Sareak

☉ Arrigorriaga

Nekea eta bide txarrak aitzakia izan gabe

|

basauri baskonia mendi taldea

Geuria Hego Uribe eskualdeko zazpi mendi taldeekin izan da euren historia, bizipenak, anekdotak eta 2015erako antolatu dituzten irteeren berri izateko

Euskal Herriko orografia menditsua­gatik bertako mendizaleen kopurua ez da makala. Eta, Hego Uribe es­kualdea ez da gutxiestekoa. Zaleta­sun nabaria dago eta horren adibide herri bakoitzean dauden mendi tal­deak dira: Baskonia (Basauri), Zuta­rri (Basauri), Ganguren (Galdakao), Padura (Arrigorriaga), Amezti (Etxe­barri), Ugao (Ugao) eta Txifumendi (Zaratamo).

Batzuek 100 urteak bete dituz­te dagoeneko; beste batzuk, aldiz, oso gazteak dira. Baskonia Mendi Taldea da guztien artean zaharrena: 1913ko martxoaren 14an izan zuen sorrera izen bereko Kirol Elkartearen barruan. Futbola, alpinismoa, igeri­keta eta atletismoa bezalako kirolak uztartzen zituen diziplina anitzeko proiektua jaio zen une horretan Ri­cardo Ibarrondo bilbotarraren esku­tik: Basconia. 1969. urtera arte men­di taldea Basconia Kirol Elkartearen barruko arloa izan zen eta hortik aurrera independenteki jarraitu du bere bidea. Alpinismoa futbola dira gaur egun zutunik mantentzen diren bakarrak, bakoitza bere lanean.

Galdakaon ere elkarte bat sortu zen XX. mendeko bigarren hamar­kadaren amaieran: Elexalde Kluba (1927). Basconiaren antzera, futbo­laren, alpinismoaren eta atletismoa­ren inguruan sortutako elkartea zen, baina 1936. urtean kluba bere oso­tasunean desagertu zen. Hurren­go ahalegina 1945eko urtarrilaren 6an etorri zen: Kepa Yurrebaso eta Jesus de Altuna Upo mendian zeu­dela C.D. Galdacano elkarteko men­di-atala sortzeaz aritu ziren. Victor Legorburu ere tartean zegoen eta prest agertu zen edozertan lagun­tzeko, baina honek ez zuen C.D. Gal­dacanorekin zerikusirik izan nahi. Horregatik, klub berri bat sortu zu­ten: Ganguren, Santa Marina men­dikateko gailur garaiena eta Galda­kaoko udal mugartekoa zelako.

BASKONIA MENDI TALDEA

Herria: Basauri

Sorrera: 1913

Bazkideak 1.300

basauri baskonia mt 2015

 

GANGUREN MENDIGOIZALE TALDEA

Herria: Galdakao

Sorrera: 1945

Bazkideak: 3.000

galdakao ganguren mt

1949. urtean Arrigorriagako hiru herritarrek gaur egun ezagunagoa izan daitekeen sortze-agiria sinatu zuten eta horrela Padura Mendi Tal­dea sortu zen. “Mendiko kirolaren noblezia goraipatzeko” konpromi­soa hartu zuten Intxorta mendian Juan Ramon Gonzalez Sojo, Rodrigo Villamor eta Jeronimo Perez herri­tarrek. Gonzalez Sojo, “Ramontxa”, Mendi Taldeko lehen bazkidea eta aurreneko zuzendaria izan zen. 1951an garaiko Gobernu Zibilak baimena eman zuen eta ofizialki eratu zen Kluba, Mendizaletasuna­ren Praktika eta Sustapen Elkarte bezala.

Zaratamon 1989. urtean eratu zen Txifumendi Taldea, Timi Cue, Alvaro Alvarez, Abel Gordo eta Jon Idigoras tartean zeudela, baita Al­berto Ugarriza eta Iñaki Sautua ere. Zaratamon zegoen mendizaletasun handiak piztu zuen taldea sortzeko grina, herritarren eta hainbat eragi­leren esfprtzuari esker. 90eko ha­markadaren hasieran, Ugaon mendi talderen bat eratzeko mugimendua sortu zen herriko gazteen artean. 1992. urtean kultur etxean eginda­ko batzarrean taldea legeztatzeko beharrezko tramiteak burutu, eta Ugao Mendi Taldea eratu zen, 100 bazkide fundatzaile baino gehiago­rekin.

