☉ Zaratamo
Adolfo Agirre: «Antzina errespetuak presentzia handigoa zuen frontoian. Gaur zaratak zaleen kantuak isildu ditu»
Pilotari eta Upomendi Pilota Eskolako monitore ohiak antzinako garaiak frontoira ekarri ditu eta gaur egungo esku-pilotaz luze mintzatu gara berarekin Elexalden

Adolfo Agirre Urrutikoetxeak (Zaratamo, 1946) frontoiaren inguruan eraiki du bizitza. Zaratamar gehienek ezagutzen dute, gaztetan esku-pilotara jokatu zuelako, baina bereziki Upomendi Pilota Eskolan harrobi izugarria sortu izan duelako 90. hamarkadaren bigarren erdialdetik 2006 urtera arte. Agirrek Upomendin eskainitako klaseetatik igaro dira Danel eta Ander Elezkano anaiak eta Mikel Urrutikoetxea bezalako pilotariak, besteak beste. Esku-pilota beste modu batean bizi zela aitortu digu Adolfok eta gaur egun frontoietako zaratak zaleen kantuak estali dituela dio.
Esku-pilota bera eta berau praktikatzen duten pilotariek kirolari beste enfoke bat eman diotela azaldu digu. Oraingo honetan Elexaldeko frontoiko argiak itzalita daude eta harmailak hutsik. Hotz egiten du eta berba egin dugun bitartean, herriko pilotarien garaikurren erakuslehioa kontenplatu dugu, zaratamarrei poztasuna ekarri dieten herriko kirolarien txapelak ikusten eta antzinako partidak gogora ekartzen.

Zer da Zaratamo Adolfo Agirrerentzat? Dena da Zaratamo niretzat. Hemen jaio eta bizi izan naiz 78 urtez. Bertan bizitza antolatu izan dut, lan egitera Basaurira joaten nintzen, eta bueltan herriko frontoian ordu ugari ematen nituen, egunez egun.
Beraz, Zaratamo eta esku-pilota izan dira zure bi aldagai nagusiak? Bizitzaren alde oso handi bat esku-pilotari eskaini nion. 20 urteak bete arte gogor eman nion esku-pilotari, eskuan lesio garrantzitsu bat izan arte. Palara ere jokatu izan nuen, Araban, Federazioen Txapelketan parte hartuz. Bertan, nik Arabarekin jokatu arren, Bizkaitarrak ziren onenak, eta Nafarroa, Asturias, Madril… leku askotako jokalariak zeuden. Etapa hura amaitu zenean esku-pilotako zaletu eta monitore bezala ere aritu izan naiz, eta 1994tik 2006ra Zaratamoko esku-pilota monitore bezala egon nintzen Danel Elezkano eta Mikel Urrutikoetxea bezalako haurrei irakasten.
Bizkaiko esku-pilotaz hitz egiten denean Zaratamo erdigunean kokatzen dute askok eta askok. Elezkano eta Urrutikoetxearekin berba egiteko aukera izan dugunean herriko funtsezko hiru ardatz aipatu dizkigute: eskola, plaza eta frontoia. Hau horrela da? Zalantzarik gabe. Horrela izan da betidanik (irribarre egiten du).
Nola gogoratzen dituzu Frankismoaren garaiko esku-pilota, gaur egungoarekin alderatuz? Eskolatik irteten ginenean egiten genuen lehen gauza frontoira joatea zen, zuzen-zuzenean. Garai hartan joan gintezken leku urrunena Arrigorriaga izan ohi zen, eta hala ere esku-pilotara jokatzeko ez zegoen inolako debekurik.
Orduan ez da aldaketarik eman esku-pilotaren munduan? Bai noski! (barreak). Nire ustez, esku-pilota profesionalagoa zen antzina. Garai hartako materiala eta gaur egungoa ere oso diferenteak dira;jokoari dagokionez, gaur egun boleaz asko jokatzen da eta lehen, aldiz, botearekin; eta aldaketa benetan sakona nabari izan dut giroan, orokorrean. Antzinako apustuen kontua terriblea zen eta jende askok dirutza galdu zuen esku-pilotako partidetan. Hala ere, partidetako giroa zoragarria izan ohi zen; gaur oihuak nagusi dira frontoian, eta antzinako xarma hori galdu dela uste dut. Gaurko giroak antzekotasun handia dauka saskibaloikoarekin, baina ez futbolak duenarekin, eh? ezin dira giro bi horiek nahastu!

