☉ Ugao
Alex Ruiz Valiente: «Nire ametsa etorkizunean irristaketa entrenatzailea edo epailea izatea da»
2021eko azaroan federatu zen Alex irristaketan, eta joan den urri amaieran Espainiako txapelketako brontzezko domina eskuratu zuen irristaketa libreko haurren modalitatean

Irristaketako modalitate askean Euskadira domina ekarri duen lehen haurra da Alex Ruiz Valiente (Ugao, 2011). Joan den urriaren 24, 25 eta 26ko asteburuan brontzezko domina eskuratu zuen Iruñeako Arrosadia kiroldegian jokatutako Espainiako irristaketa txapelketan, modalitate librean, haurren kategorian.
Domina eskuetan Alex eta bere gurasoekin batera solasaldia egin dugu GEURIAn, Ugaoko El Jaro kiroldegian entrenamendu saio berri bat hasi baino lehen. Ruizek Euskadiko txapelketa bi irabazi ditu (2023-2024), Kataluniako kopako txapeldunordea izan da (2024), Euskadiko txapeldunordea (2023) eta Espainiako Txapelketako hirugarren postua eskuratu du (2024).
Gurasoen ahaleginaz harago, Ivan Ibañez eta Soledad Esnaola entrenatzaileei sor die Alexek urte gutxi hauetan eskuratu dituen lorpen erraldoiak, eta hori gaztetxo ugaotarrak ez du sekula ahaztuko. Hori horrela, Ivanekin atera nahi izan du elkarrizketako argazki nagusia.

Alex, patin bat eusten // Geuria
Hasi baino lehen, zorionak Alex lortutako dominagatik! Nolako esperientzia bizi izan zenuen Iruñean? Oso esperientzia polita izan zen. 17 umek hartu zuten parte eta nik haurren kategorian hartu nuen parte. 17 ume horietatik hiru onenak irten behar dira. Horretarako, disko labur bat jokatzen dugu (final erdi bat antzekoa, ondo ulertzeko) eta bertako emaitzen arabera sailkatuko dira kirolariak disko luzerako. Nik hirugarren puntuaketa onena atera nuen disko laburrean eta beraz hirugarren postua izan nuen disko luzean, atzetik hasita.
Nolako lana izan duzu domina bat irabaztera heltzeraino, Alex? Lan oso gogorra egin behar izan dut hasieratik eta gainera laupa bost asteetan zehar entrenamendu saiorik egin barik egon naiz belaunean lesio bat izan nuelako. Baina aurtengo denboraldiari dagokionez jo eta su ibili izan naiz urtarriletik eta atseden hartzeko aste bi baino ez ditut izan. Atseden egunak izan ez direnean asteko zazpi egunetatik sei entrenamenduak egiten eman ditut. Egun batean atseden hartzen dut.
“Atseden egunak izan ez direnean asteko zazpi egunetatik sei entrenamenduak egiten eman ditut”
Alexen gurasoak: Ez dugu ahaztu behar Espainiako txapelketan parte hartzeko txapelketa erregionaletako irabazlea izan behar dela kirolaria. Alexek urte bi daramatza Euskadiko txapelduna izaten bere kategorian (2023an eta 2024an).
Nola hartu zenuen Espainiako Txapelketan parte hartzeko erabakia? Alde batetik nire kabuz, eta bestetik nire entrenatzaileen laguntzari esker: Ivan Ibañez eta Sole Esnaola (EPA Ugaoko entrenatzaileak). Ni, gurasoekin batera beraiekin bildu ginen eta Espainiako txapelketan parte hartzeko gai ikusi ninduten. Hala egin genuen.
Alexen gurasoak: 12 urterekin gorabehera handiko prozesua izan da, egia esateko. Emaitzak ere zeharo ezberdinak izan dira, iaz bere burua aurkeztu zuelako Espainiako txapelketan parte hartzeko eta 14. postua eskuratu zuen 41 punturekin. Aurten, ostera, hirugarren postua lortu du eta 72 puntu eskuratu ditu.

