteko, eta ikusiko dugu zer aterako den”. Hori bai, hamar egunak “oso intentsoak” izango direla adierazi du Casagrandek.

Durangoko Azokan

‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoa Suargi eta Zutarri Kultur Elkarteak (Basauri) sortu zuten iaz. Kultura kurduei buruzko proiektu batekin hasi zuten, eta aurten zabaldu egin dute.

Iaz Durangoko Azokan aurkeztu zuten proiektua eta aurten ere lekua izango du proiektuak. Izan ere, duela urtebete grabatzen hasi ziren dokumentala (‘Mugarik Gabe. Musika, erresistentzia eta elkartasun bidaia bat’) estreinatuko dute Durangoko Azokan bertan abenduaren 5ean, Irudienean. Diskoa ere salgai egongo da.

Boris Guevara zinemagileak zuzendu du ikus-entzunezkoa iaz parte hartu zuten musikarien bizipenekin. Besteak beste, artista hauek parte hartu dute dokumentalean: Ingot taldea (Itziar Ituño, Roberto Awanari, Janire Egaña), Jon Maia, Ines Osinaga, Yado Uzun, Mizgin Tahir, Onur Kepenek eta Chris O’Shea.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | “Indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezkoa da patriarkatuaren irakurketa estruktural bat egitea”

|

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Galdakaon Momoak talde feministak manifestazioa deitu du eta Andere Fuente Balado kidearekin berba egin dugu. Manifestazioko argazkiak hemen ikus ditzakezu.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean manifestazioa egin dute azaroaren 25ean Galdakaon

|

Azaroak 25 indarkeria matxistan aurkako eguna da eta Galdakaon manifestazioa egin dute. ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean, eskuin muturraren eta erreakzioaren oldarraldiari erantzun irmoa eman diote. “Indarkeria matxistak aurpegiz aldatzen du zapalduak hala mantentzeko, eta argi esan nahi dugu: aurre egiteko prest gaude. Autodefentsa feminista izango dugu gure tresna eta aldarria, antola gaitezen!”, aldarrikatu dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Herritarrek identifikatutako beharrei modu kolektiboan erantzuteko sarea eratu dute Galdakaon

Zaintza modu kolektiboan erdigunean jartzeko Zeugaz izeneko foro soziosanitarioa martxan jarri dute Galdakaon

|

Galdakao Zeugaz proiektuan lanean egon den talde motorra // Geuria

Galdakao Zeugaz foro soziosanitarioa aurkeztu dute gaur herrian. Ekimenaren helburua da zaintza erdigunean jartzea eta herritarren ongizatea bilatzea, elkarzaintza oinarri hartuta. Eta horretarako, ekintza komunitarioak bultzatuko dituzte.

“Ekimenak zaintzaren eredua eraldatzea eta ongizatearen eredu ezberdin bat sustatzea du helburu, herritarren parte hartzea, eragileen arteko lankidetza eta zaintza ardatz gisa balioan jarriz”, dio Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkateak.

Zentzu horretan, herritarrek identifikatutako beharrei erantzuna eman nahi diote ekintza komunitarioen bidez: “Gauza txikietatik, indibidualismotik, kolektibotasunera”, dio Amets Iturbe Gizarte Ekintzako eta Berdintasunerako zinegotziak.

“Elkarri entzuteko eta elkarrekin ongizate arloan ditugun beharrei eta nahiei erantzun bateratua emateko espazioa da Galdakao Zeugaz”, dio Iturbek, eta zeregin horretan dinamika berritzailea abian jarri dutela adierazi du: “Herria eraldatzeko dinamika berritzailea jarri dugu martxan eta zaintza inoiz baino gehiago erdigunean jarri dugu”, dio Iturbek.

Eginkizunak eta erronkak

Proiektu honetan elkarlanean ari dira Udala eta Agirre Lehendakaria Center (ALC), herriko eragileekin batera.

ALCk gizarte-berrikuntzako prozesuak sustatzen ditu, sare komunitarioak, erakunde publikoak eta enpresak lotzen dituen lurralde-ikuspegiarekin. “Galdakaon harreman oso bereziak zeuden kolektibo desberdinen artean gu etorri baino lehen, baina bakoitzak modu isolatuan lan egiten zuten. Gure lana izan da herrian egiten diren hainbat ekimen sistematizatzea eta perspektiba komunitarioa indartzea”, dio Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak.

