☉ Ugao
Iker Mendaza eta Mikel Ipiña:«Estudiora sartu beharrean, momentuz, disfrutatu eta plazak hankaz gora jartzea da Gautegunen helburua»
Mikel Ipiña arrigorriagarrak (ahotsa eta panderoa) eta Iker Mendaza ugaotarrak (trikitixa eta ahotsa) Gautegun erromeriaren oinarriak adostu eta gaueko ordu txikiak alaitzeaz arduratzen den erromeria taldea osatu zuten

Zoriak gautxori bi elkartu eta “a kapela” kantatzera eraman zituen. Nork esango luke Gabonetako afari hartatik, parranda itzelaz gainera, erromeria talde bat sortzearen proiektua jaioko zenik? Ajea igarota eta aurreko gaueko ideiak garbira pasata, fresko-fresko, Mikel Ipiña arrigorriagarrak (ahotsa eta panderoa) eta Iker Mendaza ugaotarrak (trikitixa eta ahotsa) Gautegun erromeriaren oinarriak adostu eta gaueko ordu txikiak alaitzeaz arduratzen den erromeria taldea osatu zuten. Horra hor parranda maite duen zazpi lagunez osatutako istorio xelebrea. Ipiñarekin eta Mendazarekin batera Gautegun Erromeria taldea osatzen dute: Iradi Campollo (baxua), Andoni Gaztelumendi (tronboia), Axular Bahillo (bateria), Unax Perez (gitarra eta ahotsa), Maider Tato (gitarra).
Zer dela eta eta noiz sortzen da Gautegun Erromeria?
Mikel Ipiña: Iker Mendazak eta nik crossfiten ezagutu genuen elkar, eta gabonetako afari baten gauzela egun baten erdi txolindute akapela kantetan hasi ginen. Afarian egon ziren lagun denak jarraitu zuten kantutan gurekin batera. Horrelako batean esan zidan Ikerrek: “Eh, hurrengokoan bardin, baie panderoa eta trikia ekarriko dogu”. Heldu zan hurrengoko afaria, Iker, ni, panderoa bat eta triki bat eta erdaraz esaten den lez: Exitazo total! Apurke-apurke modu informalean hasi ginen triki eta panderoagaz eta Ikerrek egun batean Ugaoko jaietan Gozategi ikusten egoala, Whatsapp bat bialdu zidan: “Erromeria talde bat egin behar dogu”. Kontaktuen ipini zan herriko ezagunekaz eta holan osatu ginen.
Nolako perfilak topa daitezke kideen artean?
M.I: Iradi gazteena da, oraindik batxilergoan, musika heziketa aldetik triki, gitarra eta bajoa jotzen daki. Oin bajoa jotzen dau Victoria De Angelesi esker. Harritu egin zion zelan neska batek hain ondo joten zauen bajoa, eta urtebete ibili jakon amari txapie emoten bajora apuntetako. Eritzaintza ikasi gure dau, eta ixile bada be oso umore bitxia deko.Unaxek gitarra eta bateria jotzen dau, 21 urte eingo dauz laster, eta futbolera olgetan dau Ugaon. Entrenatzailea da bebai, aurten bederatzi eta hamar urteko umeak entrenetan ditu herrian bertan. Iradi eta Unax lehengusuek die, “Ipiña” abizenagaz. Kasualitatea da Ipiñatar gitxi egotie eta gure taldean hiru egotea. Ni neu ez naiz euren lehengusue!
Axularrek arte ederrak ikesi dauz. Txikitatik hasi zan bateria jotzen 10 urte ingurugaz. Oinarrizko bateria klasiek emoten die umetxuei Sortu musika eskolan; Maiderrek Gitarra jotzen dau, ingenieritza ikasten dabil eta Goikiri auzokoa da; Gazteluk tronboia jotzen dau, Euskal Filologis ikasi dau; Mikeli buruz… elkarren aurka jokatu dogu futbolean beti derbietan, Padura-Ugao arteko norgehiagokoetan; Ikerrek Batxilergo artistikoa egin dau eta goi-mailako ziklo bi egin ditu be: ikus entzunekoak eta 3D animazioak. Pianoa jotzen hasi zan baina utzi zuen. 11 urtegaz trikia joten hasi zan gaur egunerarte. Arte dramatikoa egin dau 10 urtez, eta taldien ahotsa eta trikia jotzen ditu. Nik ez dut sekula musika klaserik hartu, musikaz dakidana etxetik edo juergatan ikasi dut. Ez dakit ez solfeo ez ezer; dandana belarriz barneratu dut. Nire etxien aitan partetik filarmonikie (holan esaten jako nirien akordeoieri) eta panderoa jotzen zuten. Gaur egun irakaslie naz Lauaxeta ikastolan, crossfita praktikatzen dot eta Gautegunen ahotsa eta panderoa jotzen dot.

