Sareak

☉ Zaratamo

Txokolatada herrikoia eta umeentzako puzgarriak egongo dira Zaratamoko Gau Beltzean

Urriaren 28an, haurrek eskolan ospatuko dute jaia, eta 31n, herritar guztientzako ekitaldiak antolatu ditu udalak Besopean Guraso Elkartearen laguntzarekin

|

Arimen Gauko mozorro tradizionalak // gaubeltza.eus

Arimen Gaua inoiz baino gogotsuago ospatuko dute Hego Uribeko herritarrek aurten. Arrigorriaga eta Ugao izan dira familia osoarentzako ekitaldiak iragartzen azkenak, eta Zaratamo ez da atzean gelditu: urriaren 28an, haurrek eskolan ospatuko dute jaia, eta 31n, herritar guztientzako ekitaldiak antolatu ditu udalak Besopean Guraso Elkartearen laguntzarekin.

Datorren ostiralean, umeentzako ipuin kontalaria egongo da Zaratamoko eskolan. Urteroko mozorroez gain, haurrek tailerrak ere egingo dituzte gelan, beldurrezko gauari ongi etorria egiteko. Astelehenean, Gau Beltzean —edo “gure Halloween” jaian, antolatzaileek esaten duten bezala—, txikienek puzgarriak, aurpegi margoketa eta eskulanak egin ahalko dituzte Elexaldeko frontoian, 17:00etatik aurrera.

Baina, umeez gain, gainontzeko herritarrentzako bilera puntua ere izango da kantxa Arimen Gauean. Herriko gurasoen elkarteak txokolatada egingo du 18:30ean, bertaratzen diren guztientzako.

Mikela Zarragak antzinako Arimen Gauaren inguruko hitzaldia egin du Zaratamoko eskolan

☉ Zaratamo

Arkotxako jaiak diseinatzen hasteko lehen bilera antolatu dute Zaratamon

Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean

|

Arkotxako jaiak 2022an // Geuria

Arkotxako Jai Batzordeak lehen bilera antolatu du auzoko jaiak prestatzen hasteko.

Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean.

Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte eta osagarri jakin batzuk ekarri beharko dituzte bilerara: ideia berriak, konpromisoa, egin beharreko proposamenak errespetutik eraikitzea eta urtero bezala, egin beharreko antolaketa-lan horretan gogoa eta ilusioa erakustea.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

San Bizenti egunak dozenaka pertsona elkartu ditu Zaratamoko Arkotxa auzoan

11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan

|

Jendea, elizako arkupeetan // Zaratamoko Udala

Joan den urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatu zuen Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoko elizaren arkupeetan.

11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Bideoa | Abeltzainak eta mendizaleak, oreka zailean Upon gora

Azken urteetan gero eta elkarbizitza arazo gehiago gertatzen ari dira Zaratamoko Upo mendiko larreetan

|

Aitor, bere artaldeari begira, Upon // Geuria

Aitor Garcia Salcedok (Zaratamo, 1991) ardiz osatutako artalde txiki bat dauka Upoko belardi eta basoetan. Anaiak, Beñatek ahuntzak ditu bertan, eta Zaratamoko beste hiru pertsonek ahuntzak eta behiak dituzte. Ez dago beste inor.

Abeltzain lez, Aitor askotan joan ohi da Zaratamoko mendira abereak leku batetik bestera mugitzera bai udan eta bai udazkenean, baina azken urteetan arazo ugari izan ditu menditik ibiltzen diren pertsona jakin batzuekin.

Abenduko goiz hotz eta haizetsua da gaurkoa. Euri mehatxua dago, baino hori ez da inolako arazoa Aitorrentzat. Egun batez, artzain lanak egin ditugu berarekin. Bere 4x4ra igo eta Uporantz abiatu gara, mendiko pistetan barrena. Mendiko bide guztiak ezagutzen ditu zaratamarrak, ardiak edonondik igarotzen direlako, eta beraiengana heldu behar delako abeltzaina, noski. Lur orotako ibilgailuak edozein motako oztopoak gainditzen ditu, dinbi, danba, beti aurrera.

Aitorren familiak betidanik izan du ganadua Zaratamon. Uda garaian, ardiak eta ahuntzak mendira eramaten dituzte eta negu aldera etxera ekartzen dituzte bueltan. Abenduan ondiño mendian izaten dituzte eta ‘mendian’ esatean, mendi osoan barrena esan nahi du Aitorrek. “Animaliak Upon libre bizi dira eta gure lana behinik behin mendira igo eta ondo daudela ziurtatzea da”, azaldu du Garciak. Upo, izatez, herri basoa da eta animaliak ez ezik pertsonak ere paseoan ibiltzen dira bertatik.

