Sareak

☉ Ugao

Ugao eta Arrigorriaga lotuko dituen bidegorriak oinezko eta bizikletentzako bideak izango ditu

Ugaoko Udaletik iragarri lez, ibilbidea Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu du eta, ondo bidean, 2027an hasiko dituzte lanak

|

Oinezkoak eta txirrindulariak, gaur egungo bidegorritik // Geuria

Arrigorriaga eta Ugao behin betiko lotuko duen bidegorri zatia martxan dago. Ugaoko Udaletik iragarri lez, trazadura Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu du eta 2027an hasiko dituzte lanak, ondo bidean.

Egin beharreko zatia Martiartu industrialgunetik Zeberioko zubiraino bitartekoa da, eta GEURIAn 2024ko azaroan iragarri lez, Arrigorriagatik datorren bidegorria ibaiko alde beretik egingo du aurrera ugaorantz, Martiartu industrialguneko zubia atzean utziz.

“Ibilbideak 3,37 kilometroko luzera izango du guztira, eta, trazaduraren zatirik handienean, 6 metroko zabalera izango du, honela banatuta: 3 metro bizikletentzat, 2 metro oinezkoentzat eta metro bat bazterbideetarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bizikleta bidearen kartela / Geuria

Foru aldundiak egindako ibilbidea laster aurkeztuko dute jendaurrean, eta zuzenketa epearen ostean lankidetza hitzarmena sinatuko dute.

☉ Ugao

Martxoaren 7an ospatuko dute Indaba lehiaketaren 13. edizioa, Ugaoko plazan

Udal ordezkariek gogorazi dute antolatzaileek mahaiak eta aulkiak jarriko dituztela lehiakideen eskura, eta horretarako izena eman behar dela

|

Babarrunan Ugaoko 2022ko babarrun janan // Geuria

Ugaoko urteroko Indaba lehiaketak badu data: martxoaren 7a. Hiribilduaren 651. urteurrenarekin bat eginez, Herriaren enparantzan antolatuko dute ekitaldia: “Osagaiak babarrun tradizionala izan beharko dira, Euskal Herriko lurralde historikoetako babarruna (babarrun tolosarra, gernikarra) erabiltzen saiatuz, eta ohiko janariak (txorizoa, odolkia, urdaia, saihets-hezurra…) onartuko dira”, zehaztu dute Udaletik.

Kazolak 14:00etan entregatu beharko dira, eta lehiakideek labetxoa edo gasa, mahaiak eta beharrezko tresnak eraman beharko dituzte. Izena emateko azken eguna martxoaren 4a izango da online egiteko asmoa badago (kultura.ugao@ortzadar.es), edo hilaren 7an bertan, plazan, aurrez aurre, 09:00etatik 10:30era.

Udal ordezkariek gogorazi dute antolatzaileek mahaiak eta aulkiak jarriko dituztela lehiakideen eskura, eta horretarako izena eman behar dela. Azken eguna martxoaren 4a da. “Txapelketan parte hartu nahi ez duten baina, hala ere, ekitaldian egon eta giroaz gozatu nahi duten pertsonek mahaiak eta aulkiak erreserbatzeko (martxoaren 4ra arte eskaria egiteko aukera dago) eta euren janaria eramateko aukera izango dute”, azaldu dute Udaletik.

Sari banaketa 17:00etan egingo dute eta sariak produktu sortak izango dira.

Informazio gehiago jasotzeko idatzi kultura.ugao@ortzadar.es helbidera edo deitu 946 480 704 telefono zenbakira.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkilaritza ikastaroko ikasleen erakusketa antolatu dute Ugaon

Lanak ikusgarri egongo dira martxoaren 4ra bitartean Ugaoko Jane jauregian. “Zatoz eta ezagutu etxean bertan daukagun talentua!”, adierazi dute Ugaoko Udaletik

|

Argazki-erakusketa // Geuria

Urtzi Verak eskainitako argazkilaritza digitala ikastaroko ikasleek erakusketa antolatu dute Jane jauregian.

Lanak ikusgarri egongo dira martxoaren 4ra bitartean Ugaoko jauregiko beheko solairuan. “Zatoz eta ezagutu etxean bertan daukagun talentua!”, adierazi dute Ugaoko Udaletik.

Argazkilaritza digitalaren inguruko ikastaro hau Kultura arloko prestakuntza-programazioaren barruan kokatzen da, eta tresna praktikoak eskaintzea du helburu argazkigintza digitalean hasi edo ezagutzak hobetu nahi dituztenei, zaletasunagatik edo osagarri profesional gisa.

Ikastaroak 30 orduko iraupena izan du eta urriaren 15ean izan zen lehen saioa.

Jane jauregiko beheko solairuan ikus daitezke argazkiak egun hauetan // Geuria

Irakasleari buruz

Urtzi Vera artea eta natura maite dituen argazkilaria da eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar eta guztien artean Fritz Polking izenekoa (2014) nabarmentzen da, urtero ematen dena eta Alemaniako argazkilariaren izena daramana. Basauriko I. Bridgestone Fotomaratoi solidarioa irabazi zuen 2022an ere, eta ez hori bakarrik; Amurriokoak bestelako sariak irabazi ditu eta den-denak bere webgunean iragarrita ditu.