PADURA MENDI TALDEA

Herria: Arrigorriaga

Sorrera: 1949

Bazkideak: 400

 

TXIFUMENDI MENDI TALDEA

Herria: Zaratamo

Sorrera: 1989

Bazkideak: 154

 

UGAO MENDI TALDEA

Herria: Ugao

Sorrera: 1992

Bazkideak: 300

 

1994. urtean Basaurin beste talde bat sortu zen: Zutarri Natur Ki­rolen Taldea. Izen bereko tabernan izan zuen sorrera. Talde bat osatze­ko beharrezkoa zen gutxienez bost pertsonek izenak ematea eta, kopu­ru hori bazutenez, Zutarri NKT sortu zuten. Hasiera batean espeleologia taldea zen, baina urteak aurrera egin ahala, mendizaletasunera egin zuten jauzi, baita eskaladara eta ba­rrankismora ere.

Hego Uribeko talderik gaztee­na Etxebarriko Amezti Mendi Taldea da. 2002ko otsailaren 11n eratu zen honako helburuekin: mendi ibilbi­deak egitea, ingurumena eta Etxe­barriko parkeak indarberritzea, eta kultura eta esku-pilota profesionala goraipatzea. Irabazi asmorik gabeko erakundea da. Taldea erretiratutako jendeak osatzen du eta aisialdiko ir­teerak egiten dituzte gehienbat.

ZUTARRI NATUR KIROLEN TALDEA

Herria: Basauri

Sorrera: 1994

Bazkideak: 50

 

AMEZTI MENDI TALDEA

Herria: Etxebarri

Sorrera: 2002

Bazkideak: 196

 

MENDI-GUTUNONTZIEN KOKAPENAK

Mendi taldea eratu eta lehenengo zereginetako bat inguruko mendi tontorretan buzoiak jartzea da. Hori ondo dakite Baskoniakoek, gaur egun arte 130 bat gutunontzi ipini baitituzte. “Oro har, ehun urte be­teak dituzten mendietan kokatzen dugu buzoia, baina mendeurrena bete ez duten beste batzuetan ere jarri izan ditugu, berezitasun jakin batzuk dituzten mendietan: des­nibelarekin, ikuspegiekin edota historiarekin lotura duten ezauga­rriak”, dio Joserra Alonso Baskonia­ko irteeren arduradunak. Urte Berri eguna data garrantzitsua da taldeko kideentzako: “Urteko aurreneko ir­teera egiten dugu. Festa bat da gu­retzat. Izan ere, buzoia jarri eta gero Errege Roskoa jaten dugu elkarre­kin”, dio Alonsok. Lehen gutunon­tzia Malmasinen jarri zuten Basko­niakoek 1931n.

Gainontzeko mendi taldeetan ez dago buzoiak jartzearen ohitu­rarik. Gangureni dagokionez, bere­zitasun bezala, buzoiak Arturo Ma­zak eta Felix Sierrak egiten zituzten, edo bestela lantegiren batek edota beharrezko tresnak eskura zituen edonork. Lehenengo postontzia 1946an ipini zuten Gangurengo Santa Marina mendian, nahiz eta denbora gutxira norbaitek kendu zuen. Handik hilabete batzuetara, 1947ko martxoaren 19an, berriro ipini zuten buzoia.

Paduraren hastapenetan hain­bat buzoi kokatu zituzten Arrigo­rriaga inguruetako tontorretan zein urrunagokoetan. Horien adibide dira, besteak beste, Upo, Artanda, Arrugaeta, Bedarbide, Oketa, Ubi­xeta eta Peña Lusa, “hamazortzi bu­zoietara heldu arte”, dio Jose Nieto kideak. Txifumendiri dagokionez, 2010ean eurek egindako mendi-gutunontzia kokatu zuten Castillo d’Acher delako tontorrean, Huesca­ko Pirinioetan.

