Sareak

☉ Hego Uribe

Renfek 179 autobus jarriko ditu Basauriko Bidebieta geltoki berriko lanen eragozpenak arintzeko

Ekainaren 14an eta 15ean tren zerbitzua eten egingo dute C3-Bilbo-Urduña linean, Arrigorriaga eta Bilbo arteko tartean

|

Aldiriakeko tren bat, Arrigorriagatik irteten // Geuria

Basauriko Bidebieta geltoki berriko obrak direla eta, Renfek Arrigorriaga eta Bilbo arteko zerbitzua eten egingo du ekainaren 14an eta 15ean. Honek eragina izango du distantzia labur, ertain eta luzeko tren zerbitzuetan.

“Lanek eragina izango dute Bilboko aldiriko trenen zerbitzuan, zehazki, C3-Bilbo-Urduña linean, eta baita distantzia luze eta ertaineko trenetan ere”, azaldu dute Renfetik. Horiek horrela, eta “bidaiarien mugikortasuna bermatzeko” errepide bidezko garraio plana ipiniko du martxan Renfek.

Obrek dirauten bitartean 179 aurobus zirkulazio ipiniko dituzte: 152 aldiriko trenetararako, 23 distantzia luzako trenetarako eta lau distantzia ertainetarako.

“Bilboko aldiriko trenen nukleoan, C3-Bilbo-Urduña linean, autobusez egingo da Arrigorriaga eta Bilbo arteko tartea, noranzko bietan. Bestalde, Bilbo eta Miranda de Ebro arteko distantzia ertaineko zerbitzua errepidez egingo da ere ekainaren 14an eta 15ean”, azaldu dute Renfeko bozeramaileek.

Distantzia luzean ere

Bilbotik atera eta bertara iristen diren distantzia luzeko trenek errepidez egingo dute Bilbo eta Miranda de Ebro arteko tartea, noranzko bietan. Bilbo eta Bartzelona arteko trenek errepidez egingo dute zati hori ekainaren 14an eta 15ean.

Bilbo eta Madril arteko trenek errepidez egingo dute Bilbo eta Miranda de Ebro arteko zatia, noranzko bietan eta Laudion geldialdia eginda, ekainaren 14an eta 15ean, Bilbotik Madrilerako ekainaren 16ko lehenengo trenaren antzera.

☉ Hego Uribe

Loraldia Plazak euskal musikaren bi erreferente izango ditu ardatz aurten: Ruper Ordorika eta Itoiz

‘Marea Gora’ lelopean, sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte Zaratamon eta Arrigorriagan, Loraldia Plaza jaialdian

|

Alberto Ugarriza, Amaia Ocerin eta Maite Ibarra, gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan // Geuria

Loraldia Plaza Kultur Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Arrigorriaga eta Zaratamon urriaren 17tik 26ra, GEURIAn duela aste batzuk iragarri lez. Sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte eskualdeko udalerri bietan. ‘Marea Gora’ lelopean, askotariko ekitaldiak prestatu dituzte Hego Uribeko udalerri bietan, asteburu bietan.

Urriaren 17 eta 18an Zaratamon antolatu dute jaialdia, ekitaldi azpimarragarriekin, aurreko edizioak “oso arrakastatustuak eta balorazio positibokoak” izan direla kontuan hartuta. hala azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak, eta “aurten ere asmatuko dutela” aurreratu du Ugarrizak, iazko formatua mantenduko dutela iragarriz (Elexalde eta Arkotxan jarduera bana antolatuz).

“Aurten, gure herriarekin harreman berezia izan dute izar handi bi programatu ditugu: Ruper Ordorika eta Itoiz. Zehatzago, Juan Carlos Perez eta Jose Garate Foisis”. Izan ere, urriaren 17an Itoiz Udako Sesioak dokumentala proiektatu, eta ondoren solasaldia antolatu dute dokumentalaren zuzendariarekin, Juan Carlos Perez eta Foisisekin.

“Itoiz taldeak harreman oso estua izan zuen Zaratamorekin”, gogoratu du Ugarrizak. “‘Alkolea’ hirugarren diskoa grabatzen amaitu zutenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren eta bertan mokadutxu bat eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin. Garai hartako oroitzapen onak dituzte. Foisisek ere harreman zuzena dauka Zaratamorekin: izan ere, Bostak eta Laurenak taldeak Zaratamon egiten ditu entseguak astelehenero”.

