Sareak

☉ Galdakao

Katalunian ireki du GBGE elkarteak hamaseigarren Hozkailu Solidarioa

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak hamaseigarren Hozkailu Solidarioa ireki berri du. Hain zuzen, Lleidan eta Alt Urgell Ateneu elkarteak ezarri du.

|

galdakao gbge hozkailu solidarioa 2017 lleida

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak hamaseigarren Hozkailu Solidarioa ireki berri du. Hain zuzen, Lleidan eta Alt Urgell Ateneu elkarteak ezarri du GBGEren laguntzaz. Ekainaren 30ean 19:00etan izango da irekiera ofiziala. Aurretik, 17:00etan, hozkailuaren erabilera azalduko diete herritarrei GBGEko bi kidek eta Kataluniako Generalitateko Osasun saileko ordezkaria izango da bertan.

Ekimen honen helburua da egoera onean dauden elikagaiak alferrik ez galtzea eta behar dituzten pertsonen eskura jartzea.

HOZKAILU SOLIDARIOAREN SAREA HANDITZEN

Lehenengoko Hozkailu Solidarioa Galdakaon ezarri zuten GBGE elkarteak eta Udalak 2015eko apirilaren 29an eta erantzun “bikaina” izan zuen herritarren artean. “Zehazki, 200 kilo elikagai zabor-edukiontzian amaitzea ekiditu zen”, diote GBGE elkartetik.

Ekimenak arrakasta eta ospe handia lortu ditu harrez geroztik eta hainbat hiritan Hozkailu Solidarioaren sarea lau haizeetara zabaldu da: Galdakaon (2), Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako kanpusean, Plentzian, Gasteizen, Donostian, Lasarten, Zaragozan, Bartzelonan (2), Santiago de Compostelan, Madrilen, Toledon, Valentzian, Sevillan eta Lleidan.

☉ Galdakao

Euskal Herriko Orkestra Barrokoak entsegu irekia egingo du bihar Galdakaon

Emanaldia Torrezabalen izango da, sarrera doan. Gainera, gaur Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako ikasleei zuzendutako saioa prestatu dute

|

Enrike Solinis (ezkerretik lehenengoa) Euskal Herriko Orkestra Barrokoaren zuzendaria da // Galdakaoko Udala

Galdakaoko Udalak Torrezabal Kultur Etxeko ateak zabaldu dizkie Euskal Herriko sortzaileei euren sormen-prozesuak bertan garatzeko.

Iazko abenduan, urtarrilean eta otsailean Metrokoadroka Kolektiboak ‘Bi baso bat ur’ antzezlana ondu zuen Torrezabalen –eta otsailaren 19an estreinatu zuten–, eta Euskal Herriko Orkestra Barrokoak Galdakaoko antzokian egin du egonaldia azken hilabeteetan, Enrike Solinis musikari galdakoztarraren zuzendaritzapean.

Torrezabalen prestatu du Bilboko Arriaga Antzokian otsailaren 26an eta Donostiako Kursaalean otsailaren 28an egingo duen ‘Masquerade’ kontzertua.

Baina aurretik, otsailaren 25ean, eta egonaldiarekin amaitzeko, entsegu irekia antolatu dute Torrezabalen, 18:30ean, sarrera doan.

Udalak herritar guztiak animatzen ditu entsegu irekira joatera, “musika eta sormena gertutik bizitzeko, eta Euskal Herriko Orkestra Barrokoaren lan berria lehen eskutik ezagutzeko aukera paregabea izango baita”, diote udal ordezkariek.

Ikasleentzako saioa

Bestetik, entsegu irekia egin aurretik, otsailaren 24an 11:00etan Euskal Herriko Orkestra Barrokoak saio berezi bat eskainiko die Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako LH6 mailako 150 ikasleei, “musika barrokoaz zuzenean gozatzeko esperientzia bizi dezaten”.

“Ekintzaren helburua da irudimenari eta aurkikuntzari ateak zabaltzea, gazteei soinu, erritmo eta testura desberdinen mundua hurbilduz. Modu horretan, Europako musika historiaren parte izan diren elementuak ezagutzeko aukera izango dute”, diote udal arduradunek.