Ia bi hamarkada eman ditu Agirrek entrenatzaile lanetan / Geuria
Zer gertatzen da futbolarekin? Harmailetan askotan bizitzen den giroa ez da batere sanoa. Zaleek beraiek sortzen duten giroa onartezina da eta askotan liskarrak sortzen dira.
Egoera hauek frontoian pentsaezinak dira. Ez dut sekula horrelakorik bizi izan. Futbolean, ostera, denok ezagutzen dugu Messi, Ronaldo… jokalarien izenak etxean ezagunak dira eta ume askok maite dituzte. Oso garrantzitsua da haur eta gazte horiek futboleko harmailetan ematen den giro txar hori ez bizitzea. Frontoian, bestalde, errespetuak presentzia handiagoa zuen antzina. Gaur egun zarata handiagoa entzuten da partidetan eta zaleen abestiak ez dira ulertzen.
Eta zer esan ahal didazu pilotarien arteko giroaz? Frontoian zein aldageletan giro izugarria egon da betidanik. Elezkano zein Urrutikoetxearekin izandako partidetan horixe bera ikusi dut nik neuk. Giro hori oso berezia da, ileak lazteko modukoa, egia esan.
Danel eta Mikel entrenatu zenituen gazteak zirela 1994 eta 2006 tarteko etapa hartan. Nola gogoratzen duzu entrenatzaile bezala bizitako garai hura? Garai hartan benjamin, alebin, haur eta kadete kategorietako gaztetxoen monitore lanak egin nituen. Benetan gozatu nuen garaia izan zen hura eta egiten nuen hark betetzen ninduen. Eta egia esateko, nik uste dut gaur egun kutsu hori mantentzen duela Upo Mendi Eskolak, nolabait. Gaur egun, nik debalde egiten nuen lan horren truke monitoreei ordaintzen diete. Hori izan daiteke ezberdintasun bakarra.

Baina hori txarra al da? Ez du zertan txarra izan behar. Gaur egun, monitore batek diruaren truke egiten du lan. Dirurik ez badago, ez dago entrenamendurik. Nik goizean zehar Aperribaiko Guinea Hermanos enpresan lan egiten nuen eta arratsaldeak frontoian ematen nituen, umeei irakasten. Larunbat eta igandetan ere bertan izaten nintzen, pilotari kolpeak ematen. Gaur pentsaezina da lan bat izanik pertsona batek doako klaseak ematea eguneko gainontzeko orduetan.
Pilotarekiko zaletasuna handia da zure kasuan, baina baita Zaratamoko Upomendi Pilota Eskolatik igarotako ume jakin batzuenean ere, ezta? Danel Elezkanok eta Mikel Urrutikoetxeak egun osoa ematen zuten frontoian. Eskola orduak astearte eta ostegunetan ziren, baina askotan astelehenetan zeuden biak frontoian. Beren zaletasuna ikaragarria zan. Eskola orduetan ere asko nabari zen biek zeukaten jarreran. Urrutiren kasuan oso argal gogoratzen dut. Jostorratz bat zirudien esku-pilotara jokatzen zuenean eta aldi berean sekulako pilotakadak ematen zituen (barre egiten du). Urruti dinamita zen zazpi urte zituela. Kanpora gindoazen bakoitzean jendea zur eta lur geratzen zen Mikelen kolpe ikuskizunarekin. “Mikelen familian ba al dago gorputz hain mehea eta hainbesteko indarra duen bestelako seniderik?”, galdetu zidaten behin. Hala da, Mikel aitite biak holakoak ziren, paregabeak ere! Danel bost urterekin frontoian zegoen, esku batean ogitartekoa eusten. Jaiotzetik arazoak izan zituen eskumako besoarekin eta horixe landu zuen esku-pilotaren bidez, bere aita Jokinek, behin medikutik etorri zela hala eskatuta. Sakeak eskumarekin egitera ikasi zuen eta horrexegatik da eskumarekin sakeak egiten dituen ezkertiar bakarra. Izugarri hobetu da harrezkeroztik, txapela kentzeko modukoa.

Zuk zeuk bata zein bestea esku-pilotan trebatu dituzu. Harro al zaude? Harro baino harroago, bai noski! Eurekin harremana izaten jarraitzen dut eta elkartzen garen bakoitzean gaia bakarra da: esku-pilota. Ez dago besterik! (barreak).
Eta garai hartako harrobia gaur bertan berreskuratzea posible da? Zergatik ez? Gaur egun ume askok gogotsu hasten dituzte esku-pilota klaseak, baina adinean aurrera egin ahala egoera zailtzen da. Baina denborak aurrera egin ahala gero eta gehiago ikasten hasten dira eta esku-pilota bigarren maila batean uzten dute. Gainera, gaur egun ez dut antzina ikusten nuen motibazio bera ikusten gazte gehienengan eta frontoian “mantentzea” zailagoa da. Antzina ez zen ahaleginik egin behar umeak frontoian jokatzen egoteko gurasoak harmailetan zeudelako eta horrek motibaturik mantentzen zituztelako. Gaur, ostera, ume asko frontoian “aparkatzen” dituzte eta hori ikustean, eta egoera horren aurrean, normala da bost urteko ume batek plazara ospa egitea. Niretzat meritu izugarria dauka haurrak frontoiko entrenamendu-saioetara ikustera joateak.