Urtzi Vera irudien garai digitalean murgildu zen duela hamabost urte baino gutxiago. Ogibidez Industri ingeniari teknikoa da eta arkatz, errotulagailu eta plastilina artean eman zuen haurtzaroa. Betidanik maite izan zituen marrazketa eta jolas sortzaileak.

Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, marrazketa, pintura eta eskultura tailerretara itzuli zen Vera. Oso urte entretenigarriak eta ikaskuntza handikoak izan ziren berarentzat, eta, ziurrenik, haien lanaren oinarriak finkatu ziren.

Natura eta animaliak inspirazio-iturri izan ditu beti. 2005ean, mendira kamera konpaktu bat eramatea bururatu zitzaion… eta momentu hartan piztu zitzaion argazkigintzarekiko grina.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Musika, Mintzodromoa eta dantza emanaldia antolatu dute Ugaoko Korrika Kulturalean

Martxoaren 13an jardueraz betetako Korrika Kulturala antolatu dute Ugaoko Korrikako Batzordekoek Herriaren enparantzan

|

Ez Dok Bape taldeak kontzertua eskainiko du egunaren amaieran // Geuria

Martxoaren 13an jardueraz betetako Korrika Kulturala antolatu dute Ugaoko Korrikako Batzordekoek Herriaren enparantzan: musika, umeen bertso saioa, txalaparta tailerra, eta herriko hainbat artistaz osatutako jarduerak, besteak beste.

Egitaraua | Ugaoko Korrika Kulturala 2026

17:00 Eskolako umeen bertsoak + Korrika Txikiko pankarta margoketa eta photocalla
17:15 Txalaparta tailerra
18:00 Mintzodromoa
19:00 Etorki Dantza Taldearen emanaldia + Errigora saskiaren zozketa eta argazkia
20:00 Poteo musikatua: DJ Pipi
21:30 Kontzertua: Ez Dok Bape

Osorik irakurri

☉ Ugao

Umeentzako Erdi Aroko marrazki lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute Ugaon

Aurtengo gaia ‘Erdi Aroko ohiturak’ izango da eta martxoaren 4ra bitartean bidali daitezke sormen lanak

|

Margotzeko materialak // Grant Davies, Unsplash

Ugaoko Udalak, Ugaoko Historia Ezagutzeko Zentroarekin elkarlanean, martxan ipini du Umeentzako Erdi Aroko Marrazki lehiaketaren 21. edizioa eta haurrek beren sormenak bidali ditzakete martxoaren 4ra bitartean.

Aurtengo gaia ‘Erdi Aroko ohiturak’ izango da eta parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du DIN A4 formatuko folio batean (210 x 297 mm (21 x 29,7 zm)) : “Folio hori kartoi mehe batean itsatsita joan beharko da, eta atzealdean izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia, jaiotze-data eta matrikulatuta dagoen ikasturtea adierazi beharko da. Nahi izanez gero, laguntza eska daiteke Jane jauregiko Historia Ezagutzeko Zentroan”, zehaztu dute Udaletik.

Teknika librea izango da eta material ezberdinak erabili ahalko dira lana egiteko: argizariak, akuarelak, ikatz-ziria…

Lau kategoria bereiziko dira aurten: Lehenengo maila (haur hezkuntzako ikasleak), bigarren maila (lehen hezkuntzako aurreneko zikloko ikasleak: 1 eta 2. maila), hirugarren maila (lehen hezkuntzako bigarren zikloko ikasleak: 3. eta 4. maila), eta laugarren maila (lehen hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleak: 5. eta 6. maila).

Erakusketa eta “sariak”

Datorren martxoaren 7an, sari banaketarekin batera, erakusketa antolatuko dute Jane jauregiko hallean lehiaketan jasotako marrazki guztiekin. Gainera, parte hartuko duten guztiei “sari” txiki bat emango dietela aurreratu dute.

“Udalak udalerriko familiak eta haurrak inplikatu nahi ditu, parte har dezaten eta
programatutako ekitaldiez goza dezaten. Gure herriaren historian sakontzeko modu bat
da, gazteenen talentu artistikoa eta irudimena garatzen diren bitartean garai hura
hobeto ezagutzeko eta interesa pizteko modu bat”, azaldu dute udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Aparejadore lan-poltsan izena emateko epea zabaldu dute Ugaon

Eskabideak martxoaren 2ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte interesdunek

|

Langileak // Josue Isai Ramos Figueroa, Unsplash

Ugaoko Udalak Aparejadoreen aldi baterako lan-poltsa bat sortzeko oinarri arautzaileak eta deialdia onartu ditu, hutsik dagoen lanpostua aldi baterako betetzeko

“Deialdian parte hartu ahal izango dute Arkitekto teknikoaren edo aparejadorearen unibertsitate-titulu ofiziala edo Eraikuntza Ingeniaritzako gradu-titulua duten pertsonek”, azaldu dute udal ordezkariek.

Merezimendu-lehiaketa bidez egingo dute hautaketa sistema eta bereziki kontuan hartuko dituzte lan-esperientzia, prestakuntza eta euskararen ezagutza.

Eskabideak martxoaren 2ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte interesdunek eta modu bitan egin ahal izango da: Udal webguneko “Enplegu publikoaren eskaintzan eta lan-poltsen izen-ematea” online izapidearen bidez, edo aurrez aurre udaletxean bertan (08:30etik 14:00ak arte).

Osorik irakurri