Ugao Mendi Taldearen lehenen­go irteera Biderdira (Ganekotxiki) izan zen 1993an eta bertan poston­tzia jarri zuten. Vicente Aranguren bazkide eta artistak egin zuen eta Hiru Tutuko Iturriaren kopia da. Urte bereko herriko jaietan, beste mu­garri bat ipini zuten Larreta kotan, Artanda menditik hurbil. Mendizale ugari bildu ziren bertan, jai giroan, baita Zeberioko, Arrigorriagako eta Ugaoko alkateak ere: bakoitza bere lurraldetik irten gabe agurtu zuten elkar.

 

ROKODROMOA SEDE BARRUAN

Ganguren Mendi Taldeko sedea berezia da. Izan ere, lokalaren barrualdean rokodromoa dute: “Lokala egin zenean rokodromoa zeukan lokal bakarra zen“, dio Miren Hernando zuzendariak. 1982ko uztailaren 7an rokoromoa egiten amaitu zuten: “Rokoromoa amaitu ahala, lokal honen inaugurazioa egin zen“. Rokodromoa Ganguren MTk jarri nahi izan zuen apustuetako bat da, medizaleentzako zerbitzu baten moduan. “Horretarako gure lokal sozialean leku bat prestatu genuen, eskalatzaileak, adin goiztiarratik, eskalada ikasteko eta praktikatzeko“.

 

HIRU URTE LEHENAGO ATERPEA ERAIKITZEN

Baskoniari dagokionez, aterpe­txea eraikitzearen ideia 1954ko urtarrilaren 10ean piztu zen, baz­kideen lehenengo biltzarrean. Hainbat saiakera egin zituzten au­rreneko aterpetxea lortzeko. Lehe­nengo Arraban eta gero Egiriñaon, baina ideiak airean geratu ziren. 1961eko apirilaren 9an, Baskonia­ko mendizale talde batek Okendoko tontorrerako bidea hartu zuen eta tartean Iondokortako urtegia eraiki bitarteko barrakoia aurkitu zuten. Aterpea bertan egitea pentsatu zu­ten eta buru-batzarrean aurkeztu zuten ideia. Ezin izan zuten lurzorua erosi, baina 1964an errentan hartu zuten. Irailaren 13an boluntario tal­de batek eraikuntza obretan parte hartu zuen eta apirilerako ia buka­tuta zegoenean, haize-bolada batek teilatua jaso zuen. Berregin ondo­ren, 1967ko maiatzaren 28an inau­guratu zuten. “Oso garrantzitsua zen aterpearen ideia garaiko bazki­deentzako. Helburu nagusienetakoa zen eta lan handia egin ondoren, azkenean eraiki zuten. Hiru urteko lana izan zen, oso gogorra. Asteburu guztietan, baita oporretan ere, lan egin zuten”, adierazi du Norbertok.

Mendizaleek ahalegin handia egin behar izaten zuten mendiko jardueretan aritu ahal izateko: goi­zean goiz jaiki, trena hartu, ordutako ibilbidea egin eta berriro geltokira etxerako trena hartzeko, iluntzean. Gauzak horrela, mendian babesleku bat eta Gorbeia inguruko mendieta­ra igotzeko abiagune hurbila eduki­tzea pentsatu zuten Ganguren tal­deko mendizaleek. “Aterpea egiteko erabakia 1949. urtearen hasierako batzar nagusian hartu bazen ere, proiektuaren gauzatzea 1950eko udaberrira arte luzatu zen. Aramotz eta Arraba landen artean zegoen erabakia, baina azkenean bigarren kokalekua hautatu zuten”, dio Mi­ren Hernando zuzendariak. Ater­pea egiteko, lehenengo eta behin, eraikitzeko baimena eskatu zioten lurren jabeari, Zeanuriko Udala­ri, eta honek 1950eko maiatzaren 14an eman zuen baimena. Klubak Udalari urtero 100 pezeta ordain­du behar izan zion errenta modura. 1952an obra buruturik zeukaten, baina inaugurazio ofiziala 1953ko maiatzean egin zuten. “Orain dela sei bat urte berritu egin dugu ater­petxe osoa. Bazkideek ia astebururo eta udan alokatzen dute”.

