☉ Zeberio
Bideoa | Joserra Ortiz de Vallejuelo: «Gure elkarteak Estatu mailan eta nazioartean kokatuko du Zeberio»
CARBI irrati kontrol elektrikoko auto elkartea Arrankudiagan jaio zen eta Bilbotik igaro ostean Zeberioko Ermitabarri auzora heldu da. Proiektua aurrez aurre ezagutu dugu
Jose Ramon Ortiz de Vallejuelorekin (Bilbo, 1967) elkartu gara Ermitabarriko apartamentu turistikoen ondoko lursail batean urte hasieran montatu zuten Bilboko Erradiokontrol Automodelismo Klubaren inguruan berba egiteko. Zer da? Nondik dator? Zergatik Ermitabarrin? Jose Ramonek Zeberioko auzoko pistan hitzartu gaitu galdera horiei guztiei eta beste batzuei erantzuna emateko.
Elkartea 1995ean jaio zen, eta egoitzak Arrankudiagan eta Bilbon izan ostean nora eta zeberiora heldu da. Elkartearen ateak zabalik daude bertan parte hartu nahi duen edonorentzat.

Nola sortu zen irrati kontrol elektrikoko auto Carbi elkartea sortzeko ideia? 1995ean sortu zuen automobilismoa maite duen lagun talde batek, eta Eusko Jaurlaritzan legeztatzea erabaki genuen une hartan. CARBI hitzak ‘Bilboko Erradiokontrol Automodelismo Kluba’ esan nahi du (‘Club Automodelismo Radiocontrolado Bilbao’, erdaraz).
1/10tt eta 1/8tteco autoak erabiltzen dituzue. Zer esan nahi du horrek? Autoaren tamainainari egiten dio erreferentzia, benetako auto baten 1/1 eskala oinarri hartuta. Hau da, benetako auto bat baino 10 aldiz txikiagoak dira elkartean erabiltzen ditugun ibilgailuak.
Zuen elkarteko auto guztiak elektrikoak dira. Zergatik baztertzen dituzue gasolinazko RC klasikoak? Funtsean, ingurumen kutsadura, zarata eta emisio-gasak saihesteko. Zentzu horretan etorkizuna elektrikoetan dago.
Hasiera batean proiektua Bilbon sortu zen baina Zeberiora aldatu zen. Zergatik? Arrankudiagan hasi genuen gure proiektu hau, 1996an. 2001ean Bilbao Kirolak taldearen eskutik errekaldera lekualdatu ginen. 2008an, txurdinagako kiroldegira mugitu gintuzten, koronabirusak jarduera eten zigun arte. Kirol-jarduerak bilbon hasi zirenean, instalazioak hondatuta zeuden eta Bilbao Kirolakek ez zituzten eraberritu nahi izan. Orduan, beste kokapen bat bilatzea eta proiektua gure kabuz kudeatzea erabaki genuen. Zeberio aukeratu genuen, Ermitabarri auzoko lursail bat alokatzeko aukera eskaintzen zigutellako, eta kokapena ezin hobea iruditu zitzaigun.
Kontraste handia dago Bilbo eta Zeberio artean. Zein ekarpen egiten dio Ermitabarri auzoak zuen jarduera garatzeko orduan? Argi dago kontrastea dagoela, batez ere mugikortasunari dagokionez, Bilbon metroaren sarrera zirkuituaren ondoan genuelako. Ermitabarrin, aldiz, lasaitasun handiagoa dago eta bandalismoaren arrastorik ez dago Bilborekin alderatuta. Gainera, inguru zoragarria da.
Zer da Ermitabarrin muntatu duzuena, zirkuituaz gain? Irrati-kontrol elektrikoko zirkuitu bat da, eta modulu bat ipini dugu bertan. Modulu hori pilotuentzako kronometraje-etxola eta box estaliak dira.
Nola hartu zaituzte herri berri honek? Oso ondo, zeberioztarrentzat elementu ezezaguna ginen, baina orain jendea pozez zoratzen dago udalerrian kirol-jarduera bat gehiago izateaz, haurrak eta ez hain haurrak kirol polit honetaz gozatzera eraman ahal izateko.
