☉ Galdakao
Unai Etxezarraga: “Erronka berri honetan aspaldi eduki ez dudan motibazioa lortu dut”
Nepaleko Island Peak mendia igo eta eskalatzea izango da Unai Etxezarraga usansolotarraren hurrengo erronka. Irailean hasiko du bidaia eta, gauzak ondo bidean, urriaren erdialdean iritsiko da 6.189 metroko tontorrera

Erronka polita du aurretik Unai Etxezarraga usansolotarrak (Usansolo, 1990). Irailaren 28tik urriaren 17ra bitartean Nepaleko Island Peak mendia eskalatzeko “ahalegina” egingo du beste 11 lagunekin batera. Guztira, 6.189 metro ditu Island Peak tontorrak, eta eskalatzeko ahalegina egingo dutela dio Etxezarragak, “horrelako mendietan baldintza asko sartzen direlako tartean eta ez delako batere erraza helburua betetzea”, dio usansolotarrak. Nepalera bidaia hasi aurretik berarekin solasean izan gara.
Irailaren 28tik urriaren 17ra Nepaleko Island Peak mendia eskalatuko duzue (6.189 metro). Zergatik aukeratu duzue Islan Peak eta ez besteren bat?
Erabakia erraza izan zen. Pasa den urteko oinarrizko kanpalekuko igoeran Island Peak mendia ikusi genuen. Momentu horretan gurekin gida moduan etorri zen Lur Uribarrenek mendi hura eskalatzea nahiko “erraza” zela esan zigun. Hori entzutean, Ibai nire lehengusuari begiratu nion eta erabakita geratu zen: 2023ko helburua, Island Peak! Eskalatzeko ahalegina egingo dugu.
Mendi berezia da, izotzezko itsaso erraldoi batean dagoen irla txiki baten tankera daukan mendia da. Hori da bere izenaren jatorria, nahiz eta bere benetako izena Imja Tse izan.
Erabakia azkar hartu zenuten, beraz.
Azken erabakia 2022ko abenduan hartu genuen. Lehengusuagaz elkartu, laneko egutegia begiratu eta proposamena Lur gure gida izango denagaz elkarbanatu ostean, taldea osatzen hasi ginen. Laster hasi ginen gure ingurukoekin bidaia elkarbanatzen eta denbora gutxian 10 pertsonako talde bat osatzea lortu genuen.
Island Peak eskalatzeko “ahalegina” egingo duzuela diozu. Zergatik ahalegina? Zaila da gailurrera iristea?
Edozein mendi eskalatzeko orduan ezin dugu inoiz pentsatu tontorrera helduko garenik. Tontorra da helburua, baina horrelako mendietan baldintza asko egoten dira eta ez da batere erraza helburua betetzea. Horregatik, eta mendiari diodan errespetuagatik, zuhurtziaz ibiltzea gustatzen zait eta beti “ahalegina” aipatzea. Egun bateko tartea gorde dugu tontorra egin behar dugun egunerako eguraldiaren arabera horrekin jolasteko, baina agian ez da nahikoa izango. Gainera, mendi honek 6.189 metro ditu eta altuera horretan denok dakigu zelako zailtasunak dauden…Kontu handiz ibili beharko gara mendiko -gaitzik ez izateko. Gauzak oso ondo egin beharko ditugu, hau da, hidratazioa asko zaindu, janaria zaindu eta abar.
Eskualdeko bakarra zara?
Guztira 12 laguneko talde bat joango gara, Lur gure gida kontuan hartuta. Gero Nepalen ia 30 pertsonako talde bat sortuko dugu gida, sherpa eta laguntza emateko egongo den jende guztiagaz.
Usansoloko bakarra izango naiz, Trapagatik beste bi lagun (Borja eta Gorka), Janire gernikarra, Ermuko aspaldiko laguna den Iñaki eta Bediatik nire lehengusua den Ibai etorriko dira. Gainera, taldea osatzeko, irailaren 9ko asteburuan ezagutu berri ditugun bost gipuzkoar etorriko dira. Itzelezko taldea osatzen dugu!
Fisikoki prestakuntza berezirik egin behar izan duzue?
Ez dugu ezer berezirik egin baina azkenaldian kirola ia egunero egiten ibili gara, batez ere mendia. Pasa den maiatzean Lanzaroteko Ironmana egin nuen eta ordutik, egia esan, nahiko geldi egon naiz…Oso gogorra izan zen Ironamana eta kirola egiteko gogoa ere galdu nuen. Orain Nepalerako hilabete baino falta ez den honetan, berriro ere oso gogotsu nago eta erronka berri honekin aspaldi eduki ez dudan motibazioa lortu dut.
Mendi honetan zati teknikoak ere izango ditugu baina mendian ibiltzera ohituta egonez gero, ez dago arazorik. Lehen esan dudan moduan, altueraren kontua izango da garrantzitsuena, eta gure inguruan hori lantzea ez da batere erraza, ez dagoelako hainbesteko altuera duen mendirik.
Bidaiaren antolaketa zelan egin duzue? Laguntzarik eskatu behar izan duzue?
Bai, pasa den urtean egin genuen bezala, gure laguna den Lur Uribarren mendi gidarekin kontaktuan jarri ginen eta beragaz antolatu dugu bidaia guztia. Berak baditu Nepaleko kontaktuak eta hango kontu guztiak berak antolatzen ditu.