Abereak, arriskuan

Autoak mendian gora egiten duen heinean ‘Debekatuta bidetik kanpo zirkulatzea-Txakurrak lotuta’ dioten hainbat kartel agertzen dira Zaratamoko eta Zeberioko Udalen izenean. “Kartelek txakurrak lotuta eraman behar direla esaten duten arren, jende askoak solte eramaten ditu txakurrak mendian”, kexatu da Garcia. Baina ez da kexa soil bat; horren atzean pisudun arrazoi bat dago: txakurrak mendian solte doazenean, bertan bizi diren abereak ikaratu ditzakete: “Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”.

“Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”

Arrazoi horregatik, Aitorrek bospa sei ardi galtzen ditu urtero egoera hauen ondorioz: “Iazko abenduan Galdakaoko aldetik zetozen mendizale birekin egin nuen topo. Txakur bat zegoen beraiekin. Kontuz ibiltzeko esan nien eta txakurrak ez zuela ezer egiten esan zidaten. Momentu batean, txakurra ardien atzetik joan zen korrika eta ardi guztiak mendian behera joan ziren ziztu bizian”.

Aitorren arabera mendira txakurrekin doan jende askok kontzientzia arazoa dauka: “Artaldeko animalia batzuk aurdun daude eta solte dauden txakur horiek sortzen dituzten ikarak estres izugarria eragiten diete. Eta animaliak amildegi batetik jausi eta bertan hil egiten ez badira estresak sortutako egoeragatik abortoak izaten dituzte. Abeltzainontzat galera oso handiak dira horiek”. Aurten hiru ardi hil egin zaizkio Aitorri. “Aurreko urteetan gehiago galdu izan ditugu”. Gainera, Aitorren esanetan, ardiak bezalako aberei ez zaie txakurrei besteko garrantzirik ematen: “Txakur bat galtzen denean jendea mobilizatu egiten da. Niri ardiak galtzen dizkidatenean, hor konpon!”.

Upoko malda handi batera heldu gara. Autoa gelditu, kotxetik jaitsi eta ardien bila irten da García. “Geldi hemen, ekarriko ditut segituan”. Eta 10 minututan ardiak kameraren aurrean daude, geldi-geldi, retratoa egiteko zain, aitorren euskal artzain txakurrek kustodiatuta. Arazoa betidanik existitu dela dio Zaratamokoak, “baina azken urteotan gero eta kasu gehiago ematen dira gure mendian, jendeak gero eta txakur gehiago dituelako etxean eta askotan, paseatzeko modu errazena horiek mendira solte eramatea da, neguan bereziki”.

Motozaleak ere mehatxu

Motokrosa praktikatzen duten motozale batzuk dira Aitorrentzat. Izatez, txakurrak lotuta eroan behar direla dioen kartel berean ibilgailuak pistetatik ibili behar direla ipintzen du. Motorren kasuan, kaltetuak ez dira mendiko animaliak bakarrik, mendia bera baizik: “Gero eta gehiago dira kanpotik (inguruetako herrietatik) datozen motozaleak eta menditik igaro beharrean gune jakin batean lotzen dira, gora eta behera, eta zorua izorratzen dute gurpilekin”.

Animalien jabe arduragabeak eta mendiko araudia errespetatzen ez dituzten motozaleek sortutako gaur egungo egoera ikusita, Upoko etorkizunaren inguruan galdetu diogu Aitorri: “Aurreikuspena ez da batere ona, egia esateko. Gu ez bagaude ez da beste inor geldituko mendian”, aitortu du begirada jaitsiz. “Gakoa kontzientzia sortzean dago, elkarbizitza posible baita”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Meza, musika eta mokadutxoa prestatu dute Zaratamoko San Bizenti egunari begira

Urtarrilaren 25ean izango da San Bizenti eguna, Arkotxako elizan

|

San Bizenti eguneko irudia, 2020an // Geuria

Urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatuko du Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan.

Ekitaldia elizako arkupeetan antolatuko dute, urtero lez, eta 11:00etan hasiko dira mezarekin. Urte osoan zehar Arkotxako elizan egiten den meza bakarra da San Bizentikoa.

Ondoren, 12:00ak aldera musika eta mokadutxoa prestatuko dute leku berean. Udaletik herritar guztiek bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Upo Mendiko hiru bikotek hartuko dute parte Basauriko Gomazko Paleta Txapelketan

Lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia ageri dira. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak daude

|

Jokin, Izai eta Ibon, Zaratamoko pilotalekuan // Geuria

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekin diote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.

Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.

Upo Mendi Klubeko pilotariak honako hauek dira: lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak ageri dira. Iazko otsailean Upo mendi klubeko jokalariekin izan ginen, frontenisaren inguruan berba egiten. Elkarrizketa hemen bertan irakur dezakezu.

Upo Mendiko gazteak // Geuria

Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira guztira, eta lehenengo mailan 10.

Txapelketa urtarrilaren 11n hasi zen eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.

Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.

Osorik irakurri