☉ Galdakao
Galdakao-Usansolo Ospitaleak Medikuntza Graduko praktikak eta eskola teorikoak hartuko ditu
Galdakao-Usansolo Ospitalea Unibertsitarioa bihurtuko da eta azken ikasturteetako irakasgai klinikoen praktikak zein eskola teorikoak bertan egiteko aukera izango dute ikasleek.

Galdakao-Usansolo Ospitalea Unibertsitarioa bihurtuko da eta azken ikasturteetako irakasgai klinikoen praktikak zein eskola teorikoak bertan egiteko aukera izango dute ikasleek
Unibertsitate Ospitalea izango du Galdakaok hemendik aurrera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) akordioa sinatu dute Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratua (ESI) Medikuntza Graduko prestakuntzaren barne hartzeko, ikasleei irakasgai klinikoen formakuntza emanez. Zentzu horretan, Medikuntza Graduko azken ikasturteetako irakasgai klinikoen praktikak eta eskola teorikoak eskainiko dira hemendik aurrera.
Jon Darpon Osasun sailburuak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak gaur bertan jakinarazi dutenez praktikak zein eskola teorikoak emateko behar diren arauzko, antolakuntzako eta egiturako urratsak ematen hasi dira dagoeneko.
EHUko, Barrualde–Galdakao ESIko eta Osasun Saileko ordezkariek hainbat lan-bilera egin dituzte profesionalen eta ekipamenduen inguruko premiak analizatzeko, eta horrela, Galdakao-Usansolo Ospitalea eta Barrualde eskualdeko osasun-zentroak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen barne hartzeko.
Bizkaiko hirugarrena
Galdakao-Usansolo Ospitalea Medikuntza graduko heziketa eskainiko duen Bizkaiko hirugarren ospitalea da. Izan ere, Basurto eta Gurutzetako ospitaleetan dagoeneko unibertsitate-formazioa eskaintzen dute. Era berean, Txagorritxu eta Donostia ospitaleek irakaskuntza-unitateen sarea osatzen dute Euskal Herrian.
“Akordio berri honek Medikuntza gradua euskalduntzeko urratsak ematen lagunduko du. Izan ere, ospitale-unitate honek euskaraz irakasteko behar den gaikuntza duen pertsonal mediko ugari dauka, eta paziente euskaldun asko daude bertan”, dio Nekane Balluerka EHUko errektoreak.
☉ Galdakao
Hutsik dauden lokalak etxebizitza bihurtzeko neurriak malgutu ditu Galdakaoko Udalak
Galdakaoko komertzio guneetako lokalak ezingo dira etxebizitza bihurtu eta lokal hutsak etxebizitza turistikora bideratzea galarazi dute