☉ Zaratamo
Apirilean hasiko dituzte Zaratamoko Iragorri eta Urdinbide auzoak lotzen dituen errepidea konpontzeko lanak
Aurreko lanetan lez, asfaltatze lanak egingo dituzte eta galtzada bera zabalduko dute Zaratamoko auzo biak lotzen dituen errepidean

Datorren urteetarako Zaratamoko foru errepide guztiak konpondu nahi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide Sailak, eta egun hauetan, neurketak egiten ari dira eraberritu beharreko errepide zati jakin batzuetan.
Horien artean, Iragorri eta Urdinbide auzoak lotzen dituen Bi-3702 foru errepidea ageri da. Azken zatia apirilean konpontzen hasiko dira.
Errepide horren konponketak 2023an hasi ziren, Iragorri Goikoa eta PK 13:350 eta PK 13:780 puntuen arteko zatian, hain zuzen ere, eta 2024an, Iragorritik herriko plazarainoko errepide zatiko lanei ekin zieten.
Oraingo honetan Iragorri eta Urdinbide auzoak konektatzen dituen zatia konpontzen hasiko dira eta, aurreko lanetan lez asfaltatze lanak egingo dituzte eta galtzada bera zabalduko dute.

Konpondutako Bi-3702 errepidea, basoan zehar // Geuria
BI-3702 foru errepidea 1955. urtekoa da eta historian zehar hainbat berriztapen izan dituela azaldu dute Zaratamoko Udaletik. Bertatik autoak eta oinezkoak igaro dira egunero eta Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen errepidea “lotune garrantzisua” da Zaratamoko Udalarentzat.
Moiordinetik Burbustura doana foru errepidea da ere, eta hurrengo hilabeteetan konpontzeko asmoa azaldu dute Foru Aldundiko Errepide Sailetik.

Arkotxa eta Elexalde auzoak lotzen dituen Bi-3701 errepideko lanak, iaz // Geuria
Segurtasunera bidean
Eraberritze lan horiek eginda Zaratamoko foru errepideak guztiz konponduko lituzkete, eta oinezkoentzako zein trafikoarentzako segurtasuna handituko litzateke. Horren adibide da Elexalde eta Arkotxa lotzen dituen Bi-3701 errepidean egindako lanak.
Bertan zorua eta ezpondak egonkortu, asfaltatu eta margoketa lanak egin dituzte eta semaforo bidez (zati jakin batzuetan errai bakarreko tartearekin) bideratu dute trafikoa. Gaur egun guztiz konponduta dago Zaratamoko auzo biak konektatzen dituen errepidea.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Txoko taberna itxiko dute ostiralean, Arkotxa auzoko ostalaritza kolokan ipiniz
Hamarkada bat baino gehiago ostalari lez lan egin ostean, bere sustraietara itzuliko da Enkarna eta moda tailer bat zabalduko du Galdakaon