Galdakaoko Udalak esker ona adierazi dio Euskal Herriko Orkestra Barrokoari, “eta, Enrike Solinis herrikideari bereziki, Udalarekin egiten ari den elkarlanagatik eta horri esker herritarrei kulturan murgiltzeko ematen ari zaien aukera bereziagatik”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko kirol instalazioetako langileek urtean 5.600 euro gordin gehiago jasoko dituzte

Udal kirol instalazioetako langileen baldintza ekonomikoa hobetzeko akordioa erraztu du Galdakaoko Udalak

|

Kirol instalazioetan ari diren langileen ordezkaritzarekin batu dira Iñigo Arriandiaga alkatea eta Asier Korta Kirol arloko zinegotzia // Galdakaoko Udala

Udal kirol instalazioetako langileen baldintzak hobetzeko akordioa sinatu dute zerbitzuen kudeaketaz arduratzen den Guedan enpresak eta Galdakaoko Udalak.

Hain zuzen ere, lortutako akordioaren ondorioz, langile bakoitzak urtean 5.600 euro gordin gehiago jasoko ditu.

“Neurria posible izango da Udalak egindako ahalegin ekonomikoari esker; izan ere, urtean 450.000 euro inguru bideratuko ditu langileen soldatak hobetzeko”, esan du Asier Korta Ibarra Kirol arloko zinegotziak: “Horrela, euren eguneroko lana eta udal kirol instalazioen funtzionamendu egokian duten ekarpena aitortzen dira, ordainsari baldintza bidezkoagoak bermatuz”.

Iñigo Arriandiaga Hernando alkateak adierazi du, erabaki honek Udalak zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten “langile guztien ongizatearekin duen konpromisoa” erakusten duela, “udalekoak zein kanpokoak izan, eta herritarrei eskaintzen zaizkien kirol zerbitzuen kalitatea indartzen du”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko GBGE elkarteak 600.000 janari baino gehiago banatu dizkie familia zaurgarriei urte batean

600.000 otordu baino gehiago eta 550.000 eurotik gorako balioa duten elikagaiak berrerabili eta banatu dituztela zehaztu dute GBGEtik

|

GBGEko boluntarioak // GBGE

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak (GBGE) urteko balantzea egin du. Datuak datu, 240.000 kilo elikagai fresko birbanatu ditu herrian, 24.000 kilo elikagai ez-galkor banatu ditu, hilero 250 familia lagundu ditu, urtean produktu freskoekin 156 banaketa-jardunaldi egin ditu, eta 22.000 elikagai-lote baino gehiago prestatu eta banatu ditu.

“Horrek honako balio soziala izan du: 600.000 otordu baino gehiago eta 550.000 eurotik gorako balioa duten elikagaiak berrerabili eta banatu dira”, adierazi dute.

GBGEtik boluntarioen, erakunde laguntzaileen eta komunitate osoaren konpromisoa goraipatu dute: “Astero lan egiten dugu elikagairik gal ez dadin eta gehien behar duten pertsonengana iritsi dadin”, diote.

“Lan honek elikagaien xahuketa murrizteaz gain, baliabideak duintasun, laguntza eta egonkortasun bihurtzen ditu ehunka familiarentzat”, diote, eta gaineratu dute lanean jarraituko dutela elikadura eskubidea eta ekonomia zirkularra bermatzeko.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Udalak ez du atxilotuen jatorriaren berri emango

“Urte luzeetan jarraitutako irizpidea mantenduko dugu hemendik aurrera ere: atxilotutakoen jatorria ez ematea”, esan diote gobernu taldeko ordezkariek GEURIAri

|

Galdakaoko udaltzainak // Argazkia: @Gdko_Polizia, artxiboa

Galdakaoko Udalak ez du bat egin Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpidearekin, eta ez du poliziak atxilotzen dituen pertsonen jatorriaren berri emango. 

“Urte luzeetan jarraitutako irizpidea mantenduko dugu hemendik aurrera ere: atxilotutakoen jatorria ez ematea, hain zuzen”, esan diote Galdakaoko Udaleko ordezkariek GEURIAri.

