Sareak

☉ Ugao

Aritz Irazabal: “Pribilegioa da pentatloia baserriko ortuan prestatzea”

Aritz Irazabal (Ugao, 1990) Bizkaiko II. Pentatloiko irabazlea dugu. Ugaotarra otsailean hasi zen entrenamenduak txapelketa honetara bideratzen eta denborak eta ardurak bere alde egin dute txapela eskuratu ahal izateko.

|

Irazabal, aita eta lehengusuagaz // Geuria

Aritz Irazabal (Ugao, 1990) Bizkaiko II. Pentatloiko irabazlea dugu. Ugaotarra otsailean hasi zen entrenamenduak txapelketa honetara bideratzen eta denborak eta ardurak bere alde egin dute txapela eskuratu ahal izateko. Konstantziari eta Ugaoko baserri aurrean duen ortuan prestatu duen ‘kiroldegi’ bereziari esker, senideek lagunduta betiere, Aritzek irabazi berri duen pentatloiko probak astean birritan erreproduzitu ahal izan ditu. Aizkoran 17 urtegaz hasi bazen ere, 2021era arte ez zuen sekula 100 edo 400 kiloko harririk altxatu, eta gorputza indar eta erresistentzia berrietara doitzen ari bada ere, garapen ona izaten ari dela aitortu du ugaotar gazteak.

Urriaren 30ean Bizkaiko II Pentatloia irabazi zenuen Algortan. Nolako esperientzia izan zen zuretzat? Otsailetik entrenatzen ibili nintzen Bizkaiko Pentatloi Txapelketarako. Guztiz ziur egon ez arren, Algortako txapelketan banekien txapela irabazteko aukera izango nuela, egia esateko. Ugaon entrenamendu saio ugari egin genituen eta etxeko lanak eginda heldu ginen Algortara.

Nolako aurkariak izan zenituen txapelketan? Aldez aurretik ezagutzen nituen. Beñat Amade bigarren postuan geratu zen (27’ 44”), eta beragaz Euskal Herriko Binakako Pentatloi Finalean parte hartu nuen. Ousmane Drame ere bazegoen Algortan eta hirugarren postua eskuratu zuen (31’ 38”). Ousmanegaz pare bat erakusketa egin ditut. Laugarren postua Daniel Españarentzat izan zen. Aurten lau kirolari bakarrik izan ginen bertan eta bi lesionatuta geratu ziren kanpoan: Unai Ardeo eta Mikel Agirre. Elkar ezagutzen genuenez, bagenekien bakoitzak zer eta nola egingo zuen, gutxi gorabehera.

Nolako txapelketa izan zen? Zer nolako probak egin zenituen egun hartan? Izenak dioen bezala, bost frogek osatzen dute pentatloia: lehena 100 kiloko bola altxatzean datza eta Bizkaiko Txapelketan 15 altxaldi egin behar dira. Bukatutakoan giza probara igarotzen gara eta bertan 400 kiloko harri bat altxatu eta bi plaza egin behar dira, plaza bakoitzak 22 metroko luzera izanik. Giza proba amaitu ostean aizkoraren txanda da eta 45 ontzako eta 1,05 metroko perimetroa duten lau enbor moztu behar dira. Gero, bi txingekin 22 metroko lau plaza egin behar dira, txinga bakoitza 50 kilokoa izanik. Azkenik, 1,5 kilometro egin behar dira korrikan: hots, Algortako Bihotz Alai plazari 17 buelta emanda betetzen da distantzia hori.

