☉ Zaratamo
Jokin, Izai eta Ibon, frontenis jokalariak: «Abenduan jokatutako finalak jendea motibatu du frontenisean aritzeko»
Jokin Manzano, Izai Mardaraz eta Ibon Ayestarekin elkartu gara Elexaldeko pilotalekuan frontenisa azken boladan herrian izaten ari den ohiartzunaren inguruan berba egiteko
Frontenisa iratzartu da Zaratamon. Iazko abenduan Bizkaiko frontenis txapelketako finalak jokatu ziren Bilboko La Esperanza pilotalekuan eta bertan Upo Mendiko pilota taldeko bikote bi lehiatu ziren: Izai Mardaraz eta Ivan Hernandez alde batetik eta Jokin Manzano eta Arkaitz Martinez, bestetik.
Bigarren mailako seniorretan Zaratamoko bi bikoteak iritsi ziren finalera: Alde batetik Izai Mardarazek (Zaratamo, 2001) eta Ivan Hernandezek jokatu zuten eta beste bikotea Jokin Manzanok (Arrigorriaga, 1997) eta Arkaitz Martinezek osatu zuten.
Azkenean Jokinek eta Arkaitzek irabazi zuten bi seteko aldearekin (8-13 / 9-8 / 10-4). “Urte askoren ondoren, aurten modalitate berri bat daukagu Zaratamon, eta oso maila altua erakutsi dute gure kirolariek”, azaldu zuen urte amaieran Mikel Gomezek Zaratamoko Upo Mendi pilota taldetik. Eta hala da, garaipen horrekin aisialdiarekin erlazionatu ohi den frontenisa lehen mailara eraman dute Zaratamoko gazteek eta entrenamendu saio batean izan gara Jokin, Izai eta Fronteniseko arduraduna den Ibon Ayestarekin (Zaratamo, 1979).
Aurten, esku pilota ez ezik raketarekin kolpatutako pilotakadak ere entzungo dira Elexalde eta Arkotxako pilotalekuan eta bertan mantentzea da kirolarien asmoa.

Jokalariak, frontenisean, Zaratamoko Elexalde auzoko pilotalekuan // Geuria
Nolakoa izan zen joan den abenduan Bilboko La Esperanza pilotalekuan bizitako esperientzia? Espero zenituzten emaitza horiek Bizkaiko frontenis txapelketan?
Izai Mardaraz: Lehenengo partidari dagokionez, diferentzia handia egon zen bi bikoteen artean eta azkenean Gernikakoek irabazi zuten, erraz, egia esateko. Bereziki lehenengo seta. Bigarrena ere irabazi zuten baina gehiago kostatu zitzaien. Gure partidari dagokionez, oso orekatua egon zen. Lehenengo seta guk irabazi genuen 13-8ko emaitzarekin. Bigarrena zuek [Jokini erreferentzia eginez] irabazi zenuten 10-4ko emaitzarekin.
Jokin Manzano: Bai, hala da. Hutsegite gehienak akats arinak ziren. Hirugarren seta izan ezik, beste biak orekatuta egon ziren eta irabaztea gogorra izan zen.
Berri onak dira frontenisaren esparruko hauek Zaratamo bezalako herri pilotazale batentzat.
I.M: Gu beti izan gara pelotazaleak. Betidanik jokatu dugu esku pilotara. Zaratamoko kirola esku pilota da, baina esan beharrekoa da ere federatuta egon ez bagara ere frontenisa beti praktikatu izan dugula. Azken urteetan Jokin Arrigorriagatik etorri da gurekin jokatzera eta Ivan Hernandezekin batera federatzeko erabakia hartu genuen.

Ibon Ayesta // Geuria
Abenduko finalaren emaitzak zer ekarri dio Zaratamori?
I.M: Final honek azken batean jendea motibatu du frontenisa praktikatzeko. Kirol hau praktikatzen hasi diren lagun batzuk ditugu, ez federatu moduan baina egia da frontenisean jokatzeko gogo handia piztu zaiela. Espero dugu aurrerago federatzeko erabakia hartzea!
Frontenisak betidanik izan du lekua pilotalekuan, baina gaur bezain beste?
Ibon Ayesta: Gaur bezain beste ez. Nik neuk praktikatu izan dut eta ordu asko eman ditut Zaratamoko frontoian entrenamendu saioak egiten. Baina modu ofizialean Bilboko La Esperanza klubean egon nintzen urte askoz. Zaratamoko beste jokalari bat ere bertan izan zen. Zaratamon ez da frontenis klubik egon. Bai ordea Bilbon, Getxon, Urdulizen, Sestaon.. Jokin, Izai eta Ivan joan den udan hasi ziren modu ofizialean frontenisean jokatzen eta beste klubetara joan beharrean Zaratamon bertan federatzea erabaki genuen, Upo Mendiko beste entrenamendu saioen artean lekua eginez. Upo Menditik baiezkoa eman ziguten eta aurrera egitea erabaki genuen.