Etxebizitzaren inguruan daukan lau zutabeko plangintza aurkeztu zuen iazko apirilean Galdakaoko Udalak.
Plangintza horren arabera, Bengoetxe inguruan babestutako 120 etxebizitza eraikitzea, hutsik dauden etxebizitzen parkea mugiaraztea, Aperribai eta Jugu eremu tentsionatu izendatzea eta lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea erraztuko du Udalak.
Eta, azken planari dagokionez, urtarrileko osoko bilkuran aho batez onartu dute ordenantza malgutzea.
Hiru helburu ditu neurriak: etxebizitza duin eta eskuragarriak sortzea; auzoak biziberritzea eta lokal hutsen degradazioa murriztea; eta espekulazio turistikoa baztertzea. Hain zuzen, lokal horiek etxebizitza turistikora bideratzea galarazten du neurriak.
Era berean, espekulazioa saihesteko helburuz, aldaketaren onuradun izango dira 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen dagoeneko itxita zeuden lokalak. Araudi honen eraginez bertoko dendak ixtea saihestea da muga horren xedea. Gainera, herriko komertzio guneak babestu egingo dituzte eta eremu horietako lokalak ezingo dira etxebizitza bihurtu.
“Gaur aurkeztu dugun ordenantzaren aldaketak helburu argi eta zehatza du: Galdakaon dagoen etxebizitza eskaerari erantzutea. Bereziki, etxebizitza merkatu tentsionatuan gaudela kontuan hartuta. Aldi berean, urteak daramatzaten lokal hutsak berriz erabili nahi ditugu herriaren bizitza eta kohesioa indartzeko. Ez da arau berri bat hutsetik sortzea, indarrean dugun ordenantza egokitzea baizik, gaur egungo errealitate sozial eta ekonomikora moldatuz”, esan zuen Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak.
Gobernu taldearen parte den Auzoakeko Monika Bailon zinegotziak ere hitza hartu zuen osoko bilkuran: “Lokal hutsak etxebizitza bihurtzea erantzun eraginkorra eta sozialki bidezkoa da. Ordenantzak etxebizitza duinak bermatzen ditu eta auzoak suspertzen laguntzen du, pertsianak jaitsita dituzten kaleei bizia emanez”.
Oposizioa alde
PSEk zuzenketa bat aurkeztu zuen, eta honakoa da: “Bi urteko epea igaro ondoren, potentzialki bihurgarriak diren lokalen kopurua eta dagoeneko eraldatu direnen kopurua aztertuko duen azterlan bat aurkeztea”, azaldu zuen Victor Trimiño zinegotziak.
Emendakina onartu ez arren, etorkizunean aztertzeko aukera zabalik utzi du gobernu taldeak. Egiraunek argudiatu zuen ez zutela argi “berrikusteko promesa” ordenantza tekniko baten barruan idatziz agertu behar den ala “konpromiso politikoa” den.
Trimiñok erantzun egin zion Egirauni: “Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ere bultzatzen duen filosofia horrekin bat gatoz. Etxebizitza larrialdiaren aurrean ez dago errezeta magikorik, baina neurri horrek eskaintza handitzen laguntzen du. Funtsezkoa da erabiltzen ez diren espazio huts horiek aprobetxatzea, betiere duintasun-baldintzak bermatuz”.
EAJk ordenantza eguneraketaren prozesuaren kudeaketa kritikatu du, baina neurria babestu du: “Ordenantza hau udal arkitektoaren txostenarekin ekarri dugu, EAJk duela bi hilabete prozesua gelditzea exijitu zuelako. Aginduzko txosten horren faltagatik deuseza izango zen arau bat onartzen saiatu ziren, segurtasun juridikoa arriskuan jarriz. Kontua ez da gobernua arduratsua izan dela, irregulartasun bat atzeman zutela baizik. Arkitektoak baliozkotu behar du arauak bizigarritasun- eta segurtasun-estandarrak betetzen dituela”, esan zuen Ainhoa Agirregoikoa zinegotziak.
Alderdi jeltzaleak aipatutako txosten teknikoaren polemikari dagokionez, Asier Egiraunek honako hau argitu zuen: “Atzera egin genuen ziurtasun juridiko handiagoa izateko eta txosten guztiak bananduta egoteko (alde batetik txoste juridikoa, eta bestetik txosten teknikoa), zuek eskatu zenuten bezala, nahiz eta lehen ere babes juridikoa bazeukan”.
Eztabaidarekin amaitzeko Egiraunek zera azpimarratu zuen: “Galdakaon etxebizitzaren arazoa handia da, denok dakigun bezala. Eta hau ez da soluzio bakarra, ez da ‘soluzio magikoa’, baina bada beste tresna bat gehiago herritarrei aukerak zabaltzeko. Lokal huts asko ditugu gure kaleetan, eta horiei irteera bat ematea, bizitza ematea eta, bide batez, etxebizitza beharrari erantzutea norabide zuzena dela uste dugu”.
Behin behinean onartu dute ordenantzaren moldaketa eta orain alegazioak aurkezteko aukera egongo da martxoaren 16ra arte.
☉ Galdakao
Musika eta umorea uztartzen dituen kontzertua eskainiko du Da Capok Galdakaon
Otsailaren 8an, igandez, izango da kontzertua eta publikoarentzat “esperientzia dibertigarria” izango dela diote Da Capotik

Da Capo Galdakaoko Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du Torrezabalen otsailaren 8an, igandez: ‘Da Capo Banda eta Martina’.
Oraingo honetan musika eta umorea uztartuko dituzte: “Martina pailazoak —Maite Guevara aktoreak interpretatuta— amets egiten du bandako musikari bat izango dela, eta doinu nostalgikoen eta alaitasunez betetako pasarteen artean, parte hartzeko modua bilatuko du. Baina bere ahaleginak ez dira beti espero bezala aterako…”, dio emanaldiaren laburpenak.
Publikoarentzat “esperientzia dibertigarria” izango dela diote Da Capotik. Sarrerak oraindik salgai daude 3,75 euro eta 5 euro artean.
☉ Galdakao
Ahoztar Zelaietak ‘El Pradalismo’ liburua aurkeztuko du gaur Galdakaon

Ahoztar Zelaieta kazetariak ‘El Pradalismo’ liburua aurkeztuko du gaur, otsailak 5, Galdakaon.
Solasaldia Herriko Bentan izango da 19:00etan.
Saioa Guzur Aretxa Kultur Elkarteak antolatu du.
☉ Galdakao
Bideoa | Lurra esnatu dute gaur Galdakaoko ikasleek Santa Ageda bezperan

Santa Ageda bezpera da gaur eta tradizioa jarraiki, Hego Uribeko elkarte asko eta ikastetxeak kalera irten dira makilak astintzera koplak abestera.
Galdakaon Eguzkibegiko, Urretako, Elexaldeko, Gandasegiko eta Bengoetxeko ikasleak Kurtzeko plazatik igaro dira 10:00etatik 12:00etara bitartean eta udal langileen, zinegotzien eta herritarren aurrean kantatu dute. GEURIA bertan izan da!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko ikastetxeek Santa Ageda bezpera ospatu dute

Eguzkibegiko, Urretako, Elexaldeko, Gandasegiko eta Bengoetxeko ikasleak Santa Ageda bezperan kalera atera dira Galdakaon.
Denak Kurtzeko plazatik igaro dira eta udal langileen eta zinegotzien aurrean kantatu dute eta ondoren txokolatea eta bizkotxoak jan dituzte.




















