Sareak

☉ Ugao

Itxaso Hernandez Ramos: «Kirolean euskaraz egiteko izan dudan zailtasun handiena hiztegiarena izan da»

Euskarak ugaotarraren bizitzaren hainbat arlotan izan duen tokiaz aritu gara, eta baita Euskaraldiko hamaikoakoan egoteak berarentzat duen garrantziaz ere

|

Itxaso Hernandez // Utzitakoa

Itxaso Hernandez Ramos (Ugao, 1979) Euskaraldiako hamaikakoaren parte izango da Ugaon, ariketaren laugarren edizioan. Bere bizitzak buelta asko eman baditu ere eta hemen eta hor bizi izan bada ere, euskara zutabe oso garrantzitsua izan da betidanik. Denboraldi bitan Ugaoko futbol taldeko neskak entrenatu izan ditu eta gure hizkuntza erreminta berezia izan da entrenamendu saio zein asteburuetako partidetarako, bai kirolariekin komunikatu ahal izateko, bai aurkari erdaldunen aurka baliabide estrategiko modura erabiltzeko. Gainera, 17 urte daramatza Mediaset enpresan, kamera atzean lan egiten.

Euskaraldiaren testuinguruan, gure hizkuntzak bere bizitzan izan duen garrantziaz mintzatu gara berarekin eta bizi izandako esperientziak jaso ditugu.

Nolako garrantzia dauka euskarak zure bizitzan? Ahal dudan egoera guztietan erabiltzen saiatzen naiz. Zortea daukat etxean ama izan dudalako euskara txikitatik praktikan jarri ahal izateko. Aitak ez zekien baina asko gustatzen zitzaion eta liluratuta gelditzen zen euskara entzuten. Hain argi izan dut beti euskararen garrantzia nire inguruan, bost urtez Errioxan bizi ostean etxera bueltatu eta bai lanean, bai nire egunerokoan erabili nahi nuelako.

Duela gutxira arte Ugaoko neskak entrenatu dituzu. Nolako balioa izan du euskarak futbolaren esparruan? Euskara jakiteak ez dauka pisurik edo garrantzi berezia futbolaren munduan, hori jaso dut behintzat entrenatzaile moduan jardun izan dudanean. Futbolean hasi nintzenean, beharbada, leku erdaldunetan jokatu izan dugunean balio erantsia izan ohi zuen euskeraz aginduak emateak edo jokalarien artean hitz egitea. Baina orain, zorionez, edonon hitz egiten da gure hizkuntza, neurri handi edo txikiagoan.

Zure entrenamendu saioetan nolakoa izan da euskararen garrantzia? Normala izan da, euskeraz etxean aritzen direnak normaltasunez jarraitzen dute futbolean erabiltzen. Nik beti saiatzen naiz beraiekin euskaraz komunikatzen. Hala ere, beti kontuan hartu izan dut euskaraz ez dakiten pertsonak ere egon badaudela. Horiei erdaraz egin izan diet.

Gauza bat euskara eguneroko bizitzan erabiltzea da eta beste bat kirolean praktikatzea. Nolako erronka da zuretzat gure hizkuntza futbolean aplikatzea? Ez dut ikusi inposatutako arau bat balitz moduan. Izan ere, “euskañola” erabili dut normaltasunez. Azken batean, hobe hori erderaz dana egitea baino. Hala ere, beraientzat oso normala da euskeraz hitz egitea. Hortaz kirolaren arloan egitea, gauza normalen artean dago ere.

Gure hizkuntza kirolean erabiltzeko zailtasunik egotekotan, non legoke zure kasuan? Zailtasunak egon badaude, eta asko! hiztegiari dagokionez, umeak askotan ez dakite erderaz zer den “extremo” bat, beraz euskeraz hegalean jokatzen duela esaten badiozu… eta gainera lekuz aldatzen badiot eta hitz horren esanahia ‘aurrelaria’ dela esaten badiot… eta gainera zutoinitik kentzeko oihukatzen badiot… jokalariak azkenean ulertu egiten didanean gola sartu digute (barreak).

Itxaso, Arandia futbol zelaian // Utzitakoa

Eta haurrek berdin ulertzen dituzte aginduak euskaraz edo gaztelaniaz? Orokorrean bai, baina badaude euskeraz entzutera ohituta dauzen hitz batzuk, adibidez ezkerra edo eskerra esaten dudanean erderaz barreak botatzen ditugu.

Zein herrikoak izan dira entrenatu izan dituzun neskak eta nolakoa izan da jokalari horiek gure hizkuntzarekiko duten jarrera? Ugao, Zeberio, Arrankudiaga, Bilbo ta Urduñako neskak izan ditut taldean. Noizbait neska latinoamerikar batzuk etorri izan dira baina liga bukatzear zegoela, kirola ezagutzeko gehienbat. Taldeko gehienak euskaraz aritzen dira etxean, eta hauentzako ez da inolako arazoa, baina hori bai: ohitura hori falta den etxeetan gabezia nabari da. Hala ere, nirekin bazekiten saiatu behar zirela eta betebehar bat ez izatean, hobeto hartu dute eta lehen momentutik saiatu izan dira.