Izai Mardaraz // Geuria
Frontenisak, beraz, bere lekutxoa hartzen ari da esku pilotaren herrian.
I.A: Bai, baina nik gutxienez ez diot lekurik kendu nahi Zaratamoko esku pilotari. Ezta gutxiago ere! (barreak). Zaratamo esku pilotaren erdigunea izan da betidanik, presentzia handien izan duen kirola, ezbairik gabe. Hori ezin da aldatu, horrela izan behar da. Frontenisaren presentzia herrian hasi egiten bada modu osagarrian litzateke. Gainera, dena ez da frontenisa; pala berrartzen hasi gara herrian ere, bai Elexalden, bai Arkotxan. Hala ere, nik esango nuke herritar gutxik jokatzen dutela frontenisera Zaratamon.
Ibon Ayesta: “Dena ez da frontenisa Zaratamon; pala berrartzen hasi gara herrian ere, bai Elexalden, bai Arkotxan”
Jokin, Izai. Zuek orduan frontenisaren aitzindariak zarete Zaratamon!
I.M: lagunen artean praktikatzen den kirola da frontenisa herritarrentzat, orokorrean.
J.M: Nire esperientziari dagokionez ere esan dezaket hori: lagunekin batera praktikatu dudan kirola izan da frontenisa betidanik. Hala ere, gure kasuan urrunago eraman dugu zaletasun hau eta Izai eta Ivanek bezala federatu nintzen. Horrela txapelketetan parte hartzeko aukera daukagu.
Nola gogoratzen dituzue lehen urteak frontoian?
I.M: frontenisari dagokionez, amak txikitan ekartzen ninduen frontoira. Sei urte izango nituen garai hartan eta Ivanekin batera jokatzen nuen. Esku pilotarekin gauza bera gertatzen zen eta urte berean hasi nintzen. Entrenamendu saioak ia egunero genituen. Frontenisa asteburuko kontua izan ohi zen, tartetxoa genuenean dibertitzeko.

Fronteniseko jokalariak, Zaratamon // Geuria
Bai, azken batean frontenisa aisialdiarekin eta lagunekin erlazionatu ohi dugu, ezta?
I.M: Hala da. Praktikatzeko kirol errazagoa da: esku pilotara jokatzen ez dakien inorekin frontoian aritzea zailagoa izan daiteke pertsona horrentzat. Frontenisa unibertsalagoa da eta jende askok daki raketa batekin pilota bat kolpatzea. Eta maila ezberdinetako pertsonen arteko partidak antolatzea askoz errazagoa da.
J.M: Ni ere sei urterekin hasi nintzen esku pilotan, baina Arrigorriagako eskolan. Hasieran jende asko zegoen. Garai hartan Ibon nire entrenatzailea zen eta pilota eskola hura ikaragarria zen. Urteek aurrera egin ahala indarra galtzen joan zen esku pilota. Nik ere utzi nuen. Frontenisa aitarekin jokatzen nuen bereziki. Gabon batzuetan raketa bat ekarri zidan Olentzerok eta momentu hartan hasi nintzen kirol hau praktikatzen Lanbarketako frontoian. Betidanik gustatu zait.
Jokin Manzano: “Gabon batzuetan raketa bat ekarri zidan Olentzerok eta momentu hartan hasi nintzen kirol hau praktikatzen Arrigorriagako Lanbarketako frontoian”