Nolako jarduerak egiten dituzue bertan? Gure klubean Espainiako txapelduna eta 1/10tt kategoriako Europako txapeldunordea izateko zortea dugu. Bertan entrenatzen eta prestatzen ditu bere nazioko eta nazioarteko lehiaketak, eta Bizkaiko txapelketa ere egiten dugu.
Ermitabarriko instalazioez gain, pistetatik kanpo egin daitekeen zaletasuna da da honako hau, edo araudi espezifikoren bat dago? Autoak leku gehiagotan erabil daitezke, baina egokiena horrelako instalazio batean egitea da, segurtasunagatik eta ahalik eta gozamen handienarekin.
Zer ekitaldi eta lehiaketatan parte hartu duzue elkartea sortu zenutenetik? Espainiako 15 txapelketa eta Europako bat antolatu ditugu 2009an txurdinagako kiroldegian. Bertan 18 herrialdetatik etorritako 300 pilotu baino gehiago bildu ziren. Benetan arrakastatsua izan zen, bai Bilborentzat eta baita, eragin mediatikoari dagokionez: estatu mailako hainbat hedabidetan emititu zen Bilbon bizitako esperientzia hura.
Zure kasuan, Joserra, nolakoa izan zen zaletasun honekin izan zenuen lehen kontaktua? 1996an erosi nuen nire lehen irrati-kontroleko autoa eta harrezgeroztik nabil mundu honetan murgilduta. Zoragarria izan zen Fernando Alonso pilotoa tamaina txikian emulatzea. Esan behar dut gustatuko litzaidakela zaletasun honi denbora gehiago eskaintzea, baina gaur egun asteburuekin konformatzen naiz.
Edonorentzat eskuragarria al da zaletasun hau? Hobby hau bizikleten munduarena bezalakoa da: bertan 150 eurotik aurrerako inbertsioak egin daitezke. Mugak erabiltzaileak berak zehazten ditu.
Zein da CARBIren helburua gaur egun? Gure jarduera zabaltzea eta praktikatzeko leku bat izatea.
Elkartea zabalik al dago kide berrientzat? Bai, noski! bazkideek 120 euroko kuota ordaindu behar dute eta horrekin instalazioetarako sarbidea dute.
Diru horrekin instalazioaren mantentze- eta alokatze-gastuei aurre egiten diegu, gastu guztiak guk ordaindu behar ditugulako eta hasierako inbertsioa handia izan delako: moduluak, hesiak, belar artifiziala, hodiak etab.
Aurrera begira, zer nolakoa da ikasturte honetarako egutegia? Hilean behin, Bizkaiko Txapelketaren lasterketa bat antolatzen dugu. Bertan, pilotuak etortzen dira beste probintzietatik, Frantziako hegoaldetik… Hori dela eta, honek guztiak herriko ostalaritzari mesede egiten dio, eta gainera Estatu mailan zein nazioarteko mapan kokatzen du Zeberio. Azken, batean, publizitatea da herriarentzat. Laburbiltzearren, uste dut ona dela herriarentzat gu bertan egotea.
☉ Zeberio
Metalezko hesiak ipini dituzte gidarien segurtasuna bermatzeko Zeberioko Zubialde eta Zubibarri auzoetan
Zeberioko Udalak 22.000 euro bideratu ditu auzo bietako berritze lan hauetara

Udalak metalezko hesi berriak ipini ditu Zubialde eta Zubiberri auzoetan, trafiko istripuak egon ezkero, ezbeharrak ekiditeko. Zubialdekoa 70 metroko luzeeraduna da eta Zubibarrikoa, ostera, 110 metrokoa. Udalak 22.000 euro bideratu ditu berritze lan hauetara.
Auzo bietako hesiak porlanezkoak ziren eta Zeberioko Udaletik GEURIAri azaldu lez, urte asko zituzten dagoeneko. Zubialdeko hesiari dagokionez, iazko azaroan auto batek istripua izan zuen bertan eta hesia guztiz hondatuta utzi zuen.