Udala “joko horretan” ez dela sartuko adierazi dute gobernu taldeko ordezkariek: “Atxilotuen jatorria publikatzeak kalte egiten du gizartean eta aurreiritziak sortzen ditu”.

Hego Uribe eskualdean Basauriko Udalak dagoeneko zehaztu dute jatorriaren berri emango duela, “gezurrak saihesteko eta gardenak izateko”.

Eta, kontrako erabakia hartu dute, esaterako, Galdakaoko Udalaz gain, Bilboko, Barakaldoko, Leioako edo Erandioko udalek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko lau udal aparkalekuetako 253 plaza libreak eskatzeko epea ireki du Udalak

Iturrondon, Paopan, Lapurdin eta Berezikoetxen 253 plaza esleitzeke ditu Udalak: 103 alokairu erregimenean eta 150 erabilpen lagapen modalitatean. Eskaerak egiteko epea zabalik dago martxoaren 6ra arte

|

Berezikoetxeko udal garajeak // Galdakaoko Udala

Iturrondoko, Paopako, Lapurdiko eta Berezikoetxeko udal aparkalekuetan 253 plaza daude libre eta horiek esleitzeko prozedura hasi du Galdakaoko Udalak.

Alde batetik, alokairu erregimenerako 103 plaza daude eskuragarri: 19 Iturrondon (3 mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatuta), 42 Paopan (2 erreserbatuta), 32 Lapurdin (1 erreserbatuta) eta 10 Berezikoetxen.

Alokairuak urtebeteko iraupena izango du, gehienez lau urtera arte automatikoki luzatzeko aukerarekin. 

Esleipendunek hilean 36 euroko alokairua ordaindu beharko dute, baita jabekideen erkidegoaren gastuak ere. 

“Eskaera egiterakoan garaje bat aukeratu behar da. Norbaitek eskaera bat baino gehiago aurkeztuko balu, azken aukeraketa hartuko da kontuan”, diote udal ordezkariek.

20-23 urte

Bestetik, erabilpen lagapen modalitatean 150 plaza eskaintzen ditu Udalak: 11 plaza esleituko dira Iturrondon, 86 Paopan (1 mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatuta), 48 Lapurdin (2 erreserbatuta) eta 5 Berezikoetxen (1 erreserbatuta).

Modalitate honetan, esleipendunek aldi bakarrean ordaindu beharko dute prezio osoa esleipen egunean, eta plaza erabiltzeko eskubidea 2046ra arte izango da Berezikoetxen eta 2049ra arte gainerako aparkalekuetan.

Ezarritako prezioak honako hauek dira: 8.815 euro Berezikoetxen, 12.858 Iturrondon, 11.432 Paopan eta 12.987 Lapurdin.

“Erabilera lagapenaren prozeduran plaza guztiak esleitzen ez badira, hutsik edo esleitu gabe geratzen direnak alokairu erregimenean eskainiko zaizkie kasuan kasuko garajeko itxaron zerrendan dauden pertsonei”, diote.

Eskaera epea: martxoaren 6ra arte

Garaje plazak Galdakaon bizi diren pertsonek eskatu ahal izango dituzte. Horiek, ibilgailua eta indarrean dagoen gidabaimena, gutxienez sei hilabeteko antzinatasuneko errolda (edo azken urtean etxebizitza erosita izan) eta Udalarekin ordainketak egunean izan beharko dituzte. 

Mugikortasun murriztua duten pertsonek baldintza berak bete beharko dituzte eta izaera hori egiaztatzen duen txartela izan.

Udal garajeetako plazak eskatzeko epea gaurtik martxoaren 6ra arte dago zabalik. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira Galdakaoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: bi esteka izango dira, plaza alokairuan eskatzekoa eta plaza erabilpen lagapenean eskatzekoa.

Laguntza behar duten pertsonek ESAN Herritarren Arretarako Bulegora jo ahal izango dute izapidea egiteko laguntza jasotzeko.

Martxoaren 10ean behin-behineko zerrenda argitaratuko dute, eta gero, hamar eguneko epea irekiko dute alegazioak aurkezteko.

Martxoaren 24an behin betiko zerrenda argitaratuko dute eta martxoaren 27an zozketa publikoa egingo dute onartutako pertsonen artean.

Osorik irakurri