 

BAZKIDEAK, KLUBEN NORTASUNA

Mendizaletasuna oparoa da Hego Uriben eta urtea joan urtea etorri, lagun askok ematen dute izena tal­deren batean, bazkide izateko. Fe­deratuta edo federatu gabe eman liteke izena, bakoitzaren beharren arabera. Federatuek asegurua dute: zerbait gertatzen bada, sorospen- edo erreskate-estaldura izango dute, bakoitzak kontratatu duena­ren araberakoa. Estatuko, Pi­rinioko (Maroko, Frantsez Piri­nioa eta Portugal) eta Munduko estaldura kontrata daiteke. Hori dena mendi garaietan, 7.000 metrotik behera.

1300 kide inguru daude Baskonia Mendi Taldearen ba­rruan, baina horietatik 400 daude federatuta: “Federatuek, asegurua izateaz gain, abantai­la mordoa dituzte, beherape­nak aterpetxeetan eta Fuente Dé (Kantabria) teleferikoan, adibidez; martxetara joateko aukera eta Euskal Mendizale Federazioak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea ere bai”, dio Joserrak. Baskoniako bazkiderik nagusiena Domeka Elez­kano da eta 92 urte ditu. “Oraindik ere ilusio handiz doa mendira”, dio Norbertok. Gazteenak, ordea, bi egun izan ditzakeela aitortu dute: “Loli eta Angel bazkideek euren bi­loba bikiak bazkide egin zituzten jaio eta egunetara”.

Eskualdean Ganguren Mendi Taldeak ditu bazkide gehien. Gaur egun, 3000 bazkide daude: “Hel­duenak 96 urte izango ditu eta gazteenak, hilabete gutxi batzuk baino ez. Ohitura dago Galdakaon, seme-alabak edo bilobak izatean automatikoki bazkide egitea”, dio Hernandok.

Padurak 400 bat bazkide ditu. “Azken aldian, bazkide berri asko iri­tsi zaigu, bai Arrigorriagakoak, baita kanpokoak ere”, dio Jose Nietok. Bi­txikeria gisa, Madrilgo bazkide bat dute Klubean, besteak beste: “Gure seriotasunagatik, helburuengatik eta giro apartagatik ematen duten izena Paduran”. Bazkiderik heldue­nek 85 eta 69 urte dituzte (gizona eta emakumea, hurrenez hurren), eta gazteenek, hiru urte.

Txifumendin 154 bazkide dira eta horietatik helduena Mikela Za­rraga da, 76 urterekin. “Gazteenek 7 eta 9 urte dituzte: Alain eta Lo­rea Moreno”, dio Susana Laguardia kideak. Zutarri taldean gaur egun 50 kide dira: “Gehienak federatuak gara. Bazkiderik zaharrena 62 urte­koa da eta gazteena, 23koa. Gure taldean ez ditugu adin gutxikoak onartzen, egiten ditugun jardueren­gatik”, dio Juan Luis Maturana Zu­tarriko kideak: “Klubaren helburua hasiberriarentzako aukerak propo­satzea da”.

Ameztik, bere aldetik ,196 bazki­de ditu, guztiak 55 urtetik gorakoak: “144 Etxebarrikoak eta 52 Basau­ri eta Zeanuri artekoak. Gaur egun emakume gehiago daude (%60) gizonak baino (%40)”, dio Andoni Larrabe kideak. Berezitasun bezala, Amezti taldea ez da klub federatua, “erakunde librea gara, baina, noski, badugu gure aseguru konpainia ez­beharren bat gertatuz gero”.

 

ERA ASKOTAKO IRTEERAK

Baskoniak xendazaletasunezko, mendi ertaineko eta mendi garaie­ko irteerak prestatzen ditu. “Dene­tarik dago, bakoitzaren gustuetara moldatua. Euskal Herri mailan zein mundu mailan antolatzen ditugu ir­teerak”, dio Joserrak. Taldearen ize­nean bidaiarik luzeena M’Goumera (Maroko) egin zuten hegazkinez eta Bulgariara autobusez. Iaz, adibidez, ‘Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea’ bukatu zuten: guztira hamar etapa dituen ibilbide historikoa da, 166 kilometrotakoa.

