☉ Ugao
Joseba Borde preso ugaotarra kartzelara bueltatu da Audientzia Nazionaleko fiskaltzak helegitea jarri ostean
Martxoaren 27an, Audientzia Nazioanaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen erabaki honen aurka eta egun horretan bertan, espetxera itzuli behar izan zuen

Joan den martxoaren 21ean, eta hilabete lehenago Basauriko Espetxe Zaintzak hala proposatuta, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua onartu zuen Joseba Borde Gaztelumendi preso ugaotarrarentzat. Sare elkarteak aste honetan salatu duen arabera, baina “martxoaren 27an, Audientzia Nazioanaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen erabaki honen aurka eta bi presoak (Joseba Borde eta Juan Karlos Subijana), egun horretan bertan, espetxera itzuli behar izan zuten bigarren gradurako erregresioa jasanda”.
Ez da preso ugaotarrari hirugarren gradua ukatzen dioten lehen aldia, 2023ko ekainean eta urrian ere egoera bera bizi behar izan baitzuen.
Sarek bere agerraldian Borderen egungo egoera azaldu du: “30 urteko zigorra betetzen ari da. 2019an bete zituen zigorraren ¾ak; 65 urte ditu. Aurtengo azaroan beteko du zigorra osorik. Erantzukizun zibila ordaintzen ari da 2021az geroztik; programatutako 20 irteera eta 9 baimen arrunt baino gehiago izan ditu. Kartzelaldia betetzen ari den gertakariak 1981. urtekoak dira eta eragindako kaltea aitortu eta bide baketsu, politiko eta demokratikoen alde egitearen aldeko pausoetan berresten da”.
Hori horrela, hurrengo galdera luzatu dute: “zer logika dauka preso horien bilakaera ondoen ezagutzen duten espetxeetako profesionalen aurka, 400 km-ra daudenek helegiteak aurkezteak? Urrunetik, distantziatik erabakitzen dute presoei buruz, haietaz ezer jakin gabe eta ezer axola ez dietenean”.
Ugaoko Udalak berak, joan den azaroan, preso ugaotarrari buruzko adierazpen bat kaleratu zuen, EAJk eta EH Bilduk aho batez sinatuta: “Udal korporazio honek bere kezka adierazi nahi du Fiskaltzak espetxe-organoek hartutako ebazpenen aurka behin eta berriro errekurtsoak jartzen dituela eta. Izan ere, kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak”, zioen.
Ildo horretan, Ugaoko Udalak eskatu zuen, “ebazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta, ebazpen horiek bateragarriak izan daitezela Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiekin, gradu progresioak edota espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena”.
2024an beteko luke kondena osorik
Borde Gaztelumendik 64 urte ditu eta gaixotasun larriak dituzten presoen artean dago. 2002ko azaroaren 26an espetxeratu zuten eta 30 urteko zigorra ezarri zioten. 2019ko azaroan zigorraren hiru laurdenak bete zituen, espetxe legedia onartu zuen eta egindako mina aitortu zuen idazki bat aurkeztuz. Gainera, 2024an beteko luke kondena osorik. “Aspaldian hirugarren gradura igarotzeko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu”, diote Udaletik.
“Kasu honetan ere, Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatu da, zeinaren bidez presoak berriro espetxera sartu behar duen Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hirugarren gradua eteteko fiskalaren eskaera onartzen duen unean, prozesua geldiaraziz Espetxe Zaintzarako Epaile Zentralaren erabakiari itxaron gabe. Egoera horrek espetxean hilabeteak pasatzera eraman lezake berriro eta denbora baten buruan Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hirugarren gradua berrestea, honela espetxe tratamendu batzordearen erabakia aplikatzean salbuespen egoera eta babesgabetasun juridikoa sortuz”, borobiltzen zuten udal ordezkariek.
☉ Ugao
Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu
“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.
Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.
Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.
Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria
Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.
Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”
“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.
☉ Ugao
Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean
Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.
Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.
Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.
1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:
– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro
Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria
Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026
Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…
Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza
Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza
Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza
Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza
☉ Ugao
Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera
Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.
Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Gazte bazkaria, Berakatzen poteo musikatua eta DJ Pipiren saioa, Ugaoko Gazte Egunean
Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11. Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte herrian

Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11.
Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte: poteo musikatua, elektrotxaranga, urteroko Gazte bazkaria eta kontzertuak. Aurten Muxutruk erromeria, The Lio eta Hesituak taldeen emanaldiak egingo dituzte parke berdeko frontoian, DJ Pipi hirukotearen urteroko hitzordua ahaztu barik.
Egitaraua | Ugaoko Gazte Eguna 2026
Apirilak 11, larunbata
12:30 Poteo musikatua: Berakatz taldea
15:00 Gazte bazkaria + bingo musikatua, parke berdea
17:30 Patxangoi! elektrotxaranga
21:00 Kontzertuak: The Lio + Hesituak + Muxutruk erromeria + DJ Pipi, parke berdea








