Sareak

Herriak

Ugaok otsailean abiaraziko ditu kirol-jarduerak El Jaron, hainbat berritasunekin

|

El Jaroko spinning gela // Ugaoko Udala

El Jaro kiroldegiko zerbitzua Guedan enpresari esleitu ostean, Ugaok otsailaren 1ean martxan jarriko ditu kiroldegiko 2021eko ikastaroak eta Udalak adierazi du astean zehar gutxienez 32 ordu programatuko direla monitore batek zuzenduko dituen kirol jardueretarako. Jarduera guzti horien berri izateko, zentroak etxe guztietara bidaliko ditu kirol-jarduera guztien inguruko liburuxkak.

Ur jarduerei dagokienez, astelehen eta easteazkenetan eta astearte eta ostegunetan antolatuko dira saioak: 4 urteko umeen familiarizazio ikastaroa 17:00etatik 17:30etara eta 19:00etatik 19:30era prestatuko dute; 5 urteko umeen hastapen ikastaroa 17:30etatik 18:15etara; 6 urteko umeen hobekuntza ikastaroa 18:15etatik 19:00ak arte prestatuko dute; eta 7 eta 11 urte bitarteko aurren ‘estiloakikastaroa 19:30etatik 20:15ak arte prestatuko dute.

Muskulazio-makinak // Ugaoko Udala

Barrutiko jarduerei dagokienez, astelehen eta asteazkenetan Pilates (18:00etatik 19:00ak arte), Combigym (19:00etatik 20:00ak arte) eta spinning (18:00etatik 19:00ak arte) antolatuko dituzte. Astearte eta ostegunetan, ordea, GAPC (18:30etatik 19:30ak arte), Yoga (10:15etatik 11:45ak arte edo 19:30etatik 21:00ak arte) eta spinning klaseak antolatuko dituzte, 18:30etatik 19:30ak arte edo 19:30etatik 20:30ak arte.

Hobekuntzak kiroldegietan

“Inbertsio handia egin dugu kirol-instalazioak eta ekipamenduak berritzeko. Fitness- gela berria dugu, makineria berrituarekin, jarduera-gela ere berritu egin dugu eta spinning gelarako bizikleta berriak erosi ditugu. Ikastaroen programazioa ere indartu egin dugu. Zerbitzu honi instalazio modernoak eta kalitatezko kirol-programazioa gehitu nahi izan dizkiogu, bizimodu osasungarri baten aldeko apustua eginez eta bizilagunek kirol-modalitate desberdinak praktikatu ditzaten”, adierazi du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak.

Igerilekuak // Ugaoko Udala

Bai El Jaron, bai Arandian, Udalak zenbait hobekuntza egin ditu urte berri honi begira: “Ahalik eta zerbitzurik eta arretarik onena eskaintzeko helburuarekin, kontratu berrian, langileen lan-baldintzak hobetzeaz gain, garbiketen maiztasuna indartuko da, bai aldageletan, bai komunetan, eta desinfekzio lanak ere areagotu egingo dira, gutxienez egunean bitan eginez (goizez eta arratsaldez)” azaldu dute Udaletik, horretarako garbiketa industrialeko makina berriak erosiz: lurra garbitzeko makina industriala, hidrogarbiketa makina eta ur-hauts xurgagailua. Aipatutakoaz gainera, ostegun eta ostiraletan zentroetako kanpoko zein barruko kristalak garbitzeko enpresa espezializatua kontratatu dutela azaldu dute Udaletik.

Informazio osotuagoa nahi izatekotan, kiroldegira deitu dezakete interesdunek (94 648 05 07) edo kiroldegia.ugao@bizkaia.org helbide elektronikora idatzi.

 

 

☉ Galdakao

Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

|

Auzoakeko bi zinegotziak Galdakaoko osoko bilkura batean // Geuria

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.

Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.

“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Golden Boys arrigorriagarraren ‘Barrayada’ album berriak taberna giroak musikaratu ditu

Martxoan eskualdean izango ditugu eta Arrigorriagako Gaztetxean Soinuarri Elkarteak antolatutako gau berezi batean, ‘Katilu’ eta ‘Neftali and Cowboy Angels’ herriko taldeekin

|

Plateruenan bizitako momentu bat // Golden Boys

“Normalean buruko mina ematen dizkiguten kontu pertsonal eta sozialak tabernetan azalarazten ditugu, batzuetan tabernarien bitartez, ta besteetan tabernako produktuen bitartez, modu batean edo bestean arazoei konponbide bat bilatuz”. Horregatik, ‘Barrayada’ izeneko 10 abestiz osatutako albuma argitaratu berri du Arrigorriagako Golden Boys taldeak, eta hilabete honetan bertan zuzenean aurkeztuko dituzte: otsailaren 12an eta 13an Langreo eta Xixonen arituko dira.

