☉ Galdakao
Mr. Pongo Band: “Euskal Herrian oraindik badago talde txikion herri mugimendu indartsua”
Rap eta reggae doinuak jarrera indartsu eta borrokalari batekin. Hori da Mr. Pongo Bandek eskaintzen duena. Hego Uribe eskualdeko sei mutilek osatzen dute taldea.

Rap eta reggae doinuak jarrera indartsu eta borrokalari batekin. Hori da Mr. Pongo Bandek eskaintzen duena. Hego Uribe eskualdeko sei mutilek osatzen dute taldea eta lehen diskoa kalean dute, Juantxo Glaukoma, Gorka Suaia eta Ane Legarretaren kolaborazioekin. Hilaren 22an Live Session bideo bat kaleratuko dute eta ekainaren 1ean zuzenean ariko dira Arkotxako jaietan.
Ekainaren 1ean Arkotxako jaietan joko duzue. Nolakoa izango da kontzertua?
Energia deskarga hutsa. Dantzarako erregaia izango dugu oholtza gainean Arkotxa sutan jarri arte!
Ba al dago aukera zabalik zuzenean herriko jaietan jotzeko?
Egia esan, zaila da. Batez ere, instituzioek gehienbat produktora handiak kontratatzen dituztelako kontzertuak antolatzeko eta gu, talde txikia izanik, ez gara euren jokoan sartzen. Zirkuitu horretatik kanpo geratzen gara.
Gainera, produktora hauek, oro har, etekin ekonomikoa dute ardatz, eta ez taldeen ongizatea eta taldeen erritmoak errespetatzea. Beraz, azken honi erreparatuta, ez dugu gure burua enpresa hauen produktu moduan ikusten eta, oraingoz behintzat, gure kabuz lotzen ditugu kontzertuak: harreman pertsonalen bidez, emailak idatzita…
Taupaka Elkarteko kide zarete.
Eurekin koordinatzen ditugu bai kontratazioak, bai publizitate eta harremanak. Hala, hainbat kontzertu eskainiko ditugu datozen hilabeteetan. Zorionez, herri mugimendu nahiko indartsua dugu oraindik Euskal Herrian eta tartetxo txiki bat izaten jarraitzen dugu talde txikiok gaztetxe, espazio okupatu eta herrikoiak mantentzen diren jaien agendetan. Bide batez jendeari dei egiten diogu ez dezaten galdu Mr. Pongo Band zuzenean ikusteko aukera eta, ikusterik ez badute, euren herriko jaietan jotzeko gogotsu gaude!
Taldekide guztiak Galdakaokoak al zarete?
Ez, sei taldekideetatik hiru galdakoztarrak gara: Agirre (baxua), Pipo (tronpeta) eta ni (ahotsa eta teklak). Kimo Arkotxan bizi da (inda ghetto, jejeje), Bittor Arrigorriagan eta Arana Orduñatik dator (Far far West).