Alberto Ugarriza: “‘Alkolea’ hirugarren diskoaren grabaketak  amaitzen zituztenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren eta bertan mokadutxu bat eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin”

Hilaren 18an Ruper Ordorika egongo da Arkotxako San Bizente elizan. Iazko edizioan Jon Maiak, Gorka Hermosak eta Pello Ramirezek aipatu zuten Arkotxako eliza Loraldia bezalako proiektu akustikoetarako “oso leku berezia” zela. “Ruper Ordorikaren bakarkako proiekturako leku ezinhobea izango da”, ondorioztatu du Zaratamoko alkateak. “Ruper Ordorikak ere harreman estua izan du Zaratamorekin: Oñatitik Basaurira etorri zenean, Basaurin, Alfontso Berazaren etxean hartu zuen ostatu eta harreman berezia izan zuen berarekin. Izan ere, Alfontsoren bikotea, orain bere alarguna, Carmen Uriarte, Zaratamokoa da. Duela lau urte Ruper herrira etorri zenean, oroitzapen oso bereziak izan zituen Zaratamon egindako kontzertu hartan”.

Aipatu beharrekoa da Ruperrek urrian bertan aurkeztuko duela bere taldearekin plazaratuko duen lan berria. “Zaratamon eskainiko duen kontzertua musikaria bakarka ikusteko azken aukera izan daiteke. Benetan berezia izango da”, laburbildu du Zaratamoko alkateak.

Alberto Ugarriza, Amaia Ocerin eta Maite Ibarra, Arrigorriagan // Geuria

Urriaren 23tik 26ra Arrigorriagan antolatu dute Loraldia Plaza. Kultura desentralizatzea helburu duen jaialdi honek hainbat jarduera prestatu ditu Arrigorriagako herrigunean eta Abusu auzoan. “Baina gure helburua ez da egitarau soil bat sortu eta eskaintzea”, nabarmendu du Amaia Ocerin Loraldiako Komunikazio  arduradunak. “Helburua transmisio kate hori ez etetea eta euskarazko imajinario garaikidea aberastea. Horixe da, hain zuzen ere, Loraldiaren arima, tamaina txikiko proposamenak eskaintzen, makrokontzertuen garaian murgilduta gaudelarik”.

Dantzarekin hasiko dute Arrigorriagako programazioa Meñakoz Dantza Taldearen ‘Suak Su’ lanarekin, dantza, musika eta bertsolaritza uztartuz. Hilaren 24an fusioa eta probokazioa eskainiko dute ‘Arima’ ikuskizunarekin, flamenkoa eta txalaparta uztartuz. Urriaren 25ean ‘Hitzaurrea’ izeneko esperientzia egingo du Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak Arrigorriagako plazako arkupeetan. Emanaldi hau Loraldiaren Sormen Digitala Bekaren egitasmoaren emaitza da. Gainera, ‘Ai Gure Juaneteak!’ antzerkia eta El Mozo Wines + Morau eta Bernardo Goietxe ardo dastaketa eta kantuak uztartzen dituen ekitaldia antolatu dute uyrriaren 26an.

“Loraldiak aukera paregabea eskaintzen digu euskal kultura plazara ateratzeko, herritarrekin partekatzeko eta gure sortzaileei ikusgarritasuna emateko”, izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatearen berbak. “Udalerri txikia gara, bai. Baina proiektu honek erakusten digu elkarlanean eta ilusioz gauza handiak lor daitezkeela”.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, gaur eskainitako prentsaurrekoan // Geuria

Egitaraua | Loraldia Plaza 2025

Urriak 17, ostirala
19:30 Itoiz Udako Sesioak dokumentala, Zaratamoko Kultur Etxea

Urriak 18, larunbata
19:30 Kontzertua: Ruper Ordorika, Arkotxako eliza (Zaratamo)

Urriak 23, osteguna
19:00 ‘Suak su, Abusuko Kultur Zentroa (Arrigorriaga)

Urriak 24, ostirala
20:00 ‘Arima’, Lonbo aretoa (Arrigorriaga)

Urriak 25, larunbata
18:00 ‘Hitzaurrea’, Udaletxeko plazakao arkupeak
20:00 ‘Ai gure Juaneteak!’, Lonbo aretoa (Arrigorriaga)

Urriak 26, igandea
12:30 El Mozo Wines + Morau eta Bernardo Goietxe, Azokea (Arrigorriaga)