“Talde sendoa eratu dugu, helburu komun batekin: Galdakaon denok eroso, osasuntsu, oparo eta ondo bizitzea”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Aukerak biderkatu egingo dira: batzuek ezagutza eskainiko dute, beste batzuek esperientzia, hurbiltasuna eta herritarrekin harreman zuzena”.

Galdakao Zeugaz proiektuko talde motorra honakoek osatzen dute: Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak, Adinekoen Dinamizazio Zerbitzua, Erabide Emakume Elkartea, Kabia, herriko hainbat farmazia, Udaleko hainbat arlo, guraso elkarteak, pertsona nagusien elkarteak, EISE Zerbitzu Psikosoziala, Osakidetza, Caritas eta hainbat norbanako, hala nola, Kepa Lizarraga.

Talde motorra martxoan bildu zen lehenbizikoz, eta lehen eginkizuna mapeo bat egitea izan zen, Agirre Lehendakaria Centerrek bultzatuta.

Herritarrekin elkarrizketak egin zituzten euren beharrak ezagutzeko. “Entzute prozesua indartu genuen, zer egin behar genuen eta zergatik zehazteko”, dio Espiauk: “Prozesu oso dinamikoa izan zen”.

Eta, elkarrizketak egin eta herritarrak entzun ostean, hurrengo urratsa da ekimen berriak martxan jartzea era kolektibo batean.

Naroa Azurmendi Galdakaoko Udaleko Adineko Dinamizazio Zerbitzuko langilea da eta nabarmendu du “ehunka” proiektu eta erakunde daudela herrian. “Zeugazen lehenengo erronka izan da dagoeneko martxan dauden proiektu horiek eta elkarte eta erakundeak koordinatzea. Eta oraindik ere lanean ari gara arlo horretan”.

“Askotan modu isolatuan lan egiten dute herriko elkarte eta erakundeek eta proiektu honen helburua da denon artean lan egitea kolektibotasunaren mesedetan”, dio Azurmendik. Eta bide horretan, beste erronka bat dutela adierazi du: “Herritarrei informazio guztia helaraztea”.

Leyre Olabarrieta Osakidetzako medikua da eta talde motorreko parte ere bada: “Oso pozik gaude proiektu hau sortu delako. Izan ere, irtenbideak bilatzeko eta gure existentziari zentzua bilatzeko eratu da. Arazo, beldur eta sentimendu askori erantzuna emango die”.

Galdakao Zeugaz proiektuaren barruan Death Kafeak aipatu ditu Olabarrietak. Heriotzaren inguruan berba egiteko taldeak dira, eta Galdakaon dagoeneko talde bat eratu dute. Hileko azken ostegunetan batzen dira. “Talde bakarra dago Galdakaon, baina herritar gehiagok izena eman nahiko balu, talde gehiago sor ditzakegu”, dio Olabarrietak.

Eta, abenduan beste jarduera bat antolatuko du Galdakao Zeugaz proiektuko taldeak: ‘La silla vacia’ hitzaldia. “Doluaren ingurukoa izango da hitzaldia. Gabonak ate joka, gure etxeko mahaietan aulki bat hutsik egongo da, hil egin den gure senitartekoak betetzen zuena. Angel Pascual psikologoak eskainiko du hitzaldia”. Abenduaren 9an, asteartez, izango da hitzaldia Gandasegi ikastetxean 18:30ean.

Galdakao Zeugaz “garrantzia handiko” proiektua dela nabarmendu du Edurne Espilla jarduneko alkateak eta herriko kolektiboen ekarpena eskertu eta aitortu du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | “Euskal selekzioa-Palestina partida aitzaki, gure kaleak aldarriz bete ditugu”

|

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunartekoa jokatuko dute gaur San Mamesen. Hori aitzakia hartuta, Zizpak elkartasun ekintza antolatu du Galdakaon: eskailera margoketa. Malen Agirre Espilla zizpakidearekin berba egin genuen atzo ekintza honen inguruan.

Osorik irakurri