Martxoan eskualdean izango ditugu eta Arrigorriagako Gaztetxean Soinuarri Elkarteak antolatutako gau berezi batean, ‘Katilu’ eta ‘Neftali and Cowboy Angels’ herriko taldeekin.

Diskoaren abestien oinarria iraganean dutela azaldu dute Arrigorriagakoek eta bertan “konklusioak” bilatzen saiatzen direla, amodio gaitzak, errefusa, zigorra, ihesaldiak… eta antzeko gaiak jorratuz, perspektiba pertsonaletik.

Golden Boysen bigarren lana da ‘Barrayada’ eta Izar Records estudiokoek grabatu zuten Durangoko Plateruena aretoan. “Aurrekoarekin alderatuta, disko hau “profesionalagoa” dela esan genezake, estudio profesional batean grabatu dugulako”, azaldu dute taldetik.”Aurrekoa gure lagun baten laguntzarekin eginda zegoen. Disko berri honetan grabatzeko material gehiago, espazio gehiago… ezagutza gehiago dago”, nabarmendu dute.

Gehien nabari izan duguna zuzendaritza lana izan da: estudioko jendeak, behin ezagututa zein musika mota jotzen genuen, gutxi gora behera bazekien zein ahalegin egin behar genituen gure estiloa eta soinu kalitatea mantentzeko…”. Bestalde, Arrigorriagakoek taldeko konposizioa aldatu dute eta disko berri honetan bateria eta baxu berriak dituzte, eta beren estiloa nabari dela diote.

CD formatuan atera duten arren, ‘Barrayada’ binilo formatuan gehiago kaleratzeko asmoa dutela aitortu dute.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Galdakao-Usansolo ospitaleko metro geltokia eraikitzeko lanak apirilean hasiko dituzte

Garcia Chueca Mugikortasun sailburuak atzo jakinarazi zuen Usansolok geltoki bakarra izango duela metroaren 5. Linean: ospitalaren ondoan eraikiko dutena

|

Metroaren 5. Lineako obren inguruko azalpenak atzo Usansolon // Irekia

Metroaren 5. Lineako obrak bisitatu zituzten atzo Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak.

Sarratu eta Galdakao-Usansolo ospitalearen artean dauden 6,3 kilometroetatik dagoeneko 1,2 kilometro luzerako tunela hondeatu dute, tunel osoaren % 20a.

Gaur egun, Euskal Trenbide Sarea (ETS) Ibaizabal ibaiaren azpian ari da hondeaketa-lanak egiten Usansolon, ospitalearen eta herriaren arteko bidearen erdian, eta geltokiko sarbideak ere ari dira egiten.

Eta, atzoko bisitan obrako teknikari batek zehaztu zuenez, eta Deia egunkariak publikatu duenaren arabera, ospitaleko metro geltokia eraikitzen hasteko lanak apirilean hasiko dituzte.

Geltoki bakarra Usansolon

Garcia Chueca sailburuak atzo jakinarazi zuen Usansolok geltoki bakarra izango duela metroaren 5. Linean, ospitalearen ondoan eraikiko dutena, hain zuzen.

“Usansolok beste geltoki bat izateko baldintza teknikoak ez dira betetzen”, esan zuen: “Ez dugu itxaropen faltsurik sortuko”. 

Ildo horretan, Mugikortasun sailburuak ziurtatu zuenez, “proiektuak Usansoloren eskaera gehienei erantzun die”, eta geltoki berria Euskotrenen egungo geltokia baino “modernoagoa, seguruagoa eta eskuragarriagoa” izango dela azpimarratu zuen.

Usansoloko herritarrak, ordea, ez daude erabaki horrekin pozik. Eta horren adibide da azken bi urteetan egin dituzten protestak, elkarretaratzeak eta manifestazioak.

Geltokia Erdigunean plataformak ospitaleko geltokiaz gain, herri erdigunean beste geltoki bat egotea aldarrikatzen du: “Ospitalerako programatutako geltokia Usansoloko erdigunetik urrun egongo da, ez da irisgarria izango. Gainera gauetan puntu beltza eta arriskutsua izango da”.