Zubialdeko hesia Bi-3524 errepidean kokatuta dago, eta eginkizun nagusia foru errepidea eta Zeberio erreka bereiztea da, ibilgailuek horren kontra jotzeko balizko kasuan, luizitik jausi eta uretara erortzea ekiditeko, hain zuzen ere.
Zeberioko Udala: “Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”
“Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”, arrazoitu zuen Ekain Goti Zeberioko alkateak joan den hilabetean.
☉ Zeberio
Zeberioko udal liburutegiak antolaketa berria estreinatuko du martxoaren hasieran
“Prozesua aurrera doa baina azken ukituak falta dira”, azaldu dute udal ordezkariek

Azken hilabeteetan herritarrentzako bilera irekiak egin dituzte Zeberioko udal liburutegiari itxura berria emateko.
Izan ere, antolaketa, kudeaketa eta ordutegiari begira aldaketak proposatu dituzte. Joan den urtarrilaren 14an bigarren bilera irekia antolatu zuten liburutegian bertan.
“Prozesua aurrera doa baina azken ukituak falta dira”, azaldu dute udal ordezkariek. Asmoa martxoko lehen astean hastea da antolaketa sistema berriarekin.
☉ Zeberio
Austarri Mendi Taldeko mendizaleek buzoia ipiniko dute Kortaburu gailurrean
Asmoa eguerdi aldera Kortaburura heldu, buzoia ipini, bokata jan eta Zeberiora bueltatzea da

Martxoaren 22an egun erdiko irteera egingo dute Austarri Mendi Taldekoek Kortaburu gailurrera, Untzuetatik hurbil, eta buzoia ipiniko dute bertan.
Untzuetatik iparraldera (770 m) askatzen den kordaleko gailurrik nabarmenena da, Nerbioi eta Zeberio haranak banatzen dituena. Ibilbideak bat datoz Untzuetara iparraldetik igotzen direnekin, dela Arrankudiagatik, dela Ugaotik.
Ibilaldi herrikoia da, askotan Arrankudiaga edo Ugaotik Untzuetara egiten den igoerarekin konbinatua, ikuspegi panoramikoak eta aztarna historikoak eskainiz. Asmoa eguerdi aldera Kortaburura heldu, buzoia ipini, bokata jan eta Zeberiora bueltatzea da.
Irteera honetarako ez da beharrezkoa izena ematea. Informazioa handitzeko ipini harremanetan austarrimenditaldea@gmail.com helbide elektronikora e-posta bidaliz.
☉ Zeberio
‘Ardoa eta Arrainaren Ibilbidea’ren etapa bat egingo dute hilabete honetan Zeberioko mendizaleek
Ibilbidea otsailaren 22an antolatu dute eta izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da