Durangoko Ahotsenean kontzertua / Aitzol Zamalloa
Azkenaldian, gero eta talde gehiago sortzen ari dira gure eskualdean.
Harrobia egon badago, noski. Musika talde asko daude Hego Uriben eta lanean gogor dihardugu: CDak argitaratzen eta kontzertuak eskaintzen. Baina, orokorrean, maila lokalean ibiltzen dira talde guztiak eta zailtasun handiz aurrera eginez, denbora eta diruaren presioa beti atzean dutela.
Musika munduan hasten zarenean, ondo pasatzea izaten da gakoa eta ez diozu arreta handirik jartzen kontzertuak bilatzeari edo alde ekonomikoari. Baina behin martxa hartuta eta abesti propioak garatzearekin batera, beti agertzen da zure lana gizartearekin elkarbanatzeko gogoa, zure musika eta ideiak partekatzeko grina. Horregatik hasten dira taldeak kontzertu bila, diskoa grabatzen… eta orduan errealitatearekin topo egiten duzu, trabak edonon: ekonomikoak lehendabizi, antolakuntzan ere arazoak, denbora gutxi eta ordutegi aldrebesak. Buruhauste asko, askotan, gehiegi; eta horregatik talde askok ez dute aurrerapausoa ematen eta euren lokaletara bueltatzen dira edo, zuzenean, desagertu egiten dira.
Eta Mr. Pongo Band ibilbidearen ze puntutan dago?
Guk aurrera jarraitzea erabaki genuen eta iaz diskoa plazaratu genuen, arazo ugariri aurre eginez, noski. Kasu honetan, gure gogoa ibilbideko gorabeheren trabak baino sendoagoa izan zen eta ez genuen atzera pausorik eman. Pozik gaude emaitzarekin eta nik uste dut horrek talde moduan indartu gaituela. Orain beste esfera batean sartu gara, kontzertuen munduan, alegia. Berriro ere, hamaika zailtasun eta oztopo dituen eremua.
Badirudi, musikariak garela musikaren munduko zerrendako azkenak, garrantzia gutxien dutenak. Industria honetan, hirugarren batzuen menpe daude musika talde txikiak, esate baterako, produktoren menpe, soinu enpresen menpe edota taberna eta kontzertu aretoen menpe. Denek egiten dute negozioa gure kontura, eta guk, musikariok, zer irabazten dugu honekin guztiarekin? Erantzun korapilatsua, ezta?
Hala esanda, gurutze-bidea ematen du musika talde bat izateak.
Hala ere, gu baikorrak gara. Arrigorriagan, adibidez, musika taldeek Soinuarri elkartea sortu zuten duela urte batzuk elkar saretzeko eta gure artean elkar laguntzeko. Galdakaon Inizitu Musika Elkartea ere sortu genuen helburu berberarekin -gaur egun, zoritxarrez, aktibo ez dagoen arren- eta Euskal Herri osoan Taupaka Elkartea dugu bide berean lanean, zailtasunak zailtasun.
Beraz, bada argia iluntasunean, bada itxaropentsu egoteko arrazoirik ere! Nik uste antolakuntzan datzala estrategia. Botere faktikoei kontrabotere bat eraikitzea beharrezkoa dugu, baita musika munduan ere. Aipatutako elkarteek antolakuntza autonomo eta kontrabotere hori bilatzen dute. Nahiz eta oraingoz elkarte txikia izan, pozgarria da horrelako jarduerak bizirik irautea, etekin ekonomikoa bilatzen duten enpresa pribatuen interesen gainetik! Erresistentzian bizi garela dirudi, baina guk diogun moduan: “Ni un paso atrás, fight the power!”.
☉ Galdakao
Dinamita fabrikarekin lotutako eraikinak eta Andra Mari eliza barrutik ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte Galdakaon
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan Galdakaoko bi espazio berezi horiek bisitatzeko aukera izango dute herritarrek urriko larunbat eta igandetan

Bizkaiko ondare arkitektonikoa ezagutzeko Europako Jardunaldiak antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar. Galdakaon, Dinamita fabrikarekin lotutako eraikin multzoa eta Andra Mari eliza barrutik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.
Jesus Muñiz historialari galdakoztarrak adierazi duenez, “Andra Mari eliza bitxi arkitektoniko bat da, XIII. eta XVI. mendeko estiloak batzen dituena, Euskal Herrian oso ohikoa ez dena”
Bestetik, Dinamita fabrikarekin lotutako etxebizitza eta ekipamendu multzoa nabarmendu du Muñizek, “ezohikoa delako eraikin gehienak mantendu izana; hori ez da sarritan gertatzen”. Kasu honetan, publikoarentzat normalean itxita egoten diren instalazioak bisitatu ahal izango dituzte herritarrek, hala nola, fabrikako sarrera edo bulegoak.
Edurne Espilla Kultura arloko zinegotziaren arabera, jardunaldien helburua da “eguneroko bizitzaren parte diren, baina sarritan beren historia ezagutzen ez dugun espazio horiek fokuan jartzea”. Horregatik, “ondarea ezagutu, babestu eta transmititzearen garrantzia” azpimarratu du Espillak, “iraganaren memoria gordetzeko ez ezik, gure ingurunearekiko lotura sendotzeko tresna gisa ere bai”.
“Zuhatzun, Arkotxan, Plazakoetxen eta Tximelarren fabrikako langileentzat eraiki ziren etxebizitzak, eskola, ekonomatoa, kapera eta eraikin desberdinak: jende asko aitite eta amamak bisitatzera joaten da Viktor Anaia kaleko erresidentzietara, baina eraikin horien atzean dagoen historia jakin gabe”, esan du Espillak.
Bisita gidatuetan parte hartu nahi duenak izena eman behar du 944 010 598 telefono zenbakian, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, edo mgarrido@galdakao.eus helbidera idatzita.
Egitaraua | Ondarearen Europako Jardunaldiak 2025
Urriak 4, larunbata
12:00-13:00 Andra Marira bisita gidatua. Euskaraz
Urriak 12, igandea
17:30-18:30 Andra Marira bisita gidatua. Euskaraz
Urriak 16, osteguna
18:30-20:00 Dinamitara bisita gidatua. Euskaraz
Urriak 18, larunbata
12:00-13:00 Andra Marira bisita gidatua. Euskaraz
Urriak 26, igandea
17:30etik 18:30era Andra Marira bisita gidatua. Euskaraz
☉ Galdakao
Galdakaoko EAJk uste du “larria eta kezkagarria” dela EH Bilduk segurtasun indarrei buruzko mozioa atzera bota izana
Iraileko osoko bilkuran Galdakaoko EAJk “elkarbizitzaren alde eta Ertzaintza eta Udaltzaingoen defentsan” mozioa aurkeztu zuen, baina udalbatzak atzera bota zuen