2013an Bizkaiko txapeldunordea izan zinen, eta oraingo honetan Bizkaiko II. pentatloiko txapelduna. Nolakoa izan da aintzatespen hau lortu ahal izateko egin behar izan duzun bidea? Pentatloia berri samarra da niretzat. Pentatloi Txapelketak bost urte daramatzan arren, azken bost edizioak baino lehen, 90ko hamarkadan egin zen azken saioa, Euskal Herri mailan. Duela bost urte, hainbat pertsona bildu eta txapelketa berreskuratzea erabaki zuten. Hasiera batean Euskal Herri mailan parte hartzeko prestatzen hasi nintzen. Lehenengo bikoteko proban lehiatzeko prestatzen hasi nintzen eta geroxeago, banaka. 2013ko Euskal Herriko banakako txapelketan kanporaketa bi eta finala antolatu zituzten eta kanporaketa horietan finalerako txartela eskuratu eta finalean aritzeko aukera izan nuen.

Nolakoak izan dira zure hastapenak kirol honetan? 17 urtegaz hasi nintzen aizkoran eta pentatloia berri samarra da niretzat. Nahiko ondo daramat, baina aitortu behar dut nire gorputza ez dagoela guztiz egokitua modalitate honetara: 100 kiloko harria altxatzeko gorputzak indar eta erresistentzia izugarria behar du eta agian hor makalago nabil. Hala ere, apurka-apurka banoa aurrera: aurten ez nuen Euskal Herriko finalera iristerik espero eta igaro naiz.

Eta non sentitzen zara erosoen? Aizkoran eta korrikan, agian. Aizkora hirugarren proba dugu eta korrika egitearena, azkena. Baina egia esateko proba errazagoak dira niretzat, proben arteko iragate horiek, hasieran bereziki, gorputzarentzat gogorregiak izan arren.

Aizkoran 17 urtegaz hasi zinela esan duzu. Nola gogoratzen dituzu urte horiek enborrak zatitzen? Ugaoko futbol taldean 6 urte eman nituen eta gero Basauriko Artunduagan atletismoa landu nuen. Egun batean aitari esan nion aizkolaria izan nahi nuela. Aitak institutuan ikasitako lagun bat zeukan: Kepa Atutxa, Aitzol Atutxaren aita. Aitak eta Kepak elkar ezagutzen zutenez, egun batean Lemoara eraman ninduten, eurek entrenamendu saioak egiten zituzten lekura. Bertan Aitzol Atutxa, Unai Aldape eta Larrea, besteak beste, ezagutu nituen. Beraiek murgildu ninduten aizkoran.

Kirolean hasi eta nolakoa izan zen garapena? Astiro-astiro eta kostata ofizioa ikasten hasi nintzen. 17 urte izan arte, baserrian olgetan ez bazen, ez nuen aizkorarik hartu. Alde handia dago enbor txiki bat moztearen eta txapelketa baterako prestatzearen artean. Pare bat urte aizkoraren lanbidea ikasten eman ostean, urte batzuk igarota Lemoako eskolara joateari utzi nion eta etxean entrenatzen hasi nintzen. Egia da aizkora bakarkako kirola dela, eta aizkolaria taldeko giroan mugitzen ez bada aspertzeko arriskua dauka edo jarraikortasuna mantentzeko zailtasunak izan ditzake. Nire kasuan, urte onak eta ez hain onak izan ditut.

Hala ere, etxeko gimnasioa ikusita aspertzeko aukera gutxi ikusten dut. Entrenamendu saioak etxeko ortuan bertan egiten ditut, eta aita, lehengusua eta anaia batzuetan laguntzaile onenak ditut. Saio familiarrak izan ohi dira. Egia da, baita ere, Getxoko Andra Mari probalekuko Getxoko Herri Kirol taldeagaz hasi nintzela harria altxatzen. Distantzia kontuengatik saio horiek etxean bertan prestatzen hasi ginen pentatloira begira.

Zenbatero egiten dituzu familia formatuko saio hauek? Txapelketarako saioak direnean astean bi alditan prestatzen naiz. Saio bakoitzean txapelketa osoa erreproduzitzen dugu, gorputzeko nekea jokoan jarriz. Txapelketarako probak ez direnean proba ezberdinak tartekatzen ditut. Pribilegioa da ortuan txapelketako proba guztiak egin ahal izatea: harri altxaketak, aizkora probak, korrika saioak… Etxearen atzealdean porlanezko bidetxoa egin dugu eta bertan giza probak eta txingak lantzen ditut. Neurrira egindako kiroldegi propioa daukagu etxean bertan.