Entrenamendurako prestatzen // Geuria
Nolako probak egin zenituen aurtengo proban Iruñean, Alex? salto bikoitzen konbinazioak eta itzulipurdiak bereziki.
Kirol honi eskainitako denbora eta sakrifiziora begira, azpimarratu beharrekoa da irristaketarenganako pasio hau eskola kiroletik harago doala, ezta? Bai, noski! 2020ko urrian hasi nintzen irristaketan, baina koronabirusaren eragina zela eta 2021eko azaroan hasi nintzen kirol honen azterketak egiten, mailaz igotzeko.
Gauza bat da Espainiako txapelketa batean parte hartzea, eta beste gauza bat etxera domina batekin itzultzea. Espero zenuten? Alexen gurasoak: Ez. Alexen kasua bakarra da momentuz: irristaketako modalitate librean Euskadira domina bat ekarri duen lehen umea da. Gure semeak historia egin du garaipen honekin! Momentura arte ez du beste inork lorpen hau eskuratu. Eta harrigarriena zera da: bakarrik urte bi daramatza modu ofizialean lehiatzen, 2023ko apirilean federatu baitzen.
Denbora tarte oso laburrean garaipen esanguratsu ugari lortu dituzu, Alex. Nola ikusten duzu zure etorkizuna irristaketaren munduan? Entrenatzailea edo irristaketa epailea izatea gustatuko litzaidake.

Alex, entrenamendu saio batean // Geuria
Hitz potoloak dira horiek! Eta amets hori izateko, benetan maite behar duzzu kirol hau. Nola murgildu zinen irristaketaren munduan? Nire arrebak bertan izena eman zuelako (barreak).
Alexen gurasoak: txikia zenean eta igerilekura etortzen ginenean EPA Ugaoko irristaketa klaseetako ikaslea zeuden hemen, El Jaron. Alex horiek ikustera geratu ohi zen. Agian momentu hartan ez ginen ohartu Alexen etorkizuna bertan egon zitekeenik. Eta bere arreba etorri arte Alexek ez zituen patinak jantzi. Egia da Alexek etxean patin batzuk zituela eta Ugaoko plazan arratsaldeak ematen zituela irristaketan, eta guk ere batzuk erosi genituen familian irristaketa praktikatzeko. Baina azkenean arrebak izena eman zuen irristaketa klubean eta hori entzutean, Alexek ere. Berez futbola eta tenisean ibilitakoa zen gure semea, baina dirudienez kirol horiek ez zuten benetan asetzen.
Eta orduan patinak jantzi zituen. Alexen gurasoak: Irristaketan egiteko patin batzuk utzi zizkiguten proba egiteko eta mundu honetan adituak diren batzuek erraztasuna zuela esan ziguten. Alexek izena eman zuen eta oso arin moldatu zen kirol honetara eta garapen oso positiboa izaten ari zela esan ziguten. Erakustaldiz erakustaldi, maila batetik bestera igarotzeko prozesua oso arina izan zen eta lehen saiakeran gainditzen zuen maila bakoitza. Gainera, entrenamendu saioez gainera, Alexek entrenamendu saioak bere kabuz egin nahi zituela esan zigun eta horiek bideoetan grabatzen genizkion, berak etxean pistan egindako akatsak ikusi eta horiez ikasteko.