Austarri Mendi Taldeak ‘Ardoa eta Arraina’ bezala ezaguna den GR38 ibilbideko etapa bat egingo du otsailaren 22an, eta izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da. Etapa hori Lagran eta Pariza artekoa izango da.
Etapa ederra izango dela azaldu dute Austarritik, “pago eta ezpel baso xarmangarri bat eta gorosti ale eder bat zeharkatuko ditugu”.
Desnibela leuna da. Lañuko irteeran, bertako haitzuloak ikusiko ditugu. Labar-kobazulo artifizialak dira, IV. mendekoak. “Hurbiltzea eta bisita egitea merezi du”. Etaparen gainerakoa lursail-sailetatik doa Pariza herriraino, eta han amaituko dugu ibilbidea.
Guztira 13,31 kilometroko luzeera izango du mendizaleek egin beharreko ibilbideak, 275 metroko desnibel positiboa eta 952 metroko garaiera erdietsiko dute. Ibilbidea norabide bakarrekoa izango da eta ordu bi eta 20 minutuko iraupena izatea aurreikusi dute.
Izena emateko austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatzi edo 665 735 054 / 656 415 597 telefono zenbakietara deitu beharko dute interesdunek. Mendi taldearen lokalera hurbildu daitezke ere interesdunak ostiraletan, 20:00ak eta 21:00ak artean.
Ardoa eta arraina, ardatz
Oiongo mahasti-lurraldeetatik Bermeoko mendateraino, GR 38k Euskadi hegoaldetik iparraldera zeharkatzeko aukera ematen du, era askotako paisaia liluragarriak gurutzatuta. Ardoaren eta arrainaren ibilbidea zazpi etapatan banatuta dago (zazpi egunetan egin daiteke) eta Oionen hasi eta Biasterin amaitu egiten da.
Euskadi.eus webgunearen arabera, ibilbide osoan zehar, gainera, gure arbasoen historia ezagutzeko parada izango dugu. Lehenago, mandazainek erabilia, oraindik ere galtzadari badario bide horretan barrena zebiltzan salgaien urrina. Mandazainak Bermeoko, Ondarroako eta Lekeitioko portuetatik abiatzen ziren, mandoak arrain freskoz eta gatzetan jarritako arrainez zamatuak zihoazela. Itzulbidean, berriz, gurdiak gariz, gatzez, ozpinez eta ardoz zamatzen zituzten.
Turismorako eta kulturarako baliatu den ibilbide honek, beraz, garai bateko ospea berreskuratu du, gure mende honetako ibiltari berriei esker. Guztira, 166 km dira.
Ibilbidea Oionetik abiatu eta Biasterirantz doa, mahasti zabal amaigabeen artean. Behin Toloño Mendiko erliebe zutak gainditua, bidea Lagran eta Albaitarantz amildu, Okinako haitzartea zeharkatu eta Estibalizen barrena sartzen da Arabako Lautadan.
Uribarri Ganboako urtegiaren paretik doa eta, ondotik, garai bateko “Vasco-navarro” trenbidearen ibilbideari jarraitzen zaio. Legutio gurutzatu ondoren, Urrunagako eta Albinako urtegien ondotik aurrera egin, Arabari agur esan, eta Otxandiok Bizkaiko ongietorria emango digu. Urkiolako inguru ikusgarrian gora egin ondoren, ibilbidea Durangoraino jaisten da, eta handik Oizko erliebeetaraino igoko gaitu. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurrak zeharkatuta, bideak Bermeo herriraino gerturatuko gaitu, eta herri hori gure bidaiaren helmuga izango da.
Ondarroako eta Lekeitioko portuek ere merkataritza-ibilbideak egin zituzten eta, XV. mendetik XVIII. mendera arte, barnealdeko lurraldeekin harremanetan aritu ziren. Bi bideak Santutxun elkartzen ziren; handik, Oiz mendiko oinetara joan eta Bermeotik zetorren ibilbidearekin bat egiten zuten.
Itsasoa, padurak, Toloño Mendilerroko beheko magalak, Urkiolako bazter malkartsuak… Ibilbideak era askotako paisaiak zeharkatzen ditu, denak bisitariak liluratzeko modukoak.
☉ Zeberio
Erreportajea | Botosani eta Zeberio lotzen dituen haria
Joan den urtarrilaren amaieran 10 urte bete ziren Mihaela Vatamanu eta bere familia Ermitabarrira heldu eta Taberna Zaharra eta apartamentu turistikoen ardura hartu zutenetik. Bere istorioa da honako hau

Mihaela Vatamanu (Botosani, Errumania, 1989) Ukrainako mugatik ordubetera dagoen Errumaniako iparraldeko Botosani izeneko hirian jaio zen. Ekonomia eta azpiegiturei begira garapen txikiko hiria bezala gogoratzen du gaur egun Ermitabarriko Taberna Zaharra eta apartamentu turistikoak kudeatzen dituen emakumeak. Urtarrilaren 30ean 10 urte bete ziren Ermitako taberna hartu zutenetik.
Familia xume baten alaba bakarra da Mihaela. Bere gurasoak langileak izan dira betidanik. Mihaelak Botosanin burutu zituen ikasketak. “Bizimodu lasaia eta sinplea neukan Errumanian. Ikasi ostean amama-aititen etxera joan ohi nintzen, lanak egiten laguntzera. Horrela diru apur bat ematen zidaten”, gogoratzen du.
Aitak ahalegin handia egiten zuen alabak ikas zedin: “Asko ikasiz gero aukera gehiago izango dituzu etorkizunean, Mihalea”, esaten zion. Zentzu horretan neskatila autonomoa izan zen betidanik txikitan: eskolara bakarrik joan ohi zen oinez, etxerako lanak bere kabuz egiten zituen. Urte batzuk geroago horrelaxe jarraitu zuen institutuan eta baita unibertsitatean ere. Ekonomia Zientzien ikasketak amaitu ostean, gaur egungo senarra ezagutu, ezkondu eta Bizkaira heldu zen, bizitza berri bat hasteko.
“Errumaniako Komunismoa amaitu eta mugak zabaldu zituztenean, ezagun askok maletak egin eta atzerrira joan ziren, Italia eta Espainiara bereziki, nekazaritzan eta pertsonen zaintzaren esparruan lan egiteko”. Mihaelaren buruan ez zegoen atzerrira joatearen ideiarik, baina batzuetan bizitza bera da erabaki horiek hartzen dituena. Izan ere, Mihaelaren beraren ikasketak ordaindu ahal izateko Italiara joan zen bere ama, etxe batean lan egitera.