Plataformatik euren haserrea azaldu zuten atzo: “Udalerri oso baten mugikortasunari argi eta garbi kalte eragiten dion proiektu bat ez litzateke entzuteko eta kontrastatzeko prozesurik gabe aurrera atera behar”.

Otsailaren 3an kontzentrazioak egingo dituzte San Nikolas Plazan, Euskotreneko sarreran (10:30etik 11:00etara), Sabin Etxean (11:15etik 11:45era) eta Bizkaiko Foru Jauregian (12:00etik 12:30era).

“Plataforman ez gara geldituko erdiguneko geltokia lortu arte, beraz, otsailaren 3an, Bilbora hurbilduko gara beste behin. Aldundiak ez du gure bilera-eskaera erantzun eta bada garaia entzun gaitzaten. Ea haien atean izanda erantzuteko grina duten”, esan dute plataformatik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak hiru etxebizitza eskaini dizkio Foru Aldundiari Santa Isabelen babestutako 50 etxebizitza eraikitzeko

Santa Isabeleko babes ofizialeko etxebizitzen proiektua Foru Aldundiaren erantzunaren zain dagoela adierazi du David Cidre hirigintza zinegotziak

|

Santa Isabel auzoko etxebizitzak // Geuria

Osoko bilkura egin zuten atzo Arrigorriagako udaletxean, eta aztertutako gai guztien artean Udalak Santa Isabel auzoan eraiki nahi dituen 50 etxebizitzena ageri da.

Arrigorriagako Udalak Babes Ofizialeko 50 etxebizitza eraiki gura ditu Santa Isabeleko 53. zenbakiko orubean. David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitza zinegotziak azaldu zuenaren arabera, bertan “arazo tekniko” bat agertu da: “Hainbatetan elkartu gara Eusko Jaurlaritzaren zuzendariarekin eta gure asmoa, HAPOan adierazten den moduan, babes ofizialeko 50 etxebizitza eraikitzea da. Baina lurzoru horren erdia Arrigorriagako Udalarena da, eta beste erdia, Foru Aldundiarena”.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak eskatu zuen negoziazioa Bizkaiko Foru Aldundiarekin egin behar zela. “Foru Aldundiko ordezkariekin berba egin ostean, aurrera egiteko prest agertu zen, baina trukean Eusko Jaurlaritzak lau pisu lagatu behar zizkiola”, zehaztu du Cidrek.

Proposamen horren ostean, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko ordezkariak Arrigorriagakoekin elkartu eta “hasierako akordio batera” heldu zirela adierazi du EH Bilduko zinegotziak: “Hiru aldeen artean akordio bat sortzeko lan egiten hasi ginen. Udalaren partetik, gure asmoa lurzoru horiek doan ematea zen baina Denis Itxaso Gonzalez Eusko Jaurlaritzako Hirigintza eta Hiri-agendako aholkularia denetik, Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarriak dohainik laga behar dituzte Udalek. Dohainik ez badira ez dituzte onartuko”.

David Cidre, atzoko osoko bilkuran // Arrigorriagako Udala

Horiek horrela, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean hasierako akordio bat bazegoen, Eusko Jaurlaritzak proposamena baztertu du azken momentuan. “Eusko Jaurlaritzaren arabera, akordio hori garestia izan daiteke, gainontzeko udalerriek lurzoruak doan ematen ari direlako. Egoera horretan zail ikusten dute akordio bat sinatzea”. Erantzunaren aurrean, Arrigorriagako udal ordezkariek proposamena helarazi zuen Foru Aldundira eta ezezkoa jaso zuten.

Proposamen berri bat egiteko ahaleginetan, Udalak hiru etxebizitza eskaini dizkio Foru Aldundiari: libre egoeran dauden bi eta genero indarkeriako beste bat. “Horren truke Foru Aldundiaren lursaila lortuko luke Arrigorriagako Udalak, babes ofizialeko 50 etxebizitza horiek eraiki ahal izateko”. Foru Aldundiak proposamena jaso eta aztertuko duela adierazi dio Arrigorriagako Udalari. Horrenbestez, gaia Aldundiaren erantzun ofiziala jaso arte etenda uztea erabaki da.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela

Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

|

2023ko hauteskunde kanpainan aurkeztu zirenetatik 12k Auzoak taldea utzi dute // Geuria, artxiboa

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.

“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.

Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.

“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.

Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”

Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.

“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.

Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.

“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.

Osorik irakurri