Gangurenek astero antolatzen du irteeraren bat:Ez bada goi men­dia, egun osoko edo egun erdiko irteerak egiten ditugu. Neguan, es­kiatzera joaten gara. Kulturari da­gokionez, Mendi Astea antolatzen dugu eta herri mailan beste elkarte batzuekin parte hartzen dugu ekin­tzak prestatzen”, dio Miren Her­nandok. Eslovenian, Alpeetan eta Pirinioetan ere izan dira Gangure­nengoak.

Paduran 70. hamarkadara arte inguruetako mendietara egiten zu­ten txangoa. Hortik aurrera, bidaia luzeagoak egiten hasi ziren: “Adi­bidez, 1975ean Picos de Europa­ra egin zuten bidaia 90 bat bazki­dek. Gero, Pirinioetara jotzen zen, gehienbat. Baina 80. hamarkadan gainbeheran joan ziren halako txan­goak, jendeak nahiago baitzuen tal­de txikietan joan kotxez”, dio Nie­tok.

Zaratamoko Txifumendiren mugarriak Pirinioetako Taillon eta Astazu dira, “nahiz eta hainbat bazkide, maila pertsonalean, Ame­rikako, Asiako eta Afrikako tonto­rretara iritsi diren”, dio Laguardiak. Ugao Mendi Taldearen arabera, eu­ren helburua mendia eta xendaza­letasunarekin zerikusia duen guztia ezagutarazi eta sustatzea da. Xen­dazaletasunaren bidez, geografian, geologian, landaretzan, kulturan, folklorean edota gastronomian sa­kontzeko aukera ematen dute, baita herriak, ermitak, bazter naturalak, labarrak, pasabideak edota ur-jau­ziak ikustekoa ere.

Zutarri Kirol Taldean ere dene­tarik antolatzen dute: “xendazale­tasunetik, eskaladara, barrankis­mora edo eskira egiten dugu salto, oinarrizkoenetik kirol arriskutsue­netara”, dio Maturanak. Era berean, Pirinioetara irteera dezente egiten dituztela aitortu du: “Lehen Alpee­tara joaten ginen hamabost egun pasatzera, baina gaur egun ez dugu egun luzeetako irteerarik egiten”.

Ameztin xendazaletasun ibil­bideak egiten dituzte gehienbat, baina baita aisialdi bidaiak, bazka­riak, esku pilota partidak eta ingu­rumenaren inguruko jarduerak ere: “Etxebarriko hainbat parke birsortu dugu”, dio Larrabek. Pirinioak, Aralar edo Urbasa bezalako mendikateak ezagutu dituzte mendizaletasunari esker. Italia eta Frantzia ere bisitatu dituzte. “Aurten Maruritik Armintza­raino egingo dugu ibilbidea eta gero bertan geratuko gara bazkaltzen. Bi­sita kulturalean Toledo eta Aranjuez ezagutuko ditugu eta mendiari da­gokionez, Baigorrira joango gara”.

Zazpi mendi talde hauek natura­rekin dituzte esperientziarik onenak eta txarrenak era berean. Hala ere, abesti ezagunak dioen moduan: “Ez nekeak, ezta bide txarrak; gora, gora, neska-mutilak”.

 

__________________

MENDIZALETASUNA EUSKAL HERRIAN

XX. mende hasieran Euskal Herrian mendizale ugari zegoen eta hainbat kirol elkartek mendi-atalak sorturik zituzten ordurako, baita, zenbait kasutan, mendizale elkarte independienteak ere. Lehenengo hamarkada haietan hasi ziren antolatzen 15 eta 100 gailurretako lehiaketak, eta horixe izan zen mendizaletasuna ulertzeko modu ezberdinen elkargunea. Baina ez zen nahikoa elkarren arteko jarduerak antolatzea, elkarte guztien ahaleginak bideratuko zituen erakunde baten beharra zegoen eta. Hori dela eta, 1924ko maiatzaren 18an Federación Vasco-Navarra de Alpinismo izeneko erakundea eratu zen Gipuzkoako Elgeta herrian mendizaleen arteko jarduerak antolatzeko asmoarekin.