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Euskal hedabideen analitikak, edukiak eta antolakuntza hizketagai izan ditu GEURIAk, Behategiak eta UEUk antolatutako jardunaldian

GEURIArekin batera, Irutxuloko Hitza, Hamaika eta Guka komunikabideek hartu dute hitza. Euskarazko komunikazioan jarduten duten hogeita hamar bat lagun bertaratu dira. Mahai-inguru bizia izan da, ikuspegi anitzak eta interesgarriak mahagainean jarri dituzte.

|

Jon Villapunek hartu du parte mahai inguruan GEURIAren izenean // Joxe Rojas (Tokikom)

Atzo hasi eta gaur bukatu da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Behategiak, Euskal Hedabideen Behatokiak, Eibarren (Gipuzkoa) antolatutako bi jardunaldiko zikloa ‘Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’ izenburupean. Gaurko egunari mahai-inguru batek eman dio hasiera: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’.

Mahai inguru horretan GEURIAk parte hartu du. Bertan izan da Jon Villapun, hamar urtez komunikabidearen zuzendari lanak eta egun editore lanak egiten dituena. Villapunekin batera, Naike Usabiagak (Irutxuloko Hitza), Ainara Arrizabalagak (Hamaika) eta Aitziber Arzallusek (Guka) hartu dute parte, eta Behategiako Ane Martinezek moderatzaile lanak egin ditu.

Hiru gai ardatz izan dituen ordubeteko solasaldia izan da: lehena, analitikari erreparatuz, azken urteetan komunikabidean egindako aldaketak; bigarrena, aurrera begirako lehentasunak eta bideak identifikatutako zailtasunak; eta hirugarrena, etorkizun ideal baten proiekzioa egitea. Komunikabide bakoitzak bere antolakuntza azaltzeaz gain, mahai-ingurua bizi izan da. Bertaratutako hogeita hamar bat profesionalek ere hitza hartu eta ikuspegi anitzak eta interesgarriak mahagainean jarri dituzte.

Ezker eskuma, Aitziber Arzallus (Guka), Ainara Arrizabalaga (Hamaika), Jon Villapun (Geuria) eta Naike Usabiaga (Irutxuloko Hitza) / Joxe Rojas (Tokikom)

Azken urteotan euskarazko hedabideok aldaketa nabarmenak izan ditugu digitaliazio-prozesuari dagokionez, eta horiei aurre egiteko bidean dihardugu. Audientzien datuei erreparatuta, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kideok -GEURIA kide da- 40 milioi bisitako langa gainditu dugu bi urtez jarraian, 2023n eta 2024an. Eta 2019tik 2024ra bitartean, pandemia aurretik gaur arte, webguneetan erregistratutako trafikoa % 42 handitu da. Datu horietan GEURIAk bere alea jartzen du. Izan ere, urtetik urtera datuek gora egiten dute, komunitate baten errotzearekin batera.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Palestinaren aldeko burrunbak eta elkartasun keinuak

Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta, Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko protesta zaratatsuak egin dituzte Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zeberion

|

Goian, Basauri, eta behean Arrigorriaga eta Galdakao // Geuria+Utzitakoak

Erabateko suntsipenaren erdian esnatzen da egunero palestinar herria. Milaka zibilen, kazetariren eta osasun-langileen hilketek erakusten dute genozidio bat pairatzen ari direla, giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek salatu duten bezala. Dagoeneko 64.000 palestinar baino gehiago hil dira Israelgo erasoen ondorioz, gehienak haurrak eta emakumeak, kazetariak eta osasun arloko langileak.

Nazioarteko erakundeek salatu dute egoera honek giza eskubideen urraketa larriak eta heriotza masiboak ekarri dituela, eta testuinguru humanitario larria sortu duela. Milioika pertsona beren herritik desplazatuak izan dira eta elikagai eta sendagai eskasia handitzen ari da egunetik egunera.

Urriaren 7an bi urte beteko dira sarraskia hasi zenetik, eta iaztik gatazkak gora egin du. Ospitaleak, ikastetxeak eta komunikabideetako egoitzak suntsitu dituzte.

Burrunbak eskualdean

2023ko urritik herri ekimenak sortu dira genozidioa gelditzeko eskatzeko. Horren adibide da Gernika-Palestina Herri Ekimena: “Gernikako bonbardaketaren herria gara, eta lehen eskutik ezagutzen ditugu suntsipenaren ondorioak. Gernika berririk ez oihukatzeko beharra dugu, beraz, euskal herritarrok. Ezin dugu holakorik onartu. Sarraski horren aurrean ezin dugu isilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu. Beste ezeren gainetik, gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea, bakea, justizia eta itxaropenezko etorkizuna eskaintzea”, diote.