Beraz, Ugaoko kiroldegia ikusi ere ez. Euria egiten duen egunetan El Jaroko kirol pistara jaisten naiz, ortuko zorua lokazten delako.

Zer ikasketa dituzu? Magisteritzako lehen hezkuntza eta gorputz hezkuntzako ikasketak ditut, baita haur hezkuntzako goi mailako ziklo bat ere. Horrez gainera Ugaoko enpresa batean eman ditut azken bost urteak, eta bertan metalografikako goi-mailako ziklo bat ikasi nuen. Azken urtean haurreskolatik lana eskaini zidaten eta enpresan eszedentzia eskatu nuen. Lan hura bukatu eta harrezkeroztik langabezian nabil.

Baina denbora izateari etekina atera diozu Pentatloirako prestatzeko. Bai noski! Guztiz zentratuta egon naiz txapelketarako jo eta su prestatzen. Lanagaz bateragarri egin beharko izan banu lehenik eta behin lanera joan beharko nuke, bertan zortzi ordu eman eta etxera guztiz nekatuta helduz.

Erreferenterik baduzu aizkoraren munduan? Gustuko ditut Miguel Mindeguia edota Joxe Mari Olasagasti bezalako lehen mailako aizkolariak. Gero, argi dago Aitzol Atutxa ere erreferente ona dela, Euskal Herriko finalera heltzen lehen bizkaitarra izan zelako eta bost txapela dituelako.

Nolakoak izan dira Ugaon egindako erakustaldiak? Politak! Urtetan pilo bat antolatu dituzte bertan, Ugaoko jaietan. Herriko berotasunak hartzen zaitu eta esperientzia ederra izan da koronabirusa heldu arte.

Ba al dago enborra moztea gustatuko litzaizukeen ametsetako lekurik? Orain arte Bizkaiko Lehen Mailako Txapelketa Santo Tomas egunean egiten zen, Bilboko udaletxe ondoan. Duela hiru urte gaixorik egon nintzen eta urte kaxkarra izan zen niretzat. Bigarren mailara jaitsi nintzen. Aurten ez naiz lehen mailan egongo eta Bilboko Arriaga Plazan antolatuko dute, egoerak hala uzten badu. Nik bertan enborra moztu dut, baina ez Santo Tomas egunean. Espero dut egunen batean eta Santo Tomasetan bertan moztea egurra, benetan ikusgarria izan behar duelako.

Eta orain zer, Aritz? Hurrengo erronka 2022ko urtarrilaren 6an daukat, Azpeitiko zezen plazan. Lehen duatloia prestatu dute eta bertan korrika eta enborrak mozten ibiliko naiz. Modalitate berria izanik proba moduan antolatu dute, nolako emaitza duen ikusteko. Orduan, kirol proba horretan murgilduta nabil momentu honetan. Hala ere, helburu nagusia hurrengo urteko pentatloian zentratzea da, aizkoran soilik aritu ordez.

Bideoa | Aritz Irazabal, Bizkaiko II Pentatloi irabazlea

☉ Ugao

Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute

Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

|

Herriaren enparantza // Geuria

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.

“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu

“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

|

Foru Aldundiko ordezkariak, Ekaitz Mentxaka, eta kiroldegiko arduradunarekin // Geuria

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.

Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.

Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.

Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria

Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.

Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”

“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean

Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

|

Pertsona bat, kristal baten atzean // Stefano Pollio, Unsplash

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.

Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

|

Herritar bat, inauterietan, 2024an // Geuria

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.

Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.

1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:

– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro

Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria

Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026

Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…

Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza

Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza

Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza

Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera

Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

|

Zeramikako elementuak // Taylor Heery, Unsplash

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.

Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.

Osorik irakurri