Mende bateko jauzia
Duela 14 urte Bizkaira iritsi zenean, mende bateko jauzia egin zuelaren sentsazioa izan zuen Mihaelak. Bere senarra Barakaldon bizi zen garai hartan eta eraikuntzaren sektorean egiten zuen lan. Ikearen aurrean dauden eraikin erraldoietako pisu batean bizi zen. Hura izango zen Mihaelaren etxe berria.
“Botosaniko eraikin garaienak 10 solairu ditu eta nire etxea laugarren solairuan zegoen. Barakaldokoa 21. solairuan zegoen. Hona iritsi aurretik ez nuen inoiz autopistarik ikusi, eta orain A8a nuen etxe azpian. Ez neukan inolako beldurrik, baina egia da bizimodu berri honetara moldatzea asko kostatu zitzaidala”. Eta ez hori bakarrik, Botosani eta Barakaldoko erritmoen aldeak errumaniarraren arreta erakarri zuen bereziki: “07:00etan jende guztia bere lantokian dago. Hemen, berriz, saltokiak 10:00etan zabaltzen dituzte. Hasiera batean alferkeria hutsa zela pentsatu nuen, baina gero ohitura kontua zela ikusi nuen”.
“Bizkaira heldu nintzenean argi neukan nire unibertsitateko ikasketek etorkizunik ez zutela izango. Oinarrizko lan bat bilatu behar genuen bertan”. Lehen urtean sei hilabete eman zituen Mihaelak lan egin barik eta handik gutxira Sopelako etxe batean garbiketa lanak egiteko eskaintza bat topatu zuen.
Hizkuntza ez zen oztopoa izan berarentzat, txikitan amarekin gaztelerazko telebista nobelak ikusten zituelako Errumanian. Hiru urte eman zituen etxe hartan. “Gurasoek ez zidaten ezer esan, baina badakit era horietako lanetan aritzearen ideia ez zutela batere gogoko. Niri ere ez zitzaidan gustatzen ideia hura”.
Hala ere, Mihaelak ez ditu bere etorkizunaren ateak guztitz itxi: azken asteetan Errumaniako kontsulatuarekin harremanetan egon da unibertsitateko ikasketa-tituluak baliozkotzeko eta agian, egunen batean, bere ikasketekin zerikusia duen lanen bat aurkitzeko. Batek daki.

Burrunbatik lasaitasunera
Barakaldoko etxebizitza alokairukoa zen eta egun batetik bestera etxea utzi behar izan zuten Mihaelak eta bere senarrak. Senarraren nagusia Zeberiokoa da eta berarekin berba egin ostean Ermitabarri auzora iritsi ziren.
Ermitabarri ez da Botosani baina bertako bizimoduak Errumaniakoaren antz handiagoa dauka Barakaldokoarekin alderatuta. Senarraren nagusiak urte erdi itxita zeraman Ermitabarriko taberna zabaltzeko ideia eman zion. Gainera, goiko partean etxebizitza bat dauka eta Mihaelak 2015ean bere lehen semea erditu zuen. Leku aproposa zen familia sortzeko eta lan egiteko. Esan eta egin, Zeberioko Udalarekin berba egin ostean Taberna Zaharra berrireki zuten senar-emazteak, hilabete eta erdi etxea egokitzen eman ostean.