Zentzu horretan, duela bi urtetik hainbat eta hainbat protesta egin dira Euskal Herri mailan, horietako asko Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta. Eta Hego Uribe eskualdea ez da isilik mantendu. Hamaika elkarretaratze eta mobilizazio egin dituzte eskualdean; azkenak, Gernika-Palestinak deitutako protesta zaratatsuak. Irailaren 5ean Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zeberion kazeroladak antolatu zituzten eta horietara ehunka herritar batu ziren.

“Egunetik egunera terribleagoa da sarraskia… Zer da ba genozidioa etengabe gordintzen doan erabateko suntsiketa ez bada. Oihu lazgarriak isiltasun jasanezin azkenerako”, adierazi zuten Gernika-Palestinako ordezkariek: “Eta hemen, Palestinatik urrun, hitzak ere isilik daude, hutsik. Genozidio, sarraski, masakre, suntsiketa, tortura eta basakeria bezalako hitzek balioa galtzen dute gure etxeko sofan. Kuxinen artean galtzen dira, esku artean dugun kafesnearen lurrunean”, adierazi dute.
Gernika-Palestina Herri Ekimenetik salatu dutenez, “umeak dira sarraskituak, herritarrak dira sarraskituak, ospitaleak dira sarraskituak, kazetariak dira sarraskituak, Palestina da sarraskitua”.

GEURIA, ekintza globalaren parte

Mundu zabaleko 50 herrialdetako 200 komunikabidek baino gehiagok, tartean GEURIAk, bat egin zuten Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundeak irailaren 1ean bultzatutako mobilizazio globalarekin. “Gazako kazetarien aurka propio egindako sarraskia” salatu eta atzerriko prentsari Zerrendan oztoporik gabe sartzen uzteko eskatu dugu hedabideok. RSFk zabaldu duen mezuaren arabera, “Israelgo Armadak erritmo horretan kazetariak hiltzen jarraitzen badu, laster ez da bakar bat ere geratuko Gazan zuri informazioa emateko”. Hamar hilabetean gutxienez 250 kazetari hil ditu Israelgo armadak Gazan, historia modernoko beste edozein gerratan baino gehiago. Eta ekimenarekin bat egiteko, #ProtectJournalistsInGaza eta #LetReportersIntoGaza hashtag-ak erabili genituen hedabideok.

GEURIAz gain, EITBk, RTVEk, El Paísek (eduki editoriala), EFEk, Prensa Ibericak (eduki editoriala goiburu guztietan), La Sextak, ElDiario.es-ek, Públicok, EFE agentziak, 5W aldizkariak, InfoLibrek eta El Saltok, besteak beste, ere bat egin zuten mobilizazioarekin. Nazioartean honako hedabideek babestu dute RSFren mobilizazio globala: Al Jazeera (Qatar); The Independent (Erresuma Batua); Mediapart (Frantzia); Der Frietag (Alemania); Le Soir (Belgika); La Libre Belgique (Belgika); New Bloom (Taiwan); Photon Media (Hong Kong); Media Today (Hego Korea); Il Dubbio (Italia); Agencia Pública (Brasil); Le Desk (Maroko) eta Semanario Brecha (Uruguai), adibidez.

Hego Uribeko udalen keinuak

Herri ekimenak dira protestak martxan jartzen dituztenak, baina erakunde publikoek ere euren alea jarri dute. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, Basauriko Udalak Gazako errefuxiatuak laguntzeko 5.700 euroko ekarpena egin dio UNRWA Nazio Batuen Agentziaren Espainiako Komiteari, EAEko eta Nafarroako Funtsa proiektuaren bitartez. Uztaila bukaeranonartu zuen dirulaguntza ematea. Ekarpen horren helburua izan da “Palestinan errefuxiatutako herritarren oinarrizko premiei erantzutea eta oinarrizko giza eskubideak bermatzea”. Gazan, UNRWAk laguntza ematen die Palestinako errefuxiatuei, honako alor hauetan: hezkuntza, osasuna, osasun mentala, sorospena, gizarte-zerbitzuak, mikrokredituak eta larrialdiko laguntza. 2023ko urriaren 7tik, Israel Gaza erasotzen hasi zenetik, 116 babesleku egokitu ditu kanporatutako familientzat, baita 11 osasun-instalazio eta 119 mediku-ekipo ere. Horrez gain, elikagai-paketeak helarazi dizkie 1,7 milioi pertsonari, eta ura, saneamendu-zerbitzuak eta higiene-kitak ere bai.