Soledad Esnaola eta Ivan Ibáñez entrenatzaileekin // Geuria
Bestalde, Alexek gehien bat emakumeek praktikatzen duten kirol minoritario batean parte hartzea erabaki zuen. Nolakoa izan zen lehen kontaktua alde horretatik? Alexen gurasoak: Alexek ez zuen ikusiko, baina egia da lehen egunetan pistako alde batean ematen zituela entrenamendu saioak, gainontzeko kirolariek taldetxoetan parte hartzen zuten bitartean. Baina benetan gustatu behar zitzaion kirol hau, egunez egun bertan jarraitzen zuelako, jo eta su. Bestalde, irristaketarako erreztasun fisikoa izateaz gainera, kirola zentzu teorikoan oso ondo ulertzen du: asko daki arauen, erreglamenduen, puntuazioen inguruan. Hori dela eta pentsatu du etorkizunean entrenatzaile edo epaile izateko aukera horretan. Alexek berak erabakiko du zer egin; gu bera modu batean edo bestean laguntzeko prest egongo gara beti.
Badirudi momentuz Alexen erabaki horiek bide egokia aukeratu dutela. Azken garaioen honek zer ekarri dio zuen semeari? Alexen gurasoak: hirugarren postua eskuratu izanak errendimendu handiko zentroan plaza bat eskuratzeko balio izan dio, besteak beste. Zentro hau Espainiako Irristaketa Federazioak koordinatzen du. Beste hitz batzuetan: hurrengo urtean Kataluniara joateko aukera izango du, bertako entrenatzaileekin eta Espainiako hautatzaileekin harremanetan jartzera. Gainera kontinenteen arteko kopa eta txapelketetan parte hartzeko aukera izango luke, besteak beste.
Eta datorren urteari begira zer? Datorren urtean kadete kategoriara igaroko naiz. Pena da, haurren kategorian jarraituko banu Europako kopan jokatzeko plaza atera izango nuelako. Baina errealitatea mailaren igoera da eta helburua bera izango da: gogor entrenatzea Espainiako Txapelketan sailkapen ona izateko. Horrek agian Europara heltzeko aukera eman ahal dit!
☉ Ugao
Ongizatea: adin guztietako ugaotarrentzat eskuragarri
Kirola egiteaz gainera, uretako jarduerak onuragarriak dira erabiltzaileen ongizate fisiko eta mentalerako, aldi berean

Joan den urtarrilaren 19an berrireki zituzten El Jaro kiroldegiko igerilekuetako ateak, 11 hilabetez obrak direla eta itxita egon ostean. Tarte horretan, Ugaoko Udalak 1997tik egin duen esku-hartzerik garrantzitsuena egin du bertan. Izan ere, 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietatik 500.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak jarri ditu.
Aurrekontu handiko proiektu guztiekin gertatzen den bezala, iritziak askotarikoak izan dira: kiroldegiko erabiltzaile askoren aburuz beharrezkoa eta onuragarria izan da inbertsioa. Egon da, baina, beharrezkotzat jo arren, lehentasunak beste obra eta arlo batzuetan daudela uste duenik ere.
Egun arte, eta uretako jardueren esparruari dagokionez, Ugaoko kiroldegiko eskaintza igerileku tradizionalak eta bainu turkiarretara mugatzen zen. Behin obra hau bukatuta, aukera gehiago izango dituzte El Jaro kiroldegira bertaratzen diren erabiltzaileek.
Berrikuntza aipagarrienak eraiki dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym-a kasu. Bestea, sakonera berekoa, aisialdirako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Izan ere, mota honetako spa eta ur basoei (haurrentzako edo nagusientzako igerilekuak tartean) hainbat onura onartzen zaizkie: spa bezalako guneek hidroterapia eskaintzen dute giharrak erlaxatzeko, zirkulazioa hobetzeko, ametsen kalitatea modu nabarmenean hobetzeko eta helduen estresa murrizteko, oro har.