Jokin Manzano // Geuria
Umeak nagusitu ahala, ikasketengatik edo eskolaz kanpoko jarduerengatik esku pilota alde batera uzten dutela askotan entzun da: Danel Elezkanok berak, Rodolfo Agirrek edo Mikel Urrutikoetxeak esan digute behin baino gehiagotan. Frontenisa eta esku pilota alderatuko bagenitu, nolako bilakaera izan dutela esango zenukete?
J.M: Nire kasuan, esku pilota uztearen arrazoi nagusia denbora falta izan zen. Ikasketei denbora gehiago eskaini behar nien eta esku pilotari ezin nizkion ordu gehiago eman. Izaik lehen esan bezala, frontenisa asteburuetako kontua zen, denbora librea nuenean. Frontenisa praktikatzeko ez neukan ordutegi zehatzik. Esku pilota klub batean jarraipena zurrunagoa da eta gutxienez entrenamendu saio bat izango duzu beti.
Aurrera begira, zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak frontenisari dagokionez?
I.M Txapelketetan murgilduta gaude egun hauetan. Hurrengo urteari dagokionez, bi taldeak lehenengo mailan jokatzeko sailkatu gara eta erronka nagusia horixe izango da: lehenengo mailan mantentzea.
I.A: Hasi dira eta ez dira geldituko! Jokin eta biok palarekin hasi gara ere eta besteak trinketean hasi dira. Frontenisaren esparruan modalitate ezberdinetan jokatzen hasi dira eta egun bateko txapelketatan parte hartuko dute, besteak beste.
J.M: Nik, esaterako ez nuen trinketea ezagutzen eta aurkikuntza hori frontenisean federatzearen ondorio zuzen bat izan da. Federatu naizenetik, gainera, txapelketa eta lehiaketa askoren berri daukat, lehen ez bezala.

Jokalariak, frontenisean // Geuria
Eta amaitzeko, abenduan jokatutako finaleko emaitza onak ikusita nolako mezua helaraziko zenieke frontenisean hasteko asmoa duten Zaratamoko gaztetxoei?
I.M: Lotsa alde batera uztea! Jende askok bere burua gutxiesten du eta askotan izena ematera ez dira ausartu egiten. Hori entrenamendu saioak egiten hobetzen da. Upo Mendin lekua dago denontzako!
J.M: Gainera, zenbat eta parte-hartzaile gehiago, orduan eta maila gehiago egongo dira eta maila jakin bateko kirolariekin entrenatzea askoz errazagoa izango da.
☉ Zaratamo
Arkotxako jaiak diseinatzen hasteko lehen bilera antolatu dute Zaratamon
Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean

Arkotxako Jai Batzordeak lehen bilera antolatu du auzoko jaiak prestatzen hasteko.
Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean.
Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte eta osagarri jakin batzuk ekarri beharko dituzte bilerara: ideia berriak, konpromisoa, egin beharreko proposamenak errespetutik eraikitzea eta urtero bezala, egin beharreko antolaketa-lan horretan gogoa eta ilusioa erakustea.
☉ Zaratamo
San Bizenti egunak dozenaka pertsona elkartu ditu Zaratamoko Arkotxa auzoan
11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan

Joan den urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatu zuen Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoko elizaren arkupeetan.
11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan.
☉ Zaratamo
Bideoa | Abeltzainak eta mendizaleak, oreka zailean Upon gora
Azken urteetan gero eta elkarbizitza arazo gehiago gertatzen ari dira Zaratamoko Upo mendiko larreetan

Aitor Garcia Salcedok (Zaratamo, 1991) ardiz osatutako artalde txiki bat dauka Upoko belardi eta basoetan. Anaiak, Beñatek ahuntzak ditu bertan, eta Zaratamoko beste hiru pertsonek ahuntzak eta behiak dituzte. Ez dago beste inor.
Abeltzain lez, Aitor askotan joan ohi da Zaratamoko mendira abereak leku batetik bestera mugitzera bai udan eta bai udazkenean, baina azken urteetan arazo ugari izan ditu menditik ibiltzen diren pertsona jakin batzuekin.
Abenduko goiz hotz eta haizetsua da gaurkoa. Euri mehatxua dago, baino hori ez da inolako arazoa Aitorrentzat. Egun batez, artzain lanak egin ditugu berarekin. Bere 4x4ra igo eta Uporantz abiatu gara, mendiko pistetan barrena. Mendiko bide guztiak ezagutzen ditu zaratamarrak, ardiak edonondik igarotzen direlako, eta beraiengana heldu behar delako abeltzaina, noski. Lur orotako ibilgailuak edozein motako oztopoak gainditzen ditu, dinbi, danba, beti aurrera.

Aitorren familiak betidanik izan du ganadua Zaratamon. Uda garaian, ardiak eta ahuntzak mendira eramaten dituzte eta negu aldera etxera ekartzen dituzte bueltan. Abenduan ondiño mendian izaten dituzte eta ‘mendian’ esatean, mendi osoan barrena esan nahi du Aitorrek. “Animaliak Upon libre bizi dira eta gure lana behinik behin mendira igo eta ondo daudela ziurtatzea da”, azaldu du Garciak. Upo, izatez, herri basoa da eta animaliak ez ezik pertsonak ere paseoan ibiltzen dira bertatik.