Denok zarete Hego Uribe eskualdekoak. Nola ezagutu zenuten elkar?
M.I: Axular, Iradi, Unax, Maider eta Iker harrobikoak die honegaz esan gura dutena da musika eskola bardinetik datozela “Sortuz musika eskola Ugaon”.
Iker Mendaza: oso saltseroa nazenez inolako lotsa barik ipin nintzen harremanetan eurekin.
M.I: Nik Unax ezaguten nuen, Beranduegiko Ainizen nebie da, eta askotan koinzididu izan dogu kantatzen Beranduegiko eszenatokian, Unax txikia zelarik. Gaztelugaz juergatik bueltan topau naiz behin baino gehiagotan goizeko ordu txikietan (barreak).
Estudiora sartu beharrean, momentuz, disfrutatu eta plazak hankaz gora jartzea da Gautegunen helburua
Zergatik erromeria bat eta ez musika talde bat? erromeriek, besteak beste, konpromiso handia eskatzen dute eta gaueko ordu txikietan jotzen dute asteburu askotan.
M.I: Gaueko ordu txikiak gustetan jakuz, oso parrandazaleak gara eta erromerixek poztasune eta bizixe emoten izan doskue beti.
I. M: Ganera erromeria batek publiko asko eta kontzertu asko ematen ditu.
Zenbatero eta non egiten dituzue entsegu saioak?
M.I: Entseguek normalien domeketan egiten doguz, Ugaon edo Basauriko sala batzuten. Domeka goxetan, askotan ordu gitxi lo eginda, gaztiek gara eta zapatu gabak sakratuek dielako!
Nondik ibili zarete kontzertuetan?
Momentuz Bizkaitik ibili gara, baie Euskal Herri osora zabalik gauz, zazpi probintzietan joteko prest.
Apiriletik aurrera non ikusi ahal zaituztete ikusentzuleek?
Aste Santutik bueltan atarako dogu kartel erdi-ofiziala gure kontzertu danakaz, orain batzuk konfirmau barik dauz; baina Araba hegoaldetik ia Iparraldera arte dekoguz kontzertuek konfirmatuta.
Nolako abestiak ageri dira zuen setlistean?
Erromeria klasikoak joten doguz, baina beste hainbat erromerixetan entzuten ez direnak be; lau hizkuntzatan kantetan dogu eta bertsioak guriek egiten saiatzen gara. Adin eta epoka desberdinetakoak, baitte dantzak be. Ez dekogu abesti propiorik, baie moldaketak egiten dizkiogu bertsio orginalari segun eta non gauzen, publikoa zein dan.
Pentsatu al dozue grabazio estudioan sartzea inoiz?
Momentuz ez, disfrutau eta plazak hankaz gora baño ez oin momentuen. Gure helburua epe laburrera eta luzeera argia da: guk disfrutatzea, eta gentie diafrutau daixela guk disfrutetan dogun beste, eztau besterik.
☉ Ugao
Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu
“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.
Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.
Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.
Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria
Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.
Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”
“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.
☉ Ugao
Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean
Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.
Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.
Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.
1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:
– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro
Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria
Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026
Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…
Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza
Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza
Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza
Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza
☉ Ugao
Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera
Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.
Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Gazte bazkaria, Berakatzen poteo musikatua eta DJ Pipiren saioa, Ugaoko Gazte Egunean
Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11. Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte herrian

Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11.
Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte: poteo musikatua, elektrotxaranga, urteroko Gazte bazkaria eta kontzertuak. Aurten Muxutruk erromeria, The Lio eta Hesituak taldeen emanaldiak egingo dituzte parke berdeko frontoian, DJ Pipi hirukotearen urteroko hitzordua ahaztu barik.
Egitaraua | Ugaoko Gazte Eguna 2026
Apirilak 11, larunbata
12:30 Poteo musikatua: Berakatz taldea
15:00 Gazte bazkaria + bingo musikatua, parke berdea
17:30 Patxangoi! elektrotxaranga
21:00 Kontzertuak: The Lio + Hesituak + Muxutruk erromeria + DJ Pipi, parke berdea