Nolakoa izan da euskararen bilakaera Ugaoko neskak entrenatzen hasi zinenetik lana utzi zenuen arte? Nik gora egin duela esango nuke, edo behintzat gutxiagora ez dela joan, eta hori izan da nire hasierako nahia. Gurasoen artean ere eskertu dute haiekin euskeraz zuzentzeko aukera erabiltzea.

Futbola telebistan ikusten al duzu? Hala bada, zein hizkuntzatan egiten duzu? Egia esateko telebistan ikusten badut erderaz da, tabernetan delako. Kotxean edo etxean ezin badut telebistan ikusi euskadi irratian entzuten dut, gustatzen zaidalako zelan bizi duten, beharbada pertsonalki ezagutzen ditudalako gure lana dela eta.

Komunikazioaren esparrua alde batera utzi barik, gaur egun Mediaset enpresan egiten duzu lan. Nolakoa da zure lana eta zein da bertan euskarak duen presentzia? Nire lana kamara atzean da, albisteak grabatzen ditut. Nik hotza pasatzen duen pertsona hori naiz, ikus-entzuleek etxean bero bero neguan elurra dagoela jakin dezazuen (barreak). 17 urte daramatzat bertan lan egiten.

Eta euskarak presentziarik al du Mediaset bezalako enpresa batean? Hasi nintzenean askoz gehiago, eta horrek asko poztu ninduen. Lankide euskaldunak nituen eta nahiz eta katea euskalduna ez izan, elkarrizketak erderaz egiten ditugu baina tratua beti euskaraz izan ohi dugu euskal hiztunekin. Orain lankideek ez dakite euskaraz edo ez zaie axola. Nik, nire partetik jarraitzen dut hori zaintzen, eta ez daukat zerikusirik ‘Guecho’ idazten dutenean ‘Getxo’ idatzi ordez, esaterako. Niri lotsa ematen dit horrek, Madrilekoei, berriz, horrek ez die batere axola!

Euskal Herrian ETB eta herri komunikabideek sustatzen dute euskara. Horrez gainera, bestelako hedabideek ezer egin dezakete euskara bultzatzearren? Egia esateko ez dakit. Gure gauza dela esango nuke. Gure hizkuntzak beti izan ditu traba guztiak. Ez da bat ere erreza izan eta gure esku izan dugu euskara mantentzea eta hedatzea. Horrek holan jarraitzen du ta ez du balio “hurrengoak egingo du eta kitto!” bezalakoak esatea. Buruzagiek eta enpresetako jabeek kontratazioak egiteko orduan langile euskaldunak saritzeko aukera dute, baina ez dute erabaki hori hartzen.

Nolako etorkizuna ikusten diozu euskarari, Itxaso? Ona! Nire itxaropen aletxoa jartzen dudan era berean, nire aurretik egin dutenek eta nire atzetik datozenek egingo dutela uste dut. Gure hizkuntzaren alde bultzada eman behar dugula argi daukat, hori horrela da. Baina inork ez zuen esan bide erraza izango zenik!

☉ Ugao

Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu

“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

|

Foru Aldundiko ordezkariak, Ekaitz Mentxaka, eta kiroldegiko arduradunarekin // Geuria

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.

Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.

Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.

Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria

Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.

Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”

“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean

Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

|

Pertsona bat, kristal baten atzean // Stefano Pollio, Unsplash

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.

Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

|

Herritar bat, inauterietan, 2024an // Geuria

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.

Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.

1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:

– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro

Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria

Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026

Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…

Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza

Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza

Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza

Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera

Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

|

Zeramikako elementuak // Taylor Heery, Unsplash

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.

Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gazte bazkaria, Berakatzen poteo musikatua eta DJ Pipiren saioa, Ugaoko Gazte Egunean

Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11. Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte herrian

|

DJ Pipi // Geuria

Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11.

Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte: poteo musikatua, elektrotxaranga, urteroko Gazte bazkaria eta kontzertuak. Aurten Muxutruk erromeria, The Lio eta Hesituak taldeen emanaldiak egingo dituzte parke berdeko frontoian, DJ Pipi hirukotearen urteroko hitzordua ahaztu barik.

Egitaraua | Ugaoko Gazte Eguna 2026

Apirilak 11, larunbata

12:30 Poteo musikatua: Berakatz taldea
15:00 Gazte bazkaria + bingo musikatua, parke berdea
17:30 Patxangoi! elektrotxaranga
21:00 Kontzertuak: The Lio + Hesituak + Muxutruk erromeria + DJ Pipi, parke berdea

Osorik irakurri