Ikasturte berriko lehen osoko bilkuran Galdakaoko EAJk mozioa aurkeztu zuen, “elkarbizitzaren alde eta Ertzaintza eta Udaltzaingoen defentsan”.
Udalbatzak atzera bota zuen mozioa, EAJren eta PSEren aldeko zortzi botoekin, EH Bilduren kontrako bederatzi botoekin eta UHren eta Auzoaken lau abstentzioekin.
Horren aurrean, Galdakaoko EAJk uste du “oso larria eta kezkagarria” dela EH Bilduk mozioaren aurka bozkatu izana: “Mozio honek erasoak gaitzestea, euskal polizien lana aitortzea eta bizikidetza demokratikoa berrestea baino ez zuen planteatzen”, adierazi dute jeltzaleek prentsa-ohar bidez.
“EAJ Galdakaok salatu nahi du EH Bildu berriro ere erretratatu egin dela, indar demokratiko guztien ahobatezko babesa jaso behar zuen adierazpen baten aurka agertuz. UH eta Auzoak taldeen abstentzioen konplizitatearekin, EH Bilduk bertan behera utzi du segurtasuna, errespetua eta bizikidetza bezalako oinarrizko balioak defendatzen zituen ekimena”, salatu dute jeltzaleek.
EH Bilduren arabera, “uda hasieran izan ziren gertakari batzuei etekin politikoa atera nahian aurkeztu du mozioa hainbat herritan EAJk, Galdakaon ez baita halako gertakaririk izan, ez udan zehar ezta Santa Kurtz jaietan ere”, adierazi zuten ezker koaliziotik osoko bilkura izan aurretik.
Eta Galdakaoko EH Bildutik adierazi zuten, “uda honetan gertatutako gertaera guztiak adierazpen askatasunaren eta espazio publikoaren errespetuaren muga onargarriak gainditu” dituztela: “Ez gatoz bat jarduteko modu horiekin, eta uste dugu modu egokian baztertu behar direla, bai axolagabekeria eta bai gehiegizko jardun interesatua saihestuz”, esan zuten.
Era berean, gertakari horien “instrumentalizazio politikoa” gaitzetsi zuen Galdakaoko EH Bilduk: “Logika bat inposatu nahi da, non indar polizialekiko edo horiek zuzentzen dituztenekiko ezinegon edo zalantza adierazpen oro eraso onartezintzat interpretatzen den automatikoki, eta hori printzipio demokratikoen aurkakoa da”.
“Polizia-kidegoen jarduera kritikatzea, haien funtzionamendu-eredua zalantzan jartzea edo abusu-gertakariak salatzea ez da bizikidetzaren aurkako erasoa. Bizikidetzaren aurka egiten duena kritikarako aukera ezabatzea da, erakundeak kritikaren aurrean blindatzea eta erakundeen gaitzespenaren balioa hutsaltzea”, adierazi zuten Galdakaoko EH Bildutik.
Halaber, polizia-eredua “sakon berrikusteko” hausnarketa eta herri prozesua abiatzeko eskatuko dio Galdakaoko EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, “gardentasuna, kontrol demokratikoa, proportzionaltasuna eta zerbitzu publikoa bermatzeko”.
Eta, erakundeekiko errespetuaren edo adierazpen-askatasunaren bidezko erabileraren mugak gainditzen dituen jarduera oro gaitzesten dituztela; izaera horretako gertaera puntualak “kritika politiko eta sozial legitimoa eta herritarren protesta kriminalizatzeko” erabiltzea erabat baztertzen dutela; eta, kritikarako eskubidea, “baita polizia-indarrekiko ere” berresten dutela adierazi zuten irailaren 25eko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Galdabusak neguko ordutegia martxan jarri du maiatzera bitartean
Aldaketa batez ere asteburuei begira izango da: zerbitzua larunbat eguerdian amaituko da eta igandetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik egongo