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Euriak ez ditu Arrigorriagako herri-inauteriak geldiarazi

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute

|

Plaza, jendez lepo // Geuria

Gaur goizean inauteriak girotzen hasi dira eta arrastirako bero-bero egon da giroa herrigunean. Elkarretaratzearen ostean (eta iragarritakoa baino zertxobait lehenago), kalejira hasi dute Odolemaileen plazatik. Bertatik Urgoiti pasealekura igaro dira eta artez artez udaletxeko plazara heldu dira.

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute. Bertan izan gara!

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako udal ordezkariak Lanbarketako auzotarrekin elkartu dira irisgarritasun arazoak hobetzeko

“Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”, azaldu dute Udaletik

|

Lanbarketa auzoa // Gmaps

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta David Cidre Auzoetako eta Hirigintzako zinegotzia Lanbarketako bizilagunekin elkartu dira Arrigorriagako auzoko irisgarritasun arazoei irtenbidea bilatzeko eta bertako aparkalekua hobetzeko. Topaketa hau Udalak auzoen bizi-kalitatea hobetzeko duen estrategiaren parte da

“Lanbarketako auzotarren bertaratze handia egon zen; guztion artean auzoak irisgarritasunari eta aparkalekuari dagokionez eskaintzen dituen aukerak eztabaidatu eta zirriborratu genituen”, azaldu du Cidrek.

Auzotarrekin izandako bileraren ondoren, Udalak konpromiso zehatza hartu du: “Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Greba egun berria deitu dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek otsailaren 18an, egungo lan baldintzak salatzeko

Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko

|

Langileak, Arrigorriagako udaletxe ondoan // Geuria

Domus VI Taldeak kudeatzen duen Arandia adinekoen egoitzako langileek greba egun berri bat egin zuten atzo, otsailaren 12an, ELA sindikatuak deituta.

Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko eta gogorarazi zuten “profesionaltasunez, arduraz eta konpromisoz” lan egiten dihardutela, gaur egun dituzten lan-baldintzak kontuan izanik. Aldarrikapenak egin ostean mobilizazioa egin dute herrian zehar.

Azken greba egunak, hiru hain zuzen ere, iazko abenduan egin zituzten. “Errebindikazioa argia eta legitimoa da: zaintzen dituztenak zaindu behar dira, lan-osasuna ezin baita alde batera utzi”, azaldu dute ELAtik. Langileen arabera, “enpresak ez ditu inolako konponbiderik eskaini langileen etengabeko salaketa eta ohartarazpenen aurrean”, eta otsailaren 18an greba egingo dutela iragarri dute.

ELAko bozeramaileen arabera, egoitzako langileek hainbat arazo bizi dituzte gaur egun. Horietako bat iazko otsailaren 3an martxan ipini zuten arrisku psikosozialen ebaluazioa da: “Lehen fasearen emaitzek lanaren ondoriozko gehiegizko lan-kargak eta osasun-arazoak antzeman ondoren, prozesua hilabetez luzatu zen, neurri zuzentzailerik hartu gabe”, azaldu dute sindikatuko bozeramaileek.

Adineko herritarrak, Arrigorriagan // Geuria

2025. urtearen amaieran, enpresak bukatutzat eman zuen ebaluazioa, eta 2026ko urtarrilaren erdialdean ebazpena eskuragarri egongo zela iragarri zuen. “Gaur egun, 2026ko urtarrilaren 28an, plantillak ebazpen hori jaso gabe jarraitzen du, beraz, lan-kargak zuzendu gabe eta prebentzio-neurririk aplikatu gabe jarraitzen dute”.

Beste arazo bat langileen nominak dira ELAren arabera. “Joan den urtarrilaren 1eko eta iazko abenduaren 25eko jaiegun bereziak gaizki ordainduta edo zuzenean ordaindu gabe agertzen dira. Jaiegun arruntak ez ditugu kobratzen, bi nominaren sistemak nahasmena, segurtasunik eza eta gardentasunik eza eragiten ditu, horietako bat hurrengo hilean ordaintzen baita, nahiz eta aurreko hilabeteari dagokion.