Bestetik, Galdakaoko Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez irailaren 3an, Vuelta txirrindulari lasterketa Galdakaotik igaro baino lehen, Palestinarekiko elkartasuna agertuz eta Israelgo Estatua Gazan gauzatzen ari den genozidioa gaitzetsiz. Lasterketa horretan Israel-Premier Tech taldea parte hartzen ari da, “Palestinaren aurkako eraso bortitza gauzatzen ari diren estatu baten irudia zuritzeko kirola erabiliz”. Galdakaoko Udalaren hitzetan, “Israelgo Estatuak Palestinan egindako ekintza militarrak nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena dira, biztanleria zibilaren aurkako eraso indiskriminatuak”. Horregatik, Palestinako herriari elkartasuna eta maitasuna adierazi diote, pairatzen ari den sufrimendu bidegabearen aurrean. Galdakaoko Udalaren iritziz, “kirolak topaketarako eta giza balioetarako gunea izan behar du”, eta ondorioz, Israelgo taldeek eta selekzioek nazioarteko lehiaketetan parte hartzea salatu dute. Gainera, Udalak azpimarratu du Galdakao herri solidarioa eta zapaldutako herrien defendatzaile historikoa dela, eta konpromisoa hartu du ekintza instituzional, sozial, kirol eta kulturaletan koherentziaz jokatzen jarraitzeko.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hedabideen etorkizuneko erronkak aztertzeko mahai-inguru batean parte hartuko du GEURIAk

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Hedabideen Behatokiak mahai-inguru bat antolatu dute bihar, irailak 12, Eibarren: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’

|

Jon Villapunek hartuko du parte mahai inguruan GEURIAren izenean // Tokikom

Azken urteotan euskarazko hedabideok aldaketa nabarmenak izan ditugu digitaliazio-prozesuari dagokionez, eta horiei aurre egiteko bidean dihardugu.

Audientzien datuei erreparatuta, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kideok -GEURIA kide da- 40 milioi bisitako langa gainditu dugu bi urtez jarraian, 2023n eta 2024an. Eta 2019tik 2024ra bitartean, pandemia aurretik gaur arte, webguneetan erregistratutako trafikoa % 42 handitu da. Datu horietan GEURIAk bere alea jartzen du. Izan ere, urtetik urtera datuek gora egiten dute, komunitate baten errotzearekin batera.

Ildo horretan, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Behategiak, Euskal Hedabideen Behatokiak, mahai-inguru bat antolatu dute bihar, irailak 12, Eibarren: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’. Mahai-ingurua UEUren udako ikastaroen baitan dago, bi jardunaldiko ziklo baten parte da.

Mahai inguru horretan GEURIAk parte hartuko du. Bertan izango da Jon Villapun, hamar urtez komunikabidearen zuzendari lanak eta egun editore lanak egiten dituena.

Villapunekin batera, Naike Usabiagak (Irutxuloko Hitza), Ainara Arrizabalagak (Hamaika TB) eta Aitziber Arzallusek (Guka) hartuko dute parte mahai-inguruan. Behategiako Ane Martinezek moderatzaile lanak egingo ditu.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Protesta zaratatsuak deitu dituzte gaur Hego Uribe eskualdean Palestinako genozidioa salatzeko

‘Genozidioa stop!’ lemapean burrunbak egingo dituzte Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zeberion

|

Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta burrunbak egingo dituzte eskualdean // Argazkia: Omer Yildiz, Unsplash

Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatzeko burrunbak antolatu ditu Gernika-Palestina Herri Ekimenak Euskal Herrian.

Eta Hego Uribe eskualdean ere protestak izango dira Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zeberion. Hona hemen herrietako deialdiak:

  • ARRIGORRIAGA
    19:00 Argala plaza
  • BASAURI
    19:00 Bentako plaza
  • GALDAKAO
    19:00 Kurtzeko plaza
  • UGAO
    19:00 Herriko plaza
  • USANSOLO
    19:00 Arlo Baltza plaza
  • ZEBERIO
    19:00 Udaletxeko plaza
Osorik irakurri