Zentzu honetan, ez da ahaztu behar, Ugaoren datu demografikoei erreparatuz gero, 65 urterik gorako populazioa %23koa da, eta zahartze aktiboa errazten duten instalazioen beharra handia dela.
Ur gutxiko eremuei dagokienez, berriz, segurtasuna, urarenganako familiarizazioa eta estimulazioa bermatzen dute haur txikientzat, eta aukera ematen dute urari beldurra dieten haurrei igeri egiten ikasteko hastapenak hobeto barneratzeko. Gainera, ur gutxiagorako edukiera daukatenez, ohiko igerilekuetan erabiltzen diren kimiko kopuru gutxiago erabiltzen dira bertan.
Kirolaz harago
Urtarrilaren 29an Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak El Jaro kiroldegiko instalazioak bisitatu zituen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatearekin batera, eta kirolaz harago, Ugaoko kiroldegia ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu dela azpimarratu zuen.
Horrekin batera, belaunaldien arteko faktore inklusiboa ere aipatzekoa da: sakonera txikiko igerileku bati esker, haurrek, helduek eta adinekoek jarduera partekatu dezakete ingurune seguru batean. Kirol guztiek ez dute zeharkako izaera hori.

Beste hitz batzuetan, aisialdiaz haratago, udal igerileku berri hauek entretenimendurako espazio bat eskaintzeaz gain, osasun publikoko tresna bat eskaintzen dute: inpakturik gabeko jarduera fisikoa, ongizate mentala, belaunaldien arteko inklusioa eta adin guztientzako ariketa irisgarria.
Udalaren datuen arabera, Ugaoko instalazioak ehunka pertsonek erabiltzen dituzte egunero, eta Mentxakaren arabera “jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa da. Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”, izan dira Ugaoko alkatearen berbak.
☉ Ugao
Memoria Tailerra abiaraziko dute Ugaon, ‘Zainduz’ programaren baitan
Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean

Otsailaren 17an hasiko da memoria lantzera eta ongizate kognitiboa sustatzea helburu duen Memoria Tailer berria, Ugaon, ‘Zainduz’ programaren bidez.
Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean (Udiarraga, 25).
Era honetako tailerretan, “gogoratzeko trebatzeaz” gain, estimulazio kognitiboa, autoestimua eta sozializazioa modu integralean lantzen dira normalean. Helburu nagusia da funtzio mentalak mantentzea eta indartzea, narriadura kognitiboa prebenitzea eta egunerokorako tresna praktikoak ematea.
Edukiera mugatua izango da eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela adierazi dute Ugaoko Udaletik. Horretarako, udaletxera jo edo 747 455 290 telefono zenbakira deituz harremanetan ipini beharko dira interesdunak.
☉ Ugao
San Mames estadioa berdez argiztatuko dute Ménière gaixotasunari ikusgarritasuna emateko
Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko

Datorren otsailaren 7an Bilboko San Mames estadioa berdez argiztatuko du Athletic Clubek 20:00etatik 20:30ak bitartean Menière sindromeari ikusgarritasuna emateko. Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko.
Izan ere, otsailaren 7an Ménière kontzientziatzeko eguna ospatuko dute. 2016an elkartea eratu berria zela, bilerak egin zituen Europako antzeko elkarteekin, eta Osasunaren Mundu Erakundeari (OME) Ménière Sindromearen Munduko Eguna esleitzeko eskatzea erabaki zen. “Otsailaren 7a aukeratu zen, egun horretan hil baitzen Prosper Ménière, gure gaixotasunaren sintomak lehen aldiz deskribatu zituen mediku frantsesa. Gestioak hasi ziren, baina ezinezkoa izan zitzaigun OMEra iristea, ahanzturan geratuz, baina ez guretzat. Egun horretan ofizialki berriz eskatu ahal izateko zain, Ménière-ren Sindromeari buruzko Kontzientziazio Eguna ospatu genuen”.
Ménière-ren sindromea barne-belarriko nahasmendu kronikoa da, eta bertigo larriko eraso errepikakorrak, entzumenaren galera gorabeheratsua, tinnitus (burrunbak) eta belarriko presio- edo zapalkuntza-sentsazioa eragiten ditu. Orekari eta entzumenari eragiten die, gehienetan belarri bakar batean, eta belarriko labirintoan likido gehiegi egotearen ondorio dela uste da.
☉ Ugao
Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute
Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.
“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.
☉ Ugao
Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu
“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.
Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.
Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.
Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria
Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.
Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”
“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.