Hori dela eta, emakume langileek itxaron egin behar dute akatsak detektatu eta erreklamatu ahal izateko. Lan taldeak nomina argiak, ulergarriak eta irakurgarriak eskatzen ditu, kobratutakoa behar bezala egiaztatu ahal izateko”.

Sindikatuaren arabera, langileek ez dute enpresarekin gatazkarik izan nahi: “Baldintza duin, seguru eta osasungarrietan lan egitea ahalbidetuko duten neurri zehatzak nahi dituzte”, argitu dute.

Sinadura bilketa, martxan

Egoerari konponbide bat emateko ahaleginetan, langileek sinadura bilketa bat hasi dute eskaera birekin: alde batetik, erizaintzako arreta eguneko 24 orduetan eskatzen dute. 24 orduetan kontratazioa hobetzea, gerokultore-, gaueko zeladore- eta garbiketa-ekipoen zuzkidura nahikoa, egonkorra eta iraunkorra bermatuz, gainkarga eta lan-karga murrizteko, lan-baldintzak hobetzeko eta egoiliarrei arreta duina eta kalitatezkoa bermatzeko.

Bestalde, jaiegunen ordainketa zuzena eskatzen dute ere, bai egun bereziak, bai ordinarioak. “Nominak argi eta garbi ulertu behar dira, kobratutako dirua modu gardenean egiaztatu ahal izateko”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Sukaldaritza osasungarria egiteko tailerra antolatu dute Arrigorriagako Abusu auzoan

|

Menu bat // Geuria

Sukaldaritza osasungarria eta errezeta bereziak egiteko tailerra antolatu dute Abusu auzoan 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta, martxoaren 3an, 10ean, 17an eta 24an.

Arrigorriagako Osasun Forotik jaio den tailerra da honako hau eta errezeta errazak eta orekatuak prestatzeko gakoak eskainiko ditu, elikadurak osasunean duen zuzeneko eragina oinarri hartuta.

Tailerra Abusuko Zentro Soziokulturalean antolatu dute 15:30etik 17:30ra. Prezioa 10 eurokoa da (hobariak daude) eta 12koa herrian erroldatuta ez daudenentzat. Ordainketa kreditu txartelarekin egin behar da. “Prezioak ez ditu errezetak egiteko behar diren osagaiak barne hartzen”, zehaztu dute Udaletik.

Edukiera mugatua izango da. Izen emateak egiteko eta informazio gehiago jasotzeko idatzi abusu@arrigorriaga.eus helbide elektronikora.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

David Cidre: «Arrigorriagan lurpeko aparkalekua eraikiko bagenu Bilboko Zabalgunean izaten ari diren bezalako lanak izango genituzke herrian»

David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du GEURIAk EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertzeko proposamenaren haritik

|

Arrigorriagako udaletxea eta aurrean, plaza // Geuria

Arrigorriagako EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertu dezan eskatu dio Udal Gobernuari.

Jeltzaleen arabera, Arrigorriagako herrigunean aparkalekurik ez egotea “eguneroko mugikortasunerako sarbideari eragiten dion egiturazko arazoa” da. Horren haritik, eta EAJko ordezkarien arabera, “hainbat proposamen” egin dizkiote udal gobernuari aparkalekuak eremu jakin batean eraikitzeko eta “gobernu taldearen erantzunik eta onarpenik ez dutela izan” adierazi dute.

Horren haritik, GEURIAk David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du: “Udalerri askotan bezalaxe, Arrigorriagan autoa aparkatzea zaila da”, aitortu du Cidrek. “Auto asko daude udalerrian eta leku gutxi daude. Hala ere, esan beharrekoa da egoera ez dela larria ere”.

“Bere garaian txandakako aparkaleku bat sortzeko proposamena egin zuen EAJk”, azaldu du Cidrek. “Txandakako aparkaleku horiek batez ere kanpotik datozen pertsonei zuzenduta daude. Udalerrian autoa ordu pare batez uzteko aukera ematen dute baina gero bertatik kendu behar da ibilgailua”.