Encarna Sanchezek, ‘Enkar-ek’ (Zaratamo, 1970) Arkotxako Txoko Tabernaren pertsiana itxiko du ostiral honetan, urtarrilaren 30ean, bertan zazpi urte eman ostean.
Gaur bi aldiz egin behar izan ditu pintxoak, lehenengo txandakoak arin batean amaitu zaizkiolako. “Negozioa utziko dudalako izango da? galdetu die bararren bestaldean garagardoak edaten zeuden betiko bezeroei.
13 urte eman ditu herriko ostalaritzan “Enkarrek: zazpi Elexalden eta beste sei Arkotxako Txoko tabernan. Familia kontuak eta lanbide honek eragindako nekeagatik utziko du negozioa. “Jende askok oraindik ez du onartu ostiral honetan taberna itxiko dugunik”, azaldu digu kafesne bat prestatzen duen bitartean. “Urte asko dira hemen lanean. Asko sufritzen den lanbidea da honako hau”. Txoko tabernak asteko zazpi egunetan zabaldu izan dizkie ateak auzotarrei, atseden hartzeko egunik gabe.
Enkar Sanchez: “Hasiera batean hiruzpalau hilabeteko lana egiteko zen eta azkenean nire bizitzako 13 urte eman ditut ostalaritzaren negozioan”
Arkotxako bizilagunentzat elkargunea da Txoko taberna. Kafesneak eta garagardoak zerbitzatzeaz gainera bertara eramaten dituzte auzotarrentzako arrautzak eta interneten bidez erosten diren pakete guztiak. Eta ez hori bakarrik, bertan lagatu izan dira Arkotxako frontoiko giltzak. “Negozioak ondo baino hobeto funtzionatzen du bertan”, dio Sanchezek, “beti dago norbait bertan”.
Jende askok ezagutzen ditu Enkarnaren hastapenak ostalaritzaren munduan, baina emakumeak bezeroen aurrean gogorarazi ditu beste behin: “Zoriak ekarri ninduen ostalaritzara”. Hiru urte zituenetik bizi izan da Arkotxan, eta heldua zelarik tabernan laguntzeko eskatu zioten: “Hasiera batean hiruzpalau hilabeteko lana egiteko zen eta azkenean nire bizitzako 13 urte eman ditut ostalaritzaren negozioan”.
Hamarkada bat baino gehiago bertan egon ostean, bere sustraietara itzuliko da Enkarna negozioaren giltzak bueltatuko dituenean. Izatez, moda diseinatzailea da eta negozioa itxi ostean ez du erretiroa hartzeko asmorik: “Ezta gutxiago ere!”, oihukatu du. “Taberna itxi bezain pronto moda tailer bat zabaltzeko asmoa daukat Galdakaon bertan”.
Arkotxa, umezurtz?
Txoko tabernaren etorkizuna galdera ikurren artean dago. Arkotxan izandako negozio askok, urteek aurrera egin ahala itxi egin dituzte, eta horrek, nolabait, herriaren alde handi bat itzali du. Txoko ateak itxi gingo dituen laugarren taberna da. Itxieraren ostean errepideraen ondoan kokatutako La Bodeguilla taberna geldituko da eta 19:00ak aldera zabaltzen ditu ateak.
Garai oparoetan saltoki eta negozio gehiago zeuden Arkotxan. Tabernei dagokienez duela 10 urte egoera oso ezberdina bizi zuten auzotarrek: frontoiaren ondoan Javiren taberna zegoen eta Dinamita auzoan La Pacheca. Batzokia ere bazegoen.
“Orain nora joango gara garagardo bat edan behar dugun bakoitzean? Auzoko negozioak desagertzen ari dira. Errealitate bat da”, azaldu du auzotar batek.
Azken egun hauetan negozioaren etorkizunaz galdetu diote pertsona jakin batzuek Enkarnari, agian negozioa berriro martxan jartzeko. “Espero dut norbaitek taberna zabaltzea, bezeroak ez zaizkiolako faltako, ziur”.
☉ Zaratamo
Arkotxako jaiak prestatzen hasteko lehen bilera antolatu dute Zaratamon
Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean

Arkotxako Jai Batzordeak lehen bilera antolatu du auzoko jaiak prestatzen hasteko.
Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean.
Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte eta osagarri jakin batzuk ekarri beharko dituzte bilerara: ideia berriak, konpromisoa, egin beharreko proposamenak errespetutik eraikitzea eta urtero bezala, egin beharreko antolaketa-lan horretan gogoa eta ilusioa erakustea.
☉ Zaratamo
San Bizenti egunak dozenaka pertsona elkartu ditu Zaratamoko Arkotxa auzoan
11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan

Joan den urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatu zuen Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoko elizaren arkupeetan.
11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan.
☉ Zaratamo
Bideoa | Abeltzainak eta mendizaleak, oreka zailean Upon gora
Azken urteetan gero eta elkarbizitza arazo gehiago gertatzen ari dira Zaratamoko Upo mendiko larreetan

Aitor Garcia Salcedok (Zaratamo, 1991) ardiz osatutako artalde txiki bat dauka Upoko belardi eta basoetan. Anaiak, Beñatek ahuntzak ditu bertan, eta Zaratamoko beste hiru pertsonek ahuntzak eta behiak dituzte. Ez dago beste inor.
Abeltzain lez, Aitor askotan joan ohi da Zaratamoko mendira abereak leku batetik bestera mugitzera bai udan eta bai udazkenean, baina azken urteetan arazo ugari izan ditu menditik ibiltzen diren pertsona jakin batzuekin.
Abenduko goiz hotz eta haizetsua da gaurkoa. Euri mehatxua dago, baino hori ez da inolako arazoa Aitorrentzat. Egun batez, artzain lanak egin ditugu berarekin. Bere 4x4ra igo eta Uporantz abiatu gara, mendiko pistetan barrena. Mendiko bide guztiak ezagutzen ditu zaratamarrak, ardiak edonondik igarotzen direlako, eta beraiengana heldu behar delako abeltzaina, noski. Lur orotako ibilgailuak edozein motako oztopoak gainditzen ditu, dinbi, danba, beti aurrera.