Aurten pauso bat gehiago eman dugu eta bidaia honetarako proiektu txiki batean sartuta gaude: guk egindako 100 liburu inguru eramango ditugu Nepaleko eskoletan banatzeko. Bidaia honetatik bueltan publikoki gure bidaia kontatzea eta gure proiektua zein izan den kontatzea pentsatu dugu. Liburu honen ale batzuk ere salmentan ipiniko ditugu eta uste dugu oso interesgarria izango dela, Nepaleko eta Euskal Herriko kontuak komunean azaltzen direlako.
Proiektu txiki batean sartuta zaudetela diozu.
Bai, hala da. ‘Nire benetako izena ez da Island Peak’ du izena proiektuak. Niretzat Nepalera bigarrengo joanaldia izango den honetan, nire bidaikideekin batera, modu xumean bada ere, gehienetan alpinismoaren gora-beheren ezkutupean gelditzen diren bi munduak, Himalayakoa eta Euskal Herrikoa, kontatzeko eta konektatzeko aukera aprobetxatu nahiko nuke.
Testuinguru honetan bi munduen elementu, ezaugarri edo berezitasunen arteko ume eta gazteei zuzendutako marrazki bidezko “elkarrizketak” erakutsiko dituen liburua proposatzen dugu. Guk hango errealitatearen berri eta beraiek gurearen berri izan dezaten, eta bertatik tiraka, hurrengo belaunaldiek ere, kulturen arteko bestelako harremanak sortu ditzaten.
Hau da, bi errealitateak ezagutaraztea da proiektuaren helburua.
Hori da. Bi urruneko errealitate hurbiltzeko ahalegina egin nahi dugu. Himalaya Elurraren Herria da, eta Euskal Herria Euskararen Herria. Bi munduen arteko elkarrizketa liburu bakar batean.
Bi norabideko helburuak ditu proiektuak. Alde batetik, euskal unibertsoa ezagutzera ematea Himalayako herri eta herrixketan, eta bestetik, Himalayaren inguruko mendebaldeko ilusioa desmitifikatzea. Guretzat, mendizaleen egitandietatik haratago, Nepal, orokorrean, eta Himalayako herriak bereziki, errealitate guztiz arrotzak dira.
Liburuaren edukia zelan landuko duzuen badakizue?
Bai. Himalayako eta Euskal Herriko errealitate kulturalak, geografikoak eta sozialak kontrajarritako diptiko eran jarri nahi ditugu. Marrazkiaren bidez irudikatzen duen liburua izango da, Euskal Herriko hainbat ilustratzailek eta artista grafikok egina. Era berean, Suku Mayaren hitzaurrea izango du liburuak.
Nor da Suku Maya?
Gaur egun Euskal Herrian bizi den gazte nepaldarra da. Gaixotasun batek ekarri zuen hona, zehazki, Gipuzkoara. Bere bizipen-istorioak hanka bat Himalayan eta bestea Euskal Herrian du. Bere izatea, bi unibertsoak barruan dituen gaztea izanda, hango eta hemengo umeekin elkarrizketa zabaltzen duen pertsona, aukera ederra deritzogu. Gainera, bere mendian gora egiteko programatu dugun ibilbidean bere haurtzaroko eskolatik pasatzera eramango gaitu.
Nepalen egingo duzuen ibilbideaz ari zarela, egunez egun zer egingo duzue?
Lehenengo egunetan pasa den urteko treking bera egingo dugu, baina gero bidegurutze batean beste norabide bat hartuko dugu eta Gokyorako bidea hartuko dugu ibilbide zirkular bat egiteko. Printzipioz, eta dena ondo bidean, hamaikagarren egunean tontorra zapalduko dugu.
Duela bi urte Everesteko oinarrizko kanpalekura igoera egin zenuten.
Aurreko bidaiatik bueltatu ginenean argi geneukan hurrengo bidaian tontorra egin behar genuela. Everesteko oinarrizko kanpalekua leku mitikoa da eta bertan egotea itzela izan zen, baina mendi baten gailurrera heltzeak mendi hori konkistatua izan dela esan gura du eta guk horrelako zerbait behar dugu.
Gainera, Himalayan alpinismoa egiteko aukera izango dugu. Tontorrera heldu baino lehen zati teknikoak izango ditugu, eskailera bat, yumar egin beharko dugu…Horrelako kontuekin berba egin eta urduritzen hasten naiz! (kar, kar, kar)
Island Peak eskalatu ondoren, baduzu buruan beste erronkarik?
Momentuz ez. Etxekoak ere zaindu behar dira! (Kar, kar, kar) Ainara nire neska-lagunarekin horrelako helburu handi batean murgiltzea ere gustatuko litzaidake. Agian berriro ere Nepalera bueltatuko gara, batek daki!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”
Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.
☉ Galdakao
Bideoa | Chami eta Jon aurkezle finek Korrika aurkeztu dute Galdakao

Martxoaren 27an iritsiko da Korrika Hego Uribe eskualdera. Ugaotik sartu, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatu ostean, Usansolotik alde egingo du lekukoak Arratiarantz [hemen eskualdeko ibilbidea!]
Eskualdean 24. edizioaren nondik norakoak ari dira aurkezten, eta Galdakaon Jon Olea eta Ander Chamizo herritarrek aurkeztu zuten. Barreak eta algarak eta musika nagusi izan ziren aurkezpenean.






