Urriaren sarrerarekin batera, Galdabusak neguko ordutegia jarri du martxan, maiatzaren 31ra bitartean. Egokitzapenak batez ere asteburuetan izango du eragina. Izan ere, aldaketen artean, zerbitzua herriko denda txikiak zabalik dauden ordutegira egokituko dute eta larunbat eguerdian amaituko da; udako ordutegian larunbat arratsaldeetan eta igandetan ere martxan izan da Galdabusa.
Lehenengo lineari dagokionez, Aperribaitik 14:20an abiatuko da azken zerbitzua larunbatetan, eta 14:40an udaletxetik. Eta, bigarren linean, 14:00etan abiatuko da larunbatetako azken autobusa udaletxetik eta 14:20an Elexaldetik.
Larunbat goizetan, aldiz, lehenago hasiko da zerbitzua eta bidaia bat gehiago egingo du autobusak: Zuhatzutik lehen autobusa 08:40an abiatuko da larunbatetan, eta Elexaldetik 09:00etan.
Igandetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik egongo, salbuespenak salbuespen. “Azaroaren 1ean, adibidez, Elexalderako zerbitzua egongo da, hilerrirako joan-etorriak erraztu eta autoaren erabilera gutxitzeko helburuz”, diote udal ordezkariek.
Astean zehar zerbitzuak izango duen aldaketa bakarra honakoa izango da: 08:10ean Zuhatzutik Elexaldera abiatzen den autobusa ez da Bekea eta Olabarritik pasako: “Goizeko ordu horietan trafiko handia izaten da N-634 errepidean eta asko zailtzen du ibilbidea garaiz egitea. Edozein kasutan, aurreko zerbitzua eta ondorengoa (eta gainontzeko guztiak) izango dituzte Bekea eta Olabarriko auzokideek”, diote.
☉ Galdakao
Programa | Elexaldeko jaiak 2025

Urriaren 3tik 5era bitartean Elexaldeko jaiak izango dira Galdakaon. Goiko Elizako Batzarra Kultur Elkarteak, Udalarekin elkarlanean, hamaika ekintza antolatu ditu.
Egitaraua | Elexaldeko jaiak 2025
Urriak 3, ostirala
19:20 Jaien hasiera, kanpai hotsekin
19:30 Hitzaldia Andra Mari elizan: ‘Galdakaotik Himalaiara ELArengatik’, Izaskun Elejaga eta Kepa Lizarraga
Urriak 4, larunbata
08:30 Ibilaldi kulturala Xabier Orue Etxebarriarekin Andra Mari elizatik abiatuta (Ganguren Mendi Taldearen laguntzarekin)
10:00 Artzain Txakurren Nazioarteko IX. Topaketa
11:00 Hamaiketakoa jai esparruan
12:00 Kalejira auzoan zehar, Ad Libitum txistu bandaren eskutik
13:00 Soka-dantza Andra Mari dantza taldearekin
13:30 Artzain txakurren topaketaren sari banaketa
13:40 Elexaldeko barazki, txakolin eta sagarrik onenen enkantea, Eguzkiren eskutik
15:00 Herri bazkaria. Bertsoak, kantua, argazki proiekzioa eta omenaldia izango dira
17:00 Umeen jaia, herri jolasak, buruhandiak eta animazioa
18:00 Musikaldia Andra Mari elizan
19:00 Erromeria jai esparruan
Urriak 5, igandea
13:00 Elexaldeko hildako guztien omenezko meza
13:45 Udal bandaren kontzertua
☉ Galdakao
Gurseko kontzentrazio-esparrua ezagutzeko irteera antolatuko du Galdakao Gogorak urrian

Gurseko kontzentrazio-esparrua ezagutzeko irteera antolatu du Galdakao Gogora elkarteak. Urriaren 4an, larunbatez, izango da: 09:00etan izango da irteera eta 19:00etan izango da itzulera.
“Euskal Herritik hur, Zuberoatik urrun barik, dago Gurs herria, Galdakaotik ordu bi eta erdira. Han, 1939an, kontzentrazio-esparru erraldoia eraiki zuten, gerratik ihesi zetozenak hartzeko. 6.500 euskaldun heldu ziren bertara, eta tartean zeuden sei galdakoztar”, dio Nagore Ferreira Zamalloa Galdakao Gogora elkarteko kideak.
Galdakao Gogorak batutako informazioaren arabera, Domingo Egileor Uribarrena, Ramon Gandarias Larrinaga, Francisco Larrinaga Zamalloa, Francisco Rodriguez Martin, Juan Ruiz Anton eta Miguel Zenarruzabeitia Aboitiz galdakoztarrak izan ziren Gursen. “Gehiago ere izango ziren, beharbada, baina ez dugu datu gehiagorik lortu. Ezer gutxi dakigu han bizitakoaz, eta ostekoaz ere”, dio Ferreirak.
Joan-etorria autobusez egingo dute, eta bertan Jabi Bilbao gaian aditua izango da gidari eta hizlari. “Iazko maiatzean, urtero antolatzen dugun memoria historikoaren inguruko jardunaldietan, hain zuzen ere, Bilbaok ‘Gurs kontzentrazio-esparrua’ berbaldia eskaini zuen”, gogorarazi du Ferreirak.
Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du 667 488 691 telefono zenbakira deituz edo galdakaogogora@gmail.com helbidera mezua bidaliz. Prezioa 10 eurokoa izango da.