Aitorren familiak betidanik izan du ganadua Zaratamon. Uda garaian, ardiak eta ahuntzak mendira eramaten dituzte eta negu aldera etxera ekartzen dituzte bueltan. Abenduan ondiño mendian izaten dituzte eta ‘mendian’ esatean, mendi osoan barrena esan nahi du Aitorrek. “Animaliak Upon libre bizi dira eta gure lana behinik behin mendira igo eta ondo daudela ziurtatzea da”, azaldu du Garciak. Upo, izatez, herri basoa da eta animaliak ez ezik pertsonak ere paseoan ibiltzen dira bertatik.

Abereak, arriskuan
Autoak mendian gora egiten duen heinean ‘Debekatuta bidetik kanpo zirkulatzea-Txakurrak lotuta’ dioten hainbat kartel agertzen dira Zaratamoko eta Zeberioko Udalen izenean. “Kartelek txakurrak lotuta eraman behar direla esaten duten arren, jende askoak solte eramaten ditu txakurrak mendian”, kexatu da Garcia. Baina ez da kexa soil bat; horren atzean pisudun arrazoi bat dago: txakurrak mendian solte doazenean, bertan bizi diren abereak ikaratu ditzakete: “Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”.
“Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”
Arrazoi horregatik, Aitorrek bospa sei ardi galtzen ditu urtero egoera hauen ondorioz: “Iazko abenduan Galdakaoko aldetik zetozen mendizale birekin egin nuen topo. Txakur bat zegoen beraiekin. Kontuz ibiltzeko esan nien eta txakurrak ez zuela ezer egiten esan zidaten. Momentu batean, txakurra ardien atzetik joan zen korrika eta ardi guztiak mendian behera joan ziren ziztu bizian”.

Aitorren arabera mendira txakurrekin doan jende askok kontzientzia arazoa dauka: “Artaldeko animalia batzuk aurdun daude eta solte dauden txakur horiek sortzen dituzten ikarak estres izugarria eragiten diete. Eta animaliak amildegi batetik jausi eta bertan hil egiten ez badira estresak sortutako egoeragatik abortoak izaten dituzte. Abeltzainontzat galera oso handiak dira horiek”. Aurten hiru ardi hil egin zaizkio Aitorri. “Aurreko urteetan gehiago galdu izan ditugu”. Gainera, Aitorren esanetan, ardiak bezalako aberei ez zaie txakurrei besteko garrantzirik ematen: “Txakur bat galtzen denean jendea mobilizatu egiten da. Niri ardiak galtzen dizkidatenean, hor konpon!”.

Upoko malda handi batera heldu gara. Autoa gelditu, kotxetik jaitsi eta ardien bila irten da García. “Geldi hemen, ekarriko ditut segituan”. Eta 10 minututan ardiak kameraren aurrean daude, geldi-geldi, retratoa egiteko zain, aitorren euskal artzain txakurrek kustodiatuta. Arazoa betidanik existitu dela dio Zaratamokoak, “baina azken urteotan gero eta kasu gehiago ematen dira gure mendian, jendeak gero eta txakur gehiago dituelako etxean eta askotan, paseatzeko modu errazena horiek mendira solte eramatea da, neguan bereziki”.

Motozaleak ere mehatxu
Motokrosa praktikatzen duten motozale batzuk dira Aitorrentzat. Izatez, txakurrak lotuta eroan behar direla dioen kartel berean ibilgailuak pistetatik ibili behar direla ipintzen du. Motorren kasuan, kaltetuak ez dira mendiko animaliak bakarrik, mendia bera baizik: “Gero eta gehiago dira kanpotik (inguruetako herrietatik) datozen motozaleak eta menditik igaro beharrean gune jakin batean lotzen dira, gora eta behera, eta zorua izorratzen dute gurpilekin”.
Animalien jabe arduragabeak eta mendiko araudia errespetatzen ez dituzten motozaleek sortutako gaur egungo egoera ikusita, Upoko etorkizunaren inguruan galdetu diogu Aitorri: “Aurreikuspena ez da batere ona, egia esateko. Gu ez bagaude ez da beste inor geldituko mendian”, aitortu du begirada jaitsiz. “Gakoa kontzientzia sortzean dago, elkarbizitza posible baita”.











