☉ Ugao
Euskaraldia Ugao / Zergatik parte hartuko duzu Euskaraldian?
Gutxienez 202 pertsonek eman dute izena Ugaon Euskaraldian parte hartzeko; 155k Ahobizi bezala eta 47k Belarriprest moduan.

Gutxienez 202 pertsonek eman dute izena Ugaon Euskaraldian parte hartzeko. Horietako 155k Ahobizi rola aukeratu dute eta 47k Belarriprest izatea erabaki dute (izen ematea zabalik dago oraindik. Txapen banaketa azaroaren 16an Janen eta 19, 20, 21 eta 22an goizez Janen eta arratsaldez Gazteinfon). Herriko euskararen aldeko hamaikakoa osatzen duten bizilagunen arrazoiak batu ahal izan ditu GEURIAk, Euskaraldia Ugao Batzordeak egindako lanari esker. Hirukoteka azaldu zaizkigu eta lehen taldea Iñaki Landajok (Jubilatuen Elkarteko lehendakari ohia eta euskaltzalea), Benny Dominguezek (Gurasoen Elkarteko lehendakaria) eta Maite Oribek (Berbalaguneko kidea) osatu dute.

Iñaki Landajo, Ahobizi: “Seme-alabekin be euskaraz ibili gara beti. Orain lobekin egitea eta dakidan guztia transmititzea itzela da niretzat”

Maite Oribe, Ahobizi: “Izugarri pozten nau bezeroek nirekin euskaraz egitea, bai erosketak egiteko, bai herriko gaiez aritzean”

Benny Dominguez, Belarriprest: “Egin niri euskaraz. Kostatzen zait soltatzea, baina seme-alabekin hitz egin eta jolasten naiz. Kaleko lagunekin ere denetaz hitz egiten saiatzen naiz euskaraz”

Joseba Arrietak (Gure Esku Dago Ugao), Ainize Perez (abeslaria eta euskaltzalea) eta Arantza Castañizak (Etorki Dantza Taldeko arduraduna) osatu dute bigarren taldea.

Ainize Perez, Ahobizi: “Kalean, kantuan eta nire pentsamenduetan egiten dut euskaraz; lagunekin, euskara dakiten senideekin eta, batez ere, neure buruarekin”

Arantza Castañiza, Belarriprest: ““Euskal Dantzak erakustea garrantzitsua da, baina hori euskaraz egin behar dela uste dut eta saiatzen naiz, batez ere umeekin eta gazteekin”

Joseba Arrieta, Ahobizi: “Niretzat sentimendu handiko hizkuntza da, aitamek irakatsi zidatelako eskolara hasi aurretik, eta oso harro sentitzen naiz horregatik”

Maite Liceranzuk (Berbalaguneko kidea), Jaime Pastorrek (Euskaltegiko ikaslea) eta Aritz Irazabalek (aizkolaria eta gazte mugimendua) osatu dute hirugarren taldea.

Aritz Irazabal, Ahobizi: “Euskal Herriko txoko ezberdinetan herri kiroletan aritzen naiz eta guztietan euskaldunak aurkitu eta eurekin euskaraz aritzeak poztasuna ematen dit“

Maite Liceranzu, Belarriprest: “Zaila da niretzat euskaraz hitz egitea, baina entzutea izugarri gustatzen zait eta nahiko dut. Horregatik, euskaldunek niri euskaraz hitz egitea nahi dut. Zuk niri euskaraz!“

Jaime Pastor, Belarriprest: “Kanpotik euskal herrira etorri nintzen hamaika urte nituenean; pizkana-pizkanaka konturatu nintzen euskara Euskal Herriaren sustrai sakonena dela eta horrexegatik ikasi eta erabiltzea erabaki nuen. Horretan nabil. Euskaraldia aukera oso ona dela hori aurrera eramateko uste dut”

Blanca Santamariak (dendaria eta euskaltzalea), Pili Balsateguik (Euskaltegiko ikaslea) eta Eleder Arrietak (futbolaria eta gaztetxoen entrenatzailea) osatu dute.

Blanca Santamaria, Ahobizi: “Jendeak esaten duena ulertzea da garrantzitsua niretzat”

Pili Balsategui, Belarriprest: “Ez dakit ondo, baina hitzak eta esaldi laburrak erabiltzen saiatzen naiz”

Eleder Arrieta, Ahobizi : “Lan harremanak direla eta, lehenengotatik euskeraz hasi ginenez, natural-natural egiten dugu gure artean”

☉ Ugao
Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute
Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.
“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.
☉ Ugao
Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu
“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.
Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.
Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.
Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria
Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.
Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”
“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.
☉ Ugao
Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean
Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.
Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.
Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.
1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:
– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro
Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria
Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026
Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…
Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza
Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza
Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza
Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza
☉ Ugao
Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera
Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.
Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.