Udalak, txandakako aparkaleku hura eraikitzeko proposamena aztertu ostean atzera bota zuen: “Gaur egun Arrigorriagan aparkatzea zaila bada, era horretako aparkaleku bat ipiniko bagenu lekua kenduko genieke arrigorriagarrei”.

Gaur egun hiru txandakako aparkaleku daude Galdakaon (anbulatorioa, udaletxean eta Lapurdi kalean), bakarra Basaurin (anbulatorioaren ondoan) eta Ugaon (Gernikako plazaren inguruetan).

Lapurdi kaleko aparkalekua, Galdakaon // Geuria

Eta lur azpian?

Joan den otsailaren 9an aurkeztutako mozioari dagokionez, alderdi jeltzaleko bozeramaileen arabera, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan hasiko dituzten obrekin bat etorriko lirateke eraiki gura duten lur azpiko aparkalekuaren balizko sorrera: “Aurkeztutako proposamenak ez du behartzen inolako obrarik egitera, baizik eta soilik datuekin eta zorroztasunarekin aztertzera ea jarduera hori positiboa eta bideragarria izango litzatekeen udalerriarentzat”.

Oposizioko ordezkariek azpimarratu dute aukera hori “seriotasunez aztertzeko unea” dela: “Bestela, posible da Arrigorriagak aukera paregabea galtzea hamarkadetan”.

Oposizioak aurkeztutako mozioa aztertu beharko du udal gobernuak, baina hala ere, David Cidre zinegotziak azaldu du, bulego teknikoarekin berba egin ostean, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan egin beharreko obra horiek eta EAJtik proposatu duten lur azpiko aparkalekuaren obren egitasmoa ez direla bateragarriak: “Etxebizitza batzuk eraiki gura dituzte eraikin horietan baina oraindik ez dago datarik ezta informazio zehatzik”.

David Cidre: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”

Udaletxe aurreko plazaren azpian aparkaleku bat jarri beharko balitz, egin beharreko lanak “erraldoiak” izango liratekela azaldu dio David Cidrek GEURIAri: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”.

Bada, egin beharreko obra Bilboko Zabalguneko plazan egiten ari diren lanekin alderatu du Cidrek: “Antzekoa litzateke. Egun osoan zehar zarata egingo lukeen makina zulatzaile erraldoi bat jarri beharko litzateke bertan”.

Gaur egun auto gutxi batzuentzako aparkalekuak daude udaletxeko azpiko garajean. Bertan udaltzaingoaren eta udal brigadako langileen ibilgailuak gordetzen dituzte. Guztira dozena erdi autorentzako lekua dagoela zehaztu du Auzoak eta Hirigintza zinegotziak. “Plaza azpian aparkaleku bat eraikitzeko une aproposena udaletxe berria egin zutenean izan zen, gaur egungo garajea handitzeko lan handiak egin beharko liratekeelako”.

Irisgarritasun plana, abian

Bestetik, aparkalekuaren arazoari irtenbidea emateko, Arrigorriagako Udala Irisgarritasun Plana garatzen ari da aspaldi, eta hurrengo hilabeteetan aurkezteko asmoa dutela aurreratu du Cidrek.

Plan horrek Arrigorriagako irisgarritasunaren gaur egungo “argazkia” eskainiko luke, besteak beste, ibilgailuak aparkatzeko arazoari aurre egin ahal izateko.

Autoak, Ollargan auzoan, berrurbanizazio lanak egin baino lehen // Geuria

Aparkalekuak Abusun

Arrigorriagako Udalak Ollargan auzoan egindako berrurbanizazio lanek aparkalekuekin zegoen arazoa arindu arren, ez du Abusuko egoera guztiz konpondu. Izan ere, Bilboko Udalak TAO sistema ezarri zuenetik, La Peña auzoko gidari askok Arrigorriagako Abusu auzoan aparkatzen dituzte beren ibilgailuak, aparkatzeagatik ez ordaintzeko. Ondorioz, auzotarrek dohako aparkaleku gutxiago dituzte autoak aparkatzeko.

Osorik irakurri