Tabernak itxita eman zuen denbora tartean, Ermitabarriko bizilagunak Zubialdeko tabernetara joaten ziren, eta Mihaelaren familiak taberna berriro zabaldu zuenean ermitabarri berpiztu zuten, nolabait.
Taberna kultura
Hasierak gogorrak dira normalean eta Ermitabarrin hasi zuten proiektua ez zen salbuespena izango. Lehen hilabeteetan Mihaelak kudeatu zuen Taberna zaharra, ostalaritzako inolako noziorik izan gabe: “Errumanian ez dago taberna kulturarik: jendea kafetegira doa kafesne bat edan eta pastel bat jatera, eta akabo. Taberna batera sartu izan naizen bakoitzean komuna erabiltzeagatik izan da gehienetan”, aitortu du.
“Errumanian ez dago taberna kulturarik: jendea kafetegira doa kafesne bat edan eta pastel bat jatera, eta akabo”
“Errumanian ez bezala, tabernak edozer gauza ospatzeko lekuak dira hemen: urtebetetzeak, ezkontzak, hiletak… berdin dio zer gertatu. Ospatu beharreko hori tabernan egiten da eta hori zoragarria da, jendea elkartu egiten duelako”. Errumanian poteoa existitzen ez dela gehitu du Mihaelak. Taberna batera joatean, menuak ez dakar ardo edalontzirik. Nahi izatekotan botila osoa erosi behar du bezeroak.
Ermitabarriko taberna martxan jartzean, ardoarekin ere gorabeherak izan zituela gogoratu du Botosanikoak: “Ez nekien nola zerbitzatu behar zen ardoa eta are gutxiago zenbateraino bete behar zen edalontzia. Egia esateko ez dut ia alkoholik edaten!”, dio barrez. Hala ere, Zeberiok harrera oso polita egin ziela gogoratu du Mihaelak. Lehen momentutik jakin zuten auzotarrek iritsi berriek euskaraz berba egiten ez zekitela, eta negozioarekin laguntza eman zieten hasieratik.
“Ez nekien nola zerbitzatu behar zen ardoa eta are gutxiago zenbateraino bete behar zen edalontzia. Egia esateko ez dut ia alkoholik edaten!”
Bertako ohituretara moldatu egin dira ere, hasierak gogorrak izan baziren, Mihaelarentzat bereziki: “Errumanian ez dago odolosterik. Ez dakite zer den hori”. Zeberiora heldu zinenean, auzotarrek esan zieten tabernan odolosteak egon behar zituztela, zeberioztarrei asko gustatzen zitzaizkiela. “Odolarekin egiten zirela jakin nuenean gauza horiek ez nituela sekula jango zin egin nuen!”. Gaur egun, ostera, pilo bat gustatzen zaizkio. Hasiera batean, bi herrialdeen arteko kontrastea handiegia zela ikusi zuen Errumaniakoak, baina bere burua nolabait bizileku berrira moldatu behar zuela ulertu zuen.
“Jendeak euskaraz hitz egitera animatzen nau beti. Ez dute itxaropena galtzen!”
Euskara ikastea oraindik egiteke duen zeregina da Mihaelarentzat. Eta badaki. Baina horretarako denbora behar duela dio. “Hitz batzuk ulertzen ditut, baina Zeberion oso arin hitz egiten dute”. Zeberioko AEKn klaseak hartu zituen, baina bigarren semearen jaiotzarekin denbora barik lotu zen. “Hala ere, jendeak euskaraz hitz egitera animatzen nau beti. Ez dute itxaropena galtzen!”.

Lanaren zikloa
Zeberioko auzo txiki bateko taberna bada ere, eta “atseden” hartzeko astelehena izan arren, Mihaelak asteko zazpi egunetan egiten du lan senarrarekin Taberna Zaharrean, goizeko lehen ordutik gaueko azken momentura bitartean. Goizetik gauera egiten dute lan barraren aurrean eta atzean. Senarraren jarduera tabernan oinarritzen da gehienbat, eta Mihaelarena ere, baina bereziki Ermitabarriko apartamentu turistikoak kudeatzen ditu, familia kontuak ahaztu barik.
Tabernako bezero nagusiak herriko auzotarrak dira, baina aldi berean dituen apartamentu turistikoetako bisitariak ere. 07:00etan jaikitzen da egunero Mihaela eta tabernako lehen pintxoak egiten ditu. Umeak jaiki, prestatu eta Zeberioko eskolara bidaltzen ditu tabernaren aurrean geldialdia duen autobusean.