Abereak, arriskuan
Autoak mendian gora egiten duen heinean ‘Debekatuta bidetik kanpo zirkulatzea-Txakurrak lotuta’ dioten hainbat kartel agertzen dira Zaratamoko eta Zeberioko Udalen izenean. “Kartelek txakurrak lotuta eraman behar direla esaten duten arren, jende askoak solte eramaten ditu txakurrak mendian”, kexatu da Garcia. Baina ez da kexa soil bat; horren atzean pisudun arrazoi bat dago: txakurrak mendian solte doazenean, bertan bizi diren abereak ikaratu ditzakete: “Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”.
“Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”
Arrazoi horregatik, Aitorrek bospa sei ardi galtzen ditu urtero egoera hauen ondorioz: “Iazko abenduan Galdakaoko aldetik zetozen mendizale birekin egin nuen topo. Txakur bat zegoen beraiekin. Kontuz ibiltzeko esan nien eta txakurrak ez zuela ezer egiten esan zidaten. Momentu batean, txakurra ardien atzetik joan zen korrika eta ardi guztiak mendian behera joan ziren ziztu bizian”.

Aitorren arabera mendira txakurrekin doan jende askok kontzientzia arazoa dauka: “Artaldeko animalia batzuk aurdun daude eta solte dauden txakur horiek sortzen dituzten ikarak estres izugarria eragiten diete. Eta animaliak amildegi batetik jausi eta bertan hil egiten ez badira estresak sortutako egoeragatik abortoak izaten dituzte. Abeltzainontzat galera oso handiak dira horiek”. Aurten hiru ardi hil egin zaizkio Aitorri. “Aurreko urteetan gehiago galdu izan ditugu”. Gainera, Aitorren esanetan, ardiak bezalako aberei ez zaie txakurrei besteko garrantzirik ematen: “Txakur bat galtzen denean jendea mobilizatu egiten da. Niri ardiak galtzen dizkidatenean, hor konpon!”.

Upoko malda handi batera heldu gara. Autoa gelditu, kotxetik jaitsi eta ardien bila irten da García. “Geldi hemen, ekarriko ditut segituan”. Eta 10 minututan ardiak kameraren aurrean daude, geldi-geldi, retratoa egiteko zain, aitorren euskal artzain txakurrek kustodiatuta. Arazoa betidanik existitu dela dio Zaratamokoak, “baina azken urteotan gero eta kasu gehiago ematen dira gure mendian, jendeak gero eta txakur gehiago dituelako etxean eta askotan, paseatzeko modu errazena horiek mendira solte eramatea da, neguan bereziki”.

Motozaleak ere mehatxu
Motokrosa praktikatzen duten motozale batzuk dira Aitorrentzat. Izatez, txakurrak lotuta eroan behar direla dioen kartel berean ibilgailuak pistetatik ibili behar direla ipintzen du. Motorren kasuan, kaltetuak ez dira mendiko animaliak bakarrik, mendia bera baizik: “Gero eta gehiago dira kanpotik (inguruetako herrietatik) datozen motozaleak eta menditik igaro beharrean gune jakin batean lotzen dira, gora eta behera, eta zorua izorratzen dute gurpilekin”.
Animalien jabe arduragabeak eta mendiko araudia errespetatzen ez dituzten motozaleek sortutako gaur egungo egoera ikusita, Upoko etorkizunaren inguruan galdetu diogu Aitorri: “Aurreikuspena ez da batere ona, egia esateko. Gu ez bagaude ez da beste inor geldituko mendian”, aitortu du begirada jaitsiz. “Gakoa kontzientzia sortzean dago, elkarbizitza posible baita”.

☉ Zaratamo
Meza, musika eta mokadutxoa prestatu dute Zaratamoko San Bizenti egunari begira
Urtarrilaren 25ean izango da San Bizenti eguna, Arkotxako elizan

Urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatuko du Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan.
Ekitaldia elizako arkupeetan antolatuko dute, urtero lez, eta 11:00etan hasiko dira mezarekin. Urte osoan zehar Arkotxako elizan egiten den meza bakarra da San Bizentikoa.
Ondoren, 12:00ak aldera musika eta mokadutxoa prestatuko dute leku berean. Udaletik herritar guztiek bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Upo Mendiko hiru bikotek hartuko dute parte Basauriko Gomazko Paleta Txapelketan
Lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia ageri dira. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak daude

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekin diote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.
Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.
Upo Mendi Klubeko pilotariak honako hauek dira: lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak ageri dira. Iazko otsailean Upo mendi klubeko jokalariekin izan ginen, frontenisaren inguruan berba egiten. Elkarrizketa hemen bertan irakur dezakezu.

Upo Mendiko gazteak // Geuria
Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira guztira, eta lehenengo mailan 10.
Txapelketa urtarrilaren 11n hasi zen eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.
Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.