Segidan, eguneroko errekaduak egiten ditu eta senarra ez badago zerbitzari lanak egiten ditu barraren bestaldean. Eguerdi aldera bazkaldu egiten du, “gehienetan zutik eta barran”, dio tabernariak. “Beti dago egin beharreko ezer tabernan”. Eramateko bazkaririk prestatu behar bada, horrek dauka lehentasuna. Arratsaldean haurrak bueltatu egiten dira, baina egun jakin batzuetan eskolaz kanpoko jarduerak dituzte. Horretaz aitaginarreba arduratzen da.
“Ostegunetan pintxopotea daukagu eta behartuta gaude senarra eta biok bertan egotera”. Gaualdean, taberna itxi eta guztia garbitu eta hozkailuak betetzen ditu. “Hona heldu nintzenetik inoiz ez naiz egun berean jaiki eta oheratu”.
Lotura hautsi barik
Nork bere sustraiak ezin ditu sekula ahaztu. Bizkaian 14 urte eman baditu ere, Errumaniarekin duen lotura mantendu izan du denbora tarte horretan Mihaelak. Ama ere Zeberion bizi da Mihaelaren familiarekin eta bertan jaten dutenaren % 90a Errumaniako errezetak dira. Haurrak behin egon dira Errumanian eta gurasoek bertako ohituren inguruan berba egiten diete “momentuz interes handirik ez badute ere”.
Oporrei dagokienez, Gabonak hiru egunetan ospatzen dituzte Errumanian, abenduaren 25ean, 26an eta 27an. 25 eta 26an jai egunak dira. Hiru egun horietan familia osoa elkartu egiten da. “Gure kasuan Zeberion familiako kide guztiak gaude eta egunero ikusten dugu elkar, baina 25ean taberna itxi egiten dugu eguerdian eta Errumaniako janari tradizionala bazkaltzen dugu elkarrekin”.
“Errumaniara joatea eta bertako jendearekin errumanieraz berba egitea asko gustatuko litzaidake”
“Errumaniara joatea eta bertako jendearekin errumanierraz berba egitea asko gustatuko litzaidake”. 21 urte bizi izan ditu Mihaelak, eta arrazoi ekonomikoengatik ezin izan zuen Errumania behar bezala ezagutu. “Alderaketa bat egitearren, Bilbon bizitzea eta Bizkaitik inoiz irtetea bezalakoa litzateke nire kasua”. Haurrak nagusiagoak izango direnean bertara joatea eta herrialdea behar bezala ezagutzea gustatuko litzaioke.
Etorkizuna, semeekin
36 urterekin, Mihaelaren etorkizuna bere semeak dauden lekuan ikusten du. “Haurrak zaindu behar ditut bere kabuz bizitzeko gai diren arte”. Urte hauetan Errumanian baino bizitza kalitate hobea du Mihaelaren familiak Zeberion.

Iazko azaroan Errumaniako bisitari bat heldu zen Zeberioko apartamentuetara eta berarekin berba egiteko aukera izan zuen Mihaelak: “Errumaniako janaria hemengoa baino garestiagoa zela esan zidan, besteak beste. Errumaniako gutxiengo soldata 800 eurokoa da gaur egun, baina hango supermerkatuetan eros daiteken janaria hemengoa baino garestiagoa da. Horrela daude gauzak gaur egun”.
“Errumaniako gutxiengo soldata 800 eurokoa da gaur egun, baina hango supermerkatuetan eros daiteken janaria hemengoa baino garestiagoa da”
“Orain zoriontsuago bizi naiz hemen, Botosanin bizitza berri bat hastearekin alderatuta”, aitortu du Zeberioko errumaniarrak. “Momentu honetan Errumaniara itzuliko bagina semeen etorkizuna suntsituko nuke”. Baina aldi berean, Mihaelak ez ditu bere bizitzako azken egunak Zeberion eman nahi.
Zahartzaroan, bere ametsa da urtean behin edo birritan gutxienez Errumaniara joatea, bertan pare bat aste eman eta Zeberiora itzultzea. “Badakit nire semeen bizitza hemen dagoela, baina nire gurasoak bezala, nire jaioterriarekin dudan harremana sendotzea gustatuko litzaidake, eta azken urteak Errumanian eman”.


















